Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - 6. igandea - 2018.eko Maiatzaren 06a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: hemen gara berriz ere Eukaristia ospatzeko elkartuta. Indarrez datorkigu itxaropenez bizitzera dei egiten digun Aitaren Hitza. Jesusen lurreko aldia bukatzen ari da, baina haren argi, bake eta maitasun urratsak gure artean gelditzen dira.

Gaur, Pazko giro honetan, GAIXOEN EGUNA ospatzen dugu; ezin ditugu ahaztu gure gaixoak, gure hurbilekoak, ezagunak; baina ezta urrutian daudenak, ezezagunak ere. Gure arreta merezi dute guztiek. Jesusen jarraitzaile garenok, Espiritu Santuaren indarrez, Jesus beraren itxaropena eta salbamena eraman behar ditugu gaixoengana, Jesusen errukia, hurbiltasuna, sendaketaren ezaugarria. Gaixoak dira Aitak maiteen dituenak.

Eukaristia honek lagun diezagula gure harrera eta hurbiltasuna hainbat gaixori begi-bistako egiten.


URAREN OHIKUNDEA

(Egun egokia izan daiteke ospakizunaren une hau azpimarratzeko, eta are gehiago, gaixoak edo beren egoeragatik ospakizunetara joaten ez diren adinekoak baleude)

OHARRA

Jainkoak bere maitasuna isuri du gugan bataio uraren bidez. Horregatik, gure BATAIOA, bere grazia eta betebeharrak berriztatzen ditugun une honetan, ireki ditzagun zabal-zabalik gure bihotzak, gure norberekeriak gainditurik, Jainkoak nahi izan duenez, besteak maite izateko gauza izan gaitezen.

Ezaugarri gisa, banan-banan hurbilduko gara orain, kandela txikiarekin, eta gure bazko ospakizunak argitu dituen zuzian piztuko dugu. Eta pizturik edukiko dugu bataio ohikunde guztian zehar.

(Oharra amaitutakoan, eliztar bakoitza (edo gaixoak edo zaharrak, behintzat) ospakizun buruak aurretik argimutiletik jaitsi duen Bazko Zuzia dagoen tokira hurbiltzen da. Bertatik pizten dituzte kandela txikiak. Bitartean, denek batera abes dezakete bildutako Elkarteko denek dakiten kantu egokiren bat)


BATAIO AGINTZARIAK BERRIZTATZEA

Anaia-arrebok: bataioaren bitartez, Kristorekin hilobiratuak izan ginen, ezaugarri bakartzat eta oinarrizkotzat maitasuna duen bizi berri bat bizitzeko. Ez dugu beti lortu. Horregatik, Jainkoaren biziaz bizitzeko deituak izateari uko egin diogu. Baina, Jaunaren ikasleei dagokienez jokatu nahian, berrizta ditzagun bataioaren agintzariak. Behinola, euren bidez, uko egin genien Satanasi eta haren ekintzei, eta Jainkoa, Eliza den Jesusen Elkartearen altzoan, zintzo zerbitzatuko genuela agindu genuen.

+ Beraz, uko egiten diozue Satanasi, hau da, Jainkoa ukatzea den bekatuari; munduan bekatuaren ezaugarria den gaitzari; egia iluntzen duen gezurrari; karitatearen aurkakoa den gogorkeriari; maitasun testigantzarik eza den norberekeriari?
E/. Bai, uko egiten diogu.

+ Uko egiten diezue haren ekintzei, hau da, bekaizkeriari eta gorrotoari; alferkeriari eta horkonponkeriari; beldurti izateari; tristurei eta uste ona ez izateari; zuzentasunik ezari eta kutunkeriari; materialismoari eta haragikeriari; federik, itxaropenik eta maitasunik ezari?
E/. Bai, uko egiten diegu.

+ Uko egiten diezue haren lilurapen guztiei, hau da: onenak izatea sinesteari; besteen gainetik ikusteari; norberenarekin bakarrik ongi sentitzeari; bihozberritzeko premirik ez duzuela sinesteari; Jainkoagana hurbildu ordez, gauza, lege eta bitartekoetan geratzeari?
E/. Bai, uko egiten diegu.


+ Sinesten duzue Jainkoa, Aita-Ama ona eta errukiorra, zeru-lurren egilea?
E/. Bai, sinesten dugu.

