Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - LOIOLAKO INAZIO deuna - 2018.eko Uztailaren 31a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

JAIA GIPUZKOAKO ETA BIZKAIKO ELIZETAN



Senideok: Bizkaiko eta Gipuzkoako Elizek jaieguna dute gaurkoa. Loiolako San Inazioren, gure Zaindariaren, eguna dugu: gure herriaren entzutea munduko hainbeste bazterretaraino zabaltzea ahalbidetu zuen gizonarena.

Loiolako Inaziori zail egin zitzaion Jaunaren deiak entzutea: bere kontura eta bere interes eta balioen arabera bizi nahi zuen. Eta ongi zihoakion. Baina Jainkoak itxaron egiten du, ez du presarik hartzen; han egoten da une egokiaren zain Inazioren bihotza eta gurea harrapatzeko. Ebanjelioko pasarte batek eragin zion Inaziori: “Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea bere burua galtzen eta hondatzen badu?” (Lk 9, 25).

Ospakizun eta jai honek lagundu diezagula Jainkoak gutariko bakoitzari etengabe egiten dizkigun deiak aurkitzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 30, 15-20

Idazle sakratuaren arabera, bizitzarako edo heriotzarako bidea jartzen dizkio Jainkoak aurrean herriari, berak aukera dezan. Jainkoak -saminez- herriaren aukera okerrak errespetatu egiten ditu. Berak leial jarraitzen du eta bizitzarako agintzariak betetzen jarraituko. Guretzat ere gogoeta esanguratsua.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 10, 31 – 11, 1

Paulo apostoluak, fededun bezala bizitzeko era aurkezten dio bere Elkarteari: bakoitzaren bizitza Jainkoaren gorespen bezala bizitzea, eta horrela Kristo Jesusen antzeko izatea. Hori da egiazko fededunaren helburua. Onar dezagun testigu honen gogoeta eder hau.


Ebanjelioa: Lukas 9, 18-26

Ebanjelioan entzungo ditugun hitz hauek: “Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu”, gizon emakume askoren bizitzan akuilu bezala izan dira. Jesusen proposamena zehatza da eta erantzun bat eskatzen du; ezin daiteke baztertu. Entzutera eta onartzera gonbidatuta gaude. Egin dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Gure Elkarteetan gaur gogoratzen dugun Loiolako Inazioren bitartez, eskatu diezaiogun beren bizitzak beteko dituen zerbait horren bila ari diren gizon eta emakumeen alde, eta aintzat har ditzagun gizadiaren beharrizan guztiak.

1.- Gipuzkoako eta Bizkaiko gure Elizen alde eskatzen dizugu Jauna: Loiolako Inazioren bitartez, babestu eta bedeinkatu eta banaketa guztitik atera ditzazula; Jauna, Familia bezala hazi daitezela; apalak, hurbilak, abegitsuak izan daitezela, eta pertsona guztiak bereizkeriarik gabe har ditzagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Jauna, historian zehar Ebanjelioaren Berri Ona munduko hainbeste lekutan iragarri duen Jesusen Lagundiaren alde eskatzen dizugu: bedeinka itzazu kide guztiak banan-banan, behartsuenen eskubideen alde jokatzen jarrai dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jauna, Jesusen Lagundia Erreinuaren aldeko zerbitzurako bokazio berriz bedeinka dezazula eta guztiak zure Elizaren zerbitzari leialak izan daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jauna, jarrai ezazu Jesusen erara bizi nahi duten neska-mutil gazteak suspertzen; guraso eta hezitzaileen alde, haurrak eta gazteak giza balio gizatiar eta kristauetan hezi ditzaten, eta aurkezten zaizkien zailtasunak gorabehera, gogoa gal ez dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Lagun eta babes itzazu, Jauna, gure Elkarteak eta gure Familiak: xumetasun eta apaltasunetik bizi ditzatela batasuna eta senidetasuna, eta hurbiltzen zaizkien guztiak onartzen jakin dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LORE SORTA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozeinek egin dezake aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik lore-sorta polit hau eskaintzen dizut. Banan-banango eta elkarteko gure fedea adierazi nahi du. Zuk egiten diguzu deia eta gutariko bakoitzak onartu behar dugu zure hitza, honek esana egin behar dugu eta gure bizitzaren bizitza bihurtu behar dugu. Gauza izan gaitezela, Loiolako Inazio izan zenez, Zu Jainkoaren Seme maite, gure Jaun eta gure bizitzen ardatz aitortzeko. Fede hori, Jauna, izan dadila gaur eskaintzen dizkizugun loren besteko usaintsua, eta izan dezagula gizon-emakumeei itxaropena emateko gaitasuna.


