Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Aste Santua - Bazko Gaubeila - 2018.eko Martxoaren 31a

Liturgia

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

: : . . . 1 - - S U A R E N - - L I T U R G I A. . . : :



(Ahal den lekuetan sua elizatik kanpora egin. Eliztar guztiak suaren inguruan elkartzen dira. Sarrera hau patxadaz egiteko, kontuan izan megafonia egoki bat)


HASIERAKO KEINUA: SUAREN INGURUKO ALKARRIZKETA

(Judutarrak Pazko Afarian egiten duten keinua dugu. Batzar-buru eta elkarteko txiki baten arteko elkarrizketa da. Ospakizuna hasteko era on bat da).


UME TXIKIA: Gau hau zergatik da handia?

BATZAR-BURUA: Ez dezagun ahaztu zer garan: Jainkoaren sorkuntza, bere antz eta irudiko; maitasunez sortuak eta gizaki guztiak familia bat izatera deituak.

UME TXIKIA: Baina, gau honek ze berezitasuna dauka?

BATZAR-BURUA: Gaur Pazko Gaubeila dugu; Israel herriaren historia eta lehen Elizaren historia gogoratzeko gaua; Jainkoak gizakiokin egin zuen Ituna gogoratzeko eta gaurkotzeko gaua; bekatuaren bidez gizakia Jainkoagandik banandu arren, Berak herri santu eta profetikoa egiten gaituela ospatzeko gaua.

UME TXIKIA: Eta zergatik hainbeste kantu eta ereserki?

BATZAR-BURUA: Askeak garela gogoan izateko. Askatasun horrek zoriontsu egiten gaitu eta gure ahoa kantuz bete. Menpean bizi izan zen herriari Jainkoak beso indartsuz askatasuna eman zion eta harrezkero ondorengo guztiak askatasunean bizi izatera deituak garela gogoan izateko.

UME TXIKIA: Gau honetan zergatik isiotzen ditugu hainbeste argi?

BATZAR-BURUA: Bekatuak iluntasunaren seme-alaba egin gintuen; zenbat eta bekatu gehiago hainbat eta ilunago. Baina Jainkoak uraren eta Espirituaren bidez bizi berrira sortu gintuen, bere argia eskainiz eta argi horren testigu izateko eskatuz.

UME TXIKIA: Baina komunikabideek ea egunero guzti hau gezurtatu egiten dute. Gorrotoak eta zuzengabekeriak banatzen eta apurtzen gaituen mundu honetan, badago lekurik itxaropenerako, edertasunerako eta anaitasunerako?

BATZAR-BURUA: Okerrenean ere itxaropenak beti dauka lekua. Israel herriaren antzera, gure konfiantza Jainkoagan ipini eta aurrera egin behar dugu. Jesukristorengan sinistu eta sinesmenak aske egiten gaituela onartzen badugu, aurrera egin genezake. Jainkoa bizi da eta egunero aukera berriak eskaintzen dizkigu. Horregatik gau honetan Jainkoa eta gizakien arteko harremanak gogoratzen ditugu, kantuz goratzen dugu Bera eta gure itxaropena sendotzen, gaurik ezagutzen ez duen egun berriaren egunsentia delako.


(Isil unetxo baten ondoren, gaurko ospakizuna nola izango den azaltzen du monitoreak)


SARRERAKO OHARRA

Senideok: Gabon eta ongi etorriak PAZKO GAUBEILA ospatzera.

Entzun dugun elkarrizketan gau honen zergatia eta zentzua azaldu zaigu. Kristau liturgiaren jairik esanguratsuenean parte hartzeko batu gara: Kristoren piztueraren eta geure piztueraren ospakizuna.

Gauaren erdian, orain bedeinkatuko dugun su hau isiotu dugu. Bertan isiotuko dugu Pazko Zuzia. Kristo Berpiztuaren argiak argituko gaitu, eta argi horretatik hartuko dugu guk ere.

Bizia eta Piztuera dakarkigun gau santu hau ospatzeko prestatzen gara.


BATZAR BURUAK SUA BEDEINKATZEN DU

Sua, kultura guztietan gizakion laguna dugu. Sua, laguntzeko, berotzeko eta argitzeko dugu. Aurrean dugun sua, bedeinkatzeko isiotu dugu.

