Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 13. igandea - 2018.eko Uztailaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: berriz ere elkartu gara Biziaren Jainkoa ospatzera.

Hauxe izango da igande honetako liturgiak eskaintzen eta adierazten digun mezu osoaren ardatza. Gainean dugu heriotzaren ezpata zorrotza; baina hitzez eta zeinuz, argi eta garbi, honako hau esango zaigu: gizakia bukaerarik gabe bizitzeko sortua da, Jainkoaren erabakiz. Jaunaren eskaintza honen agiriko aurpegia Jesus da, Harengana zabaltzen direnentzat.

Gaur eta hemen egiten zaigun gonbite hau esanguratsua da. Bere bizi eskaintza eta guzti, Jainko horrekin bat egitean, munduak lehenbailehen behar duen berri ona izan gintezke. Eta hau ospatu beharrekoa da. Hasi gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 1, 13-15; 2, 23-24

Jakinduria liburuan indar betean azaltzen da Jainkoa bizitzaren sortzaile eta laguntzaile gisa. Heriotza eta hondamendia ez datoz Harengandik; Gaiztoaren bekaizkeriaz sartu da munduan. Entzun eta geuregana dezagun Itun Zaharreko Jakituriaren gogoeta hau, geroago Jesus Maisuak berretsia.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 8, 7-9. 13-15

Jerusalemgo Elkarteko anaia-arreba behartsuen alde egindako diru biltzea aipatzen du gaur San Paulo Apostoluak; eta Eliza amarekin eskuzabalak izateko eskatzen die korintoarrei. Jesus Bera jartzen die eredutzat: aberats izanik, behartsu egin zen, gu aberastearren. Ondasunak elkar banatzea sinesmenaren eta anaiartearen ezaugarria da. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa Markos 5, 21-42

Markos evanjelariaren irakatsiz, Jesus gaixotasunaren eta heriotzaren aurkako irabazlea da. Jesusek emakume gaixo bat sendatzen du eta inguruko handiki baten alabari bizia ematen dio. Hau da, beti dihardu pertsonen ongi izatearen alde eta, aldi berean, handikeria itxurak alde batera utziz. Hauxe da Jainkoaren proiektua eta Jesusek hezur mamitzen duena. Bizia dakarkigun mezu hau entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen Espirituaren indarrak eraginda, ager diezazkiogun gure eskariak eta beharrak gure Aita Jainkoari, bere Seme eta gure Anaia dugun Jesusen bitartez.

1.- Elizaren alde: Jesu Kristoren opari garbiz bizi berriturik, gizon-emakumeen eta gizadi osoaren alde eskaintzen den zerbitzari leial izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gizon-emakume guztien eta gure mundu osoaren alde: beren osasuna eta bizi iturria Jesu Kristogan aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko agintarien eta buruzagien alde: biziaren eta bakearen aldeko eragile tresnak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasunaren, urteen, etsipenaren, pobreziaren, injustiziaren eta ezinaren zama astunaren azpian daudenen alde: egoera honetan bertan Jesusen presentzia aurki dezaten, eta gugan egiazko elkartasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garen guztion alde eta gure Elkarte osoaren alde: gure bizitzan Jaun Berpiztuaren lekuko izan gaitezen; eta ingurukoak pozez eta maitasunez kutsa ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta elkartearen ibilbiderako lagungarri bezala eskaintzen ditugu zeinu hauek.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa, horrela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALDARE MAHAIKO KANDELAK BAZKO ZUZITIK PIZTEA

(Gaur Bazko Zuzia hasieratik egongo da piztuta toki agirian. Ospakizun buru egiten duenak, hurbildurik, Bazko Zuzian pizten du bere kandela; gero mahai zerbitzariari ematen dio, horrek aldareko kandelak pitz dezan, baita ospakizunetan ohi diren beste guztiak ere. Eskaintza egiten duenak, hau irakurriko du:)

OTOITZA - AZALPENA: Hemen gaituzu, Jauna, Zerorrek piztu duzu gure bihotzetan zure Seme Berpiztuaren bizi berria. Zugana jo dugu otoitzean, behar dugun indarra eskatuz, gure bizitza era berri batean bizi dezagun. Nik orain eta Elkarte osoaren izenean, aldareko argiak piztu dituen Argi honen zeinuaren bidez, gu guztion bizitzak eskaini nahi dizkizut, eta bizi ere Zerorrengandik eta zeure Seme Jesu Kristo gure Jaunagandik bizitzeko konpromisoa eskaini nahi dizut.


