Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - San Juan Bataiatzailearen jaiotza - 2018.eko Ekainaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorriak guztiok Jaunaren mahaiaren inguruan ospatuko dugun eukaristia honetara.

Salbamen historian garrantzi berezia eduki zuen pertsonai baten aurrean jarriko gaitu gaur liturgiak: BIDE-ERAKUSLE den Joan Bataiatzailea.

Etortzeko zena nor izango zen esanez, berari bidea prestatzeko eta bera onartzeko bizitza aldaketa bat eskatzen zuen. Bere bizitzak eta bere mezuak girotuko gaitu gaurko ospakizunean. Bera eta bere mezua onartzeko prestatuz, Jesus Jauna onartzeko prestatzen gara.

Has dezagun ospakizuna gogo onez eta alaitsu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 49, 1-6

Amaren sabeletik aukeratua izan denaren kontzientzia dauka Isaias profetak. Bere aukeraketa eta bere misioa Jainkoaren dohainak dira. Profetak leialtasunez erantzuten dio deiari eta herriaren aldeko misioari. Prestatu gaitezen profetak eskaini nahi duen esperientzi berezia entzun eta onartzeko.


2. irakurgaia: Eginak 13, 22-26

Antiokiako Pisidia herriko judutarrei zuzentzen die Paulok bere hitzaldia, salbamenaren lerro nagusiak gogoratuz. Iragarritako salbamen mezua onartzera animatu eta gonbidatzen ditu. Joan Bataiatzailea historia horretako kate-maila bat dugu. Onartzen dugu apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 1, 57-66. 80

Lukas ebanjelariak aurkezten digun “Haurtzaroko Ebanjelioaren” egitura, bi iragarpen eta bi jaiotzen arteko loturan oinarritzen da: Joan eta Jesus. Gaurko ebanjelioak Jainkoaren eskua agertzen digu Joan Bataiatzailearen jaiotza kontatzerakoan. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Apaltasunez eta gure konfidantza Jainko Aita-Amagan jarriz, berari zuzentzen dizkiogu Elizaren eta gizadiaren aldeko otoitzak.

1. Elizaren alde: Jainkoaren Hitza eta aldien ezaugarriak beti kontuan izan ditzan. ESKA DEZAIOGUN JAUNARI.

2. Gure agintari eta mundu guztiko agintarien alde: gizaki guztien eskubideak errespetatuz, zuzentasunez joka dezaten. ESKA DEZAIOGUN JAUNARI.

3. Gaur egun ere PROFETAK behar ditugu: Elizan eta munduan zapalduak direnen egoerak salatu eta berdintasunaren eta anaitasunaren alde bultza gaitzan. ESKA DEZAIOGUN JAUNARI.

4. Beren bizitza eskainiz besteen alde lanean dabiltzanen alde: Jesusen Espiritua beraiekin izan dezaten eta gure laguntza eta solidaritatez ere konta dezaten. ESKA DEZAIOGUN JAUNARI.

5. Otoitzean elkartu garenon alde: Joan Bataiatzaileari jarraituz, Kristo Jaunarekin elkartzeko bidea erakuts diezaiegun gure ingurukoei. ESKA DEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta elkartearen ibilbiderako lagungarritzat eskaintzen ditugu zeinu hauek.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa, horrela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZIA (FAROLA) ISIOTUTA AURKEZTEA

(Elkarteko militante batek edo politika, sindikatu edo erakunde baten sartuta dagoen nagusi batek egin daiteke. Argiontzia meza-emaileari eman eta honek aldare gainean uzten du. Gero honela dio:)

OTOITZA - AZALPENA: Joan Bataiatzailearen jaia ospatzen gauden egun honetan, argiontzi isiotu hau dakarkizut, Jauna. Argi hau Jesu Kristo berbiztuaren eta profeta askok gizaldietan zehar bizi izan duten konpromezuaren ezaugarria da. Mundua eraldatzen, Elizaren eta gizon-emakume askoren ahalegina agertu nahi dizugu. Ahul eta behartsuen alde zauden Aita-Ama ona, onar ezazu zure bihotz onez.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen, militante guztien eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure Ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Sakramentuetan erabiltzen den krisma ontzi hau aurkezterakoan, bataioan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genuen konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Sarritan kontrako indarrak, lotsak edo beldurrak gehiago egiten digute. Emaguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezen.


ONTZI BATEN LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai den legami pixka bat dakarkizut. Gizarte gizakoiago, berdintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dut eskaintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onar itzazu haien bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dugun laguntza eta gaitasuna eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: Igande honetan Joan Bataiatzailearen jaia ospatu dugu; Jesusen Bide-erakusle eta bere aitormen ederra eta garbia utzi ziguna. Berak Salbatzailea nor den esaten digu, nahi duenak Berarekin aurkitzeko bidea erraztuz. Gure egiteko eta misioa ere hauxe da: gaurko gizon-emakumeak ere Salbatzailearekin aurkitu ahal daitezen bidea erakutsi. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Eta zu, haurra, Goi-goikoaren profeta izango zara,
Jaunaren aurretik joango bai zara Hari bideak prestatzera”




Gure kristau ibilbidean liturgiak gaur Jesus gure Salbatzailearen bide-erakusle izan zen Joan Bataiatzailearen Jaiotza aurkezten digu esanguratsua den pertsonai hau benetan ezagutzeko aukera ederra.

Gertatzen dena da: ume bat jaiotzerakoan, zer izango den, bere ondoan nola sentiduko garan, handitzen denean zer egingo duen... eta antzerako gauzak galdetzea. Orain dela denbora asko haur bat jaio zen eta bere jaiotza geroari buruz hitz egiten diguten gauza harrigarriekin beteta dago. Joan da haur horren izena. Bere jaiotzaz asko poztu ziren.

Mesiasen zain zeudenen BIDE-ERAKUSLE izatea izan zen Joanen MISIOA. Bere egitekoa aurrera eramatea asko kostatu zitzaion. Lehendabizi desertuko bakardadean eta Jordan ondoan hezia izan zen; Herodesen aurrean, egia zaintzea tokatu jakon eta hartutako misioa leialtasunez azkenerarte zaintzearren bere bizia eman zuen. Bidalia izatearen ondorena da.

Baina zerbitzariak, amaren sabeletik Jainkoak aukeratuak (1 irakurgaia) hartutako misioari erantzuteko behar den indarra eta kemena Jainkoagandik hartzen du. Horrelaxe agertzen zaigu Joanen mezua eta bizitza osoa: Jainkoaren “EZAUGARRIZ” beterik; Bataiatzailea Jainko horren “bide eratzailea” da.

Kristau guztiok hartu dugu misio bat: “prestatu Jaunaren bideak”. Honen premia gorria dauka gaurko gure munduak, gure Elizak eta gure elkarteak...! Eta “ebanjelioa argi eta garbi iragarri”: Nolako zeregina aurrean!

Joan Bide-erakuslearen jai zoriontsua!
Zoriontsuak “Jaunaren bideak prestatzen” dabiltzanak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jaunaren eskua berarekin zegoen"

(Lk 1, 66)

 

 


bidean@bidean.net
orue