Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Aste Santua - Erramu Igandea - 2018.eko Martxoaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

: : . . . - E R R A M U E N -- B E D E I N K A P E N A - . . . : :


SARRERA OSPETSUA

(Ahal den neurrian elizatik kanpora egiten da eta elizarako IBILALDIA prestatzen da. Aste Santuaren hasieran, ibilalditxo honek, Jesusekin batera bidea egin gura dugula agertzen du. Horrela bada, ospakizuna kanpo aldean hasten dugu. Leku bakoitzean ikusi beharko da nolako aukerak dauden eta nola egin esanguratsua sarrera hau).


APAIZEN AGURRA

Aste Santu honetan, Jesus Jerusalema sartzean, heriotzaren beherapenean eta piztueran betirako azaltzen den Jainko Aitaren maitasuna izan bedi zuekin.


SARRERAKO OHARRA

Senideok: Garizumaren hasieratik ari gara Jesusen Bazkoaren Misterioak prestatzen. Gaur, Bazko gaua hurbil dugula, Jainkoaren herri osoarekin elkartuta, Jesu Kristoren Nekaldiaren, Heriotzaren eta Piztueraren ospakizunari hasiera ematera goaz.

Horregatik, Kristori prozesioan jarraitzeak, harekin nekaldira joateak, norberaren burua Aitaren nahiaren besoetan jartzea adierazten du. Kristau orok, egiaz nahi badu, Maisuaren bide hori egin behar du. Hauxe da ospatu gura duguna; honetarakoxe prestatzen gera.

Orain, Erramuen bedeinkazioa egiten dugu.


ERRAMUEN BEDEINKAPENERAKO OTOITZA

EGIN DEZAGUN OTOITZ:

Gure kristau sinesmenaren misteriorik handienak kontenplatzeko prestatzen gauden Aste Santu honen hasieran, Zugana jotzen dugu Jainko Aita-Ama ona, zure bedeinkapen eske; zure Seme Jesusen ondoan egonez, eta bere gogoetetan bat eginez, gure kristau konpromezuaren zain daudenengana ere hurbildu gura dugu. Jainko ona, datozkigun jaien hasiera agertzen duten erramu adar hauek ere bedeinka itzazu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

(Erramuak ur bedeinkatuz zipriztintzen dira)


EBANJELIOARI OHARRA: Markos 11, 1-10

Markos ebanjelariak idatzita utzi zigun testuaren arabera, Jesusen hitz eta askapen ekintzak, Jainkoaren Erreinuaren iragarpen dira. Orain, Jesus Jerusalemen sartzen da; bakearen eta apaltasunaren ezaugarri den asto baten gainean; aspalditik itxaroten zena eta Jainkoaren izenean datorrena bezala goratua da. Momentu hori gure bihotzetan onartzeko ahalegintxo bat egiten dugu. Ebanjelio pasarte hau entzuteko prestatzen gera.


IBILALDIARI (Eliz-bira) OHARRA

Ibilaldi honen zentzua, Jesusen ondoan egotea da; baina ez une honetan bakarrik. Bere ezbaian, bere estuasunean, bere bakardadean, bere utzitasunean, bererekin Jainko Erreinuaren alde lanean ibili direnak ere bakarrik uzten duteneko momentuan ere, bere ondoan egon.

Egoera guztiotan Jesusen ondoan egoten ikasten dugun neurrian, gaur egun ere era ezberdinetan sufritzen daudenen ondoan egoten ikasiko dugu. Goazen Jesusekin batera eta ikas dezagun Beragandik, Jainkoari begira eta gizakiei begira bizitzen. Ibilaldia hasten dugu.


SARRERA OSPETSUA – IBILALDIA (Eliz-bira)

(Jerusalemgo sarrera gogoratzen digun ebanjelio txatala irakurri ondoren, gorespen kantu erraz bat kantatu daiteke; ibilaldian erabiliko duguna edo besteren bat.

Kantuaren laguntzaz, Eukaristia ospatuko dugun tokiraino goaz. Meza emaileak eguneko Otoitza egiten du eta ondoren Hitzaren Liturgia hasten da.

Erramuen bedeinkapenik ez dagoen beste mezatan, DAMU OTOITZA egiten da).


: : . . . - E U K A R I S T I A - . . . : :




DAMU OTOITZA

+ Jesus Jauna, errege apal eta xaloa, pertsona guztiak maitatzen dituzuna. ERRUKI, JAUNA.

+ Jesus Jauna, gu bakoitzarengatik zeure burua ematen duzuna. KRISTO, ERRUKI.

