Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Aste Santua - Ostiral Santua - 2018.eko Martxoaren 30a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

SARRERA ISILEAN

(Gaurko ospakizuna esanguratsua da. Isilean hasten da. Ospatzaileak (eta laguntzaileak) isilean hurbiltzen dira presbiterio aurrera; hemen, belaunikaturik edo zutik, une baten isilean jarraitzen dute, otoitz eginez. Honen ondoren SARRERAKO OHARRA egiten da. Oharra bukatu ondoren, Batzarburu denak otoitza egiten du)


SARRERAKO OHARRA

Senideok: gugatik bizia ematen duen Jesusen Nekaldia eta heriotza ospatzeko elkartu gera. Berak esandakoa bete egiten du: ez dago maitasun haundiagorik norbere bizia lagunen alde ematea baino; eta gaur, bizi hori ematen duela ospatzen dugu.

Gaurko ospakizunak hiru zati oso ezberdinak dauzka. Lehenengo zatia, HITZAREN LITURGIA dugu; batez ere, une garrantzitsu bezala Nekaldiaren kontaketa san Joanen ebanjeliotik. Bigarren zatia, GURUTZA GURTZEA: bere Semea gugatik emateraino maite izan gaitu Jainkoak; honen aurrean ahuspezturik gurtzea dagokigu. Hirugarren zatian, Gurutzeratua izan den Jesusekin, JAUNARTZEAREKIN bat egiten dugu.

Ospakizun honek, gure sinismena oinarritzen den Jainkoaren maitasun misterio hortan bat egiten lagundu dezaigula.


OTOITZA

Jainko Jauna,
Jesukristo gure Jaunaren nekaldiarekin ezereztu zenuen
lehenengo pekatua gizaki guztietara zabaldutako heriotza;
egin gaitzazu zure Semearen irudiko,
izatez Adanen antzeko garenok
zure grazia lagun Jesukristoren antzeko izan gaitezen.
Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN.

Irakurgaientzako oharrak

: : . . I -- H I T Z A R E N -- L I T U R G I A . . : :



OHARRAK: KONTUAN EUKITZEKOAK

(Gaur, inoiz baino gehiago, zati hau zainduko dugu. IRAKURLEAK jabetu daitezela honetaz. Salmoari ere Jesusen otoitz ukitua ematen saiatu, herriak abestuko duen salmo-kantu ezagun batekin.

Nekaldiaren irakurketa une garrantzitsua dugu; hiru pertsonak egingo dute. Ongi legoke hiru bat aldiz gelditzea eta kantu ezagun batzuekin herri guztiak parte hartzea. Ebanjelioaren bukaeran, ospatzen dugunarekin eta irakurri dugunarekin bat eginez sakontzen joateko, “Gurutzan osasuna...” abestu daiteke).




1. irakurgaia: Isaias 52, 13 – 53, 12

Isaias profetaren kontaketa eder honetan, “Jainkoaren Zerbitzaria” heriotzara arte beheratua izango da; baina irabazle aterako da eta gizadiaren salbatzaile bihurtuko. Profetaren iragarpen honek Jesusen aurrean ipintzen gaitu; bere bizia heriotzara arte emanez, guretzat salbamen iturri bihurtzen da. Gordina, baina itxaropenez beteriko kontaketa hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: Hebertarrei 4, 14-16; 5, 7-9

Hebertarren idazki egilearen arabera, gizadia eta Aitaren bitartekaria Jesus dugu eta bere anai-arreben alde erregutzen du. Gure ezina, gure negarrak eta minak ezagutu ditu; esaneko izateak eta bere eskaintzak, guretzat bizi berri baten seinale dira. Bere jarraitzaileok, bere antzeko izatera deituak gera. Idazlearen fede aitortza hau entzuteko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Joan 18, 1 – 19, 42

San Joanek Maisuaren, gizon berriaren, azken pausoak kontatzen dizkigu: giza hondakin egina, Gurutzean josia, Historian porrotik handiena hartutako bezala munduaren aurrean erakutsia. Fededunontzat, Jainkoak biztua, bere heriotzaz gurea menderatu zuena, gure artean dagoena da Gurutziltzatu hau.

