Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 17. igandea - 2018.eko Uztailaren 29a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ospakizun honetan, erdigunea eta behinena, Jesusen Mahaia, Hitzaren eta Eukaristiaren mahaia dugu.

Jesusi entzun nahian hurbiltzen zitzaion jendearen gogo berarekin etorri gara ospakizun honetara, gu ere Biziaren Ogiz janaritu gaitzan. Horrela, bada, Joan Ebanjelariak kontatzen diguna da ospatuko duguna.

Jesusek daukagun apurra ere elkarbanatzera, dauzkagun gauza txikietan sinestera, gonbidatzen gaitu; duguna hartutakoa dugula konturaturik, esker oneko izan gaitezen eta gutxiago daukatenekin elkarbanatzen jakin dezagun.

Eukaristia honek lagun diezagula gure kristau bokazioa aurkitzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: 2 Erregeak 4, 42-44

Entzungo dugun zati honetan Eliseo profeta agertzen zaigu Jainkoaren eta gizakien arteko bitartekari. Bere hitzari esker, urritasuna, ugaritasun bihurtzen da eta denak jango dute. Geroxeago entzungo dugun Ebanjelioaren aurrerapena den zati hau onartzen dugu. Entzun dezagun.


2. Irakurgaia: Efesotarrei 4, 1-6

Erroman, kateapean dagoen Paulok, Efesoko kristauei euren sinesmena zaintzeko, karitatean eta bakean bizitzeko eta ezberdintasunak apaltasunez gainditzeko eskatzen die. Gaurko kristauoi ere egoki datozkiguzan aholkuak. Onar dezagun bere testigantza.


Ebanjelioa: Joan 6, 1-15

Jesusek, Jainkoaren erreinua hitzekin eta askatasun ekintzekin iragartzen du; gaurkoan, ogiak ugaritu eta jendeari jaten eman. Jainkoaren egitasmoan, hitza eta ekintza lotuta doaz eta hori da agertzen zaiguna hemen. Prestatu gaitezen gogoeta hau barneratzeko, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Aurkeztu diezaiogun Jainko Aitari bere seme-alabok anai-arreben alde egiten diogun otoitz apal eta uste osoz betea.

1.- Elizearen alde: bizitzeko beharrezkorik ez duen jendea onartzen jakin dezala, lagun diezaiola egoera hortatik irtetzen eta jakin dezala gure munduko bidegabekeriak salatzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Jesukristori jarraitzen diogun kristauon alde: egiten dugun guztia haren maitasunaren islada izan dedila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Beren burua baketzeko bide bila ari direnen alde: ez ditzatela itxi beren bihotzak Jainkoaren Hitzaren aurrean eta hor ase ditezela beren bilaketa egarriak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Hirugarren Munduko herrien alde eta gure inguruan zer janik ez dutenen alde: bihur gaitezela hoiekin solidarioak eta jakin dezagula daukagunetik elkarbanatzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure (Parrokiako) Elkartearen alde: jakin dezagula pertsonen gauza txikiak -esker ona, zerbitzu isila, ahalegin etengabeko eta zintzoa- behar den bezala baloratzen, erraztu ditzagula pertsonen arteko harremanak, egiazko familia-giroa sortzen laguntzeko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



OGIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko helduen artetik edozeinek aurkeztu daike ogi eder bat, Eukaristiaren ezaugarri bezala. Eskaintza ostean, Batzarburuak aldareko mahai gainean jartzen du)

OTOITZA - AZALPENA: Begiratu, Jauna, ogi eder hau dakarkizut. Gure oinarrizko janariaren ezaugarria da. Bera ez daukatelako, mundu hontako miloika gizon-emakume gosearen menpean daude. Zure Eukaristiaren ezaugarria bere bada: gizon-emakumeei emandako zure Gorputza. Emaiguzu gaur, Jauna, zure Gorputzaren indarra, zure Semearen heriotza eta biztuera gaurkotzeak dakartzan konpromisoak bete ahal ditzagun.


