Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 16. igandea - 2018.eko Uztailaren 22a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara.

Jesusek bere adiskideekin topo egiten duela kontatzen digu ebanjelariak. Apostoluak Maitasuna den Jainkoa iragartzetik itzultzean, Jesusek harrera ona egiten die eta elkarri entzuteko, atseden hartzeko, lana ondo eginez eta elkar banatuz gozatzeko moduko leku lasaira gonbidatzen ditu.

Guretzat Eukaristiak izan behar du Jesusen presentziaz betetzen gaituen toki lasaia; asteko lanen eta nekeen ondoren indarberritzen gaituana eta gure konpromisoari adorez begiratzen lagunduko diguna.

Oporraldia gozatzen dugun guztiok aurki dezagun leku lasai hori, atseden hartu eta gero indarturik itzuli gaitezen. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 23, 1-6

Artzainaren porrota ikusten du profetak artalde sakabanatuan. Irudi beraz baliatuz, artaldea sakabanatzen ez duen taldetik ardirik botatzen ez edo galtzen ez duen artaldea biltzen eta bizira gidatzen eta zuzentzen duen artzainaren itxaropena pizten du Jeremiasek. Hor egongo da Jainkoa, bere herriarentzat jakinduria, bakea, zuzentasuna eta segurtasuna eskaintzen. Onar dezagun profezia hau.


2. irakurgaia: Efesotarrei 2, 13-18

Jainkoaren salbamen asmoa ezagutzera gonbidatzen gaitu Paulo apostoluak. Kristo da gu batzen gaituena eta bakea dakarkiguna. Gurutzeko misterioak, banaketak desegin, eta Espirituari esker egoera barri baten sartzen gaitu. Gogoeta hau onartzen dugu.


Ebanjelioa: Markos 6, 30-34

Jesusen ikasleak euren misiotik datoz eta Jesusek bakardadean hartu nahi ditu euren bizikizunak entzuteko eta animatzeko. Inguruetako jendea ere zerbaiten gose-egarri da eta jarraitu egiten diote. Artzainik gabeko ardi lez ikusten ditu eta euren artzain izateko aurkezten da. Kontaketa hau entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba sentitzearen pozaz, jo dezagun konfiantzaz Harengana eta aurkez diezazkiogun gure eta munduaren premiak.

1.- Elizaren eta hori gidatzen duten artzainen alde: inongo irabazi interesik gabe zerbi ditzaten gizakiak eta beren ardurapeko artaldea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nahasturik, ilusiorik gabe eta beren bizitzaren zentzua eta bidea aurkitu gabe ari direnen alde: Jaunaren Hitzean aurki dezatela argia eta kristauengan itxaropenaren testigantza. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bakarrik eta laguntzarik gabe bizi diren pertsonen alde: esperimenta dezatela gizakiengandik hurbil-hurbilekoa den Jainkoaren maitasuna. Eta gu egin gaitzala senide horientzat sentikorrak eta hurbil-hurbilekoak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gidatuko eta zuzenduko gaituen artzainaren premian gauden guztion alde: Jaunak sorraraz ditzala bokazio berriak gure herrien zerbitzurako. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Elkartearen alde: zabal ditzala leihoak jendeen eta taldeen errealitateaz, gizarteko gosetuen eta baztertuen egoeraz ohar dadin. Egin gaitzazu solidarioak eta konprometituak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MUSIKA KASKOEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin lezake)

AZALPEN - OTOITZA: Gazteok, musika entzuteko asko erabiltzen ditugun kasko hauek dakarzkizut, Jauna. Bata bestearengandik aldentzen gaituenez, bakardadearen ezaugarri dira. Gaurko gizaki askoren arazo gisa aurkezten dizkizugu. Bakardadea, laguntasunaz konpon daitekeenez gero, konpromiso hori geureganatu nahi dugu: besteen ondoan egotea eta laguntzea.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Gizon heldu batek egin lezake)

AZALPEN - OTOITZA: Jauna, erlojupean, presaka, iritsi ezinik, “estresatuta” bizi diren hainbeste gizon-emakumeren ezaugarri bezala dakarzkizut erloju hau. Niretzat eta hemen gaudenontzat konpromiso hau eskuratu nahi dugu: arazo sortzailerik gabe, atseden eta baretasun sortzaileak izatea.


