Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - 5. igandea - 2018.eko Apirilaren 29a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorriak Kristo Berpiztuaren inguruan egiten dugun sinesmen eta anaitasun batzar honetara.

Beti Jesusekin elkarturik bizi beharraz ari zaigu gaurko liturgia. Hori dugu Jesusen ikasle izateko eta fruitu emateko funtsezko baldintza. Jesusen izerdiak, haren Espirituak hartuta bizi behar dugu. Gure batasunak barrukoa izan behar du, bizitzazkoa, dinamikoa, iraunkorra, osoa. Fededunak izanik, Jesusekin estuki elkartuak bizitzeak izan behar du gure ezaugarria.

GAKO hori eskaintzen ari zaigu BAZKOA: bizitzeko eta esperimentatzeko proposamen bezala “Harekin elkarturik bizitzea”. Jesusekiko eta senideekiko elkartasun horretan lagundu nahi digu gaurko igande honek.

Gogo eder hauekin ematen diegu hasiera ospakizunari.


BAZKO ZUZIA PIZTEA ETA INTSENTSATZEA

(Bazko aurreko igande guztietan bezala, sarrerako ibilaldia amaitutakoan, ospakizun buru egiten duenak Bazko Zuzia pizten du, argimutilaren gainean jartzen du eta intsentsatu egiten du jarraian. Bien bitartean, sarrera kantua abesten da)


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok: ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure Bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko Aita-ama errukitsuak, Jesusengan benetako Bidea, Egia eta betiko Bizia agertu dizkigunak, bete gaitzala bere dohainez eta betiko biziaren iturrietan gure egarria asetu.
E/. Amen.


AINTZA

(Pazko igandetan abestua).

Senideok: Bere Semearengan bedeinkatu eta herri santu eta aukeratua izatera deitzen digun gure Jainko Aita-ama onari zuzentzen diogu gorespen kantu hau: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 9, 26-31

Lehen Kristau Elkartearen ibilbidea entzuten jarraitzen dugu. Gaur Bernabe agertzen zaigu Jerusalemgo taldeari Paulo aurkezten. Damasko bidean Pauloren bizitza guztiz aldatu zen; harrezkero bere bizitza osoa Maisuaren zerbitzuan jarri zuen. Lehen kristauen ibilbidea guretzat ere lagungarri eta argibide dugu. Onar dezagun.


2. irakurgaia: 1 Joan 3, 18-24

Joan apostoluak, bere elkartean egindako gogoeta sakon hau eskaintzen digu. Berak esango digu sinesmena eta maitasuna lotuta doazela. Ekintza gabeko benetako sinesmenik ez dago. Sinesmenak ekintzara garama. Entzun dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 15, 1-8

Gaurko ebanjelio txatalak, mahastiaren irudia darabil. Benetako jarraitzailea Jesus Berpiztuarekin lotuta dago. Lotura hori zaindu eta landu beharra dago. Bataioak, Kristoren bizi barri horretan txertatzen gaitu. Gogoeta eder hau entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Otoitz diezaiogun bere Espirituaren indarrez Jesu Kristo piztu duen eta gizaki guztienganako maitasuna azaltzen duen Jainko gure Aitari.

1.- Elizaren alde: Jaunaren indarrean fida dadin, Ebanjelioarekiko leialtasunean haz dadin, Espiritu Santuaren indarrak bizkorturik egin ahalak egin ditzan eta Jesu Kristoren testigu zintzoa izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintarien eta buruzagien alde: beren erabakietan eta konpromisoetan helburu nagusia gizakiaren ona, gizakia duintzea eta gizatiar egitea izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixotasunagatik, langabeziagatik, baztertua sentitzen delako edo bakardadeagatik sufritzen ari direnen alde: Jauna izan dadila horien poza, eta gure sentimenduetan hurbiltasuna aurki dezatela, eta zerbitzuan eraginkortasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bazko aldi honetan Lehen Jaunartzea egingo duten neska-mutilen alde: kristau heldutasunerako bidean elkarteetan eta beren familietan onartuak eta lagunduak izan daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alde eta gure elkartearen alde: Jainkoaren Hitzari zintzoak izan gakizkiola, egiazko mahatsondoa den Kristori loturik bizi gaitezela, egiazko fruituak eman ditzagula eta munduaren erdian Ebanjelioaren lekuko izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta Bazko-aldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALMENDRO LORE SORTAREN AURKEZPENA