ARDOZ BETETAKO PITXARRAREN AURKEZPENA

(Elkarteko beste edozeinek egin daike. Ogia gizonezkoak aurkeztu badu, bidezkoa da ardoa emakume batek eskaintzea. Batzarburuak, eskaintza eskuratzen duenean, lehen egindakoa egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, ardo onez betetako pitxar hau dakarkizut. Gizon-emakumeen egarria asetzen du eta gure bihotza alaitzen du neurriz edaten denean, jaiaren zoriontasunean denok bata besteari hurbilduz. Zure Semeak, bere nekaldian eta Gurutzean, gure alde ixuri zuen Odolaren ezaugarria ere bada. Bere bidez, maitasunaren eta zuzentasunaren frutua den mundu ezberdina iritsi daitekela azaldu nahi dugu. Zapalkuntzarik, ezberdinkeriarik eta bidegabekeriarik bere barnean izango ez dituen mundua.


ESKU HUTS BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek, katilu antzera ipinitako esku huts batzuk aurkezten ditu)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Zu zara gure itxaropena eta gure aberastasuna; guk ez daukagu ezer. Zure grazia hartzeko gure prestutasuna bakarrik dugu. Zuk bete ditzazun zain dauden esku huts hauen bidez, horixe da gaur eskaintzen dizudana.


KARITASEKO AZKEN HORMA IRUDIA AURKEZTEA

(Karitasen dabilen batek egin lezake. Ondo legoke, gero, ikusteko lekuan uztea)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Karitaseko horma irudi hau dakarkizut; pobretasunaren arazoa gogoratzen digu, bai Elizari eta baita gizarteari ere. Ahots gabekoen ahotsa ez dadila isildu; gure elkartasuna gehitzen joan dadila. Beren arazoak eta salaketak Elizan eta gugan izan dezatela oihartzuna eta beren premietara hurbil gaitzala.

Agurra

Senideok: entzun dugun Jainkoaren Hitzarekin konprometituta, eta elkarteak eta hartu ditugun Jaunaren Gorputz-Odolek indartuta, eraman ditzagula gure bizitzara gure fedearen erantzukizuna eta konpromisoa. Kristorekin elkartzea gizon-emakumeekin elkartzea dela adierazteko prest egon gaitezela gure bizitzan. Aste honetan honela bizi gaitezela eta Erreinuaren egitasmo honetan aurrera egin dezagula. Kristau testigantza zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Profeta handi bat sortu da gure artean.
Jainkoak ikustaldia egin dio bere herriari”




Jesus Jaunarengan dugun FEDEA eta Beraren egitasmoarekin aurrera jotzeko dugun konpromisoa BERRITZEKO bildu gara. Aitaren egitasmoa bera da hau: anaikorragoa, zuzenagoa den mundu BERRIA. Hor neurtzen da gure fedea. Bere Hitzarekin eta Bizitzaren ogiarekin janaritzera etorri gara. Hori da proposamena.

Gaurko Ebanjelioak berriro aurkeztuko digu EZAUGARRIETAKO bat (hitz garrantzitsua Joanen Ebanjelioan): ogien eta arrainen gehitzea da. Gerotxoago eskainiko digunaren aurre-iragarte bezala, elkarbanatzearen ezaugarri hau uzten digu Jesusek: BER BERA, BIZITZAREN OGI bezala, hurbiltzen zaizkionen eta beren bizitzan onartzen dutenen goseak asetzeko gaitasunez. Izan bere, Jainkoak ez die hor konpon egiten gizon-emakumeen minei eta bakartasunari; hori erakusten du bere Semearengan. Honek errukia izan zion gosetutako gizataldeari. Jesusen antzera errukitzen denak, gehitu egiten ditu bost ogiak.

EUKARISTIA (=Ogi zatitzea) ospatzea gure bizitzak betetzen dituen Hura gureganatzea da; Berak egiten duen bezala elkarbanatzea da; Berarengan adierazten den anaitasuna eraikitzen lan egitea da.

Horrela, berriro ere, gure fedean HAZTEKO deia egiten zaigu, Jesusen erara biziz, eta, Bera bezala, anai-arreben gosea asetzen saiatuz. Bakoitzak ahal duena eginez, egin eta bete daiteken gauza bihurtzen du miraria.

Zoriontsua, Jesusen antzera, BIZIAREN OGI egiten dena,
ERREINUAREN EGITASMOA gozatuko duelako!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hauxe da, egiaz, mundura etortzekoa zen Profeta"

(Jn 6, 14)

 

 


bidean@bidean.net
orue