EGIN DEZAGUN OTOITZ

Jainko gure Jauna,
zure Semea munduaren argia den ezkero,
Beronen bidez eman diguzu gizakiei
zure argiaren dirdira.
Bedeinka ezazu su berri hau,
eta emaguzu, Pazko jaiotan zeru-gauzetarako isioturik,
arima garbiz betiko argiaren jaietara irits gaitezela.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

(Pazko Zuzia aurkeztu, bedeinkatu eta piztu).

Kristo, atzo eta gaur,
hasiera eta helburu,
Alfa eta Omega.
Berarenak dira egunak
eta menderen mendeak,
Berari ospe eta erregetza
gizaldi eta gizaldi guztietan. R./ AMEN.


PROZESIOA ALDARERUNTZ ETA KRISTO ARGIA GORATU

Oharra

Kristoren argiari jarraitzen diogu. Berak argitzen du gure bidea. Bera da bere jarraitzaileontzat betiko Pazkoa.

Piztu berri dugun Pazko Zuziaren atzetik joango gera denok. Hiru bider abestuko dugu “KRISTOREN ARGIA” eta argi horretatik hartzen joango gera guztion artean bananduz.

Pozez, Kristo den Argiari jarraitzen diogu.

Oharrak prozesioari

(Batzar-burua Pazko Zuziarekin aurretik dela, prozesioa hasten da. Elizako atean abesten du “KRISTOREN ARGIA” eta denak erantzuten dute: “ESKERRAK JAINKOARI”. Ondoan daudenak, euren kandelatxoak isiotzen dituzte. Eliza barruan berriro abesten du eta denak isiotzen dituzte euren kandelatxoak. Eliztarrak euren lekuetara doaz eta Batzar-burua presbiteriora doa eta hemen hirugarrenez abesten du. Elizako argi guztiak isiotzen dira eta Pazko Zuzia aurretik apaindurik dagoen bere lekuan uzten da. Kandelatxoak isiotuta, zutik jarraitzen da)

Aldarria

Sarrera

Senideok: herriko jaietan, leku askotan, pregoia esaten da jaiei hasiera emateko; Pazko jaien hasieran ere pregoia esaten dugu. Elizak, hainbesteko argiaz argiztaturik, gorespen eta pozezko kantua abesten du. Jainkoak egin zituen eta gau honetan egingo dituen gauza miresgarriak iragartzen zaizkigu. Arretaz eta sinesmenez entzuten dugu.


Pazko deia aldarrikatzea

(Ahal den neurrian abestua hobeto legoke. Bestela, era berezi baten irakurri)


Poztu bedi, poztu oraintxe, zeruko aingeru-taldea,
poztu bitez zerutar guztiak,
eta Kristo berpiztuaren garaipena ospatzeko
entzun bedi salbamenaren irrintzi pozgarria.
Alai bedi lurra ere, horrelako argi-errainuz argiturik,
eta betiko Erregearen distiraz beterik,
ikusi begi nola izan diren uxatuak lurbira guztiko ilunpeak.
Poztu bedi, baita, Eliza ama ere,
horrenbesteko argi-distiraz apaindurik;
eta herriaren oihu-hotsez dardarka jar bedi eliza-barru hau.

- Jauna zuekin.
- Eta zure espirituarekin.
- Gora bihotzak.
- Jaunagan dauzkagu.
- Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
- Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
bihotzez eta gogoz oihuka goratzea
Jainko Aita ona
eta bere Seme bakar Jesukristo gure Jauna.
Beronek ordaindu dio gure ordez
Aita betikoari Adanen zorra,
eta bere odol santuaz kendu digu antzinako bekatuaren zigorra.

Pazko jaiak ditugu:
jai hauetan eskaintzen da egiazko Bildotsa,
bere odolaz fededunen etxeetako ateak sagaratzen dituena.

Gau honetan, Jauna,
atera zenituen Zuk Egiptotik israeldarrak, gure guraso zaharrak,
eta Itsaso Gorrian zehar,
oinik busti barik, lehorrez eraman.

Hauxe da, izan ere, harako gaua,
zutabe antzeko laino argitsu baten distirak
bekatuaren ilunpeak uxatu zituena.

Hauxe da, bai, gaua:
lur zabalean Kristorengan sinesten dutenak,
lurreko makurkeria eta bekatuen ilunpetik atera,
graziara itzuli
eta santutasunera erakartzen dituen gaua.

Hauxe da gaua,
Kristo, heriotzaren kateak hautsirik,
hilen artetik garaile atera zenekoa.

Bai harrigarria,
zure guganako errukia!
Bai neurrigabea,
zure maitasun samurra!
Zerbitzaria erosteko, Semea ematea!