(Edozein zuhaitzetako loreena izan daiteke sorta, eta elkarteko edozein helduk eskain dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, lore sorta eder hau dakarkizut. Baina Kristorekin bat eginik ez daudenei jazotzen zaienaren irudia da. Izan ere, istant baten joaten da bere edertasuna. Loreak ihartu egiten dira, eta adarrak biluzik geratzen dira eta heriotza bidean jartzen dira. Jauna, guk ez dugu nahi lore sorta hau bezalako ederrak izatea, baina bai, nahi dugu, Zure laguntzaz, Haren bitartez ematen diguzun graziaren bidez, zure Semea bizi zen moduan bizitzea.


INAUSTEKO GURAIZE BATZUEN AURKEZPENA

(Inausteko guraize batzuk aurkezten ditu beste heldu batek. Emakumea izan daiteke, aurreko eskaintza gizonezkoak egin badu, edota alderantziz)

OTOITZA - AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, inausteko guraize hauek dakarzkizut. Denok dakigu zein den beren zeregina. Azalekoa hilik, bizitza berria eta indartsuagoa sortzen dute. Badakigu, baita, zure Seme Jesu Kristorekin egoteak inausteko zorian jartzen gaituela, hiltzeko eta berpizteko zorian, hain zuzen. Inausteko eragozpenak ez gaitzatela aldendu Jesu Kristoren moduan bizi izatetik, Haren antza hartzetik eta Harekin bat egitetik.


HAUR BATEN AURKEZPENA

(Haurraren amak berak egin behar du aurkezpen hau)

OTOITZA - AZALPENA: Neure erraietako fruitua dakarkizut, Jauna. Bederatzi hilabete luzean izan nuen neure barrenean, neure pentsura oso-osorik. Oraindik neure pentsura dago. Hain izaki makala izanik, ez litzateke izango bere kabuz bizitzeko gauza. Baina badakit haurra pertsona desberdin baten egitasmoa dela. Bere garapenak lagunduko dio horretan. Horrelakoxeak izatea nahi dugu gu guztiok ere, zure Seme Jesu Kristori lotuta bizitzeko. Harengandik hartu dugu bizitza, baina geuk izan behar dugu aske eta protagonista geure bizitzan. Hezi gaitzazu, Jauna, askatasunean eta erantzukizunean.


HIRI BATEN MAPAREN EDO PLANOAREN AURKEZPENA

(Berdin da bideetako mapa edo hiri bateko planoa izatea. Elkarteko edozein kidek egin dezake aurkezpena)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, bide bila dabiltzanentzat lagungarri izaten den mapa hau (plano hau) eskaintzen dizut gaur. Gaurko gizonak eta emakumeak ere, guk geuk, gogotsu bilatzen dugu gure izatearen eta gure bizitzaren zentzua; askok ez dute aurkitzen.