LORE SORTA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein kidek egin dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire eta elkarte osoaren izenean, gure sinesmena irudikatu nahi duen lore sorta hau dakarkizut. Zuk bakoitzari deitzen diguzu eta erantzuteko era gure bizitzan Zuri leku egitea da. Apostoluaren sinesmenean oinarrituz, guk ere Jainkoaren Seme bezala gure izatearen Jauna eta gure bizitzen ardatz bezala aitortu zaitzagula. Zuk ongi ezagutzen dituzu gure sinesmena aitortzeko ditugun eragozpenak. Gure indar hutsez ezer gutxi ahal dugun ezkero, zure grazia eta laguntza eskatzen dizugu.


UREZ BETERIKO ONTZI BAT AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona heldu batek eskaintzen du)

OTOITZA - AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, urez beteriko ontzitxo hau eskaintzen dizut, guk elkarri egiten diogun abegi onaren eta onartzearen ezaugarritzat. Egin ezazu, arren, gaindi ditzagula oraingo errezeloak, eta geugan eta geure familia inguruan itxita egotea, kaltegarrizko bakarkeria eta norberekeria guztien gainetik. Egin ezazu edozeinen aurpegian zure Semearena ezagutzeko grazia, eta, horrela, onar dezagula edozein gizaki zure Seme Berbera izango bailitzan.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa delako, hainbesteren artean BAT; gainerakoak urtean zehar aurkezten joango gara, igandeetan eta jai egunetan banatuta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituen proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA - AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten dizkizugu gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak direnen alde ari direnenak. (...Talde baten izena...) talde honen ekintzaren bidez aurkezten dizugu. Onar ezazu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da beren konpromisoari esker, fededunak zein fede gabekoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenekin sentiberago eta beraiekin lotuago bizitzera eraman gaitzazu.

Agurra

Senideok: gure artean dagoen Jesus Jaunaren poza ospatu dugu. Jesu Kristoren gorputzak eta odolak bere bizia eta Aitaren presentzia salbagarria komunikatu digute. Kristauon Jainkoa bizira bihurtzen gaituena da. Eukaristiako mahaian parte hartu ondoren, gure bizitzan ospakizun honen ezaugarri izatera bidaliak izan gara; izan ere, hainbeste gizon eta emakume gaur egun horren premia gorrian daude. Jesusen Espirituak iraun dezala barren-barrenetik guri eragiten. Biziaren aldeko aste zoriontsua izan dezazuela!

Egun honetarako gogoeta

“Jesu Kristo gure Salbatzaileak heriotza desegin zuen,
eta bizia argira atera zuen, Ebanjelioaren bidez”




Kristau Elkarteak Jesusen atzetik joan behar du, bere urratsak jarraitzeko asmoz; hain zuzen ere, jakin badaki Jainkoarena dela biderik onena, Jainkoak bere bitartez eskaintzen dizkigun dohain eta laguntzak hartzeko eta gozatzeko.

Igande honetan, liturgiak eta Jaunaren Hitzak itxaropenez beteriko mezua eskaintzen digute: gure JAINKOA BIZITZAREN JAINKOA da: bizia maite du, pertsona denentzat eta bakoitzarentzat nahi du, eta beste edozeren gainetik zainduko du. Hau bai mezu ederra eta, gainera, kontsolagarria!

Heriotza hor dago eta drama bat da; hala ere, gizakia bizitzara deitua da: hauxe izan da Jainkoaren proiektua eta hauxe da bere azken helburua. Izan ere, Ebanjelioan agertzen den Jesus, heriotzari gehiago egiten diona da, betirako azpiratuz. Bere hitz guztiak, zeinuak eta ezaugarriak honako hau erakusten digute: hauxe da Aitaren proiektua, inondik inora eta ezerengatik ere Jesusek uko egingo ez dion proiektua.

Igande honetako ospakizunak hara nora eraman behar gaituen Jesu Kristo Berpiztuagan sinesten dugun guztiok: edozertariko heriotzaren aurka borrokatzera, eta bizia sortzera eta komunikatzera. Bere bizia arriskatu eta maitasunez ematen duenak, besteengan itxaropena sortzen eta bizia komunikatzen du, Jesusen antzera.

ZORIONEKOA bizia besteen alde ematen duena,
BETE-BETEAN eta BETIRAKO bereganatuko baitu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez!"

(Mk 5, 41)

 

 


bidean@bidean.net
orue