EBANJELIOEN AURKEZPENA

(Elkartean, bai helduen artean bai gazte edo haurren artean, fedea zabaltzen ari den batek aurkeztu dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelioak eskaintzerakoan, zure Seme Jesukristori jarraitzeko gogoa eta erabakia agertzen dizut. Zure jarraitzaileon liburua da. Loiolako Inaziok eta hainbeste gizon eta emakumeek beren bizitzako ardatz egin duten liburua. Jauna, emaguzu zure Espiritua, gure eguneroko bizitzan Ebanjelioa egi bihurtzen joan gaitezen.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkartean konpromiso bat duen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ebanjelizatzen eta mundua eraldatzen egiten gabiltzan ahaleginaren ezaugarri bezala pastoraltzan lanean gabiltzan eta elkarte osoaren izenean dakarkizut gatzontzi bete hau. Loiolako Inazio eta Jesuitak hainbat herritan ebanjelizatzen ari diren antzera, eragozpen ugari izan arren guk ere ebanjelizatzaile izaten jarraitu nahi dugu. Zure laguntza eskatzen dizugu gure gatza geza ez dadin.

Agurra

Jaunak, Loiolako san Inazioren festa egunean, bere Hitzaren eta bere Eukaristiaren janarira dei egin diguzu. Bedeinka ditzala berak gaur bere festa pozik ospatzen ari den Herri hau eta Jesusen Lagundiko Familia hau. Eta honek lagun egin diezagula guri ere Jainkoaren benetako seme-alaba bezala bizi izaten, guztien eskubideen alde jokatzen beharturik. Jai eta poztasun egun zoriontsua!


ABESTIA


Inazio, gure Patroi handia
Jesusen Konpainia,
fundatu eta dezu armatu,
ez da, ez, etsairik jarriko zaizunik
inolaz aurrean gaurko egunean,
nahiz betor Luzifer deabrua
utzirik inpernua.
Zure soldaduak
dirade aingeruak,
zure gidaria
da Jesus handia;
garaitu ditu zure Konpainiak, etsaiak.
Ez dauka fedeak,
ez kristau nereak,
ez dauka beldurrik
inungo aldetik.
Inazio hor dago,
beti ernai dago,
armetan jarria
dauka Konpainia,
txispaz armaturik,
bandera zabalik,
gau ta egun gu guztiok
bakea dezagun,
beti gau eta egun.

Egun honetarako gogoeta

“Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea,
bere burua galtzen eta hondatzen badu?”




Bikaina da mundu guztian LOIOLAKO INAZIO euskaldunaren entzutea. Eragin handia izan zuen bere garaian eta gizaldiak zehar iraun egin du eragin horrek.

Zaila egin zitzaion Loiolako Inaziori Jainkoari ENTZUTEA. Eroso aurkitzen zen Jainkoaren egitasmoetatik urruti samar zegoen bere “mundutxoan”. Baina Jainkoak, iraupen onekoa izanik, badaki une egokiari eta bitarteko bete-betekoari itxaroten, nahiz eta agirian zoritxarra izan (Irunako zauria). Hortxe sortzen da goitik behera eraldatutako eta goitik beherako eraldatzaile izango den Inazio.

OTOITZA dela gizaki handiak egiten diren eta Jainkoarekiko topaketa sortzen den “ikaslekua” aurkituko du. Eguneroko bizitza arruntean egunik egun bizi daiteken otoitza. Berak idatzitako GOGO JARDUNAK liburua Jainkoaren esperientzia izatetik Ebanjelioaren Berri Onaren egia eskaintzera bidalitako gizon-emakumeak (“Kristoren gudariak”) egiteko tresna jatorra izango da.

Sinestedun sakona izan zen. Aparteko eran maite izan zuen Eliza une zail eta korapilotsuetan, eta bere Familia ere, Jesusen Lagundia, Jesusen Elizaren esanean eta maitasunean bizi izatera bultzatu zuen. Munduko zenbat bazterretara iritsi den Ebanjelioaren dohaina, gizaldiak zehar, Familia horren eraginez! Atzo eta gaur, era harrigarriz adierazi dute hori lekuko (testigu) bereziak.

Jesusen eta honen Ebanjelioaren lekuko bikain eta baliotsu, eta gure hurko Elizaren Zaindari dugu Inazio. Honek bizi zuen bezala ONBIDERATZEAren dinamikan sartzea da bere jaia ospatzea, gure munduak gaur ere behar dituen LEKUKO BIZIAK izatera iristeko.

Zoriontsuak ERREINUAren alde JOKATZEN dutenak,
Jainkoa izango delako haien ALTXORRA betiko!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu?"

(Lk 9, 25)

 

 


bidean@bidean.net
orue