Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - Bazko PIZTUERA - 2018.eko Apirilaren 01a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok, Bazko Zoriontsuak!

Bart gauean, Bazko Gaubeilan, poz handiz ospatu dugu Jesu Kristo gure Jaunaren Piztuera. Ospakizun horrekin hasi dugu, egun bakarra balitz bezala, Mendekoste festaraino eramango gaituen berrogeita hamar eguneko bazko aldia.

Jesus piztu egin da, eta gu berarekin piztu gara. Heriotza betirako menderatua izan da. Bizitza indartsu jaikitzen da, eta bizi hau besteen zerbitzuan eman dezagun dei larria egiten digu. Presta gaitezen gure festarik handiena ospatzeko, eta abes dezagun alaitasunez Bazkoaren poza.

ELIZ BIRA ETA BAZKO ZUZIARI ETA ALDAREARI INTSENTSUA

(Festa handiei dagokienez, ondo legoke gaur eliz bira handikiro egitea. Ahal balitz, ospatzaile buruak eta laguntzaileek udaberriko lorez beteriko adarrak eramango dituzte. Sarrerako eliz bira bukatutakoan, buru egiten duenak intsentsu ale batzuk botatzen ditu eta intsentsatu egiten ditu, Bazko Zuzia, lehenengo, eta aldarea gero. Gurutzea ez du intsentsatzen, Zuziak adierazten baitu Piztua geure artean egotea)

Aldarria

(Merezi duen eran egiteko une egokia izan daiteke: ahotz zoliz edo ozenez eta biribilez, eta ez irakurriz, “iragarriz” baino)

PAZKO PREGOIA - 1


Behin baino pozago gaude gaur.
Kristo piztu da, eta geuri atera zaigu bidera,
gure iluntasuna argitzeko.

Hautsi dira gure kateak,
askatu dira gure morrontzak,
lotzen gaituen giltza guztiak eten dira,
lotura guztiak ezereztu.

Gaua eguerdi bihurtu da; basamortua, lorategi;
lehorra ur hozkirriz beteriko erreka.
Zuzentasunik ezaren, gorrotoaren, horkonponkeriaren… gaua,
itxaropenez argitu da…
Beldurraren eta ezbaiaren gauean
askatasunaren argia sortu da.

Itsuen begiak ireki dira
eta gorrek lehenengoz entzuten dute salbamen hitza.

Urratu egin da, gau honetan, heriotza,
eta bizitza agertu da, Jesu Kristorengatik.
Menderatua izan da gaua.

Kristo piztu da,
eta bizitza huts, ilun eta mugatutik askatu gaitu.
Ebanjelioaren balioei azkenera arte zintzo jarraitzea
daitekeena dela erakutsi digu.

Eta, hemendik aurrera,
ezagutzen dugu
zoriontasunaren, osotasunaren, alaitasunaren,
biziaren bidea: Jesu Kristo.

Hark ireki du itxaropen zuloa historian.
Eta argi handi bat ikusi dugu.

Eskerrak gaur behartsu izatea aukeratzen dugulako
eta gure bizitzako eta gure gizarteko behartsuena
maite izatea nahi dugulako.

Eskerrak, gaur aske izatea aukeratu dugulako,
Jesusen antzera,
maite izateko eta zerbitzatzeko lotura guztietatik aske,
gizarte berria eraikitzeko: Jainkoaren Erreinua.

Eskerrak, gaur guretzat egunik garrantzitsuena delako:
bizitza, argia, salbamena… hurreratu zaizkigu,
bidera atera da, eta euriaren antzera harrapatu gaituzte,
hezurretaraino sartu zaizkigu.

Salbamen bidean gaude!
Bizia da gure etorkizuna!
Jainkoa da gure etorkizuna!
Bizitzak zentzua eta balioa ditu,
Jainkoagandik bizi izanik.

Eskerrak, piztu zarelako
eta gu lekuko garelako.
Lagun iezaguzu gaur aurkitu duguna
besteei zabaltzen.

Oharra: Musika eta diapositiba batzuekin osatutako pazkoaldiko pregoi hau PowerPointean prestatu dugu (Pazko Deia 1). Erabili nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<.


PAZKO PREGOIA - 2


Zabal bedi argia munduko bazter guztietara
eta giza-bihotzak pozez gainez egin dezatela.
Birbiztu bedi itxaropena;
sor bedi bizia,
eta isur bedi maitasuna barra-barra
gure harremanak batean besarkatuz.