>>>(Jesusen Nekaldia)<<<

Jainko herriaren otoitza

: : . . M U N D U -- G U Z T I A R E N -- A L D E K O -- O T O I T Z A . . : :



SARRERA OROKORRA

Senideok: gure historia argitzen duen Jainkoaren Hitza entzun dugu: Jainkoaren maitasuna, Jesukristo gurutziltzatuarengan agertzen zaigu.

Gaur, gizadi osoaren alde bere bizia eman duen Jesusen aurrean, gure otoitzak biziagoa eta zabalagoa izan behar du. Jainkoa Aita-Amari zuzentzen diogu, Kristoren Argiak gizaki guztiak argi ditzan eskatuz.

Asmoa irakurri ondoren, isil unetxo bat egiten dugu eta gure otoitzez bete. Apaizaren otoitzari AMEN erantzunaz, gizaki guztien beharrizanekin bat egiten dugu.

Jainko herriaren otoitza hasten dugu.


(OHARRA: Eskari bakoitzaren sarrera, ohar egileak ez, beste pertsona batek egiten du. Horrela momentu honi bere garrantzia emango diogu eta otoitzerako aukera bezala eskaini)


1. ELIZAREN, GURUTZERATUAREN ELKARTEAREN ALDE

Ohar egileak

Egin dezagun otoitz geu ere kide garen Jainkoaren Elizaren alde; Jaunak eman diezaiola bakea eta zain dezala batasunean, babestu bere egitekoan, eta guztioi eman diezazkigula fedea, itxaropena eta maitasuna Jainko Aitaren aintzarako.


Isil alditxoa

Apaizak

Jainko gure Aita, herri guztiei Kristogan azaltzen diezu zure aintza; ardura zaitez zure maitasunaren lanaz; mundu osoan zabaldurik dagoen zure Elizak iraun dezala fede sendoz zure izena eta zure bizi asmoa aitortzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


2. AITA SANTUAREN, GOTZAINEN, APAIZEN eta HERRI OSOAREN ALDE

Ohar egileak

Egin dezagun otoitz gure Aita Santuaren, ………. gure gotzainaren, gotzain, apaiz, diakono eta Jainko herri santuko kide guztien alde.


Isil alditxoa

Apaizak

Jainko gure Aita, zure Espirituak santutzen eta erabiltzen ditu gauza guztiak: entzun iezazkiguzu egiten dizkizugun eskariak, zure graziari esker, bakoitza geure bokazioan zure zerbitzari zintzoak izan gaitezen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


3. KRISTAUEN BATASUNAREN ALDE

Ohar egileak

Egin dezagun otoitz Kristogan sinesten duten gure anaia-arreba guztien alde: ezagutu duten egiaren arabera bizi direnak Jainko gure Aitak Elkarte bakarrean bildu eta zain ditzan.


Isil alditxoa

Apaizak

Jainko gure Aita, sakabanatuak biltzen eta bilduak batasunean zaintzen dituzu; begira iezaiezu maitasunez zure Semeari jarraitzen diotenei, eta bataio berak bat egindakoak, egiazko fedearen eta maitasunaren lokarriak bat egin ditzala Elkarte bakarrean. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


4. KRISTOGAN SINESTEN EZ DUTENEN ALDE

Ohar egileak

Egin dezagun otoitz Kristogan sinesten ez dutenen alde, eta batez ere, Jainkoak antzinatik bere profeten bidez hitz egin zion herriaren alde, Espiritu Santuak argituta, berak ere aurki dezatela Salbamenaren, biziaren eta argiaren bidea.


Isil alditxoa

Apaizak

Jainko gure Aita, emaiezu Kristogan sinesten ez dutenei eta zure Itun Zaharreko herriari, zure aurrean zintzo ibiliz, egia osoa ezagutzea; eta guri, berriz, emaguzu, anaia-arreben arteko maitasunean eta Zu sakonago ezagutzeko asmoetan aurrera eginda, zure maitasunaren testigu sinesgarriak izan gaitezela. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


5. JAINKOARENGAN SINESTEN EZ DUTENEN ETA JAINKORIK EZ BALITZ BEZALA BIZI DIRENEN ALDE

Ohar egileak

Egin dezagun otoitz Jainkoa ukatzen dutenen, Jainkoaren existentziaz zalantzak dituztenen eta zalantza horietan gogortzen direnen alde; edo beren bizi materialistan Jainkorik ez balitz bezala bizi direnen alde: Batzuek beren bizitzako zuzentasunagatik eta zintzotasunagatik, besteak beren lozorro materialistatik esnatzen direlako, lor dezatela Jainkoarengana iristeko saria.


