Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - IGOKUNDEA - 2018.eko Maiatzaren 13a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara. Jaun Berpiztuak deitu eta elkartzen gaitu batzar honetan.

Eliza osoarekin bat eginik, IGOKUNDE jaia ospatzen dugu. Ez da agur egite hutsa; Jesus gure Jaunaren presentzia berri baten hasiera da. Jaunaren hitzak, ebanjelariaren bitartez, Jesusek bere ikasleekin daukan topaketa, bidalketa eta agintzaria agertuko dizkigu. Horrela hasten da elkartearen misioa; horrela sortzen da Eliza.

“Zoazte eta egin ikasleak...” dugu Jesus Jaunaren gonbidapena; bere jarraitzaile guztioi egiten digun gonbidapena da: Jainkoaren Erreinua ereitera eta iragartzera bidaliak gara. Horixe da gure EGITEKOA. Bere gonbidapen hori geure barruan onartuz, Jaun Berpiztuaren inguruan egiten dugun Pazko ospakizunari hasiera ematen diogu.


SARRERAKO ELIZ BIRA

(Ospatzen ari garena azpimarratzeko, honako sarrerako eliz bira hau proposatzen dugu. Aurretik, aldarean jarriko diren gurutzea eta kandelak. Horien atzean, intsentsu ontzia jarriko da; honek ospakizun tokia usain gozotuko du, Jaunaren misteriozko presentzia adieraziz. Gero, goian eta denek ikusteko eran, irakurleetariko batek eramango duen Irakurgai Liburua. Azkenik, ospakizun burua eta, baleude behintzat, meza mutilak, eta horiek ez baleude, eskaintzak egingo dituztenak).


INTSENTSUA

(Eliz bira amaitutakoan, eta sarrerako kantua abesten dela, ospakizun buruak Bazko Zuzia intsentsatuko du lehendabizi, eta gero Irakurgai Liburua eta aldarea)


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Senideok: Larunbat Santu gauean ur hau bedeinkatu genuen eta Pazkoan zehar geure BATAIOA berritu izan dugu. Pazko gailurrera iristen garan Igokunde jai honetan, berri dezagun berriro ere geure Bataioa, onar dezagun gure bihotzean Jainkoaren barkamena eta gaurkotu dezala gugan BIZI BERRIAREN dohaina.

(Ospatzaileak Pazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

ORACIÓN: Jainko Aita-Ama on eta errukitsuak, Jesusengan betiko bizia eta grazia agertu digunak, bere seme-alaba duinak egin gaitzala eta Ebanjelioaren iragarpena pozez onartzea eta bizitzea eman dezaigula. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldi guztian bezala kantatua izan dadila. Gaur ahal bada aintzatsua)

Senideok: Jesukristo Berpiztuak Jainkoaren bizia hurbiltzen digu. Bizi horrek poztu, bizkortu, Berpiztu gaitzala. Igokunde egunean Jainkoaren eskuinaldean dagoen Jesus Jauna, barru-barrutik goratzen dugu: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 1, 1-11

Jainkoaren Hitzak agertuko digunez, Jesukristoren Igokundearekin, aldi baten amaiera eta Berbiztua agertzeko era eta aldi berriaren hasiera dugu. Elkartearen, Elizaren misio ekintza ere hemen hasten da. Fede testigantza hau onartzen dugu.


2. irakurgaia: Efesokoei 1, 17-23

Paulo apostoluak Kristorengan dagoen misterioa eta aberastasun guztia hausnartzera bultzatzen ditu Efesoko elkartekoak. Jainkoaren benetako ahalmena ere hor agertzen da betiko bizirako piztuz. Orain, Kristo, gauza guztien gainetik dago. Apostoluaren ondorena hori da. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Markos 16, 15-20

Ebanjelioaren arabera, Jaunaren Igokundea ez da gizakien artean egotearen amaiera, beratarren artean eta munduan egoteko era berri baten hasiera baino. Era barri hori, ikasleen ebanjelizatze lanean agertzen da. Markosen ebanjelioko azken zatia entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak bizkortuta, jaso diezazkiogun gure eskariak eta beharrak Jainko gure Aita-Amari, bere Seme eta gure anaia Jesukristoren bidez.