Hauxe oihukatzen dugu adorez eta itxaropenez
poztasunezko egun honetan.

Ebanjeliotik sortzen zaigun indarrez
iragartzen dugu sinestedun guztiontzat Jainkoaren indarra.

Hauxe da gure itxaropena:
gure oihuaren ahotsa ez dadila itzali
gure eguneroko bizimoduan.

Gure ahotsean gizon-emakumeen oihua biltzen dugu,
Elizaren oihua,
zoramenez piztu den Kristo iragarriz...
eta pozaren pozez gaudela,
gu ere piztuko garelako ustez.

Eztarriak urratu arte oihukatu nahi dugu,
bizitzak eta jokatzeak merezi duela;
baita maitatzeak eta sufritzeak ere,
nola ez abesteak eta arriskatzeak...
Kristo, Jauna, bizirik dagoelako,
eta gu horigatik gaude pozik.

Anai-arrebok, gertaera honek
eusten digu zain...
iratzarrik... bizitzaren arretaz... pozez gainez.

Gure aurpegiak zoragarrizko distiraz janzten dituena,
argi berri horren eraginez,
Pazkoak gure eskuartean bizi bihurtuz,
eskerronez goratuz zeru-lurren Jaungoikoa.

Bere etxola gure artean jarri duelako,
eta piztu delako,
gure nahigabe eta pozak, gure ardurak eta zalantzak
gurekin elkarbanatzen dituelako.

Gure bihotza urduri egongo delako Berarengan atseden hartu arte...
Zuk, Jauna, Zuretzat egin gintuzun,
eta gure bihotza kezkaz bizi da...
Zuregan, Jauna, atseden hartu arte...
Zugan atseden hartu arte.

Hauxe da eguna,
lurreko behartsuak zoriontsu sentitzen direna,
Kristok nekepetik ateratzera dei egiten dielako...
eta guri haiekin bat egitera...

Hauxe da eguna,
ezer ez daukatenak zorioneko sentitzen direna,
Kristok bere gogoko direla agertzen dielako, bere maitasuna...
eta gu zuzenak izatera behartzen gaitu...
haien arretaz jokatzera,
gure anai-arreba behartsuak dira-ta...

Hauxe da eguna
sufritzen eta negar egiten dutenentzat
Jesusen Zoriontasunak beren bizitzara iristen direlako...
eta haiekin batera piztueraren indarra eta grazia.
Hauxe da eguna
bakearen eta zuzentasunaren alde
beren bizitza arriskatzen dutenena...
Kristoren garaipena beren garaipena baita.

Hauxe da eguna
Jesusengan sinestearen poza eta alaitasuna
sentitzen dugun guztiontzat,
gure bizitzan itxaropenak
leku daukala badakigulako.

Hauxe da eguna
gure gizartean baztertuak diren guztiena,
harako zergalari eta emagalduak bezala,
Jesusek maitatuak sentitzen direnena...
Jaungoikoaren Erreinuko lehen fruituak.

Hauxe da pozaren eguna...
Jesus Pizturenagan sinesten dugunok
Pazko jaiaren pozetan bizi gara-ta.
Horren testigu izatera deituak gara.

Jaungoikoaren maitasunaren testiguak
gure familietan, gure taldeetan...
gure herrian... bizi garan lekuan...

Hauxe eskatzen dizugu, Jauna:
argitzen gaituen argi hau zabaldu dadila
Eliza gure elkarte osoan zehar...
piztu den Jesukristoren usain gozoa
iragar eta zabal dezan.

Eskerrak, Jesus Jauna, Zuk duzu arrazoia:
Zuk piztuz, Aitaren Erreinuko atea ireki ez ezik,
Zerori egiazko Jaungoiko zarela jakin dakigulako...
zure hitzez fidatu ahal gara...
Zutaz fidatu ahal gara...

Eskerrak Zuregan sinistu ahal dugulako...
Eskerrak Zuri sinistu ahal dizugulako...
Eskerrak Zuk eta Biziaren Aitak maitatuak sentitzen garelako...
Eskerrak guregan ere sinistu ahal dugulako...
Eskerrak aurkitu ahal dugulako,
bai guregan eta bai besteengan dagoen baliagarri dena...
ESKERRAK...

Irakurgaientzako oharrak

UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok, ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA:Jainko errukiorrak garbi gaitzala bekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaitzala. E/. AMEN.