Ezaugarri hau eskaintzean, Zure Seme Jesu Kristo dela gure bizitzako bideak zein diren jakiteko gure maparik onena eta bakarra aitortu nahi dugu agiri-agirian. Izan ere, Ha ibili zen bide horietatik lehendabizi. Baina hau ere eskatzen dizugu gaur: gure bizitzak iluntzen badira, edo ezbaia eta tentaldia sortzen badira, argi gaitzazula, zure Semearengan eta zure Semearengandik gure norabidea berreskuratzeko.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Ez dadila handiegia izan, baina suma dadila eraikuntzarako dela. Eraikuntzan lana egiten duen elkartekoren batek egin behar luke eskaintza)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire lanagatik, ondo dakit zer dakarkizudan eta zertarako den. Harria da, eta sendotasunez eraikitzeko erabiltzen dugu. Horren antzerakoa, eta gehiago oinarria delako, da zure Seme Jesu Kristo gure elkartearentzat eta Elizarentzat. Berak eusten dio eraikuntza guztiari eta Harengan aurkitzen du honek bere izatea.

Gaur eskaintza hau egitean, gure espiritu eraikuntza, gure elkartean haragi egiten den zure Semearen Gorputza, eskaini nahi dizut, elkarte guztiaren izenean. Gure arteko batasunaren eta munduari buruzko zerbitzuaren esperientzia izan nahi du gure eskaintza honek.

Agurra

Senideok: bizirik dagoen aihenak fruitu eman behar du eta, horrela ez bada, mahatsondoaren bizirik beregan ez dagoela adierazten du. Bere barnean ez du mahatsondoren izerdirik eta arnasarik. Horrela da fedea ere: bizi eta hazi egiten da, fruitu ematen du, Jesusekin topo egiten, Jesusekin elkartzen, konpromisoa hartzen. Jainkoarekiko harremana eten izanez gero, gure fedea ihartu egiten da, eta ez da gauza gure bizia suspertzeko. Gure fedea hitzezko aitortza bihurtzen da, edukirik eta esperientziarik gabea.

Senideok: lotan bagaude, esna gaitezen Jaunarekiko harremanerako. Era xume bat litzateke, astean zehar, Harekin bakarka egoteko denbora aurkitzea. Zorioneko topaketa izan dezagula Jesusekin!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan, eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. E./ Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Zaudete Nigan eta Ni zuengan;
Nigan dagoenak fruitu asko ematen du.”




BAZKO ALDIAN, igandez igande eta astegunik astegun, JESUS BIZIA GURE ARTEAN dagoela ospatzen dugu. Maitasunez hildako Jesus piztu dela eta gurekin bizi dela, eta gure aurretik joanaz bizira garamatzala ospatzen dugu.

Hauxe da Bazko bosgarren igande honetako mezua: Jesusek, bere adiskideekin duen elkarrizketa eroso horretan, Harekin bere ikasleen harremanak zer-nolakoak izan behar duen azaldu nahi die: mahatsondoari lotuta dagoen aihenaren jarreraren bezalakoak. Horrelaxe bakarrik izan daiteke eta eman daiteke bizia. Harekin bat egite hori da berme bakarra eta fruitu egokiak emateko bide bakarra (gaurko ebanjelioa).

Hori jazo zen Paulo apostoluarekin ere: piztutako Jaunarekin aurkitzen denean, Elizaren jazarle eta arerio izatetik, Jaun horrengandik zetorkion bizi berriaren, izate berriaren, lekuko sutsu bihurtzen da (lehen irakurgaia). Horrelaxe bakarrik izan ahal izango da Jainkoaren maitasunaren lekuko, maitasuna baita gure bizitzaren balioaren ziurtasuna (bigarren irakurgaia).

Jesusek bere ekintzari jarraitzeko, Ebanjelioa aintzat hartzeko eta Erreinua geureganatzeko, hau da, Jainkoaren maiteenak diren behartsuak askatzeko, gaitasunez ikusten gaitu. “Nigan sinesten duenak, neuk egiten ditudanak egingo ditu eta baita handiagoak ere”. Jesusekin bat eginda egon behar.

Horretarako, bere ekintzari jarrai diezaiogun, bere ESPIRITUA ematen digu; eta horretarako, IGANDERO biltzen gaitu bere mahaiaren inguruan.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak"

(Jn 15, 5)

 

 


bidean@bidean.net
orue