Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - SANTIAGO apostolua - 2018.eko Uztailaren 25a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: gaur Santiago Apostoluaren jaia ospatzen dugu. Bera da apostoluen artean Ebanjelioagatik bizia lehenengo eman duena.

Santiagoren bidea ez zen izan bidaia turistikoa, erromesaldia baizik, barrenera begiratzearen, Ebanjelioaren eskariak heriotzara arte berarenganatzearen, erromesaldia; Jesusek, bere Maisu eta Jaunak, edandako kaliza edan nahi zuen. Gaur, jai hau, otoitz eta gogoeta egiteko deitzat hartu daikegu: Santiago, gure fedea eta gure konpromisoa berritzeko leku izan da eta horrela da oraindik ere. Eta, aldi berean, bizia partekatzearen eta beti ZERBITZU jarrera bizitzearen eredurik gorengoena.

Ospakizun honek lagundu diezagula honelakoa aurkitzen: gure bizitzan garrantzitsuena Jesusen erara bizitzea dela.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Apostoluen Eginak 4, 33; 5, 12. 27b-33; 12, 2

Lehen irakurgai honek Santiago apostoluaren martiritzaren berri ematen digu. Ez da hiltzen bere pentsaera soziala, politikoa edo filosofikoa zaintzearren, pertsona bategatik eta bere Ebanjelioaren jarraipenagatik baizik. Kristoren ikaslea egiaren lekuko da, eta Jainkoaren esana gizakienaren aurretik ipintzen du. Bere martiritzaren kontaketa honetan ematen zaigun ikasgai ederra dugu.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 4, 7-15

Apostolu ministaritzaren handitasuna eta gizakion izate kaskarra ipintzen dizkigu Paulo apostoluak aurrez-aurre. Gizakion ahultasun eta argaltasunean agertzen da Jainkoaren indarra. Norberen mugak bizi sortzaile gertatu daitezke norberentzat eta besteentzat. Bere Semea hilen artetik piztu zuen Harengan ipintzen du Paulok konfiantza osoa, baita bera ere berpiztua izango den itxaropena. Aitormen esanguratsua eskaintzen zaigu.


Ebanjelioa: Mateo 20, 20-28

Ongi zehaztutako hiru zati ditu Ebanjelioaren kontakizun honek: ohorezko tokiaren eskabidea, beste apostoluen erantzuna, eta Jesusen irakatsi laburra. Baina, Zeruetako Erreinuan ez dira ezer ohorezko tokiak. Han zerbitzu apala eta martirioa, hau da, Maisuak berak edan zuen kaliza beretik edatea, dira balio dutenak. Onar dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Erromes guztien babesle aitortzen dugun Santiago lagun dugula, eska dezagun bizitza osoa erromesaldi iraunkor egiten duten gizaki guztien eta gizateri guztiaren alde.

1.- Lagundu eta babestu Eliza, Jauna. Ebanjelizatzen ari diren hainbesteren alde eskatzen dizugu: har dezatela zure grazia, eta gu guztiok gure fedearen testigantza adorez ematera eraman gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Lagundu eta babestu, Jauna, herri guztiak: zain ditzagula berezitasunak eta besteenei ere izan diezagula gure begirune osoa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Lagun iezaiezu, Jauna, agintari eta legegileei: beraien erabakiak hartzean, guztien onaren alde egin dezatela, pertsona guztien eskubideak errespetatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Lagundu eta babestu, Jauna, guraso eta hezitzaileak: haurrak eta gazteak kristau eta giza balio sakonetan hezi ditzatela, eta ez daitezela kikildu bilatzen dituzten zailtasunen aurrean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkartearen alde: gure familiak eta jai hau ospatzen duten herriek elkarrekiko abegi onez eta begirunez bete daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GARIALE SORTA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko baserritar batek edo, egon ezik, elkarteko edozein nagusik, egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure soroen fruitu eta gure herri osoaren ahaleginaren ezaugarri diren gari-ale hauek dakarzkizut. Onar itzazu, Jauna, eta hauekin batera, baita gure lan eta zereginak ere. Zure graziaz eta ontasunez, bihur daitezela guregan bihotz zabaltasun eta anaitasun fruitu. Gauza izan gaitezela pobrezia erauzteko (kentzeko) eta jo dezagula sendo zuzentasunaren eta berdintasunaren bidetik.


