Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - MENDEKOSTE - 2018.eko Maiatzaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, anaia-arrebok, ospakizun honetara.

Fededunentzat jai handia da gaurkoa: MENDEKOSTE jaia, Espiritu Santuaren etorrera. Horregatik, elkartzen gaitu Jaunak, bere Espiritua senti dezagun. Era isilez eta misteriotsuz jokatzen du, baina Hark indartzen gaitu borrokarako, gure bihotzetan itxaropena eta elkar onartzeko maitasuna ereinik.

Espiritu Santua hartzea eta Harengan sinestea, kristau elkartearen baitan parte eraginkorra garen kontzientzia hartzea da, elkarte horrena baita Espiritua iragartzea eta presente egitera konprometitzea. Espiritu Santuak barrenerantz biltzen gaitu, fedearen eta maitasunaren testigantza ematera kanporantz eramatera bidaltzeko. Utz diezaiogun guregan eta gure elkartean lan egiten. Espirituari ez diezaiogun oztoporik jarri gure bihotzak berri ditzan.

Hasi dezagun gaurko ospakizuna.


HANDIKIRO EGINDAKO SARRERA-IBILALDIA

(Beste ospakizun handietan bezala, gaur ere handikiro egindako sarrera aurkezten dugu. Ospakizunean bereziki esku hartuko duten guztiek lagunduko diote ospakizun buruari. Bitartean, kantu egoki bat abestuko du elkarteak. Eliz bira amaitutakoan, ospakizun buruak aldarea lurrinduko baitu, aldi honetan azkenekoz, Bazko Zuzia).

Aldarria

(Beharrezkoa du deiak “tonu” egokia izatea, ia abestutakoa edo, gutxienez ere, ozenki iragarritakoa. Zer esanik ere ez, laburtua daitekeela hemen eskaintzen diren zatiak)

Jesus Piztuaren Espiritua, geure pobretasunetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure ahultasunetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure fedetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure guraritik esaten dizugu: etorri zaitez.
Maitasunez esaten dizugu: etorri zaitez.

Aita-Ama, bidali zeure Espiritua:
aldien hasieran nahaste-borrasteen gainetik zebilen Espiritua:
kreazioaren sorreratik dena biziz betetzen duen
eta unibertsoa indarrez betetzen duen Espiritua;
basamortutik zehar zure herria agindutako lurrera bideratzen zuena;
profeten bidez hitz egin zuena eta gaur ere egiten duena,
eta haizeak eramaten dituen hitzak baino hitz ozenagoa duena;
bihotz gogorrak aldatzeko gai dena;
isiltasunaren eta ahazmenaren haranean sakabanaturik dauden hezurrei
bizia eman ahal diena;
zeure Semearen Espiritua.

Jauna, bidali zeure Espiritua
eta ireki iezazkiezu gure bihotzak gizon-emakumeen sufrimenduari
eta gurutze, heriotza, odol, garrasi, bihurtutako zotinari eta minari.
Atera ezazu gure begietatik harrokeriaren gure estalkia
eta ikus dezagula bizitza hau guztia dela, dena batean:
dohaina, norbera ematea, oparia, entzutea, errukia, gorespena,
zerbitzua, borroka eta otoitza.
Zure Espiritua, Jauna, isuri dadila gure gainera
eta Hark bideratu, igurtzi eta zureak egin gaitzala.

Eman iezaguzu gai ez denaren, txiroaren, apalaren zentzua;
gutxiaren, ezerezaren, ahultasunaren zentzua;
zorionaren, pozaren eta jaiaren zentzua.
Emaguzu anaia-arrebei laguntzeko gauza den bihotz apala.
Emaguzu zure errukia suma dezan
eta gure norberekeriaren hesia hauts dezan bihotza.

