Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Aste Santua - Ostegun Santua - 2018.eko Martxoaren 29a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

SARRERAKO OHARRA

Senideok: Ostegun Santua, Elkar maitasunaren eguna ospatzeko elkartu gara. Zerbitzu apalean eta doanekoan adierazten den maitasuna. Jesusek, honelako egun batean, heriotza hurbil zuela jakinik, bere adiskideekin elkartu nahi izan zuen juduen Bazkoa ospatzeko, eta guri, beraren jarraitzaile izan nahi dugunoi, nolako bizitza behar dugun afari honetan azaltzeko.

Jesusek bere duintasunari uko egiten diola eta bere burua ematen digula adierazteko, kapa erantzi eta oinak garbitu zizkien bere ikasleei. Hortik aurrera, Eukaristia ospatzea gizakiaren zerbitzuan eta anaia-arreben alde jokatzea da.

Meza honetan bertan eratu zuen apaizgoa; ogi honetatik jaten eta ardo honetatik edaten duen bakoitzak, Haren heriotza iragar dezan Hura etorri arte. Badugu, ba, mezurik eta arrazoirik Ostegun Santu hau ospatzeko.


AGURRA

Jainko Aitaren maitasuna, Jesusengan agertua, Hitzean eta Eukaristian presente dagoena, zerbitzuan eta maitasunean bizi gaitezen bere Espirituaren indarra ematen diguna, izan bedi zuekin.


DAMU-OTOITZA


Jainkoaren aurrean, ahulak eta mugatuak garelako, barkamena eskatzen dugu maitasunaren eta anaia-arrebenganako zerbitzuan egindako hutsengatik.

- Eukaristia sortu zenuen eta zure zerbitzua eta maitasuna bizitzera gonbidatzen gaituzuna. ERRUKI JAUNA.

- Zeureak azkenera arte maitatu zenituena. KRISTO ERRUKI.

- Zure Ebanjelioaren iragarle eta testigu bezala bizitzera dei egiten diguzuna. ERRUKI JAUNA.

OTOI DEZAGUN: Bidali, Jauna, zure indarra gure bihotzetara, eta indar horrek eraman gaitzala maitasun premian diren anaia-arrebekin gure bizitza elkar banatzera. Amen.


AINTZARAKO OHARRA

Garizuman -penitentzia eta bihotz berritze aldian- ez dugu Aintzarik aldarrikatu. Baina, Jesusek bere Hitza eta bere Eukaristia elkar banatzearen poza eta alaitasuna ospatzen dugun egun honetan, pozez gainezka abesten dugu: Aintza zeruetan Jainkoari


OTOITZA

Gure Jaun eta Jainko Aita, zure Semeak bere burua heriotzara eman aurretik, Elizari utzi zion maitasunaren oturuntza; Itun Berriko oparia ospatzeko elkartu gara hemen. Jesusen familia handiko garenoi, eragin diezagula haren adibideak eta ereduak Erreinuaren alde lan egiten, eta Eukaristiak indar gaitzala zuganako eta senideenganako maitasunean sendo irauten. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 12, 1-8. 11-14

Exodo liburutik hartuta dagoen zatitxo hau, esanguratsua da Israel herriaren historian. Egiptotik aske atera aurreko azken afariaren kontaketa dugu. Puntu zehatzez eta itxaropenez beteriko ospakizuna dugu. Israel herriak, gertaera hori gogoratuz, urtero ospatzen du, Jainko salbatzailearen ekintza bezala biziz. Guk ere kontaketa berdina entzuten dugu, bere mezua geureganatuz.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 11, 23-26

Paulo apostoluak, Jesus maisuaren esperientzi berezia eta sakona izan zuenak, Jaunaren Afariaren zentzua laburbiltzen digu: Jesusengandik datorren eta beragandik hartua izateaz gain, gizadi osoaren salbamenerako bere bizi eskaintza bezala ikusten du. Kristau elkarteak, hemen entzungo duguna, ospatzen eta gaurkotzen jarraitzen du. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Joan 13, 1-15

Joan ebanjelariak, Azken Afariko ezaugarri nagusi bezala, OINEN GARBIKETA eskaintzen digu; Jesus bere elkarteko kideen oinetara makurtzen da. Keinu hau, garbiketa erritual bat baino askoz ere sakonagoa da. Bere lagunen aldeko zerbitzu eta maitasun keinua dugu. Guretzat, Jesusen ikasbidea jarraitzeko deia dugu. Hain ezaguna dugun zati hontara, bihotzez hurbiltzen gera.