1.- Eliza osoaren alde: Jaunaren Espirituak batasunean bil dezan, etengabeki babes dezan eta bere graziarekin lagun diezaion, munduarentzat barkamenaren eta errukiaren Sakramentu izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gizartean eta munduan aginpideren bat dutenen alde: gizaki guztien premientzat, batik bat baztertuenen premientzat sentikorrak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Premia ekonomikoengatik, bertan behera utziak direlako eta bakardadeagatik, gosea edo bakerik ezagatik itxaropenik gabe bizi direnen alde: heriotza menderatu duen Jauna laguntza eta itxaropen bezala berengandik hurbil senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jesusen jarraitzaileak ez gaitezela gelditu lurreko ondasunei begira. Denentzat anaitasuna, ongizatea eta zuzentasuna bidera daitezen: bila ditzagula gogotsu Erreinuaren ondasunak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: gure amets eta ilusioak berri ditzagun eta, gure begiak Jaunarengan jartzen jakinik, jendeak zerbitzeko eta laguntzeko, mundua eta gizartea eraldatzeko gure konpromezu zehatzak onartzeko gauza izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta Pazkoaldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIBLIAREN, GAZTE TALDEAREN ETA ADINEKOAREN AURKEZPENA

(Eskaintza honen bidez, zeruetara igo eta gero, Jesus, bere hitzen, elkartean eta karitatean, gure artean dagoela, aitortzen da. Aurkezpen orokorra egiten du beste batek, eta gero, banan-banan, hiru eskaintzak aurkezten dituzte)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Semearen zeruetara igo zeneko jaia ospatzeko bildurik dagoen elkarte honen izenean, hauxe eskaini nahi dizut: Zu gure artean egotearen ezaugarri ugarietan eta desberdinetan aitortzeko gertu eta sentikor egotea. Ez dakizkigula itxi, Jauna, fedearen eta gure bihotzaren begiak, guk Jesus gure artean dagoela ikusten jarrai dezagun eta bere graziak gu adoretzen jarrai dezan.

1. Biblia

Jauna, nik, gaur, Biblia hau dakarkizut. Zure Hitza da. Gure bizitzen eta bere etengabeko entzule garenon ardatza izatea nahi dugu. Konpromiso hori hartzen eta eskaintza hori egiten dizugula azaldu nahi dizugu. Horrela, zure Semeari entzunez, Zuri loturik jarraituko dugu.

2. Gazte talde bat

Begira, Jauna, ikusten duzu: Elkarte honetako gazte talde bat gara. Denen izenean gatoz. Elkartean zure Semearen presentzia dagoela onartzen dugula agirian adierazteko etorri gara denen izenean. Elkartearen erabakiak zure Semearenak direla onartzera konprometitzea nahi dugu.

3. Adinekoa

Hemen nauzu, Jauna, gure elkartean nagusi den maitasunaren eta behartsuen zerbitzuan jartzeko eta elkarteak behartsu horiek zaintzeko duen konpromisoaren ezaugarri gisa. Ondo dakizu zuk zein ahalmen gutxi dugun eta zein gutxi balio dugun, oraingo kultura honetan, zaharrok. Horregatik, Jauna, besteen beharrei buruz sentikorrak egin gaitzazu.


LUR GLOBOAREN AURKEZPENA

(Elkarteko katekista batek egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure misiolari eta ebanjelizatzaile konpromisoa adierazi nahi dut lur globo honekin, elkarte guztiaren izenean. Gainera, badakigu Zeuk emango diguzula hori ausardiaz eta gogotsu egiteko indarra.


KATEKESI LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Ikasleak misiora bidaltzea irudikatu nahi dugu elkarteko katekesi liburu hau eskaintzeko zeinu honekin. Bidezkoa denez, katekista batek egin behar du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna: Zure ikasleak misiora bidaltzen dituzunen antzera, elkarteko gure katekesiaren testu hau dakarkizut. Umeek, (gazteek edo helduek) zure Seme Jesu Kristorekin topo egitearen esperientzia izan dezaten erabiltzen dugun metodoa da. Baina, horrela, elkartearen eta katekista bakoitzaren ebanjelizatzeko konpromisoa adierazi nahi dugu. Izan ere, Jesusi buruz dugun jakituria bakarrik emateaz gain, dugun fedearen gure esperientzia ematen ere saiatzen gara.