Isur ezazu gure eskuetara zeure Espiritua,
bidal ezazu sua gure bihotzetara.
Bota zure arnasa sinesten dutenengan, ezbaian daudenengan,
maite dutenengan, bakarrik daudenengan,
zuzentasunaren alde jokatzen dutenengan,
bakearen alde borrokatzen dutenengan,
etorkizuna eraikitzen dutenengan.

Berri Ona iragartzeko,
munduan maitasunaren lekuko izateko,
elkartea eraikitzeko eta ondasunak elkar banatzeko,
mahaia denei eskaintzeko eta anaia-arrebei atea zabaltzeko, ordua da.

Espirituaren eguna da,
elkartearen eta egiaren ordua,
askatasunaren helduera,
Espirituz eta Egiaz gurtzen dutenen tokia,
berriz jaio nahi dutenen aldia.

Denerako ahalmena ematen duen Espirituaren aldia da.
Orain, Erreinua martxan jarri da, eta Jauna dugu gure indarra.
Orain, fededunok esan dezakegu:
“Bakea eta poza iragartzera bidali nau”.
Hemen eta orain, zure lekuko izan nahi dugu, Jauna.

Oharra: Musika eta diapositiba batzuekin osatutako mendekosteko pregoi hau PowerPointean prestatu dugu (Mendekosteko Deia 1). Erabili nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<.

Irakurgaientzako oharrak

AINTZA

(Pazkoa osoan bezala abestua izan dadila. Elkarteak ezagutzen duen aintzatsuena)

Senideok: hasierako ibilaldia egin eta Mendekoste DEIA entzun ondoren, goratu eta eskerrak eman dezaizkiogun Jainko Aita-Amari eta Jesus bere Seme maite eta aintzatuari gure bizitzetan eta bihotzetan isuri dituen dohain guztiengatik. Poz hori agertuz abes dezagun: AINTZA ZERUETAN...



HITZAREN LITURGIA

1. irakurgaia: Eginak 2, 1-11

Apostolu eta lehen kristau elkartearen gainera, Espirituaren etorrera kontatuko digu lehen irakurgai honek. Bi gauza azpimarratzen ditu: ikasleengan gertatzen den eraldaketa, eta Espirituaren eragina mugimendu berria sortzeko. Elizaren sorrera ez dago ba gizakien eskuetan, gizakiak eraldatzen dituen Jesusen Espirituan baizik. Entzun dezagun.

2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 12, 3b-7. 12-13

Apostoluak bere bizipena eta gogoeta eskainiz, Elizaren dohain guztien sortzaile bezala aurkezten digu Espiritua, baita batasunaren eraikitzaile bezala ere. Dohainak, guztien onerako zerbitzuan daudela gogoratzen digu Paulo apostoluak. Korintoko elkarte hartan bezala, Espirituak gaur ere karisma berriak eragiten ditu Elizan. Onar dezagun gogoeta hau.

Ebanjelioa: Joan 20, 19-23

Ebanjelioen kontaketaren arabera, Jesusek bere lagunei Espirituaren promesa egin zien. Berpiztu ondoren, Jesus, ikasleak bilduta zeuden lekura joan, haien erdian ipini, bere Espiritua eta bakea eman, eta beratarrak, Aitak Berari agindutako eginkizunera bidaltzen ditu: Erreinuaren egitasmoa iragarri eta bete; gizaki guztien arteko anaitasun eta zuzentasun egitasmoa. “Ikasle maitea” zen ebanjelariaren testigutza da. Onartzen dugu.

Jainko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak bizkortuta, jaso diezazkiogun gure eskariak eta beharrak Jainko gure Aita-Amari, bere Seme eta gure anaia Jesu Kristoren bidez.