Beharrezkoa benetan Adanen bekatua,
Kristoren heriotzaz barkatua!

Hau erru zorionekoa,
horrelako Erosle bikaina iritsi diguna!

Hau gau santua,
gaiztakeriak uxatu eta hobenak garbitzen dituena;
eroriei errugabetasuna eta minduei poza ekartzen diena.

Hau, bai, benetan gau zoriontsua: zerua lurrarekin,
gizakia Jainkoarekin bat egiten denekoa!

Gau pozgarri honetan,
har ezazu, Aita on Horrek,
arratsaldeko gorespen-opari hau:
Eliza santuak egiten dizu, bere zerbitzarien eskuz,
argizari honen eskaintza ederrean.

Zure izenaren aintzarako
bedeinkatu ditugun argizari honek, Jauna, pizturik iraun dezala,
gau honetako iluna urratzeko.
Eta Zuretzat usain gozo bihurturik,
izarren argiarekin elkartu dadila.
Bizturik aurki dezala goizeko izarrak:
iluntzerik ezagutzen ez duen Artizarrak,
zure Seme Jesukristo gure Jaunak,
hilen artetik piztuta,
gizadiari argi egin dionak.
Errege bizi da eta gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN.

(Ondo legoke eliztarrak amaieran kantu batekin erantzutea. Kandelak amatatu eta ospakizunaren bigarren zatira pasatzen gera)

Irakurgaientzako oharrak

: : . . . 2 - - H I T Z A R E N - - L I T U R G I A . . . : :



SARRERA OROKORRA

Senideok: Pazko Deiarekin, Jesus Jaun berpiztuaren gau santuan sartu gera.

Orain, ospakizun honetako BIGARREN ZATIAN sartzen gera. Historian zehar gizakiak argitzen joan den JAINKOAREN HITZA irakurriko dugu. Salbamen historian, Jainkoaren esku-hartze garrantzitsuak gogoratuko zaizkigu.

Jainkoaren hitza entzunez eta otoitz eginez, Jainkoaren historia horrekin guk ere bihotzez bat egiten dugu. Hurrengo kantu hau lagungarri dugu horretarako.

(Elkarteak ezagutzen duen kantu erraz bat. Adibidez: “Entzuten gaude gu Jauna”)


1. Irakurgaia: Hasiera 1, 1-31; 2, 1-2

Oharra

Salbamen Historiaren hasieran gaude. Idazle sakratuak zerbait ederraren aurrean ipintzen gaitu: Jainkoa munduaren sorreran dago biziaren hazia ereiten. Naturaren eta gizakiaren hasieran Biziaren Jainkoa dago. Idazle sakratuak horixe hartu du bere herriarengandik eta horixe eskaintzen digu guri. Edertasunez beteriko olerki hau entzuteko prestatzen gera.

Irakurgai biblikoaren irakurketa

Erantzun salmoa:

“JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA”.


Otoitza:

Biziaren Jainko Aita-Ama ona,
gauza guztiak gizakion onerako egin dituzu;
egizu, zure seme-alabok ikus dezagula,
denboren hasieran mundua egitea harrigarri izan bazen ere,
askoz harrigarriagoa dela, azken aldietan
Kristo gure Pazkoak eskainitako oparia.
Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN
.


2. Irakurgaia: Irteera 14, 15 – 15, 1

Sarrera

Salbamen historiako beste une garrantzitsu bat gogoratuko dugu: Egiptoren menpe zegoen Israel herriak, Jainkoaren beso indartsuari esker, askatasuna iritsiko du. Itsas Gorria askatasunaren ezaugarri bihurtuko da. Egun hori Israeldarrak urtero gogoratzen zuten. Guretzat, Jesukristok ekarriko digun behin betiko askapen eta salbamenaren aurrerapen bezala da Gogo biziz, entzun dezagun.

Irakurgai biblikoaren irakurketa

Erantzun Salmoa:

“ESKERRAK JAUNARI
HAREN MAITASUNA BETIKOA BAITA”.


Otoitza:

Jainko Aita-Ama ona,
gure egunotan ere ikusten dugu
zure lehengo mirarien argitasuna.
Lehenago, herri bat Faraonen menpetik aterata
erakutsi zenuen zure indarra;
orain, herri guztiak salbatzen dituzu,
Bataioko uretan bizi berria emanez.
Egizu, mundu guztiko herriak heldu gaitezela
zure Seme Jesusek hasitako FAMILIA BERRIA izatera.
Jainko eta errege bizi zara eta gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN
.


