Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - KORPUZTI EGUNA - 2018.eko Ekainaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak fede eta anaiarteko ospakizun honetara.

Elizak gaur Jesusen Gorputz-Odol Santuen festaburua ospatzen du, hau da CORPUS CHRISTI eguna. Bazko festen oihartzuna bezalakoa da gaurko festa eta, batez ere, Ostegun Santuko Afariaren eta Eukaristiaren eraketaren oihartzuna.

Kristok bere presentzia agindu eta Eukaristia utzi zigun, guk, orain, geure bizitzan, benetako maitasun zeinu bezala har dezagun. Eta horrelaxe gonbidatzen gaitu Jesusek testigu izatera; Jesusengan agertu den Aitaren maitasunaren ogi zatitua eta egiazko presentzia izatera daraman Jaunaren bizi berria iragartzera.

Festaburu hau bizi dezagun pozez eta alaitasunez.

KARITAS EGUNA

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 24, 3-8

Sinai mendian egindako Ituna gogoratuko digu lehenengo irakurgai honek; hortxe oinarritzen dira Jainkoak bere herriarekin egindako beste itunak. Jainkoak, Moisesen bidez, bere nahia agertzen dio herriari; herria, Jainkoaren nahia eta aginduak betetzeko konprometitzen da. Aske sentitzen den herriak, askatu duan Jainkoarekin leiala izatea nahi du. Gure sinesmen historiaren hasierako kontakizun hau entzuten dugu.


2. irakurgaia: Hebertarrei 9, 11-15

Itun berriak ez du behar erre-oparirik; hori agertzen zaigu hebertarrei egindako idazki honetan. Jesukristoren odola nahikoa da gure leialtasun ezak eta pekatu guztiak barkatzeko, eta Jainkoaren aurrean beste era bateko opariak egiteko. Kristo dugu bitarteko bakarra. Entzun dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Markos 14, 12-16. 22-26

Jesusek bere ikasleekin egin zuen azken Afariaren kontaketa entzungo dugu: hortxe sortu zen EUKARISTIA. Hauxe dugu Pazko berria (askatasunaren jaia) eta kultu berria. Kristoren Gorputz-odolak hartzen ditugunean, bere heriotzan eta piztueran ere bat egiten dugu. Hauxe dugu benetako BERRITASUNA. Jesusen dohain hori onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak eraginda, zuzen diezazkiogun gure eskariak eta premiak Jainko Aita-Amari, bere Semearen bitartez. Ziur egon gaitezke, bizitzarako behar dugun guztia emango zaigula.

1.- Elizaren alde: Jesusen Gorputz-Odolez elikatuta, Jainkoaren Berri Ona guztiei eramateari gogotsu ekin diezaion. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztion alde: pertsona guztiei, direnik txikienei ere, begirunea izan diezaiegun, jakinik haiek ere Kristoren Gorputza . ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, ez dezagula egin ohikeria sozial edo erlijiosoz, baizik barneraturik eta elkartzen gaituen misterioa geure eginda. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ogiaren eta kulturaren, bakardadearen eta maitasunaren edo Jainkoaren gose direnek: aurki dezatela gugan solidaritatea eta izan daitezela aseak beren premian. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkartearen alde, Karitasen eta behartsuei laguntzen ari diren guztien alde: Jesusen Espirituak behartsuenenganako zerbitzuan eta maitasun ekimenetan haztera eraman ditzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ezberdinak eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GARI ALEEN ETA MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozeinek aurkez dezake, baina ongi legoke garbitasuneko edo eliza eta aldarea prestatzen aritzen den norbaitek egitea)

OTOITZA - AZALPENA: Lurretik hartzen ditugun gauzarik ederrenetarikoak aurkezten dizkizu, Jauna: gari aleak eta mahats mordoa. Baserritarren izerdiaren fruitua dira. Ogi eta ardo eginez, gizakion jatekorik eta edatekorik oinarrizkoenak ditugu. Zure Semeak ere, beti gure artean geratzeko, bere Gorputzaren eta Odolaren adierazgarri gisa aukeratu zituen. Zure eguneroko eta amaigabeko maitasuna gogoratzen digute. Gaur, elkarte honen konpromiso gisa aurkezten dizkizugu: gizakion goseak eta egarriak asetzeko bidean saiatzea nahi dugu.


