Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - 4. igandea - 2018.eko Apirilaren 22a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Pazko aldian aurrera goaz.

Artzain Onarena esaten zaion laugarren igande hau SAGARAPEN BEREZIKO BOKAZIOEN aldeko otoitz eguna da Elizan.

Gure gizartean badira hamaika errealitate egituratzen eta agintzen dituzten buruzagiak. Entzule ugari dituzte. Komunikabide guztiek jasotzen dituzte horien hitzak. Baina Kristo da gidaria, maisua eta artzaina. Horren salbamen egitasmoak ez du inor baztertzen. Ez du bereizketarik egiten pertsonen artean, eta inoren alde egitekotan, eskortatik kanpora daudenen alde egiten du. Isila da bere egitekoa; isilik eta mendian gauzatzen du. Galdurik dabilena bilatzen du, eroria suspertzen, hautsia berritzen eta zauria sendatzen.

Eukaristia honek lagun diezagula Kristoren ahotsa aurkitzen. Berak gonbidatzen gaitu Meza honetara. Entzun dezagun haren deia gure bihotzaren isiltasunean.


BAZKO ZUZIA PIZTEA ETA INTSENTSATZEA

(Bazko aurreko igandeetan bezala, egokia da hasierako ibilaldia egitea. Presbiteriora iristerakoan, ospakizun buru egiten duenak, Bazko Zuzia hartu, piztu eta intsentsatu egiten du, elkarteak sarrerako kantua abesten jarraitzen duela).


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Senideok: betiko bizitzako uretara bere herria eramaten duen Artzaina -Jesu Kristo- aurkeztuko digu gaurko Liturgiak. Horregatik, guk, gaur, Jesu Kristoren heriotzan eta piztueran bataiatuok, eta zoriontasunaren eta biziaren iturrietara deituok, gaurkotu egingo dugu GEURE BATAIOA, geure zintzotasunik eza aitortzen dugula eta bere barkamena itxaroten dugula.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat).

OTOITZA: Jainko errukiorrak garbi gaitzala bekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaitzala. E/. Amen.


AINTZA

(Bazko aldian AINTZA beti abestua izan behar luke).

Bere bizia gugatik eman zuen Artzain onaren ardi bezala, gure erospenaren eta bizi berriaren poza kantatzen dugu, Jesus eta gure senideekin Jainko Aita-Ama goratuz: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 4, 8-12

Jesus Berpiztu ondoren, lehen kristau elkartearen bizitza eta egiteak entzuten jarraitzen dugu. Gaixo bat osatu ondoren, apostoluak judutar agintarien aurrera eramaten dituzte. Pedrok, taldearen izenean, gauza harrigarriok Berpiztuaren indarrak egiten dituela agertzen die. Jesukristo berpiztuaren barri gizakien aurrean ematea izango da sortzen dagoen Elizaren zereginik behinena. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Joan 3, 1-2

Joan apostoluarentzat albisterik ederrena, Jainkoak bere seme-alaba egin gaituala da. Jainkoak gaitzetik atera eta bere seme alaba-orde egin gaitu, Kristoren biziera berrian parte emanaz. Honek, Jainkoaren Familiako izatearen poza bizitzera eroan behar gaitu. Onartu dezagun bere testigutza.


Ebanjelioa: Joan 10, 11-18

“Ikasle maiteak” gogoeta honetan Nazareteko Jesusen jarraitzaile izateko baldintza jartzen digu: Jesus da Artzain bakarra eta benetakoa. Eta hauek dira bere ezaugarriak: ardi bakoitza ezagutu eta maitatu; larra gurietara eroan; sakabanatuak batu; galdutakoa bilatu; zauritua osatu; gaixotua sendotu... Hauxe da Jainkoaren jokatzeko era. Bihotzez hurreratzen gara zati eder honetara, zutik alleluia abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Otoi diezaiogun Jainko Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo piztu duenari, gizaki guztienganako maitasuna adierazten duenari.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde: gizaki guztien arteko senidetasuna iragar dezala eta, zuzentasunean eta bakean, Jainkoak nahi duen familia eraiki dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gero eta gauza gehiagoren jabe izan nahi duen gure munduaren alde: Jainkoak bidal diezazkiola, beren izatea eta ondasunak behartsuekin banatuko dituen, zerbitzari ugari. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bilaka ari diren pertsona guztien alde: senideen artean bihotz zabal bizitzera dei egiten dien Jainkoaren ahotsa entzun dezaten, eta bidean lagunak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gazteen alde: Kristoren deiari bihotza ireki diezaioten eta gizaki guztien onerako, beren burua hari sagaratzeko prest bizi daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Elkarte hau osatzen dugunon alde: Berpiztuaren indarrak bizkor ditzala pertsonen arteko harremana, begirunea eta elkarrenaganako barkamena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Bazko aldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Buru egiten duenak edo Pastoral Kontseilua zuzentzen duenak egin dezake aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Makila hau dakarkizut, Jauna. Agintearen ezaugarria da. Honekin batera, zerbitzatzeko prest egotea eskaini nahi dizut. Izan ere, Artzain Onaren ikasle naizenez, badakit besteei norbera ematea eta baldintza gabeko zerbitzua direla zure familian dagoen aginte bakarra. Eman iezadazu indarra, nire ardura horren gaitasuna gehi dadin. Elkarte guztiaren izenean ere, denei zerbitzatzeko gaitasuna eskaintzen dizut, jakin badakigulako denok garela bata bestearen artzain. Zabal ezazu gure artean maitasunaren sarea.


