Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - HIRUTASUN SANTUA - 2018.eko Maiatzaren 27a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak sinesmen eta anaiarteko bilera honetara.

Senideok: gaur HIRUTASUN SANTUAren festa ospatzen dugu; Jainkoa bere misterioaren bihotzean eta agerpenik sakonenean ez dela bakardadea, FAMILIA dela gogorarazten digu gaurko festak. Jauna komunikazioa da, maitasunezko komunikazioa, seme-alaba egiten gaituen Maitasuna, senide bezala elkartzen gaituen Maitasuna, bere Espirituarekin munduan zehar bidaltzen gaituen Maitasuna.

Gaur Elizak, gainera, beren bizitzak otoitzari eta kontenplazioari sagaratu dizkien gizonak eta emakumeak gogora ditzagula nahi du; milaka gizonezko eta emakumezko gure alde eten gabe otoitzean. Gaur, batez ere, horietako bakoitzaren alde jasoko dugu gure otoitza.

Hasi dezagun ospakizun hau.

“PRO ORANTIBUS” eguna:
KONTENPLAZIOZKO BOKAZIOEN JARDUNALDIA.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 4, 32-34. 39-40

Idazle sakratuak, antzinako gauzak begiratzera eta Jainkoa nolakoa den aurkitzera bultzatu nahi du Israel herria: Berak askatu zuen herria esklabotzatik, eta herri guztien artean herri aukeratua egin... Jainko askatzaile eta salbatzaile honen aurrean, herria zerbait egin beharrean aurkitzen da. Eta hortxe dago zoriontasun eta osotasun bidea. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 14-17

Paulo apostoluak, Jaun Berpiztuarekin aurkitzearen aparteko esperientzia izan zuen. Esperientzi horren muina agertzen digu zati honetan. “Semeagan seme-alaba egiten garela” diosku, eta Aitarengana seme-alaben hurkotasunean hurreratu gintezkeela. Testigantza hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Mateo 28, 16-20

Mateoren ebanjelioaren azken zatia entzungo dugu. Jesusen MISIO BIALKETA agertzen zaigu. Ebanjelioa iragartzera eta bataiatzera bidaltzen ditu. Berri on hori onartzen duten guztiak bere ikasle izango dira. Eta hauxe da bermea: Jesusek berak parte hartzen duala eginkizun horretan; euren erdian izango da beti. Mezu eta eginbehar ederra. Entzun dezagun, onartu eta bidaliak sentitu. Zutik, ALELUIA abestuz prestatzen gara entzuteko.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-amaren seme-alabak izatearen konfiantzaz eta pozez, Jesu Kristoren bitartez eta Espirituaren laguntzaz, egin ditzagun gure eskariak.

1.- Munduan zehar zabaldurik dagoen Eliz Amaren alde: bere burua familia bezala, Jaunaren dohainen jasotzaile eta gizaki guztiei Jaunaren errukia iragartzeko arduradun senti dezala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduan eta lurreko herri guztien artean bakea izan dadin, eta zuzentasuna eta pertsonaren oinarrizko eskubideak errespetatuz, gizakien eta herrien artean egiazko adiskidetzea lor dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko edozein bazterretan sufritzen dauden pertsona guztien alde: senti dezaten berengan Jaunaren indar sendatzailea eta kristauon hurbiltasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Otoitzera eta kontenplaziora beren bizitza eskaintzen duten gizon-emakumeen alde: horiei begiratzea, gu Jaunarengana hurbiltzeko lagungarri izan dakigun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion eta gure elkartearen alde: agertu zaigun bizi hirukoitzak gure artean komunikazio, laguntza eta maitasun handiagora zabaldu gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta elkartearen ibilbiderako lagungarri bezala eskaintzen ditugu keinu hauek.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa, horrela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UME TALDE BATEK «AINTZA AITARI…» ABESTEN DU

(Elkarteko ume guztiak edo aukeratutako zenbait haurrek egin dezakete. Aurretik entseiatzea nahitaezkoa da. Abestu ondoren, harretako batek aurkezpena egiten du:)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, gaur benetan pozik gaude eta gure kantua poz horren adierazgarri da. Hirutasun Santuan goratzen zaitugu, Jauna. Zuen artean dagoen maitasunaren ezaugarri izan daitezela gure familietako harremanak.