3. Irakurgaia: Ezekiel 36, 16-28

Sarrera

Salbamen historian hirugarren une bat gogoratuko zaigu. Israelek bekatu egin zuen eta Jainkoagandik urrundu. Baina Jainkoak bere herriaren ondoan jarraitzen du. Jainkoaren MAITASUNAK dena berriztatzen du eta dena birsortzen. Poztu gaitezen mezu eder hau entzunaz. Onar dezagun.

Irakurgai biblikoaren irakurketa

Erantzun Salmoa:

“ZURE ARNASA BIDALI GUGANA TA LUR AZALA BERRITU, JAUNA”.


Otoitza:

Jainko Aita-Ama ona,
indar lokatu-ezina eta argi ezin ilundua;
begira iezaiozu bihotz onez
Eliza osoaren misterio harrigarriari;
eta betidanik gura izan duzunez,
bakean amaitu ezazu gizaki guztiak salbatzeko lana.
Mundu guztiak ezagutu dezala gauza miragarri hau:
erorita zegoena jasoa dela,
zaharra berritua, eta dena lehengo neurrian ezarria,
diren guztien hasiera den
zure Seme Jesukristori esker.
Zurekin bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN
.


AINTZA

(Aldareko kandelak isiotzen dira eta kanpaiak jo. Batzar-buruak AINTZA abesten du)

Senideok: Heriotza menperatuz Kristo berpiztu den gau santu honetan, poz-pozik Jainkoaren aintza abesten dugu: “AINTZA ZERUETAN JAUNGOIKOARI…”


Otoitza:

Jainko Aita-Ama ona, gau santu hau
Kristo hilen artetik biztuaren distiraz argitzen duzu;
gorde egizu, arren, zure familiako seme-alaba berrietan
Zeuk eman diezun seme-alaba bihotza;
gorputz-arimak berriturik,
osoan zure zerbitzari izan gaitezen.
Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ AMEN.


4. Irakurgaia: Erromatarrei 6, 3-11

Sarrera

Gaur gogoratzen dugun Salbamen historia honetan, Paulo apostoluak bere esperientzia kontatzen digu: era misteriotsuan bada ere, Bataioak bat egiten gaitu Jesusen heriotzan eta Piztueran. Eta Jaunaren Espirituaren eraginez gizaki berri gara. Era barri baten bizitzera deituak gera. Onar dezagun gonbidapen hau.

(Denok zutik, ospatzen gauden poza agertzen duen Pazkoetako ALELUIA abesten da)


EBANJELIOA: Markos 16, 1-7

Sarrera

Jainkoaren salbamen historiaren gailurrera iristen gera. Jainkoak bere esana bete du. Emakumeak eta gu guztiok bila gabiltzana, ez dago hilobian: PIZTU EGIN DA. Bizia, heriotzaren gainetik dago. Bizitza berri baten egunsentia dugu. Historia guztia aldatzen duen albiste eder hau entzuteko prestatzen gera.

Hitzaldia

(Hitzaldi labur baten ondoren, isil unetxo bat edo pazko aldiko musika ipini daiteke hurrengo zatia prestatzeko)

Jainko herriaren otoitza

: : . . . 3 - - B A T A I O - - L I T U R G I A . . . : :



(Monitoreak hirugarren zatiaren oharra egiten du. Amaitzen duenean, zutitzen gera eta Batzar-burua Bataioko ponte ondora doa)

Oharra

Senideok: Jainkoak gure alde egindako Salbamen Historiaren une garrantzitsuak gogoratu ondoren, hirugarren zatira pasatzen gera: BATAIOAREN LITURGIA.

Bataioaren bidez bizi berria eta sinesmen bizia hartu dugu; Jainkoaren seme-alaba gara. Pazko gau honetan, geure sinesmena aitortuz, bataio egunean hartutako kristau konpromisoa berritzen dugu.

Kristo Berpiztuaren Argiak argi gaitzala gure kristau ibilbidean; Pazko Zuzitik argia hartuz, gure kandelak isiotzen ditugu.

(Pertsona batzuk Pazko Zuzitik isiotzen dituzte kandelak eta beste eliztarrei eskaini)


URA BEDEINKATZEA

Batzar-buruak

Senideok: eska diezaiogun Jainko Aita-Ama onari
santu egin dezala ur hau;
gure bataioa gogoratuz gure gainera etorriko den ur hau;
Jaunak berri gaitzala,
hartu dugun Espirituari beti leial izan gakizkion.

