Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 15. igandea - 2018.eko Uztailaren 15a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak fede ospakizun honetara.

Senideok: Jainkoak aukeratuak izanaren poza ospatzera gonbidatzen gaitu gaurko liturgiak. Jainkoak, gureganako maitasunak eramanda, banan-banan aukeratu nahi izan gaitu; bere oinordetzaren, bere Aita-Ama maitasunaren hartzaile nahi gaitu. Jainkoak bere antzeko eta bere irudira egin gintuen eta gure bizitza berearen antzekoa izatea nahi du.

Gure bihotzak suspertuz, fede ospakizun hau hasieratik poz-pozez bizi dezagun

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Amos 7, 12 -15

Jainkoak, bere hitza Israeli iragartzeko, Amos profeta aukeratzen du, eta honek apaltasunez eta bihotz handiz erantzuten dio. Datorkiozan oztopoak gaindituz, bere eginkizuna zintzo betetzen du. Jaunaren agindu eta indarrarekin kontatzen du. Bizitzako testigantza hau entzuten dugu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 1, 3-14

Jainkoak gugan pentsaturik daukan salbamen egitaraua gogoratzen digu Paulo apostoluak. Jainkoak, gure merezimenduegatik barik bere Seme Jesukristorenagatik aukeratu gaitu, bere aurrean santu eta errugabe izatera. Onartu dezagun gonbidapen hau.


Ebanjelioa: Markos 6, 7 - 13

Jesusek, bere ikasleak aukeratu ondoren, binan-binan bidali zituen barri ona iragartzera. Beragandik ikasi dutena iragartzeko eskatzen die; pobre bizitzeko, mezua leialtasunez iragartzeko eta behartsuengana hurreratzeko. Bizitzeko era barri bat! Barri on hau onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba sentitzearen pozaz, jo dezagun konfiantzaz Harengana eta aurkez diezazkiogun gure eta munduaren premiak.

1.- Munduko bazter guztietatik zabaldurik dagoen Jainkoaren Elizaren alde: eskuzabaltasuna eta pobretasuna bizi ditzan, gizakien premien aurrean beti prest bizi dadila eta une guztietan Jaunaren nahiari leiala izan dakiola. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herrien arteko bakearen eta elkartasunaren alde: haien arteko harremanak ez ditzala zuzendu ez armen indarrak ez interes ekonomikoak, zuzentasunaren eta berdintasunaren onespenak baino. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Aurrean erabiliak, baztertuak eta zapalduak sentitzen direnen alde: beren duintasuna eta berdintasuna onartuak direla esperimenta dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure aldiko apostoluen alde: ez daitezela neka Jainkoagan den egia iragartzen eta entzunak izan daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartutako eta Jaunak deitutako guztien alde: gure hitzaren eta bizi konpromisoaren bidez, gizakien artean salbamen tresnak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta elkartearen ibilbiderako lagungarri bezala eskaintzen ditugu zeinu hauek.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa, horrela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATAIOKO OSKOL TXIRLAREN AURKEZPENA

(Elkarteko arduradunak edo Bataioetako arduradunak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bataioetan ura botatzeko erabiltzen dugun oskol hau dakarkizut. Zeinu honekin, eskerrak eman nahi dizkizut, zure seme-alaba izateko eta zure zerbitzurako aukeratu gaituzulako. Gure meritu bakarra zure eskuzabaltasuna da. Horregatik, gure eskerrik beroenak.


KRISMA ONTZITXOAREN AURKEZPENA

(Katekista batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik olio bedeinkatuaren ontzitxo hau dakarkizut; horrekin igurtziak izan gara, Zugandik datorkigun indarra hartu, eta munduaren erdian gure fedearen testigantza eman dezagun. Onartu, Jauna, gure otoitza eta emaguzu gure munduan eta kultura honetan zure lekuko biziak izateko grazia.


ESKU BETE GALGAUAREN AURKEZPENA

(Elkartean baserritar bat balego, berak egiten du eskaintza. Eliza atzean dagoen ontzitik esku bete gari ale hartu eta aldare inguruan dagoen beste ontzi baten uzten du)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzeko erabiltzen ditudan eskuekin eskaintzen dizkizut galburu hauek, Jauna; bizitzaren eta guk bizia izan dezagun zure Semeak egiten duen erein aldiaren ezaugarri bezala eskaintzen dizkizut. Ereintza horrek, Jauna, guregan lur ona aurki dezala eta zuk itxaroten dituzun fruituak eman ditzagula. Guretzat hain erraza ez den ekintza honetarako zure laguntza eskatzen dizugu.


ATERKI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ni aterki batekin nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkia zabaltzen dugu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dugu edo hori, beste pertsona batzuentzat dela pentsatu dugu. Jauna, alda ezazu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.

Agurra

Senideok: Jesusen agindua kontuan hartuta, Elizak eta kristauok triunfalismorik gabe, doi-doi beharrezkoa denarekin, pertsona eta herri guztien giza eta erlijio askatasuna errespetatuz bete behar dugu gure egitekoa. Oso garrantzitsua da gure misioa eta ez du atzerapenik ametitzen. Denbora azkar doa eta asko dira salbamenaren eta osasunaren premian dauden gizonak eta emakumeak. Badugu zeregina. Zorioneko konpromisoa Erreinuaren alde!

Egun honetarako gogoeta

“Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
argi ditzala gure bihotzeko begiak,
dei egiten digun itxaropena zein den uler dezagun”





Maisuaren inguruan elkarturik, bere lana gugan egiten jarraitzen du: Jainkoaren salbamena da eskaintzen diguna, gerta dakigun gauzarik ederrena bezala. Hauxe da bere mezua.

Hamabosgarren igande honetan, hauxe da BERRI ONA: “Jainkoak Jesu Kristorengan aukeratu gintuen -Berak horrela nahi izanik- bere seme-alaba izatera”; aurrez aukeratu gintuen Jesu Kristoren bidez. Gure txikikeria, fideltasun eza eta bekatua kontuan eduki gabe aukeratu gintuen. Hona hemen Jaunaren handitasuna eta edertasuna!

Geure ahalbidearekin eta indarrarekin baliatzen garen gizon-emakumeoi kosta egiten zaigu hau ulertzea; eta batez ere Jauna horrelakoa dela ONARTZEA. Ebanjelioak gogoratzen digu: Berri On hau xumeak eta apalak bakarrik onartuko dute.

Jesusentzat hori oso garrantzitsua izan zen. Horregatik aukeratu zituen apostoluak, eta hitzekin eta zeinuekin Berri On hori iragartzera bidali zituen. Eginkizun horretarako oztopo dena (etxea, ondasunak...) bertan behera uztea eskatzen die, uneak eta eginkizunak horrelaxe eskatzen baitu.

Gaur, GEU gara DEITUAK, AUKERATUAK eta BIDALIAK eginkizun berera. Geure ordua da!

ZORIONTSUAK MISIORAKO deia entzuten dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Binaka bidaltzen hasi zen"

(Mk 6,7)

 

 


bidean@bidean.net
orue