1.- Mundu osoan zabaldurik dagoen Elizaren alde: har ditzala -betetasunez- Espiritu Santuak bakoitzari ematen dizkion dohainak, gizaki guztien zerbitzu berritzailean eta salbatzailearen alde ari dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, gotzain, apaiz eta Jainkoaren herri osoaren alde: Espiritua Santuaren dohainak har ditzaten, egiazko zerbitzariak izan daitezen eta beti pertsonak elkartzen dituzten adiskidetasunaren, zerbitzuaren, barkamenaren, tolerantziaren alde joka dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Mundu guztian zehar Bakearen alde aritzen diren pertsona guztien alde: Espiritu Santuak bizkortu eta indar ditzan, eta adorea gal ez dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Espiritu Santuaren indarrez, gaixoak, adinduak, etorkinak, bidaztiak, gizarteak baztertzen dituenak onartzen jakin dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Parrokiako kristau elkartea Aitaren maitasunaren eta Jesusen Berri Onaren egiazko testigua izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ZAZPI LANPARAREN AURKEZPENA

(Elkarteko zazpi umek, Espirituaren zazpi dohainen ezaugarri gisa, zazpi lanpara txiki eramango dituzte eliz biran, aurretik doazela. Aldarearen gainean jarriko dituzte. Eskaintza egiteko betebeharra duen beste ume batek dohain bakoitza izendatuko du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen gauzkazu gaur, Espiritu Santuaren zazpi dohainak adierazten dituzten zazpi lanpara hauekin. Zeuri eskaini nahi dizkizugu: jakituriaren dohaina, adimenaren dohaina, zientziaren dohaina, aholkuaren dohaina, jainko zaletasunaren dohaina, adorearen dohaina eta zureganako begirunearen dohaina. Zeuk ematen dizkiguzu, gutxi asko, beti zure Elizaren eta elkartearen onerako. Horregatik, gure eskaintza zure gogoko izango denaren uste osoa dugu, nahiz eta berriz ere eskatu egin beharko dugun denen zerbitzuan jartzeko, gure prestasunarekin batera.


USO BATEN AURKEZPENA

(Bi gaztek egiten dute eskaintza. Batak usoa daramala, biak zuzentzen dira ospakizun Buruarengana. Bat honen ondoan dagoela, usoa daramana elizako edo ospakizun tokiko atera doa eta hegaz egiteko aske uzten du. Berehala, besteak hauxe dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Espiritua askatasun hutsa dela adierazteko, askatu dugu uso hau. Espiritua nahi duen tokian eta aldian aurkezten da, bere eskuzabaltasunari dagokionez ematen ditu bere dohainak, eta ez da lotzen, behin betiko, ezerekin eta inorekin ere. Gu ere gazteak garenez, askatasun horren agiria gara. Horregatik, Jauna, gaur, gure gaztetasuna lotzen dugu eskaintza honekin. Ez gaitzala gure askatasunean zauritu, zure Eliza eta gure elkartea zerbitzatzeko erarik onena baita. Baina eman iezaguzu erantzukizuna, gure kritikak eta gure emaitzak zintzoak izan daitezen eta besteen zerbitzurako izan daitezen benetan.


ONTZI BATEN BARRUKO LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko ekintzaile batek egin behar du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik legamiaz beteriko ontzi hau dakarkizut. Ore kantitate handia aldatzeko gai da legamia. Ekintzaile gisa egiten dizut eskaintza hau, eta zure Seme Jesu Kristoren aldeko nire testigantza inolaz ere errazten ez didan mundu arerio baten erdian ditudan borroken irudi gisa. Ekintzaile izatearen eragozpenek ez dezatela bultza atzerantz egitera sinesmenik duen bat ere. Hori eskatzen dizut. Eta gehi itzazu zeure ekintzaileak, Elizak beharrezkoak baititu, berau hesi itxia izan ez dadin.


