Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - 3. igandea - 2018.eko Apirilaren 15a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorriak. Bazko aldian aurrera goaz.

Hirugarren igande honetan, Jaunaren piztueraren misterioa ospatzen jarraitzeko, liturgiak eskaintza berri bat egiten digu. Jaun Berbiztuaren presentziak eragin handia izan zuen bere jarraitzaileengan: bihotzez aldatu beharra egoala iragartzera bidali zituen. Jesus Jaun Berbiztuarekin aurkitzeak, bizitzeko era berri bat eskatzen die. Horretarako, Liburu Santuak ulertzeko burua eta bihotza argituz, Jainkoaren egitasmoa onartzeko prestatuko ditu.

Pozez beterik, gure sinesmena ospatzeko prestatzen gara; Jesukristoren heriotzan eta Piztueran salbatuak izan garela eta Jainko Aita-Amaren benetako maitasuna hortxe agertzen zaigula. Hauxe da ospatu gura duguna.


SARRERAKO IBILALDIA

(Gaur ere, handikiro egin behar genuke sarrera. Bi kandelaren (gero aldarean egongo direnak edo aldarea apainduko dutenak) erdian gurutzea joango da eliz bira egingo dutenen aurrean; intsentsu ontzia, jarraian. Gero, agiri-agirian irakurle batek eramandako irakurgai liburua. Azkenean, edo denen atzetik, ospakizunean buru egiten duena, bi laguntzaileei ondoan dituela. Presbiteriora iritsitakoan, gurutzea bere lekuan jarriko da; eta kandelak, aldare mahaiaren gainean. Irakurgai liburua irakurgai tokian edo anboian utziko da. Azkenik, ospakizun buruak, Bazko zuzia piztuko du. Bazko zuzia eta irakurgai liburua intsentsatuz amaituko da une hau. Bien bitartean, elkartea sarrerako kantua abesten ari da).


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok: ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure Bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat).

OTOITZA – AZALPENA: Jainko errukiorrak garbi gaitzala bekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaitzala. E/. Amen.


AINTZA

(Bazko aldian, abestua).


Jaun Berbiztua euren artean aurkitzen duten ikasleen pozez, goratu dezagun salbatzen gaituan Jainkoa Aintza abestuz: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 3, 13-15. 17-19

Jesus berbiztuaren inguruan Lehen kristau elkarteak egindako aitorpenak entzuten jarraitzen dugu. Hauxe da apostoluen testigutza: agintarien eta herriaren ezjakinak eraman zuen Jesus gurutzean hiltzera. Jesus ez zuten ezagutu Jainkoaren Seme lez eta Berak bidalitakoa lez, eta horregatik gaitzetsi eta hil zuten. Jainkoak, ostera, biztu egin zuen, bere bizitzeko era onartuz. Gertaera honek historia eta bizitza osoa aldatzen du. Gogoeta hau onartzeko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Joan 2, 1-5a

Joan apostoluak, gure bekatuen ordain opari lez eta Bizi Barri baten eskaintza lez aurkezten digu Jesus. Eta honek, Jainkoaren seme-alaba maitatuen era berrian bizitzera eta izatera eroan behar gaitu. “Haren aginduak gordetzea” da era barri horretan bizitzea. Mezu gozo eta zehatza entzuteko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Lukas 24, 35-48

Berpiztua ikasleen aurrean agertzen den ebanjelio txataletan, gauza bat argi dago: ikasleei kosta egiten zaiela ezagutzea. Jaun berberak Liburu Santuak ulertzeko ezaguera argitu behar die eta nekaldia jasan eta anai-arrebagatik bizia emateko prest dagoen Mesias aurkezten dien Jainkoaren egitasmoa onartzeko prestatu. Ondoren, bihotz berritzea iragartzera bidaliko ditu. Jaun Berbiztuarekin bat egiteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Otoitz diezaiogun bere Espirituaren indarrez Jesu Kristo piztu duen eta gizaki guztienganako maitasuna azaltzen duen Jainko gure Aitari.

1.- Elizaren eta horren kide bakoitzaren alde: gure bizi testigantzaz alaitasuna eta poza kutsa ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizartean eta gure munduan bakea eta maitasuna ahalbidetzeko beren denbora eta ahaleginak eskaintzen dituzten gizonen eta emakumeen alde: Jainkoak eutsi diezaiela eta indar ditzala beren ibilian. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Une honetan gaixotasunez, indarkeriaren edo bidegabekeriaren eraginez sufritzen ari direnen alde: Jaunak eman diezaiela Berpiztuarekin topo egitearen poza eta horrela Harengan aurki dezatela atsedena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Sinesten ez dutenen alde, Elizarengan uste onik ez daukatenen edo Jesu Kristogan fedea aitortzen jarraitu arren Eliza bertan behera utzi dutenen alde: Berpiztuaren presentziaren ezaugarriak ikus ditzala beragan eta guk, geure bizitza dela-eta, Jesus Jaunarekin topo egiten lagun diezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde, Jaunak opari egin diezazkigula Berpizkundearen fruituak: poza, Liburu Santuak ulertzea eta Haren Erreinua martxan jartzea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAURREN EKINTZA