Isil alditxoa

Apaizak

Jainko gure Aita, Zeuk egin zenituen gizaki guztiak, beti Zure bila ibil daitezen, eta, Zu aurkiturik, Zugan atsedena izan dezaten; egizu bizitzako zailtasunen artean, zure maitasunaren ezaugarriek eta kristauen testigantzak eraman ditzala Zu gizaki guztien Jainko eta Aita ezagutzera eta onartzera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


6. AGINTARIEN ALDE

Ohar egileak

Egin dezagun otoitz herri guztietako agintarien alde, eta, bereziki, guretzat hurbilenak direnen alde: Jainko gure Jaunak, bere asmoen arabera, herri guztietako agintariak bakerantz, zuzentasunerantz eta gizaki guztien askatasunerantz zuzen ditzala beren pentsamenduetan eta erabakietan.


Isil alditxoa

Apaizak

Jainko Aita-Ama ona, gizaki guztion etorkizunaz eta herrien eskubideekin arduratzen zarana; zaindu eta argitu itzazu agintariak, zure graziari esker nazio guztuietan bakea eta garapena izanaz pertsona guztien oinarrizko eskubideak zainduak izan daitezen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


7. NAHIGABETUEN ALDE

Ohar egileak

Senideok, azkenik, egin diezaiogun otoitz Jainko gure Aitari munduan bekatuaren eta elkartasunik ezaren ondorenak nozitzen dituztenen alde; Berak zain ditzala, Jesu Kristo bere Seme maitearen antzera senideak zerbitzen bizi diren hainbesteren bitartez, eta irits dadila nahigabetu bakoitzarengana Jainkoaren presentziaren gozoa.


Isil alditxoa

Apaizak

Jainko gure Aita, negar egiten dutenen atsegina eta sufritzen ari direnen indarra, hel bitez Zugana beren atsekabetik Zuri deika ari direnen eskariak, beren ezbeharrean aurki ditzatela zure errukiaren laguntza eta gu guztion elkartasuna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.

Agurra

: : . . II -- G U R U T Z E -- S A N T U A -- G U R T Z E A . . : :



OHARRA

Biziaren Jainkoari gizadi osoaren alde otoitz eginez, lehen zatia bukatu dugu.

Jesukristoren GURUTZA da orain gure batzarraren erdigunea. Sarritan gurutza bitxi eta edergarri bezala erabiltzen dugu. Baina gurutze horretan dago gure salbamena, gure bizia eta piztuera.

Apaizak, Jesusen gurutza erakutsi eta agertuko digu, eta guk, Jainkoak gugatik egin duena eskertuz, gurtu egingo dugu. Bakez, esker onez, itxaropenez... hurbiltzen gera Jesukristoren gurutzearen aurrera.


GURUTZEA ALDARA AURRERA EKARTZEA

(Elkarteko hiru pertsona doaz gurutzearen bila. Gurutzea nahiko handia izan daitela. Apaizak edo parrokian arduratzen den beste pertsona batek, gurutzea hartzen du eta beste biak argi piztuak.

Elizan Gurutzea hartzen duenean, lehenengoz abesten du: “Hona hemen Gurutze habea munduaren osasuna zintzilik eduki zuena”. Elizaren erdi inguruan berriro eta hirugarrenez presbiterio aurrean. Eliztarrei erakutsiz, isil une bat egiten da.

Ondoren gurutza gurtzen da musu emanez edo ukitu eta “Aitaren” eginez. Musika edo kantuz lagundurik egiten dugu.

Gurutzeak, gaur leku berezi bat behar du).




: : . . III -- J A U N A R T Z E A . . : :




(Batzar-burua “Gure Jaunaren” bila doan bitartean, monitoreak hirugarren zatiaren azalpena egiten du).

OHARRA

Senideok: ospakizunaren hirugarren zatian sartzen gera.

Jaunartzera hurbilduko gera. Gogora ditzagun apostoluaren hitzak: “Ogi honetatik jaten dugun bakoitzean, Jaunaren heriotza gogoratzen dugu, Bera etorri arte”. Maitasun handia agertu digu Jesusek, gurutzean bere bizia gure alde ematean. Maitasunez bizia besteen alde eskaintzea da kristautasunaren ezaugarria. Zoriontsuak Biziaren Ogia hartzeko prest daudenak!