+ Sinesten duzue Haren Seme bakar Jesu Kristo gure Jauna, Andre Maria Birjinarengandik jaioa, hila, hobiratua, hilen artetik piztua izan zena eta Aitaren eskuinaldean eserita dagoena?
E/. Bai, sinesten dugu.

+ Sinesten duzue Espiritu Santua, Jesusen elkartea den Eliza, santuen elkartasuna, bekatuen barkamena, hilen piztuera eta betiko bizitza?
E/. Bai, sinesten dugu.

Urez eta Espiritu Santuz berriztatu gintuen eta bekatuen barkamena eman zigun Jesu Kristo gure Jaunaren Jainko Aita-Amak, zaindu gaitzala bere maitasunean eta egin gaitzala bere lekuko munduan.
E/. Amen.


UREZ ZIPRIZTINTZEA

(Ospakizun buruak ur bedeinkatua hartu, aitaren egin, eta elkarte guztia zipriztintzen du. Horretarako, ospakizun leku guztian zehar doa. Bitartean, bazko kantu bat abesten dute denek. Ospakizun burua eserlekura doanean eta kantua amaitzen denean, denek itzaltzen dituzte kandelak)


BAKEA

Anaia-arrebok: bataioaren grazia berriztatu dugu. Haren bidez heldu ginen Jainko seme-alaba izatera eta Jainko bizitzan esku-hartzera. Beraz, Maitasunean isiotutako maitasuna gara. Gure eguneroko ekintzen erdian gure bizitza gizon-emakumeekin elkar banatuta izango denaren ezaugarritzat, eman diezaiogun, ezbairik gabe, bakea elkarri. Urrundu daitezela gure haserreak eta ulertu ezinak. Gainezka egin dezala barkamenak.

- Piztutako Jaunaren bakea izan bedi gu guztiokin.
- E/. Eta gure espirituarekin.
- Anaitasunez, eman diezaiogun bakea elkarri.

(Esku-hartzen dutenak asko ez badira, ospakizun buruak denei emango die bakea, eta baita batak besteari ere. Bestela, ospakizun buruak, eserleku bakoitzeko lehenengoei emango die. Bitartean, kantu egoki bat kanta daiteke)


AINTZA

(Pazko domekatan abestua izango da)

Senideok: Pazko aldian gure espiritua Jainkoari begira dago. Kristo berbiztuak, bere jarraitzaileok izan behar dugun poza agertzen deusku. Goratu dezagun Jainkoa: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 10, 25-26. 34-35. 44-48

Lehen Kristau Elkartearen ibilbidearekin jarraitzen dugu. Gaur, une garrantzitsu bat gogoratzen zaigu: Eliza, jentil herrira zabaltzen da. Ekimen hori Jainkoak eragina da; Beretzat ez dago ez harresi, ez arraza ezta talderik ere. Pedroren hitzaldia, Mendekoste barri bat lez izan zen. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Joan 4, 7-10

Joan apostoluak, berak bilatu eta elkartean bizi duanari buruz egiten digu gogoeta. Jainkoa eta gizakien arteko harremanean, ekimena beti Jainkoarena da. Jainkoak gizakia maite du, eta honek, nahi badu erantzuten dio. Erantzuten dion neurrian, MAITASUNA den Jainkoa ezagutzen joango da. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 15, 9-17

“Ikasle maitearen” arabera, Jainkoak maite gaituela esatea, bizi izandako esperientzia da; Jesusengan Jainkoak egin digun oparirik ederrena dugu. Eta honek gizakioi erantzun bat eskatzen digu: maitasunari maitasunez erantzutea. Maitasun aginduan sustraitzen da kristau bizitza osoa. Mezu hau onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Otoitz diezaiogun Jainko gure Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo piztu zuenari, gizaki guztienganako maitasuna adierazten duenari.