OINEN GARBIKETA

OHARRA

Jesus Jaunak, afalostean, mahaitik jaiki eta ikasleen oinak garbitu zituen. Keinu horrek sinesgarri egiten zituen Jesusen hitzak: “Elkar maita ezazue, nik maitatu zaituztedan bezala; honetan ezagutuko dute nire ikasleak zaretela”.

Orain egiten duguna keinu bat besterik ez da: besteen aldeko eskaintza eta zerbitzu den bizitza adieraztea da bere helburua. Horrela ez balitz, errito hutsa litzateke, zentzugabeko azaluskeria nabarmena. Gaur, Jesusek bizi izan zuen indarrez eta sakontasunez bizi nahi dugu.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: otoitz egin diezaiogun Jaunari, bere errukian eta maitasunean uste osoa baitugu, eta, beste inork ez bestean maitatu ere, Berak maitatu gaituelako.

1.- Elizak eta kristau talde guztiek Kristorenganako leialtasuna berri dezaten eta, Haren antzera, maitasunean eta ahulenen aldeko zerbitzuan bizi daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Elizan pastoralean ari diren guztien alde, eguneroko zerbitzuan leial joka dezaten; eta pastoral ministeritzarako prestatzen ari direnen alde: Jesusen indarra berengan senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jainkoaren Erreinuaren alde lan egiteko Jaunaren deia sentitu dutenen alde: uzta ugaria eta langileak gutxi direla jakinik, adorez joka dezaten; senti dezatela berengan Jaunaren indarra, haren ezaugarri izateko munduaren erdian. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixoen eta adin handikoen, zerbaitengatik sufritzen daudenen eta bakarrik bizi direnen alde; edozein aldetako terrorismoaren eta tratu txarren biktimen alde; bidegabeki gartzelan daudenen, etorkinen eta bidaztien alde: horien eskubideak aitortuak eta onartuak izan daitezen eta behar duten laguntza har dezaten; gure hurbiltasuna itxaropen bide gerta dakiela eta haientzat Jainko maitasunaren ezaugarri izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau elkarteetan elkar zerbi dezagula maitasunez, apaltasunez, begirunez. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak”, denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LOREN AURKEZPENA

(Aldare mahaia gaur ahalik eta ardura handienaz antolatu behar da; horregatik gaur bere inguruan egiten da oparien aurkezpen erritoa. Lehenengo, aurretik dotore hornituriko lore ontzi bat. Andrazko batek egin dezake eskaintza. Ospakizuneko buru egiten duena jagi, lore ontzia hartu eta dagokion lekuan uzten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik lore ontzi hau dakarkizut gaur, Eukaristiako otordu mahaia apaintzeko. Alaitasunaren eta festaren adierazgarri diren loreak dituzu. Hain zuzen ere, hauexek dira gaur gure Elkarteak bizi dituen sentimenduak. Egizu, Jauna, zure Gorputz santua hartu ondoren, besteentzat poz emaile izan gaitezela.


KANDELEN AURKEZPENA

(Lore ontzia aurkeztu den bezala aurkeztu daitezke kandelak ere. Aurkezpen hau ere Elkarteko beste emakumezko batek egin dezake, mahai buruaren eskuetara eramanez, eta lehendik aldarean prestaturiko tokian jarriz)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, bi kandela hauek dakarzkizut, Jauna, aldare mahaia argi dezaten eta gure artean zure presentziaren adierazgarri izan daitezen. Gu geu ere -bai Elkartea eta bai kide bakoitza- era berean zure argi izan gaitezela, Zu gure bizitzan eta ekintzetan bizi zarela azalduz.