+ Jesus Jauna, behartsuen pareraino beheratuz, gizakiekin azkenera iritsi arte solidarizatzen zarena. ERRUKI, JAUNA.

Emazkiguzu, Jauna, zure grazia eta barkamena, eta onar itzazu gure bizitzaren mugak.


OTOITZA

OTOITZ DEZAGUN: Jainko gure Aita, on guztien iturburua, Zeuk nahi izan zenuen, guri diguzun maitasuna azaltzeko, gure Salbatzailea gizon egitea eta gurutzean hiltzea. Erramu Igande honetan eskatzen dizugu, sufritzen ari diren gure senideen, gurutzea eramateko laguntza premian direnen alde konprometituta bizirik, bihotzez eta gogoz Jesusi jarraitzeko behar dugun indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 50, 4-7

Erramu Igande honetako elizkizunak Jaunaren Nekaldia sakontzeko prestatzen gaitu. Profetak, Jainkoaren hitz hori hausnartzen du, zintzotasunez herriari transmititzeko. Jahveren Zerbitzaria, erorita, zapalduta daudenekin bat egitera etorri da; Jainkoak ere bere Zerbitzariaren oinazetan bat egiten du eta horregatik oinaze hori erospen bihurtuko da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Filipotarrei 2, 6-11

Ereserki antzeko zati honetan, Paulo apostoluak bere esperientzia kontatuko digu eta hauxe da berak sentitzen duena: Kristo beste edozein gizaki lez egin zen, gizadia barrutik salbatzeko; bereaz hustu egin zen, heriotzaraino bere burua emanez. Baina Jainko Aita-Ama onak, hilen artetik biztuz, arrazoia ematen dio eta goratu egiten du, historiaren erdigune bihurtuz. Apostoluaren gogoeta hau onartzeko prestatzen gera.


Ebanjelioa: Markos 14, 1 – 15, 47

Profetak agertu digun Jahveren Zerbitzariaren irudia, Jesusengan egi bihurtzen da. Bizitza osoa on eginez eta Berri Ona iragarriz igaro ondoren, Gurutzearen misterioa datorkigu aurrera, Jainko Aita-Amaren bideak onartuz eta azkenera arte bere menpeko eginez. Nekaldiaren kontaketa honek, Jesusen Kalbario arteko bidea kontatzen digu; Berpizkundearen ateetan uzten gaitu. Entzuteko eta gogoeta egiteko prestatzen gera.

Jainko herriaren otoitza

Topaketa eta ospakizun giro honetan, gure behar guztiak aurkezten dizkiogu Jainko Aitari.

1.- Elizaren eta horren zerbitzarien alde, zerbitzu jarreran biziz, pobreen alde jokatuz, gurutzearen misterioa bizi eta iragar dezaten. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

2.- Jauna, beste behin ere, bake eske gatozkizu; gatazka egoeretan bizi direnen alde, erantzukizuna dutenek adiskidetzearen eta zuzentasunaren alde joka dezaten. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

3.- Gorputzean edo espirituan sufritzen ari direnen alde, oinazeak ez dakizkiela gertatu oztopo Jesusekin elkarturik jarraitzeko. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

4.- Besteei laguntzearren, ongi nahi hutsez aritzen diren hainbeste gizonen eta emakumeren alde, Kristoren sentimenduak geure eginik, itxaropen eramaile izan gaitezen. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

5.- Gure elkartean senideen oinazeak elkar banatzen ikas dezagun. Egin gaitzazu haientzat hurbilak. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta Pazko-aldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIZITZAKO AZKENAREN ESKAINTZA

(Logikoki, elkarteko pertsona nagusi batek egin behar du)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, hemen naukazu, ia bizitza osoa bizkarretik dudala. Zu benetan eskuzabala izan zara nirekin, hainbeste egun eder oparituz. Nik gaur nire bizitza eta nire heriotza ere eskaintzen dizkizut. Zure seme Jesu Kristoren heriotzarekin batera onar dezazula nahi dut, nire bizitzak horrela izango baitu zentzu osa, eta bere piztueran parte hartzeko itxaropen atea irekiko baitit.


BAZTERKETAREN ESKAINTZA

(Elkarteko gazte batek egin behar du, nahiz eta, seguruenik, berak ez jasan horrelako arazorik)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, nire gaurko eskaintza: nire gazte lagun askoren bihotz zartadak dakarzkizut, kasu askotan haien adinagatik badira ere. Hor dauzkazu: batzuk lanik gabe eta etorkizun ilunaren aurrean lur jota; beste asko, drogaz, ihesaz (sidaz) hondatuta; eta ez gutxi, norabide gabeko talde desbideratuetan edo alkoholaren edo beste sare baten katigu. Guztien izenean, arren, eskatzen dizut. Gure sufrimenduak zure Seme Jesu Kristoren sufrimenduekin bat egin ditzazun.