MEDIKAMENTU BATEN AURKEZPENA

(Medizina kutxarekin nahikoa da. Ahal dela osasun arloan lana egiten duan batek aurkezten du)

AZALPEN - OTOITZA: Jauna, errukiaren ezaugarri izan nahi duen medizina hau dakarkizut; kristau elkartearen ezaugarri on bat da errukia. Hori nahi dugu: besteentzat medizina bizkorgarria bihurtu. Besteen zauriak sendatuko dituzten gantzu eta olio izan. Besteen arazoak arinduko dituzten entzuteko gaitasuna izan. Zure Seme Jesukristok egiten zuen antzera egin nahi genuke: lehen Berak, eta orain gure bitartez sendatzen jarraitu.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Pastoral kontseiluko arduradunak egin lezake)

AZALPEN - OTOITZA: Jauna, makila hau dakarkizut. Agintarien ezaugarria dugu. Beronekin, zerbitzurako prest nagoela agertu nahi dizut; horixe da izan ere zure familia osatzen dugunon ezaugarria. Zerbitzu hori betetzen jarraitzeko zure laguntza eskatzen dizut. Gure elkarteko denok elkarren zaintzaile eta laguntzaile izan gaitezela.

Agurra

Senideok, goazen orain, lanerako prest, bizitzara eta zereginetara, Jainkoaren planak aurrera egin dezan eta artzain bakarra onartuko duen artalde bakarra izan dadin. Ez gaitezela ahaztu bakea, zuzentasuna, maitasuna eta senidetasuna ereiten gabiltzan lekuan, Jauna beti dagoela gure aldamenean. Jainkoaren Erreinuaren alde jokatutako aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute,
nik ezagutzen ditut, eta atzetik datozkit”




Eginbeharra handia denez, MAISUAK, Jesus Jaunak ELKARTU gaitu, bere jarraitzaileok adoretzeko eta indarberritzeko. Bere gonbidapena onartu edo bertan behera utz genezake. Geuregan dago. Bere eskaintza benetakoa da; Berak ez du egingo atzerantz.

Igande honetan (uda-udan) proposamen hau egiten digu Jesusek: “Zatozte toki baketsu honetara, atseden hartzera”. Gonbidapen hau, gaur eta hemen, GEURETZAT DA. Jesusen jarraitzailea gaur egun ere nekatu egiten da: Berri Ona iragartzearen poza eta nekea elkarrekin bizi ditu. Eta Jesusek bere ondoan atseden hartzera gonbidatzen gaitu.

Gaurko gizakia gauza askok jartzen du ito larrian; gu ere bai: urduritasunak, presaka aritzeak, gehiagoren egarriak... eta ez dugu lortzen bila gabiltzan BAKEA izatea. Atsedena behar dugu; bere ondoan atseden hartu. Jaunarengandik bakarrik etorriko zaizkigu bila gabiltzan bakea eta baretasuna.

Gonbidapen eta aukera ederra dugu gaurko igande hau. Jainkoa bera da gu zaintzen gaituen ARTZAINA (1. irakurgaia); “ORAIN Kristo Jesusengan zaudete” (2. irakurgaia). Zer gehiago eska daiteke! Edertasunez eta ontasunez betetako mezua dugu. Geureganatuko bagenu..!

Igande zoriontsua!
“JAUNAREKIN EGOTE” zoriontsua izan dezazuela.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Artzain gabeko ardiak bezala zebiltzan"

(Mk 6, 34)

 

 


bidean@bidean.net
orue