ERROMES-MAKILAREN AURKEZPENA

(Edozein erromes-ezaugarrik balio daike. Eta elkarteko beste nagusi batek egin daike)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, erromes-ezaugarri hau dakarkizut. Onartuko duzulakoan nago, ez orain bakarrik, baita gure bizitzen azken aldian ere, lur honetatik egin dugun erromesaldia sarituko duzunean. Ez iezaguzu utzi hemen eta orain loak hartzen. Garena eta daukaguna bere lekuan jarri dezagula, Zeuk agindu diguzun behin betiko aberria itxaroten bizi gaitezen.


GURUTZE HUTSAREN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau elkarteko edozeinek egin dezake, baina ongi legoke hitzaren ministeritzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik gurutze hau dakarkizut; zure Semea horrelako baten hil zutenetik, Berarengan sinesten dutenen kontra esan eta egiten diren ekintzen ezaugarri bezala. Bakarka eta elkarte bezala, gure sinesmena aitortzen eta mundu honen erdian iragartzen jarraitu nahi dugu, honen ondorenak gureganatuz. Jauna, zaindu eta babes itzazu aurrean erabiliak direnak, eta alda ezazu erasotzaileen bihotza. Pertsona guztien eskubideak eta sinesmen askatasuna errespetatuak izan ditezela.

Agurra

Anai-arrebok: Jesusek berak egin zuen bezala, Santiago Apostoluaren jai honek salbamenaren kaliza edatera dei egin digu. Jesukristoren heriotzaren eta biztueraren testigantza besteen aurrean argi egin behar den garaia hasten da orain. Zoritxarrei, erasoei, gutxiespenei, txarto ulertuak izateari diogun edozein beldur gainditu egin behar dugu.

Santiago apostoluak egin zuen bezala, Jaunaren indarrean eta grazian uste osoa jarriz, arrisku hori gure gain hartzen badugu, guretzat alaitasun garaia izango da, eta gure bizitzak Ebanjelioaren zerbitzu eskuzabalak izango dira, gizarte zuzenagoa, anaikorragoa eta baketsuagoa iristeko. Errealitate berri horren lekuko (testigu) izan gaitezela!

Egun honetarako gogoeta

“Ez horrelakorik zuen artean:
zuen artean handien izan nahi duena,
izan bide zuen zerbitzari”





Aparteko egunak, egun esanguratsuak, izaten dira gizon-emakume bakoitzaren bizitzan. Kristau Elkartean ere, berezitasuna adierazten duten arrazoiak izaten dira. Horrelakoa dugu gaurko egun hau. SANTIAGOren jaia da. Jesusen gertuenen artekoa izan zen.

Maitekiro zaindu zuen Jesusek bere TALDEA: ERREINUAREN EGITASMOA beraienganatuko zuen elkartea egin nahi izan zuen beraiekin. Hau da: gizon haiek Berak zituen asmo berberak izan zitzatela nahi izan zuen, Jainkoaren aldetik Berak eskaintzen dien behin betiko proposamenarekin maitemindu zitezela. Ahulak zirenez, bere Espirituaren dohaina eta indarra eskaintzen dizkie.

SANTIAGO izan zen Jesusi jarraitzea lehenbiziko izenpetuko zuena, odola isuriz izenpetu ere; azkeneraino izan zen lekuko zintzoa. Gero egin zuten taldeko beste guztiek; historian zehar, asko izan dira Jesusen bide berbera jarraitu dutenak, beraien burua GUZTIZ ESKAINTZEraino.

Egun polita da, bada, gaurkoa, gure fedearen eta Jesusi jarraitzearen sakontasunari eta osotasunari buruz gure buruari galdetzeko. Berriz ere, DEIA dugu, “zirikatzen” eta merezi dutenen arteko deia. Adoretuko ote gara, bada?

ZORIONTSUAK BERE DEIA onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari"

(Mt 20, 26)

 

 


bidean@bidean.net
orue