Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 18. igandea - 2018.eko Abuztuaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak. Jesukristo berbiztuarekin bat egiteko pozik elkartzen gara.

Bere Hitzarekin eta Bizitzako Ogiarekin janaritzeko gogoz etorri gara Eukaristia ospatzera. Jesusek, indarrez gogoratuko digu gaur, gure gose guztiak ase ditzaken janari bakarra Bera dugula. Eta berari jarraitzeko eta bere egitasmoa aurrera eramateko JANARITU beharra daukagu. Apaltasunez bere Hitzaren eta Ogiaren mahaira hurbiltzen gara.

Ospakizun honetan, Jaunak argitu gaitzala eta gure bihotza bero dezala, benetan Berarekin eta anai-arrebekin elkartzearen poza bizi dezagun. Has gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera, 16, 2-4. 12-15

Idazle sakratuaren arabera, Jainkoak leial jarraitzen du bere herriaren alde egindako agintzarian; egoera ezberdinetan eta beharrizan guztietan, Berak zainduko du. Baina Jainkoaren dohaina ez da errez ezagutzen, Jainkoak berak agertzera ez badu ematen. Esklabutzatik askatua izan den herria, Jainkoak berak elikatzen du. Kontaketa hau, Jesusek eskainiko digun Ogi Biziaren aurrerapen bat bezala da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Efesotarrei 4, 17. 20-24

“Gizon zaharraren” jokabidea baztertu eta Jainkoaren arabera egina den “gizon berriarekin” jaztera gonbidatuko ditu Paulo apostoluak Efesoko elkartekoak. Biziera berri hori ikasi beharra dago; bestela usteltzeko arriskuan erortzen gara. Entzun dezagun bere gogoeta bizi eta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 6, 24-35

Joan zen igandean entzun genuen arrain eta ogien ugalketa ondoren, ebanjelariak bere gogoeta eskaintzen digu: jendetzaren gosea asetzea ez da nahikoa; “harago” joan behar da; Jesusengana iritsi eta pertsonaren benetako gosea kentzen duen Bizitzako Ogia aurkitu Berarengan. Hauxe da bizitza sakontasunez bizitzea, eta horixe da Jesusek eskaintzen diguna. Gogoeta sakon hau entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amari zuzentzen diogu gure otoitza; bere seme-alabok anai-arreben alde konfiantza osoz egiten dugun otoitz apala dugu.

1.- Jainkoaren Elizaren alde: bere Hitzez eta Ogi Bizi janarituz, gizaki guztien ongizatearen alde lan egin dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, Gotzain, Apaiz eta pastoraltzan lanean dabiltzan guztien alde: gure gizarteko behartsuenak eta baztertuak beti kontuan izan ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gorputzean edo espirituan premian sentitzen direnen alde: Kristorekin aurkitzearen poza izan dezaten eta gure hurbiltasuna senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Parrokia eta kristau elkarte guztien alde: gure bizitza osoa eukaristian oinarrituz, anaitasun eta solidaritatearen testigantza eman dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde: gure bizitzak zaindu eta aurrera egiteko indarra, betiko Hitza eta Ogi Bizia eskaintzen digun Kristorengan aurki dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BASERRIKO OGIA ETA PITXAR BETE ARDOAREN AURKEZPENA

(Meza laguntzaileak egin lezake. Haietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jainko Jauna, ogia eta ardoa; Zuregandik, lurraren indarretik eta gizakiaren lanetik hartutako fruituak ditugu. Zure Espirituaren indarrez, guretzat zure Semearen Gorputz eta Odol bihurtuko dira. Bakarka eta elkarte bezala, zure Erreinurako bidean behar ditugun janaria eta edaria dira. Gaur, BANATZEAREN ezaugarri ere izan nahi dute: pertsona guztiak ahora zer eraman eduki dezatela. Onartu, Aita-Ama, gure eskaintza hau eta gure artean solidaritatea nagusitzen joan dadila.


INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek kimatzeko artaziak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, kimatzeko artazi hauek dakarzkizut. Badakigu zertarako diren: sobra dagoena kenduz, bestea indarberritu. Zure Semearen jarraitzaileok ere gauza askori ezetza eman behar diogu, fruitu ugariak emateko gai izan gaitezen. Ebakitzeak min ematen du, baina zure Semeari jarraitzeko mesederako izan zaigula, bere Ebanjelioa bizitzeko.


JAI EGITARAUEN AURKEZPENA

(Elkarteko familia batek egin lezake eskaintza hau; haietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, inguruan jai giroa dugun ezkero, jai batzuen egitaraua aurkezten dizugu. Jan-edanean eta batetik bestera ibiltzean ez gaitezela gelditu. Famili bizitza, elkarrizketa eta gure harremanak sakontzeko une berezi bezala aprobetxa ditzagula. Jaien alderdi baikor hau aurkitzen eta bizitzen lagun iezaguzu, Jauna.

Agurra

Senideok: benetako bizia izateko, Jesusekin eta bere egitasmoarekin lotuta egotea eskatu zaigu gaur. Pertsonak barruan sentitzen dugun gosea, Berak bakarrik ase dezake. Bila dabilen gizakiari, bere Hitza eta Ogi zatitua eskaintzen dizkio. Hor janaritzen gara eta hor egiten dugu bat, Jainkoa den misterioarekin. Eukaristian entzun, ikusi eta bizi izan dugunaren testiguak izatera bidaliak gara. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jaungoikoaren ahotik ateratzen den Hitz guztiz baizik”




Jesus Jaunarengan dugun SINISMENA BERRIZTATZEKO, eta berak hasitako proiektua, Aitaren proiektu ber-bera, aurrera eramateko elkartzen gara: mundu BERRI bat, anaikorragoa eta zuzenagoa. Hortxe neurtzen da gure kristau izatea. Jainkoaren Hitzarekin eta Bizitzarako den Ogiarekin janaritzera etorri gara.

Igande honetan, liturgiak aukera hau eskaintzen digu: Moises BERRIA eta benetako Maisua den JESUSEN mezua norberaganatu eta sakondu. Joan zen igandean ere, OGI BIZI bezala aurkeztu zitzaigun; beren bizitzetan onartzen duten guztien gosea asetzeko prest dagoena. Gaurkoan ere gai berdinarekin jarraituz, entzulea otoitz eta erregu giroan sartzen du: “Jauna, emaguzu beti ogi horretatik”.

Gutariko bakoitzak, andre eta gizon, bizitzan segurtasun batzuk bilatzen ditugu; bizitzan aurrera egiteko, egonkortasuna ere beharrezkoa dugu. Gure eskabideei erantzuteko prest dugu Jesus; gizakiaren bihotzean sortzen diren goseak asetzeko prest eta behar duen segurtasuna eskaintzeko prest. Hauxe da gaur eskaintzen zaigun mezua.

Desertuan Jaunak bidalitako “ogi zuria”, Jesusek bera onartzen duten guztiei eta bere elkarteari eskainiko dien Bizi Ogiaren aurrerapena da. Horretarako, Paulo apostoluak, “Jainkoaren arabera egina den gizaki berriaz” janztera gonbidatu gaitu. Jesukristo berbiztuarekin aurkitzetik datorren izaera berri horrekin jabetzera; adimenez eta bihotzez berriztatzera.

Hemen aurkitzen gara gu ere, Jesukristo gure Jaunaren oinatzak jarraitu nahian; gure bizitza betea eta argia izan dadin, Berarengana hurbiltzen gara: “Niregana datorrena ez da gosetuko eta niregan sinesten duena ez da behin ere egarrituko”. Ba ote dago eskaintza hoberik!

Zoriontsua bere bizitzan Jesus ONARTZEN duena,
betirako den JANARIA izango du!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naiz bizia ematen duen ogia"

(Jn 6, 35)

 

 


bidean@bidean.net
orue