IDAZLUMA BAT, GURAIZEAK ETA MAILU BAT

(Elkarteko hiru lagunek egingo dute eskaintza, gizonezko zein emakumezko izan. Haietariko batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, guk, askoren arteko hiru lan tresna ekarri dizkizugu, gizarteko eta munduko ogibide eta lanbide guztien adierazgarri. Guk besteekiko harremanetan dugun prestutasuna eskaini nahi dizugu horiekin. Gure gaitasunak, izatez, zure opari direla jakitun gara; hagatik guk besteei egindako zerbitzu bidez bihurtu nahi dizkizugu. Gure eskulana ez dadila izan geu aberasteko edo kontsumoan irensteko. Atera gaitzazu tentaldi horretatik.


OGIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein kidek aurkeztuko du ogi bat, Eukaristiaren ezaugarritzat. Ahal dela, ogi biribila izan dadila. Eskaintzaren ondoren, Eukaristia buruak mahai gainean uzten du, Erreserba gorde aldarera eraman arte; orduan eskaintza egin duenak berak hartu eta Sagrarioko atea aurrean jartzen du)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, nik ogi eder hau dakarkizut gaur. Berau da gure oinarrizko janariaren eta berau gabe munduan gosez hiltzen daudenen sufrimenduen ezaugarri. Batez ere, gaur eta hemen Eukaristiaren sinboloa da, Zuk gizakioi eskainitako zure Gorputzarena. Emaguzu gaur, Jauna, zure gorputz indarra, zure Semearen Heriotza eta Piztuerarena gaurkotzean, hartu ditugun eginbeharrak betetzeko.


ARDO PITXER BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein kidek egiteko eskaintza da. Aukera bezala, lehen ogiarena gizonezkoak egin badu, orain hau emakumezkoak egin dezala edo alderantziz. Mahai buruak lehengo eran jokatuko du, eskaintza oparia hartu ondoren. Hau ere prozesioan gorde aldarera eraman behar da)

OTOITZA – AZALPENA: Hara, nik, Jauna, ardo onez beteriko pitxerra eskaintzen dizut. Asetu, arren, gizakien egarria, eta alaitu, behar den neurriz edanik, gure bihotza, elkarrekin adiskidetasunean ospatuz. Zure Semeak gugatik Nekaldian eta Heriotzan isuritako Odolaren ezaugarri ere bada. Honekin hauxe agertu nahi dizugu: Maitasunaren eta justiziaren fruitua den mundu hobea posible dela: bata bestearen zapalketarik gabe, desberdintasunik eta zuzengabekeriarik ez den mundua.


DIRUA BILDU ETA AURKEZTEA

(Anaiarteko Maitasun Egun honetan, Dirua biltzea behartsuekin dugun elkartasunaren ezaugarri bat da. Hori dela eta, aurretiaz iragarrita egonik, gaurko ospakizunean diru biltzea premiazkoa da. Ahalik eta egokien egitea proposatzen dugu: ordua denean, Elkarteko kide batzuk aurreratzen dira, otarretxoak hartu eta erabiliko dituzte eliztarren oparia biltzen. Bitartean, Elkartea kantuz arituko da. Diru biltzea amaitzen denean, biltzaileek mahai buruari eskaintzen diote. Haietariko batek irakurtzen du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Anaiarteko Maitasun Eguna ospatzen du Elizak. Hona hemen gure elkartasunaren fruitua. Guk eskaintzen dizkizuguna, Zeuk ugaritu, gure bihotzak are zabalago eginez. Gizakien sufrimendu bat ere ez dadila izan ukituko ez digunik. Behartsuenekin, batez ere, bihozberak izan gaitezela. Beti ere, gogoan izan dezagula, gehiengoa pobretasunean bizi den munduan bizi garela. Guk baino askoz gutxiago duenekin elkartasunez jokatzeko orduan, geure arazoak ez dakizkigula aitzakia izan.