HIRUGARREN MUNDUAREN ESKAINTZA

(Beste gazte batek egin dezala hau edota, Elkartean balego, GKE (ONG) bateko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Neure gain hartu dut, Jauna, zure aita-bihotza zauritzen duen beste sufrimendu mota bat zure aurrera ekartzea; gizateriaren zati handi bat harrapatu ere egiten baitu. Hirugarren munduko gosea, miseria eta azpigarapenaren zoritxarrak. Baita Lehenengo Munduko pertsona asko eta askoren itxaropenaren esku luzatuak ere badakarzkizut, ez zakizkizula ahaztu euren malkoak eta aieneak. Gizartearen eta munduaren aldaketaz arduratuta daudenen kopurua gehituz joan dadin.


ASTE SANTUKO OSPAKIZUNEN EGITARAUA

(Parrokiako Pastoral Kontseiluko batek aurkez dezala, aurtengo Aste Santuan Elkartean izango diren ospakizun eta ekintza guztien ORRIA)

OTOITZA – AZALPENA: Hauxe duzu nire eskaintza, Jauna: Ostegun Santu honetan zure Semeak eskaintzen digun den-dena behar den bezala bizitzeko, gure Elkarteak hori ganoraz prestatzeko egin dituen ahalegin guztiak. Bizi iturri eta eragilea izango den egitarauaren eskaintza aurkezten dizugu. Emaguzu, arren, aurtengo Aste Santuaren esperientzia BERRIA bizitzeko grazia. Horrela bai lortuko dugula Berarekin gozatzea eta baita Zurekin batera piztueraren eta Bizitzaren poztasuna ere.

Agurra

AGURRA

Zure Hitzez eta Eukaristiaz indarturik, Jerusalemera igotzeko eta gure munduaren aurrean Zu presente egiteko prest gaude. Arren, eskatzen dizugu, egun santu hauetan Zuri laguntzeko, zure sentimenduak bizitzeko, eta estura, bakarkadea... aintzat hartuak ez izatea eta bidegabekeria sufritzen dituzten senideengandik hurbil bizi gaitezela. Emazkiguzu errukizko erraiak. Aste Santu zoriontsu, sakon eta kristaua!


BEDEINKAPENA


+ Errukiaren Jainko Aitak, bere Semearen nekaldian maitasun erakutsia eman digunak, eman diezagun gure Berarenganako eta gizakienganako leialtasunari esker, bere bedeinkapenik onena. E./ Amen.

+ Eta, Kristoren aldiko Heriotzari esker, gugandik betiko heriotza aldenduz, lor dezagun bizitza betearen poztasuna. E./ Amen.

+ Eta horrela, Jesu Kristok gizaki guztienganako izan zuen apaltasun, eskuzabaltasun eta elkartasunaren irakatsiei jarraituz, egunen baten bere aintzazko piztueraren partaide izan gaitezen. E./ Amen.

+ Eta Jainko Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren bedeinkapena isur dadin gu guztion gainera eta beti lagun izan dezagun. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Menpeko eginez, Gurutzeko Heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen”
(Fl 2, 8-9)





Hemen gara. Iritsi gara. EGUN HANDIAK, handienak, miragarriak: Jainkoaren misterioz eta MAITASUNEZ beteak. Gizon batek bere bizitza osoa eskaintzen du besteen alde. Azken egunetan esango zaigu Bera dela bidea, Bazkoko eta askatasun osoko atea.

Aste Santua Bazko iragarpena da. Garizumako ibilaldia amaitu da, eta egiaren ordua da; geuk hartakotzat hartu zein ez hartu: Berarekin gaude edo “hor konpon” esan dezakegu. Aukeraketa erabakiorra da.

ERRAMU IGANDEA Aste Santuko atea da, indarrez eta zentzuz beterik. Jesu Kristo Bera da gure Salbatzailea, Mesias. Ondorengo egunetan, lagundu egingo diogu, bere bizitzeko era sakonean ezagutzeko, bere eskaintzaz eta, gehiago, bere heriotzaz jabetuz. Beharrezkoa dugu.

ASTE SANTU “KRISTAU” ETA ZORIONTSUA!
(Ez ahaztu: badira “Aste Santu” batzuk
“kristautasun” pixka bat ere ez dutenak)

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena"

(Mk 11, 10)

 

 


bidean@bidean.net
orue