HITZAREN LITURGIA

1. irakurgaia: Eginak 10, 34a. 37-43

Bazko aldian, lehen kristau elkarteak Kristo berpiztuari buruz izandako esperientziak kontatuko dizkigu lehenengo irakurgaiak. Pedrok, Jesusen historiako datu zehatz batzuk aipatuko dizkigu. Historia horren ardatza Jesusen heriotza eta piztuera da. Apostoluak euren esperientziaren testigutza eskaintzen digute. Elizaren sinesmena Kristo berpiztuarengan oinarritzen da. Piztuera barik ez dago, ez federik, ez Elizarik. Testigutza hau onartzen dugu.


2. irakurgaia: Kolosarrei 3, 1-4

Paulo apostoluak argi uzten du bere eskutitzean: bataioaren bidez Jesusen heriotzara eta piztuerara elkartuak garenoi, erabateko aldaketa eskatzen zaigu gure bizitzetan, gure portaeretan, gure jarreretan. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 20, 1-9

Joanek, ebanjelioan, lehen testiguen fedearen berri ematen digu, Jesusen gorpu hila jarri zuten hilobia hutsik aurkitzean adierazi zutenaren berri, alegia. Fedea eskatzen duen ezaugarria da hilobi hutsa; apostoluek ulertu gabe zeuzkaten Jesusen hitzak eta agintzak gogorarazten dizkigu. Heriotzak galdu du bere agintea; bizia atera da garaile betirako. Jainkoak zentzu berria eman dio oinazeari, bere Semearen nekaldiari eta heriotzari. Onar dezagun testigantza hau.

Jainko herriaren otoitza

Otoitz diezaiogun Jainko gure Aitari, bere Espirituaren indarrez Jesu Kristo piztu zuenari eta gizaki guztiei bere maitasuna adierazten dienari.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde, Jesusen misioarekin jarraiturik, batasunaren eta bakearen legamia eta ezaugarri izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herrialde guztietako gizonezkoen eta emakumezkoen alde, Kristoren Bazkoak bakea, zuzentasuna, egiazko askatasuna ekar diezazkigun eta gizon-emakume guztiok anaia-arreba bezala elkar maitatzera hel gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gorputzean edo ariman sufritzen dutenen alde, besteen egoismoaren eta bidegabekeriaren biktimak direnen alde, itxaropena galdu dutenen alde, Jainkoa ahaztuta bizi direnen alde, Kristo piztuarengan eta gure elkartasun gizatiarrean eta kristauan aurki ditzatela indarra eta atsegina. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure elkarteko eta gure etxeko hildakoen eta beste hildako guztien alde, Biztutakoak ekarritako bizi berrian bete betean parte izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkarturik gaudenon eta elkarte hau egiten dugunon alde, Bazkoaren eskariak, maitasuna eta bakea, bizi ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BASALOREEN AURKEZPENA

(Beharbada, agertu dira udaberriko lehen loreak. Horiexek eskaini nahi dizkiogu gaur Jaunari. Elkarteko edozeinek egin dezake eskaintza, eta ahal balitz, emakumeak)

OTOITZA - AZALPENA: Udaberria sortu da. Horren ezaugarri bezala, lore hauek dakarzkizut, Jauna. Sortzen ari den bizi berria dira. Zuk zeure Seme Jesu Kristorekin egin zenuena, heriotzatik eta hilobitik piztuz. Lore hauek eta beren usaina izan daitezela Zuk gugan egiten duzunaren ezaugarri: birsortu egiten gaituzu, eta munduan eta gizon-emakumeen artean bizi berria agerian jar dezagun bultzaka egiten diguzu.


BERRI ON BATEN AURKEZPENA

(Azken egunetako komunikabideetan hartutakoa izan dadila. Elkarteko nagusi batek, orain gizonezkoak, irakur dezala)

OTOITZA - AZALPENA: Oraintsuko den berri on hau dakarkizut, Jauna. Begira, Jauna, gizon-emakumeok ez gara txarra bakarrik egiteko gauza. Baita, eta zure laguntzari esker, honako gauza onak egiteko gauza ere bagara. Ez dadila bakarra izan. Beti joka dezagula zintzo. Horrelaxe soilik aldatuko dugu mundu hau eta gizarte hau, eta toki egokia izango dira hauek, piztueraren bizitza berrirako.