1.- Aita Santuaren, Gotzainen, apaizen, diakonoen eta Elizan zerbitzuren bat duten guztien alde: alaitasunaren eta itxaropenaren testigu izan daitezela, bereziki Gaixoen egun honetan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gaixo guztien alde: ahuleria eta neke orduetan Jainkoaren indarra beren baitan senti dezatela, eta ager dakizkiela beti hurbiletik lagunduko dien pertsonak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixoak zaintzen dituztenen eta osasun-munduko profesional guztien alde: beren lana hurbiltasunez, begirunez, arretaz eta, batik bat, maitasunez egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Une honetan gerraren izuaren erdian bizi direnen alde; gaixotasuna, gosea, era guztietako bidegabekeriak nozitzen dituztenen alde: elkarrizketa, tolerantzia eta elkartasunetik, guztiek nahi duten eta eskatzen duten bakea lortzera eraman gaitzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gaixoren egun honetan, gure parrokiako elkartearen alde: beren denbora, hainbat bakardade eta tristurari bizi-poza eta itxaropena eramango dieten egiazko bokaziodun pastoraltza-Agenteak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PASTORAL KONTSEILUAREN AURKEZPENA

(Kontseilurik balego, ospakizun buruak egingo du Kontseiluaren eta honetan dauden talde ekintzen laburpena. Ez balego, parrokian edo elkartean lana egiten duten taldeen ordezkariak egin dezakete beren ekintzen laburpena. Azkenean, edo ospakizun buruak edo hitz egin dutenetariko batek egingo du eskaintza, honako hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen duzu Zuk, zure Espirituaren bidez elkarte honi eman dizkiozun dohainen azalpentxoa. Desberdinak gara bata besteagandik, arlo desberdinetan egiten dugu lan, eta hori dela-eta, izaten ditugu geure eztabaidak eta ulertu ezinak. Baina, badakigu, Zuk denen onerako eta Elizaren batasunerako eman dizkiguzula dohain horiek. Espirituari zabaltzen gatzaizkio Elkarte gisa. Espirituaren zeregina da, hain zuzen ere, batasun hori.


ELKARTEKO OSASUN PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Taldearen izenean batzuk edo hain esanguratsua den egun honetan talde osoa aurkeztuz egin daiteke. Taldeko batek haien egitaraua aurkezten du. Gero, honako edo antzerako otoitz bat egiten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hona hemen parrokia honetako Osasun Pastoraltzako taldeak gaixoen alde egin nahi duen lana. Gure ahalegin hau Zuri eskaintzen dizugu. Gaixo guztiak eta haiengana hurbiltzen diren pertsona guztiak, arren, bedeinka itzazu. Zure laguntzarekin, ekintza hauek zure Seme Jesusek behartsu eta ahulen alde egiten zituen zeinuen antza izan dezatela.


SENDAGAI BATZUEN AURKEZPENA

(Elkartean gaixoren bat zaintzen duenak edo sendagileren batek egin dezake eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Sendagai hauek eskaintzen dizkizut gaur, Jauna. Gaixoak zaintzearen eta haiekin arduratzearen ezaugarriak dira. Badakizu, bihotzez egiten dudala eta zure maitasunaren tresna izan nahi dudala. Nire lana batzuetan gogorregia izaten zaidala eta, ez dezadala behin ere adorea galdu eta ez nadila nekatu. Emadazu zeure sendotasun Espiritua eta eman iezazkiozu Elizari maitasun erraiak, eurekin zure bihotzean lehenengoak zein diren adierazten jakin dezan.


OLIO SANTUEN AURKEZPENA

(Elkarteko Buruak edo Osasun Pastoraltzako batek egin dezake. Batez ere egun honetan ELKARTEKO Gaixoen Oliadura egiten bada. Gaixoen Oliadura zer den azaltzeko ere aukera ona da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zuk ongi dakizu gaixotasuna eguneroko ogia dugula, eta oraintsuago edo gerotxoago hor gaudela guztiok. Gaixotasunean lagungarri dugun Gaixoen Oliadura sakramentuagatik, eskerrak ematen dizkizugu, Jauna. Beldurrez edo arinkeriaz baztertu ordez, kontzientziaz, bakez, maitasunez, esker onez hartu dezagula, Zu beti gure ondoan zaitugun konfidantzaz. Eskerrik asko, Jauna, beti bide-lagun zaitugulako.