ODOL EMAILE KARNETAREN AURKEZPENA

(Elkarteko odol emaile batek egin dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Odol emailearen karnet hau eskaintzen dizut, Jauna. Zure Semeak gugatik bizia emanez eta gurutzean odola isuriz, jarraibidea eman digu guk ere besteen alde zerbait egin dezagun. Zure Semeari jarraitzeak, lagun dezagula gure bizitza ere opari eta zerbitzu bezala hartzen. Bakarkerian eta norberekerian itxi den mundu honen aurrean, zure Semearen testigu izateko behar dugun indarra eta laguntza eskatzen dizkizugu.


PITXARRA ARDOAZ ETA OGI BIRIBILA AURKEZTEA

(Meza erasotzaileak egin lezake. Horietako batek dio:)

OTOITZA - AZALPENA: Zeuk emandako ogia eta ardoa eskaintzen dizkizugu, Jauna; lurraren indarrak eta gizakiaren lanak sortuak. Zuk, Espirituaren eraginez, guretzat zure Semearen Gorputz eta Odol bihurtuko dituzunak. Bakarka eta elkarte bezala guk behar ditugun elikagaiak dira. Bidean aurrera goazela, eta zure Erreinuaren betiko mahaian parte hartu arte, horiek mantentzen eta animatzen gaituzte.


BILTZEN DEN DIRUAREN AURKEZPENA

(Zerbait abesten den bitartean, diru-biltzea egiten da. Aldara aurrera eraman eta hurrengo otoitz hau egiten da)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, poltsa hau, elkarte honek behartsuekin daukan solidaritatearen ezaugarri bezala dakarkizut. Garena eman eta gure ondasunak banatu. Zuk eman diguzu, baina gure artean ondasunak gaizki banatuta daude: batzuk ugaritasunean eta besteak urritasunean aurkitzen dira. Zain itzazu, Jauna, zuretzat maiteenak direnak eta uki itzazu gure bihotzak beti zuzentasunaren eta solidaritatearen alde joka dezagun.

Agurra

Senideok, Jauna gurekin izatearen poza ospatu dugu. Kristoren gorputzak bakean elkartzen gaitu eta suspertu egiten du gure itxaropen ahula. Ospakizun hau bukatzean, bana dezagun guztiekin gure eguneroko ogia, eta gure bizieraz susper dezagula, inguratzen gaituztenen artean, egiazko Biziaren Ogi den Kristoren gosea. Aste zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoeta

"Zerutik jaitsitako ogi bizia naiz ni;
ogi honetatik jaten duena betiko biziko da"




Liturgiari jarraituz, KORPUZTI EGUNA ospatzeko elkartu gara; gure herriko festa ederrenetako bat. JESUSEK agurtzerakoan bere elkarteari utzi zion oparia dugu, hain zuzen ere; Jesusen azken guraria edo testamentua dugu.

Festa hau -kanpoko eta kaleko adierazpen eta guzti- ez da hor amaitzen. KRISTOREN GORPUTZA gurtzea, Harekin bat egitea da, bere izateaz, bere sentimenduekin eta jarrerekin. Kristoren Gorputza gurtzeak honako hau ere eskatzen digu: Kristoren Gorputzaren zati direlako, anaia-arrebengana errespetuz eta prestutasunez hurreratzea. Kristoren Gorputza aldare gainean zatitu eta gure goseak asetzeko banatzen dugu; eta honek, gu ere zatitzera, banatzera garoaz; gure inguruan SOLIDARIOAK izatera. Hau egiten dugun neurrian Jesu Kristoren gurariekin bat egiten dugu, eta, horrela, Korpuzti eguna ospatu.

Horregatik, KARITAS EGUNA ospatzen dugu gaurko egunez. Mesedez, ez dezagun ahantzi! Kristoren Gorputzari egin geniokeen eskaintzarik ederrena dugu.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hau nire gorputza da... Hau nire odola da"

(Mk 14, 22. 24)

 

 


bidean@bidean.net
orue