FRUITU OTARRE BATEN AURKEZPENA

(Ondo legoke itxura eder eta erakargarria duten era bateko eta besteko fruituak aurkeztea)

OTOITZA - AZALPENA: Gure soroetan hartzen diren lehen fruituekin betetako otarre eder hau dakarkizugu. Izadiari ateratako gure eta gizon-emakume guztien ahaleginaren eta lanaren irudi dira. Baina baita batzuk, gure janarietarako ditugunen, eta beste batzuk, ez dutenen, irudiak ere. Badakigu zer-nolakoa den gure eskuzabaltasuna, eta zuk guretzat duzun eskuzabaltasuna ere halakoa izango da. Horregatik, fruitu hauekin batera, erdibanatzeko gure konpromisoa eskaintzen dizugu. Hori izan zen Piztueratik sortutako zure hasierako Elizak eskatzen eta egiten zuena. Haren antza izan nahi dugu guk.


OLIO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Osasun Pastoralean ari den batek egin behar du eskaintza hau, edo, horren ezinean, bere familian gaixoren, adinekoen edo ezinduren bat zaintzen duen batek)

OTOITZA - AZALPENA: Nik, nire aldetik, olio ontzi hau dakarkizut. Horrekin batera, nire eta elkarte guztiko kide bakoitzaren eta denen konpromisoa doakizu: zure Semearen Piztueraren gure testigantza hitzez egingo dugula, eta baita gizon-emakume guztiekin eta batez ere premia gehien dutenekin izango dugun elkartasunaz. Gizon-emakumeen minak biguntzeko olioa eta gaixo guztiak sendatzeko sendagaia izan nahi dugu.


EBAKUNTZA BATETIK EDO GAIXOTASUN BATETIK DUELA GUTXI SENDATURIKOAREN AURKEZPENA

OTOITZA - AZALPENA: Hemen nauzu, Jauna, Zeuk nahi izan baituzu eta zaindu eta sendatu nauten gizonei eta emakumeei argitasuna eman baitiezu. Eskerrak ematen dizkizut berreskuraturiko osasunagatik, baina eskaini ere egin nahi dizut elkarte hau osatzen dugun izenean. Zeuk ematen dizkiguzun bizitzaren testigu izan nahi dugu. Emaguzu beti bizitzaren alde eta edozein gaixoren, gauza txarren, zuzentasunik ezaren eta heriotzaren aurka borrokatzeko indarra.

Agurra

Senideok, Bazko zoriontsuak! Kristo piztu delako du zentzua gure bizitzak. Baina orain, senideok, Jainko bakarraren seme-alaba bezala bizitzeko garaia da. Ez ezerk ez inork ez diezagula ilun Jaunaren heriotzaren eta piztueraren bizipen sakona. Anaia-arreba bezala bizitzera eta Jainkoaren maitasun amaigabearen testiguak izatera deituak gaude. Bazko egun zoriontsua eta fede testigantzarekin bizi izandako aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. E./ Amen.

Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. E./ Amen.

Jaunaren Nekaldiko egunak bukatzean eta Bazkoa pozez ospatzean, betiko Bazkoaren itxaropenez alai gaitezen. E./ Amen.

Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Hau da eguna, Jaunarena:
Gaur piztu da-eta Jesus Jauna”


ALELUIA, ALELUIA, JAUNAREN EGUNA DA!






Bai, JAUNAREN eta GEURE eguna. Anaia-arrebok: bihotzez eman diezazkiokegu zorionak batak besteari. JAINKOAK JESUSI EMAN DIO ARRAZOIA! Jainkoari atsegin zaio haren biziera. Piztu dena da gurutziltzatua izandakoa. Jainkoagan eta gure artean bizi da, nahiz eta era desberdinean, aintzaz beteriko gorputzez. “Maitasunez bizitza ematea” da Jainkoaren ustez egitekorik handiena eta gaindiezina. Zer-nolako mezu ederra festa honetakoa!

Baina GEURI ere sakon dagokigu festa hau: Jesusen zoria bera BIZI IZATERA DEITUAK gara, beraren erara bizi bagara. Jainkoak, bada, ez du iruzurrik egiten. Hori sinesten dugu bete-betean.

Geure Fedearen EGUN HANDIA dugu GAURKOA. Presta gaitezen Bazko aldi guztiaren zehar ospatzen. Eta… Zoriontsuak BIZIAREN JAINKOA onartzen dutenak!

BAZKO ZORIONA DENOI!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jesusek hilen artetik biztu behar zuela"

(Jn 20, 9)

 

 


bidean@bidean.net
orue