(Isil unetxo baten ondoren:)

Jauna, gure Jainkoa,
begira gaubeila honetan bildu den zure herriari;
eta gure sortze harrigarria
eta gure salbatze harrigarriagoa ospatzen ditugun gau honetan,
bedeinka ezazu ur hau.
Zeuk sortua da,
lurrari bere erne indarra emateko
eta gure gorputzari garbitasuna eta atsegina.

Zure errukia emateko bide ere egin duzu ura:
uraren bidez askatu zenuen zure herria bere lokarrietatik,
eta basamortuan egarria kendu zenion.

Uraren bidez
erakutsi zuten Profetek aurretiaz
Zuk gizakiokin jarri nahi zenuen itun berria.

Uraren bidez,
Kristok Jordan ibaian santu egin zuen ezkero,
berritu duzu gure bekatari izaera,
jaiotza berria dakarren bataioan.

Ur hau izan bedi gure bataioaren oroigarri,
eta sar gaitzala
Pazkoetan bataiatutako gure anai-arreben pozetan.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ AMEN.


BATAIO AGINTZARIAK BERRITZEA ETA SINISMEN AITORMENA

(Zutik eta kandelak isioturik, bataio agintzariak berriztatzen dira eta sinesmen aitormena egin)

Batzar buruak:

Senideok: Pazko misterioaren bidez, Kristorekin hil eta hobiratuak izan gera, Berarekin bizi berritan bizi gaitezen. Horregatik, Garizumako bidea amaitu ondoren, Bataio santuan egindako agintzariak barri ditzagun:

Horregatik, uko egiten diozue Satanasi, hau da:
Jauna ukatzea den bekatuari;
munduan bekatuaren ezaugarria den gaitzari;
egia iluntzen duen gezurrari;
karitatearen aurkakoa den gogorkeriari;
maitasun testigantzarik eza den norberekeriari?
E/. Bai, uko egiten diogu.

Uko egiten diozue haren ekintzei, hau da:
bekaizkeriari eta gorrotoari;
alferkeriari eta horkonponkeriari;
beldurti izateari;
tristurei eta uste ona ez izateari;
zuzentasunik ezari eta kutunkeriari;
materialismoari eta haragikeriari;
federik, itxaropenik eta maitasunik ezari?
E/. Bai, uko egiten diogu.

----------------------------------------

Sinisten duzue Jainkoa, Aita-Ama on eta errukitsua, zeru-lurren egilea?
E/. Bai, sinisten dugu.

Sinesten duzue Haren Seme bakar Jesukristo gure Jauna,
Andre Maria Birjinarengandik jaioa, hila, hobiratua, hilen artetik biztua izan zena eta Aitaren eskuin aldean jarririk dagoena?
E/. Bai, sinisten dugu.

Sinesten duzue Espiritu Santua, Jesusen elkartea den Eliza, santuen elkartasuna, bekatuen barkamena, hilen piztuera eta betiko bizitza?
E/. Bai, sinisten dugu.

Urez eta Espiritu Santuz berriztatu gintuen eta bekatuen barkamena eman zigun Jesukristo gure Jaunaren Jainko Aita-Amak, zaindu gaitzala bere maitasunean eta egin gaitzala bere lekuko munduan.
E/. AMEN.


ZIPRISTINDU

Oharra

Senideok: ur bedeinkatua hartzen dugu. Bataioak pertsona berri eta Jesukristoren testigu egiten gaitu.

(Batzar-buruak ura hartu eta eliztar guztiak zipriztintzen ditu. Kantu egokiren batekin laguntzen dugu.

Kandelak itzali eta otoitzean parte hartzeko prestatzen gera)




: : . . . J A I N K O - - H E R R I A R E N - - O T O I T Z A . . . : :



Jaunagan sinesmen osoa izanik, Jainko Aita-Amari aurkezten dizkiogu gure eskariak eta gizadiaren beharrak.