OLIO ONTZIAREN AURKEZPENA

(Hauxe da Parrokiako Caritas taldean lanean ari den kide batek edo besteen beharrei erantzuten ari den batek aurkeztutako olio ontzi honekin azaldu nahi duguna: maitasunaren bitartez mundua eraldatzeko dugun erantzukizuna)

OTOITZA – AZALPENA: Nik olioz betetako ontzi hau dakarkizut. Gizon-emakumeen norberekeriak bihurritutako eta kaltetutako mundu honen zauriak sendatzeko konpromisoaren irudia dugu. Honako hau nahi dugu, Jauna: premia dagoen tokian egon gaitezela zure ikasleak, mundu honi eta gizon-emakumeei, gaur zure Seme maiteari eman diozun aintzaren isla izaten, lagun diezaiegun.


IGELTSEROTZAKO TRESNA BATEN AURKEZPENA

(Ez da borrokatu behar bakoitzaren egoera aldatzen bakarrik. Horrela balitz, horkonponkeria larrian eroriko ginateke. Horregatik, gizarte edo sindikal borrokan konprometituta dagoen batek igeltserotzako tresna hori aurkeztean, mundu honetako eta gizarte honetako egiturak eta erakundeak aldatzeko konpromisoa azaldu nahi dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, igeltserotzako lan tresna hau dakarkizut nik gaur. Mundu honetako egiturak aldatzeko gure konpromisoa adierazten du. Gure bekatuek eta giza bihotzen norberekeriak egindako kaltearen mendean daude egitura horiek. Eraso egiten ez badiegu, denak jarraituko du berdin, eta lur honetako handikiek eta ahaltsuek txikienen lepotik jaten jarraituko dute. Ez dizugu bakoitzaren konpromisoa bakarrik azaldu nahi; baita elkartearena eta Elizarena ere. Ez da eginkizun erraza. Horregatik, emaguzu zeure indarra.

Agurra

Senideok, Jaunaren Igokundea ospatu berriak gara. Entzuna dugu Berri Ona iragartzeko esaten digun Jaunaren agindua. Guztiok gara Jesusen ordezkariak. Jainkoaren Erreinua herri guztietan eta giro guztietan gauzatzera bidaliak gara. Haren ikasle izate hutsagatik, mundu desberdinean gizaki guztientzat Berri Onaren zabaltzaileak eta Berri On horren legamia gara; maite gintuelako hautatu gaitu eta maite gaituelako bidaltzen gaitu. Zorioneko iragarpena!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. E./ Amen.

- Pazkoa pozez ospatzean, betiko Bazkoaren itxaropenez alai gaitezen. E./ Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Zuekin nago Ni egunero,
munduaren azkenera iritsi arte”




Pazkoaren tontorrera iristen ari gara; badoaz egunak, igandeak eta jaiak. Gaur, Jesus Jaunaren IGOKUNDEA dela-eta, ia helmuga ukitzen dugu: Jesusen bizitzaren gailurra dugu une hau. Jesus da hil zena; Jesus da piztu zena; Jesus da Aitaren ondora igotzen duena eta… horrela, ALDI BERRIA hasten du: MISIOA da. Izan ere, “bere izenean iragarriko zaie bihotz berritzea eta barkamena herri guztiei”. Beraz, Jesusen ekintzaren gailurra dugu IGOKUNDE festa hau.

Baina, horrekin batera, BESTEEN TXANDA hasten da: Jesusekin bizi izan dira; mezuaren, bere Berri Onaren atsegina nabaritu dute; orain, mundua EBANJELIZATZERA bidaliak izan dira: horiek bizi izan duten salbamen esperientzia besteei zabaldu behar diete: “Nire lekuko izango zarete munduaren azkenera iritsi arte”.

Eginkizun honetarako, ESPIRITUAren indarra behar dute. Horregatik, bazko bidea osatzeko, datorren egunean, Jesusen ESPIRITUAren jaia ospatuko dugu; MENDEKOSTE, hain zuzen ere.

Beraz, oso sakona dugu gaurko festa hau: Jesus, Jauna da behin betiko; gu Hark BIDALIAK eta Haren LEKUKOAK gara: BESTEEN (gure) TXANDAren festa dugu.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zoazte mundu guztian zehar eta otsegin Berriona izaki guztiei"

(Mk 16, 15)

 

 


bidean@bidean.net
orue