“PRO ORANTIBUS” EGUNEKO KARTELAREN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin dezake. Eta azalpena egiten du:)

OTOITZA - AZALPENA: “Pro orantibus” eguna gogoratzen digun paretako kartela dakarkizut, Jauna. Horrekin batera, gauza ederrak utzi, eta isiltasunean eta otoitzean zure bila dabiltzan hainbeste gizonen eta emakumeren bizitza ederra eta isila aurkezten dizugu. Sendo itzazu, Jauna, eta zure Erreinuaren poza aurretiaz bizitzeko aukera eman iezaiezu. Eta gu, batez ere gazteok, zure deiari eta zure borondateari zabalik bizi gaitezela.


MAPAMUNDIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona nagusi batek egiten du; ahal dela politika, sindikatu edo giza mailan konprometituta dagoen batek)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, mapamundi hau dakarkizut; mundua zatituta dago; pobretasunak eta aberastasunak, gehiegikerian eta ezerezean bizi direnen arteko mugak argi markatzen ditu: Lehenengo mundu aberatsa Hirugarren mundu pobrearen aurrean. Guregan dagoena ipiniz, alde horiek txikitzen, desagertzen joan daitezela da gure gogoa. Bataioaren bidez Zurekin bat egiten dugunok, gure arteko batasunaren alde eta herrien arteko harreman zuzenen alde lana egitera deituak gara.


GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Karitasen edo giza arloan konpromisoren bat daukan batek egin dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire eta kristau elkartearen izenean gatzontzi hau dakarkizut; mundua eraldatzera eta ebanjelizatzera deituak gara. Paulo herri batetik bestera ibili zen antzera, guk mundu honetan, dauzkagun oztopoak gaindituz, misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Gure gatza moteldu ez dadin, zure grazia behar dugu, Jauna.

Agurra

Senideok, Jaunarekin topaketa egiteak, Haren maitasun inguratzaileak, gure planteamenduak, jarrerak eta bizitza bera aldatzera gonbidatzen gaitu. Topaketak gure maitasun esperientziaz jabetzera eta horren berri ematera eragiten digu. Senideok, gure eguneroko bizitzara eta gure zereginetara bihurtzean, Jaunak digun maitasuna zabaltzeko gai izan gaitezela munduan eta gizartean. Horrela izan dadila!

Egun honetarako gogoeta

“Jaun bakarra, sinesmen bera, Bataio bera
Jainko Aita-ama bakarra"




Pazko aldiko liturgia bizi izan badugu, AITA, SEMEA eta ESPIRITU SANTUA ere gogoratu zaizkigula konturatuko gara. Hainbat aldiz izendatuak izan dira. Gaurko festa honetan, hirurak BATERA kontenplatzen ditugu: HIRUTASUN SANTUAREN festa da. Hau da: JAINKOA ELKARTEA DELA. Hauxe da egun honen mezu nagusia.

Norbaitek esango du: “misterio handi bat da”. Beste batzuek diogu: “Bai, MAITASUNAREN MISTERIOA da”. Horrelakoxea da gure Jauna eta horrelaxe agertzen zaigu: herriaren leialtasunik ezaren aurrean, Jauna leiala da; herria Harengandik urrundu arren, Jauna bere herriaren ondoan dago; bere seme-alaba egin gaituenez gero, “AITA”, “AMA” deitzen diogun Jainkoa dugu.

JAINKO HIRUTASUNA sinestea zaila dela? Ulertzea zaila dela? Jainkoa maitasuna dela onartzea beste; eta maitatzen duenak Jainkoa nor den badaki; eta maitatzen ez duenak (baietz pentsatu arren ere) Jaunari buruz oso gutxi daki.

ZORIONTSUA JAINKO MAITASUNEAN sinesten duena,
bere bizitzan argia izango baitu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zoazte... egin nire ikasle... Eta ni zuekin izango nauzue egunero munduaren azkenera arte"

(Mt 28, 19-20)

 

 


bidean@bidean.net
orue