(Azkar-azkar jartzen da, aurretik umeekin gertatu edo prestatu dena: abestia, dantza edo ekintza laburra eta atsegina. Amaitutakoan, eskaintzaren aurkezpena egiten du haurretariko batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor uzten dizugu elkartearekin batera eduki nahi izan dugun alaitasuna. Uste dugu Zeu zarela gure barruan poz hori piztu duzuna eta berari eutsi eta bera gehitzen duzuna, guk besteei zabal diezaiegun. Badakigu nagusiek, helduek, eragozpenak izaten dituztela eta horrek kezkak eta tristura sortzen dizkietela. Horregatik, euren aringarria izan nahi dugu, eta, noizean behin ez bada bere, irribarretxo bat atera nahi diegu.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko “pertsona on” batek egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Zuk guretzat idatzi duzun Hitza, Biblia hau dakarkizut, Jauna. Emauseko ikasleei gertatu zitzaien lez, Zuk azaltzen badiguzu bakarrik zabalduko da gure bihotza eta ulertuko dugu. Zure Hitza sakonean ezagutu nahi dugu, Jauna, berak argitu gaitzan eta gure bizitzan egi bihurtzen ahalegindu; hau da: gure munduari eta gaurko kulturari ARGI lez eskain. Horretarako zure laguntza behar dugu, Jauna.


OGI ZATI BATEN ETA ARDO PITXAR BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau egiteko ibilaldi antzerako bat gertatu edo prestatu behar da. Aurretik, banan-banan, eskaintzak daramatzanak joango dira; atzetik, irakurriko duena. Edozeinek egin dezake, nahiz eta hobe izan adin desberdineko pertsonak egitea, janaria eta ospakizuna elkarte guztiarena dela adierazteko. Eskaintzak buru egiten duenari emandakoan, hauxe dio aukeratuak)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna: Emauseko ikasleengana Zu hurbildu zinen; haiekin ibili eta antzinako agintzariak ulertu zitzaten zure Hitza azaldu zien. Eta ogia zatitzerakoan ezagutu zintuzten. Ogia eta ardoa eskaintzerakoan, Zu guztiz ezagutzeko gogoa agertzen dizugu, baita zure Berri Ona anai-arreben artean iragartzekoa ere. Lagun ezaguzu.


SAREEN AURKEZPENA

(Irakurtzen duenak egingo du eskaintza, edota katekista batek nahiz helduren batek:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik sare hauek dakarzkizut. Zuk gizon-emakumeen arrantzale egin aurretik apostoluek utzi zituztenen irudi dira. Eurekin batera, gure ebanjelizatzeko konpromezua eskaintzen dizugu. Jakin ere badakigu eta, zuk eman dizkiguzun fedearen oparia ez dela gu bakoitzaren burua goratzeko, ezta, talde bakarra edo sekta bat bihurturik, gure elkartearen barnean sartuta egoteko, misiorako eta, hainbatetan ezer aurkitu gabe, bila dabiltzan gizon-emakumeekin gure fedea, alaitasuna eta zoriontasuna elkar banatzeko baino.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian ari den elkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituen batek, aurkeztu behar lezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakarkizut. Gaur jazotzen denaren islada da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dena, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertatu. Berri ematea hain ugaria denez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek diotenez. Egunkari hau eskaintzerakoan, konpromezu hau hartzen dut, denen izenean: albisteen eta eurak bizi dituzten edo jasaten dituzten gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dugula orain zer gertatzen den irakurtzen dugunean. Eta Zuk ez gaitzazu utzi gure bihotz gogorkerian. Ireki itzazu gure bihotzak elkartasunera.

Agurra

Senideok: Jaunaren heriotza eta piztuera ospatu dugu berriz ere. Berpizkundearen esperientzia izateak, gurutzean josia hil zenaren, eta gure munduan gurutzean josiak hiltzen direnen esku-oinetako zauriak begiestea adierazten du. Elkarte bezala biltzen garen bakoitzean, Jaunaren Hitza aldarrikatzen dugun bakoitzean, daukaguna eta geu garena partekatzen dugun bakoitzean, beldurrak gaindituz isiltzen ez garen bakoitzean, Jesus berpiztua agertzen da; Bera gure artean aurkezten eta gure artean bizitzen da. Aste zoriontsu bat!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. E./ Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Jesus, Jauna, azal iezazkiguzu Liburu santuak.
Piztu gure bihotzak hitz egiten diguzun bitartean”




Bazkoan buru-belarri sartuta gaude. Ez dezagun ahantz hau guztia ezinbestekoa dela gu fededun izateko: Bazkorik gabe ez dago federik, ezta antzik eman ere. Eta hemen, igande honetan, itaun hau egin diezaiokegu geure buruari: Bazkoa ote da nire kristau fedearen iturria eta muina, betiko guna eta osagaia?

Itaun hau bidezkotzat ez baduzu, izan daiteke zure kristau fedean zerbait jazo izatea. Azken batean, lehen kristauek zeukaten zalantza bera da: ez zitzaien erraza izan "Jauna ikusi dut" delako hura. Arriskugarria zen. Izan bere, Jaunarekin topo egiteak BIZITZAREN ALDAKETEA zekarren. Eta hori ez da txantxetako gauza. Horregatik, guretzat ere berdin da: Esan dezaket benetan Bazko honetan "Jauna ikusi dut"? Berak bakarrik alda dezake nire bizitza.

Jakina, gure gaurko munduaren tentaldia eta, beharbada, gurea ere bai, honako hau da: “ez dugula salbamenik behar”. Eta horrela izanik, BAZKOAK ez du zentzurik, ez dugu behar. Bazkoak Jesusen erako bizi beteko GIZAKI BERRIA sortzen du.

Jazotzen ote da nigan garapen hori, piztutako Jaunarekin topaketa hori?

ZORIONTSUAK hori bizi dutenak:
BIZIZ BETERIK egongo direlako!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ogia zatitzean ezagutu zuten"

(Lk 24, 35)

 

 


bidean@bidean.net
orue