1.- Elizaren alde: baztertuak eta maitasunik gabe bizi direnengana itxaropena eta adorea eraman ditzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herri guztietako agintarien alde: zuzentasunaren eta bakearen alde saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Ospakizun honetan elkarturik gauden guztion alde: Jaunak biziaren testigu egin gaitzala eta lagun diezagula pertsonen bizitza hobetzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bataiatu berrien eta haien familien alde: beren portaeran Jainkoaren Seme maitearen proiektuarekin ados jokatzen saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkarteen alde: lagun hurkoarenganako elkartasun, hurbiltasun eta onarpen sentimenduetan haz gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: DiosJainko gure Aita-Ama, zure ongi nahian onar iezaguzu uste osoz egiten dizugun otoitz hau. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E/ AMEN.

Opagaiak aurkeztea

: : . . . 4 - - E U K A R I S T I A R E N - - L I T U R G I A . . . : :



ALDAREA, PAZKO ZUZIA ETA ELKARTEA INTSENTSUZ LURRUNTZEA

Ezaugarriz beteriko ospakizun honetan (sua, argia, ibilbidea, pazko-deia...), Jaunaren hitza entzun (irakurgai gehiago) eta Bataioaren agintzariak berriztatu ondoren, EZAUGARRI BAKAR bat proposatzen dugu une honetarako; patxadan egiteko ezaugarria.

+ ALDAREA intsentsuz lurruntzea: inoiz baino hobeto apaindua.

+ BAZKO ZUZIA intsentsuz lurruntzea: toki berezian jarria.

+ ELKARTEA intsentsuz lurruntzea; Pazkotik jaiotako herri berri lez.


OPARIGAIEN GAINEKO OTOITZA

Zugandik, Aita, hartzen dugu bizitzan laguntzen digun on guztia, eta zure eskuz emanak ditugu aldarera dakartzagun ogi eta ardo hauek (beste eskaintzarik izango balitz, horiek ere aipatu). Isur ezazu hauen gainera zure bizi Espiritua, eta egizu hauek izan daitezela gure janari pertsona guztientzat hurbilak izateko misioan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ AMEN.

Agurra

Senideok: Kristau elkartearen JAI NAGUSIAN parte hartu dugu. Jainkoak bere agintzariak bete eta Jesukristo biztu egin du. Horregatik “ALELUIA” da gure kantua.

Albiste eder honen testigu izatera deituak gera. Mundu honen erdian, Kristo Berpiztuaren testigu izan gaitezela.

Horretarako, Pazko bedeinkapena hartzen dugu.


BEDEINKAPEN NAGUSIA

Bedeinka gaitzala Jainko Aita-Amak
pazko gau handi honetan,
eta zaindu bere erruki handiz bekatu bide guztietatik.
E./ AMEN.

Jesu Kristoren piztueraz
bizi berritu gaituen Jainkoak
eman diezagula betiko biziaren saria.
E./ AMEN.

Jaunaren Nekaldiko egunak bukatu ondoren
Pazko jaia ospatzen dugunok,
Haren laguntzaz hel gaitezela zeruan betiko Pazko festetara.
E./ AMEN.

Bedeinka zaitzatela
Jaungoiko maitasunez beteak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak.
E./ AMEN.

Egun honetarako gogoeta

GURUTZETIK ARGIRA.
Gaurko gaua Jesusen aurrean adi egotekoa da.
Zain ditzagun zuziak piztuta, Jaunaren zain gaudela.

ALELUIA, ALELUIA, JAUNAREN FESTA DA!







Bai, bai, BERE FESTA da! GEURE FESTA da! Senideok: bihotzez elkarri ZORIONAK eman. JAINKOAK JESUSI ARRAZOIA EMAN DIO. Bere bizimodua gogoko zaio Jainkoari. Gurutzean hil zuena huraxe piztu da, Jainkoagan eta gure artean bizi da; ez era berean, baina benetan bere aintzazko gorputzean. “Bizia maitasunez eskaintzea” Jainkoarentzat egokitzekorik gorengoena eta aipagarriena da. Bai mezu zoragarria FESTA honek ematen diguna!

Baina gu geu ere FESTA honek barru-barrutik harrapatzen gaitu: Jesus Beraren aukera BIZITZERA eta JOKATZERA deituak gaude, haren antzera bizi bagara behintzat. Ez, Jainkoak ezin gaitu engainatu. Horretan dugu gure uste osoa.

Gaur da gure SINESMENAREN EGUN HANDIA. Pazko aldi osoa dugu hauxe ospatzeko. Eta... zorionekoak Bizitzaren Jainkoari haiengan tokia ematen diotenak!

PIZTU DEN JESUSEN PAZKO ZORIONAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Biztua da, ez dago hemen"

(Mk 16, 6)

 

 


bidean@bidean.net
orue