OPARIEN GAINEKO OTOITZA

Emaguzu, Aita ona, misterio santu hauetan duintasunez parte hartzea; zure Semearen oroigarria egiten dugun bakoitzean, Espiritu Santuak Jesusen Gorputz eta Odol bihurtzen dituen senidetasunaren ogia eta ardoa ekartzen ditugu aldarera; lagun diezagutela gure konpromisoa maitasunez eta senideenganako zerbitzu bezala bizitzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

Agurra

JAUNARTZEAREN ONDOREN

Emaguzu, Aita, gugan presente dagoen Eukaristiako Jesusek indarturik, gure konpromisoekin leialak izan gaitezela; gure egunak gizarteko ahulenen zerbitzuan bizi ditzagula. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.


SAKRAMENTU SANTUA TOKIZ ALDATZEA

OHARRA

Jesusi gorde aldarera laguntzera goaz. Hor gurtuko dugu haren maitasunaren misterioa; hor elkartuko ditugu gure bihotzak harenarekin, hor gogoratuko, Jesusek bihotzean piztu dien suak adoretuta, ahulenen alde lanean ari diren hainbeste emakume eta gizon.

(Otoitza bukatu ondoren, prozesioa egiten da gure Jauna jartzeko prest dagoen gorde aldarera. Prozesioan “PANGE LINGUA” abes daiteke. Hara iristean, apaizak sagrarioan uzten du gure Jauna. Guztiak belaunikatzen dira eta aldi batean, isilean gurtzen dute Jauna. Azken oharraz edo otoitz batez bukatzen da)


AZKEN OHARRA

Jauna gure artean dago, Jainkoaren dohaina, Biziaren Ogi. Arratsalde hau munduko premia guztien alde otoitz egitekoa da, munduan bakea izan dezagula, eta gu garen eta guk dugun guzti-guztiaren inguruan eskerrak ematekoa. Afalostean Jesus Oliamendira joan zen, eta, hara iristean, otoitz egiteko eskatu zien ikasleei. Gaur beste horrenbeste eskatzen digu gutariko bakoitzari. Horregatik gonbidatzen zaituztegu, gero, gau honetan berriz otoitz egitera, Jesusekin egotera.

Egun honetarako gogoeta

“Agindu berri bat ematen dizuet: Elkar maite dezazuela,
Nik maite izan zaituztedan bezala”
(Jn 13, 14)





Milaka kristau Elkartek ospatzen dugu gaur OSTEGUN SANTUA, eta, egin ere, Jesusen EUKARISTIAren inguruan egiten dugu, guztion anaitasunezko mahaian. Egun hau Bazkoaren atarikoa da, Jesusen bidearen hasiera, Heriotzan zehar Piztuerara. Hirurren Sakratu honetan, gure sinesmenaren egia handiak ospatzeko prestatzera goaz.

Egun honetako mezua hauxe da:

- MAITASUNA eta ZERBITZUA: edota berdin dena, gizakiarekiko Jainkoaren maitasuna eta elkartasuna. Gaur Jesusen maitasunaren gomutapena egiten dugu, Bera buru eta bizi osorik emanaz azaldu digun maitasuna. Hori dela-eta, Jesusen hitzak eta keinuak gogoratzen ditugu, bere bizitzako egun handi honetan. Horregatik egiten zaigu deia: anaitasunean eta elkartasunean bizitzera, Jesusen agindua egia bihurtuz: “Elkar maite ezazue, Nik maite izan zaituztedan bezala”.

- EUKARISTIA: bere bizitza osorik uzten digu Jesusek Eukaristiako keinuan bilduta. Horra Jesusek egiten eta eskatzen diguna agertuta eta agirikoa egina. Horregatik, maitasun eta anaitasun giroan bakarrik ospa daiteke Eukaristia.

Zorionekoak, Jesusen antzera,
ZERBITZU bidea aukeratzen dutenak!
Zorionekoak, Jesusen antzera,
besteentzat OGI egiten direnak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen"

(Jn 13, 15)

 

 


bidean@bidean.net
orue