GAIXO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gaixo batek, ezindu batek edo adineko batek, bere egoeraren berri emango du lehenengo, eta, gero, bere minen eta nekeen eskaintza egingo du)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen nauzu, Jauna. Nire egoeraren eta nire minen eta gaixotasunen berri eman dut. Ez da erraza gaixorik egotea osasuntsu izatearen helburua eta gaixoa eta heriotza porrot egitetzat dituen gizartean. Baina, zure maitasuna ezagutzen dut eta Espiritua eta anaia-arreben maitasuna hurbil ditudala sumatzen dut. Nire min guztiak eskaintzen dizkizut gaur eta, besteen alde ereindako hazi baten antzera, zure Seme Jesu Kristoren minekin bat egin ditzazula eskatzen dizut.


GAIXOEI GURE JAUNA ERAMATEKO KUTXATXOEN AURKEZPENA

(Zerbitzu edo ministeritza horretan dabiltzan bi pertsonak egin dezakete. Kutxatxo batzuk aurkeztu eta Mahai Buruari eraman, hurrengo azalpena eginez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Eukaristia ospatzeko Zuk zure mahai inguruan, batez ere igandero, elkartzen gaituzu; hor bedeinkatutako ogia, zure Gorputza, eramaten zaie gaixoei. Eskerrik asko, Jauna, dohain eta aukera eder honegatik. Hemen elkartzen garenontzat eta bertatik parte hartzen dugun guztiontzat benetako janaria izan dakigula zure Semearen Gorputza. Gu ere, gure anai-arrebentzat, ogi bizia izan gaitezela.

Agurra

Fede berean elkartzen gaituen Eukaristian hartu dugu parte. Gure elkarteko gaixoak eta nagusiak gogoratu ditugu. Aurpegi tximur horiek, sarritan bakardadea adierazten duten begirada horiek, dei bat dira gutariko bakoitzarentzat. Edonon eta edozein egoeratan eurei laguntzeko erabaki sendoa izan dezatela da gure gaurko konpromisoa. Jaunaren laguntza izan dezagula. Kristau testigantzaz bizi izandako aste zoriontsua opa dizuet!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Jainko onaren bedeinkapenak lagun diezaiela gaixoei eta adinekoei, horien ardura duten guztiei, osasun saileko profesionalei eta borondatezko langileei Jaun beraren indarra eta maitasuna senti ditzagun. E./ Amen.

- Eta Espiritu Santuak lagun diezagula zailtasunetan, gaixoen eta adinekoen aurrean Jainkoaren maitasunaren testigu izan gaitezen. E./ Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Maite nauenak onartuko du nire mezua,
nire Aitak maite izango du,
eta Aita eta biok berarengana etorriko gara”





Igande bakoitzeko Bazkoa ospatzen dugu berriro. Piztutako Jauna da dei egiten diguna, ESPIRITUA ematen diguna. Elkartean bildu nahi gaitu eta bere mezua zabaltzera bidaltzen gaitu. Horretarako, bere laguntza agintzen digu Jesusek: “Neuk eskatuko diot Aitari zuekin beti egon dadin beste babesle bat eman diezazuela, egiaren Espiritua”.

Honako hau da mezua: MAITE IZATEKO aukeratuak izan gara. Ez da gauzak saltzeko eslogana. Jesusengan dugun fedearen arrazoia eta helburua da. Maitasuna merkealdietan saltzen eta erosten duen eta salgai jartzen duen munduaren erdian, maitasun aginduaren testigantza emateko izan gara aukeratuak kristauok. Norberekeria, anaia-arreben arteko gorrotoa, hil eta dena suntsitzen duten gerrak eta hainbeste bizitza desegiten dituen gosea nagusi diren munduan... beharrezkoa da MAITASUNAREN EBANJELIOAren testigantza ematea eta hura iragartzea eta ezagutaraztea.

Maisuari buruz zintzoak izan nahi badugu, maitasun hori dohainik ematen dena, denentzakoa, bihotz zabala, anaikorra, egiazkoa eta ordainik itxaroten ez duena dela gogoratu behar dugu. Ametsa ote da? Oker ote dago Jesus asmo eta zeregin hori jarri dizkigunean? Horretarako, Jesusen ekintzak egiteko gu gai egingo gaituen ESPIRITUA ematen digu Hark.

Giro honetan ospatuko dugu GAIXOAREN EGUNA gure Kristau Elkarteetan.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino"

(Jn 15, 13)

 

 


bidean@bidean.net
orue