Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 14. igandea - 2018.eko Uztailaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara. Jesusek berriz ere elkartu gaitu Hitzaren eta Eukaristiaren mahaiaren inguruan. Horrela elkar banatzen dugu anaia-arrebekin gure fedea.

Gaur Jaunaren Hitzak berriz galdetzen digu: zer-nolakoa da Jesusi egiten diozun jarraipena? Eta itxura hutsetan gelditu gabe gehiago sakontzeko, Jesusengan ezkutatzen den misterioa bilatzeko, pausoa aurrera emateko eskatzen zaigu. Pauso hori ematen duenak bakarrik esperimentatzen du salbamena eta bere izatearen zentzua aurkitzen du bere bihotzean; eta bakoitzaren bizitzako errealitatean Jaunaren urratsei jarraitzeko proiektua egiten du. Ez dago aitzakiarik.

Giro honetan ospatzen dugu Eukaristia.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 2, 2-5

Salbamen historian zehar, Jainkoak bere profetak eman dizkio herriari. Ez ziran izan beti onartuak eta Ezekiel profetak ere baztertua izango denaren susmoa dauka. Bere eginkizuna antzua dela ikusten du, baina bere herriarekin arduraturik, Jainkoak hor jarraitzen duala agertzen digu. Profetaren bizikizun hau entzuten dugu.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 12, 7b-10

Ebanjelioaren iragarle handia dugun Paulo apostoluak, bere txikitasuna eta ezina agertzen dizkigu, baina baita ere bera bidali duanaren handitasuna. Bere makaltasunean Kristoren gurutzearen indarra agertzera ematen digu. Horrek, era bat hartuta dauka apostolua. Bere testigantza entzuten dugu.


Ebanjelioa: Markos 6, 1-6

Jesus, bere herri Nazareten agertzen zaigu. Herritarrak betidanik ezagutzen duten lez, esaten duenarekin sinestu ezinean dagoz. Aurreko profetekin ere berdin gertatu zen. Herritarrak, bere itxuragatik epaitzen dute, Berak dakarkigun benetako bizian erreparatu gabe. Bere jarraitzaileontzat ere garrantzia daukan kontaketa hau entzuteko prestatzen gara, zutik, ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba sentitzearen konfiantzak eraginda, jo dezagun konfiantza osoz Jaungoikoarengana eta aurkez diezazkiogun gure eta munduaren premiak.

1.- Eliza osoaren alde: munduan Jaunaren eskua aurkitzen jakin, eta hor gertatzen diren errealitate berriekin konektatzea lor dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazio guztietako gobernuen alde: profeten ahotsak eta kritikak entzuteko erne ibiliz, lurreko behartsuenen bizi baldintzak hobe ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bakea sendotu dadin lan egiten duten pertsona guztien alde: horiekin izan daitezela gure laguntza eta elkartasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Lanik, etxebizitzarik, edo zer janik ez dutenen alde: bakardadea, bidegabekeria edo jazarpena sufritzen dituzten guztien alde, beti horiekin izan dadila gure laguntza. Jaunak egin gaitzala horiekin sentikorrak eta hurbilekoak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garen guztion alde: Jesusi entzun diogunez gero, Hura izan dadila gure bizitzaren ardatz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau katekesiko arduradun batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Teologia edo Bibliako ezagutzaren ezaugarri bezala eskaintzen dizut liburu hau. Jakituria eta bihotzeko apaltasuna ez dira borrokatzen; benetako jakintsuak apala izaten daki. Jauna, guk, Zu ezagutzeko jakiturian eta esperientzian hazten joan nahi dugu, ingurua zure ikuspegiaz ikustera hurbil gaitezen. Bete itzazu gure bihotzak zure Espirituz, Zure antzera sentitu eta Zuretzako bizi gaitezen.


ELKARTEKO UME BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau aita edo ama batek egiten du)

AZALPENA – OTOITZA: Jauna, nik neure seme/alaba dakarkizut. Itxaropen hau daukat: honen bitartez bere antzeko bihotza izaten erakutsiko didazula; bere antzera fidatu, sentitu eta haurrak bezalakoa izan. Zure esana da: haurrak bezala ez bazarete egiten ez zarete sartuko Zeruetako Erreinuan. Nik eta hemen elkartuta gaudenok, partaide izan nahi dugu Zuk eskaintzen diguzun bizi berri horretan. Alda iezaguzu urteekin beteta dagoen bihotza eta emaguzu grazia, haurren antzekoak izateko.


BIDEETAKO MAPA BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau gazte batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errepideetan zuzen ibili gaitezen, bideetako mapa hau aurkezten dizut. Baina gaur beste hau agertu nahi dizut: Aitarenganako eta bere Erreinurako bidean, Zu zarela gure norabidea eta zuzendaria. Biderik ez dezagula galdu.


FRUITUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko haur batzuk egin dezakete eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, fruitu gozo eta ederrez beteriko saski hau eskaintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi dizugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dugula. Gure bizitzak antzuak ez, baina emankorrak izan daitezela. Zure graziari esker, kristau fruituak eman ditzagula.

Agurra

Senideok: Ezekielek eta Pablok bezala, historian zehar hainbeste gizonen eta emakumeren antzera, guk ere Jainkoaren deia sentitu dugu, gizakiei Kristoren berri iragartzeko eta gure konpromisoaz Jaunaren testigantza emateko deia. Kristo Jesusen Espirituak lagun diezagula gure egitekoan. Kristau testigantza emanez, aste zoriontsua izan dezazuela.

Egun honetarako gogoeta

“Jaunaren Espiritua nigan dago;
behartsuei berri ona iragartzera bidali nau”.




Gogoeta txiki bat egiten badugu, gure barrenean gogorra, sendoa eta segurua dena balioesten dugu, eta hortxe jartzen dugu gure konfiantza. Beste behin ere, Erreinuaren eraginkortasuna beste bide batetik doa. Kasualitatea izango da!

Bizitzaren aurrean beste jarrera bat hartu genezakeela agertzen digute hiru irakurgaiek: makal, txiki, ezer ez direnen tokia harturik, bizia den Jainkoa hobeto uler genezakeelako. Jainkoa gauza handietan eta harrigarrietan bila ibili zirenentzat, Jesusengan sinestea ezinezkoa suertatu zitzaien bere jatorriagatik: “Ez ote da hau arotzaren semea...?”.

Ez da erraza hori onartzea. Baina... ez ote daude hortxe gure ahalbide guztiak? Bakoitzak daki norberaren ahuleziaren eta txikitasunaren berri. Gutariko gehienok muga asko dauzkagu eta pertsona arruntak gara. Eta Jesu Kristoren Jainkoak hortxe egon nahi du; ez munduko handikien eta indartsuen artean, guri bizia emanez, gure ahulezian baino. Jesus osorik eman zen eta hauxe da utzi digun Berri ona. Arotzaren bizitza Piztuera zoriontsura iritsi zen.

Makalen indarrean sinestea, Erreinuko dinamikan sartzea da; gizakion zoriontasuna aurkitzeko bide bezala hartzea da.

ZORIONTSUAK Jainko honekin oker bideratzen ez direnak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herrian izan ezik"

(Mk 6, 4)

 

 


bidean@bidean.net
orue