SENDAGAI BATEN AURKEZPENA

(Nahikoa litzateke sendagaiaren azala, irudia izateko. Osasun zerbitzua ematen duen norbaitek egin dezake aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Sendagai bat dakarkizut, Jauna. Artzainaren oinarrizko berezitasuna den errukiaren ezaugarria dela uste dugu. Horixe izan nahi dugu: besteentzako sendagaia. Besteen zauriak sendatuko dituen gantzua eta olioa. Besteen arazoak arinduko eta bigunduko dituen entzuteko gaitasuna. Eta zure Seme Jesu Kristoren antzera egin nahi dugu. Gizon-emakumeekin egin zuen eta gurekin egiten duen antzera.


EZINDU BATEN AURKEZPENA, BERE GURPIL AULKIAN

(Begirune osoz eta mingarria izaten ez bazaio. Erizain batek, familiakoa izan edo ez, zaintzen duen batek)

OTOITZA – AZALPENA: Ardi makalenekin eta behartsuenekin arduratzen da gehien artzaina. Horregatik, Jauna, gure elkartearen bizitzaren errealitate bat dakarkizugu, gure artean premia gehien daukatenekin konpromisoa hartzeko gogoa adierazteko.


“BAI” IDATZITA DUEN POSTER BATEN AURKEZENA

(Elkarteko gazte batek egiten du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta gazte eta ume guztien izenean, “Baietz” hau dakarkizut. Zure ahotsa eta zure deia entzuteko gertu gaudela esan nahi du. Munduan zarata eta ahots asko entzuten dira. Ez diezazkigutela gure belarriak itxi. Inork ez diezagula eragozpenik jar zure deia entzuteko. Eta emaguzu, guztioi eta bakoitzari, deitu diguzun bokazioan zure pausuak jarraitzeko behar dugun indarra.


ERLIJIOSO GIZON NAHIZ EMAKUME BATEN, EDO ORDUEN LIBURUAREN AURKEZPENA

(Aukeratu egin behar. Elkartean erlijioso bizitzara kontsakraturik ez balego, elkarteko edozeinek, gazte batek bada hobeto, Orduen Liburua eskainiko du, sagaratutako bizitzaren ezaugarri gisa)

OTOITZA – AZALPENA: Zuetariko askok ezagutzen nauzue. Badakizue nire izena eta zer naizen. Uzten badidazue, azkar-azkar azalduko dizkizuet nire bizitza eta nire bokazioa… Ez dago esan dizuedan guzti horretan nire aldetik meriturik. Jainkoaren grazia hutsari zor zaio dena. Horregatik, eskerrak ematen dizkiot barren-barrenetik. Zuen aurrean, Jainkoari eskaini nahi natzaio, eta Jesu Kristo bere Semearen eskaintzari bat egiten natzaio. Beragan du zentzua nire buruaren eskaintzak, eta beragan bihurtzen dira borroka nire makalaldiak, osotasunera iristeko.

(Nire aldetik, Jauna, Orduen Liburua dakarkizut. Elizan hainbeste emakumek eta gizonek sagaratutako bizitzan beren buruak eskaintzearen ezaugarri da. Liburu honekin batera, har ezazu gizon eta emakume horien bizitza. Horiei esker daki Elizak badela zure Erreinua eta gure artean dagoela. Hau ere eskatzen dizut, Jauna: sorraraz ditzazula, gure artean, sagaratze berezia duten bokazioak).

Agurra

Senideok: elkarri agur esatean, sendo ditzagun gure maitasuna, eta beste batzuekin batera gure fedea ospatzen dugun elkarteari gure buruak ematea. Baina ez gaitezela itxi elkartearen baitan; Kristoren, Artzain Onaren antzera, eskain ditzagun gure hitzak eta gure egiteak, munduak errazago aurki ditzan Jaunaren argia, bakea eta itxaropena. Kristau testigantzatan aste oparo zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Jainko Aita-Ama on eta errukitsuak, zaindu eta gaitz guztietatik gorde gaitzala. E./ Amen.

- Jesukristo, Artzain Onak, gure zauriak osatu eta bere zerbitzu espirituarekin indartu gaitzala. E./ Amen.

- Espiritua gure bizitzako bideetan lagun izan dezagula eta salbamen indarrez bete gaitzala. E./ Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Neu naiz Artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak,
eta ni ere ezagutzen naute neureek”




Bazkorako bidean, laugarren igandera iritsi gara. ARTZAIN ONArena dugu eta Elizak SAGARATZE BEREZIko Bokazioen alde OTOITZ EGITEKO adierazten digu.

Bide berriak jartzen dizkiguten buruzagi asko ditugu gaur egun. Baina horien artean gutxi dira euren bizia emateko gertu daudenak. Hori beste gauza bat da. “Nola iritsiko gara, ba, horra?”. Ba, Jesusek salatu egiten ditu gezurrezko artzain horiek eta ARTZAIN ONA izena ematen dio bere buruari, eta bere maitasun espirituan eta bere heriotzarainoko zerbitzuan oinarritzen du izen hori. Berak irekitzen digu Jainko-Aitagana iristeko bidearen atea; eta ez dago beste biderik.

Horregatik da hain konprometitua egun honetako mezua: benetako bizitza berrirako irekitzen den ate bakarra dago, MAITASUNArena eta doan egiten den ZERBITZUArena eta NORK BERE BURUA EMATEarena.

Horregatik egiten dugu otoitz, Artzain Onaren egun honetan, SAGARATZE BEREZIAren BOKAZIOen alde. Eta dena, helburu argi batekin: gizon-emakumeen zerbitzuan jartzeko eta beren bizitzaz eta hitzez, Jainkoaren Berri Ona iragartzeko.

Bedeinkatuak beren BIZITZA
BESTEN ZERBITZUAN jartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naiz Artzain Ona"

(Jn 10, 11)

 

 


bidean@bidean.net
orue