GURE JAUNA ALDARERA EKARRI ETA JAUNARTZEA

(Oharra amaitzen denean, batzar-burua eta laguntzaileak kandelak pizturik, aldarera hurbiltzen dira. Bitartean beste bi pertsonak aldare gaineko mantela ipintzen dute. Aldare aurrean, “Gure Aita” kantatu edo errezatu.

Gure Jauna banatzen den bitartean, 21gn Salmoa irakurri daiteke, tarteka isil unetxo bat eginez. Egunari dagokion entzuteko musika ere ipini daiteke).




: : . . IV -- A G U R R A . . : :




OTOITZA

Jainko Aita-Ama on eta errukitsua,
Zure Seme Jesukristoren heriotzaz eta piztueraz
berritu gaituzu:
zaindu ezazu guregan zure errukiaren lana;
Misterio honetan parte harturik,
beti zure zerbitzari izan gaitezen.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen.


HERRIAREN GAINEKO OTOITZA

Jauna, zure Semearen heriotza ospatu dugu,
eta Beraren Piztuera santuaren zain gaude;
bidal iezaguzu zure bedeinkapen ugaria,
etorri bekigu zure barkamena,
emaguzu zure poza,
gehitu gure sinesmena,
eta eraman gaitzazu betiko salbamenera.
E./ Amen.


AGURRA

Senideok: Jesu Kristoren Nekaldia eta Heriotza ospatu dugu. Haren heriotza ez zen izan jazoera isolatua, baizik eraman zuen bizitzaren ondorioa eta laburpena. Besteentzat bizi izan zen. Guztiak maitatu zituen beti. Bere bizitzaren bidez askatasuna eta askapena oihukatu zituen. Osorik eman zuen bere burua. Behartsu egin zen, gu aberats gintezen. Maitasunak eskatuta, albo batera utzi zituen larunbata eta legea, nahiz eta inguruan eskandalua sortu. Itxaropenaren eta heriotzaren azkenera arte sinetsi zion Aitari. Beldur zen, baina aurrera jarraitu zuen. Ez zuen izan zalantzarik Aitak jarritako plana betetzerakoan. Saririk itxaron gabe maitatu zuen.

Jaunaren heriotzaren ondoren, mundua isiltasunik sakonenean sartu zen. Bihar gauean egingo du eztanda gure pozak eta alaitasunak. Goazen, orain, geure etxeetara, munduan diren gurutziltzatu guztiak gogoan ditugula, eta har dezagula elkartasunaren eta zuzentasunaren alde jokatzeko asmo sendoa.

Egun honetarako gogoeta

“Eta gizaki huts bezala azalduz, apaldu egin zuen bere burua, heriotzaraino mendeko eginez, gurutzean hiltzera iritsi arte. Horregatik, denen gainetik goratu zuen Jainkoak,
eta izen guztietan bikainena eman zion” (Fl 2, 8-9)





Gaur JAUNAREN NEKALDIA ospatzen dugu.

Gaurko egunez, liturgiak MAITASUNAREN handi, sakon eta zabalera hurbiltzeko aukera eskaintzen digu, Nazareteko Jesusengan azaltzen zaigun JAINKOAREN SOLIDARITZARA, hain zuzen. Eta guk, Jesusen jarraitzaile garen kristauok, Gurutzeari begira jartzen gara harriduraz, bihotz beroz eta esker onez, eta Jesus horrengan azaltzen zaigun miragarrizko misterioa gero eta hobeto ulertzen saiatzen gara.

Gaur jaso behar dugun erakutsi mamitsua honetan datza: Jainkoa ez dagoela gure historiatik urrun, sufritzen duena dela. Kontrara, Jesu Kristogan ondo daki zer den sufritzea, zer den negar egitea eta hiltzea. Ezinaren muga barruan sartuta salbatu gaitu. Jainkoaren erruki eta errukitasun ezin handiagoak dira.

Gaurko ospakizun honekin BAZKORANTZ PAUSO bat aurrera ematen dugu, bihar ospatuko dugun behin betiko Jainkoaren garaipenerantz.

Zorionekoak MAITASUN JAINKO hau onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Burua makurtuz, azken arnasa eman zuen"

(Jn 19, 30)

 

 


bidean@bidean.net
orue