ERLIJIOSO BATEN AURKEZPENA

(Balego, jakina. Elkarte barruan ez balego, pastoral zereginen bat, katekesiarena, liturgiarena edo karitatearena, betetzen duen edozeinek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zeure Espirituak ziurtatzen du elkartearen barruan dohain eta karisma asko izatea. Neurririk gabe eta eskuzabaltasunez banatzen ditu, zure Elizaren aberastasunerako. Hemen nauzu, Jauna, zure elkartearen zerbitzurako eman didazun graziaren testigantza ematen. Ondo dakizu ez dela erraza gure arteko elkarbizitza eta noizean behin egonezinak eta gatazkak izaten ditugula. Gaur konpromiso hau eskaini nahi dizut denen izenean: batasunean, ez berdintasunean, bizi izateko gogoa. Ez ezazu utz zeure dohainak hartu ditugunok, bakoitzak berarentzat gorde ditzan. Ikus ditzagula elkartearen onerako diren bakoitzaren aparteko ezaugarri gisa.


FRUITUZ BETERIKO OTARRE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko emakume batek egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Fruituz beteriko otarre hau dakarkizut, Jauna. Bazkoetatik berrogeita hamar egunera ospatzen zen judutarren jaiaren grekozko izena zen Mendekoste. Uztaren lehenengo fruituak Jainkoari eskaintzearekin lotuta zegoen. Zuk, zeure errukia eta handitasuna direla-eta, eskuzabalez ematen dizkiguzun fruitu hauek eskaintzen dizkizut. Baina, gaur, zure Semearen Bazkoaren fruitu betea den zure Espirituaren dohainaren ezaugarri gisa dakarkizugu. Jauna, izan gaitezela gauza hauen besteko fruitu ugariak emateko.

Agurra

Anaia-arrebok: Bazkoa burutzen duen festa ospatu dugu. Hain berezia eta esanahiez betea den aldia osatzen du gaur Kristau Elkarteak: piztu den eta anaien artean dagoen Jesus Jauna gure artean egotearen gozamena izan dugu. Orain, Hark, bizi izan dugunaren lekuko izatera bidaltzen gaitu. Ez gaitu bakarrik uzten: bere Espiritua ematen digu bide lagunik onena bezala. Kristau testigantzaz bizi izandako aste zoriontsua!



AZKEN BEDEINKAPENA

- Gure bihotzetan gordetzeko izan gabe, iragartzeko eta elkartea eraikitzeko hartu dugun Jesusen Espirituak, bizkortu eta bultza gaitzala mundu hobea eraikitzen. E./ Amen.

- Jesusen Espirituak lagun diezagula, bete gaitzala alaitasunez eta pozez eta sendo gaitzala bere presentzia bizi emailez eta maitasunez. E./ Amen.

- Gure Jainko Onaren, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren bedeinkapena isur dadila gugana eta maitasunez bete gaitzala. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Aitak bidali nauenez, bidaltzen zaituztet nik ere.
Har ezazue Espiritu Santua”




Bere osotasunera heltzen da gaur BAZKOA. Jesusek bere hitza betetzen du: “Defendatzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizuet”, eta gizon haiek barrutik berriztaturik geratu ziren, tankera berri bat hartu zuten, erabat ausartak bihurtu ziren.

Hauxe da MENDEKOSTE. Espirituaren FESTA. Denok geratzen gara “zoratuta”, “ukituta” bezala, eta orduan… DENA EGITEKO GAI GARA: beldurrak uxatu egiten dira, koldarkeriak haizeak eramaten ditu, bihotzak bete-betean lan egiten du, “harrapatzen duena” APOSTOLU eta LEKUKO bihurturik. Hauxe da Jesusen Espiritua.

Behar-beharrezkoa da ESPIRITUARENTZAT IREKITA egotea, Jesusen lekuko eta jarraitzaile izateko; Harekin bakarrik “eman dezake aurpegia” eta alda daiteke, GIZON eta EMAKUME BERRI izateko.

Mendekoste da. Nahi baduzu… DENA DA POSIBLE!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hartzazue Espiritu Santua"

(Jn 20, 22)

 

 


bidean@bidean.net
orue