Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 19. igandea - 2018.eko Abuztuaren 12a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak, anaia-arrebok elkarturik Jaunaren mahai inguruan egiten dugun batzar honetara.

Eukaristian Jesus da gu betetzen gaituena. Jesusek duen onena ematen digu: gure janaria eta kristau bizitzarako adorea ematen digu. Luzea da bidea, gure indarrentzat astunegia. Zailtasun eta oztopo handiak aurkitzen ditugu Jesusi jarraitzeko; nekea, eguneroko ohikeria, adorerik eza. Baina Jesusen “herritarrak” baino zori hobea daukagu: guk badakigu bera dela Jainkoaren Seme maitea.

Horregatik, ez gaude bakarrik: Jainkoak, Aita-Ama on izanik, Ogi bizia ematen digu. Aukera egokia gaurkoa geure buruari galdetzeko: EUKARISTIA, zer da guretzat? Gozatzen ditu gure neke-minak? Gizon edo emakume berri izateko indarberritzen gaitu? Gai al gara Berak proposatutako maitasunean bizitzeko?

Eukaristiak lagun diezagula Bere Hitz horretan fidatzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 19, 4-8

Elias profeta desertuan zehar nekatuta doa, indar barik sentitzen da eta gerizpean jezarrita, nekea, ezina eta makalaldia sentitzen du. Irten bide lez, Jainkoari heriotza eskatzen dio. Baina eskaintzen zaion ogiaz janariturik, bideari ekiten dio eta mendi santuraino heltzen da, Jainkoaren benetako aurpegiarekin aurkitzeko. Bizi kontaketa hau onartzen dugu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 4, 30 - 5, 2

Paulo apostoluak agertzen digunez, pekatuak gure arteko harremanak zikintzen eta gogortzen ditu. Jainkoaren antzekoa izatera deitzen du elkartea; ontasunean eta errukian Jainkoaren antzeko izan eta Jesusen Espirituaren kontra doan guztia baztertu. Elkar ulertzera eta barkatzera deitzen gaitu. Onar dezagun apostoluaren gogoeta.


Ebanjelioa: Joan 6, 41-51

Ogi biziaren gogoetaz jarraitzen du gaur ere Jesusek ebanjelioan. Eta gaur bere entzuleoi, hauxe diosku: ogi honetatik jaten duana, betirako biziko da. Jesus dugu zerutik jaitsitako ogi bizia. Ogi biziari buruzko katekesia geureganatzen goaz. Prestatu gaitezen gaurkoa entzuteko, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jesus Ogi Biziaren bidez, aurkeztu diezaiogun Aita-Amari gure otoitz apal eta uste osoz betea.

1.- Elizaren alde: munduko eta pertsona bakoitzaren historiako basamortuan zehar, eman diezaiela gizaki guztiei elikatzen eta indartzen duen Ogi bizia, Jainkoaren maitasunaren ezaugarri izateko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Ilusioa galduta, etsita, hainbeste arazok larrituta aurkitzen direnen alde: elkar banatzeko gai izan gaitezela eta gure testigantzak lagun diezaiela gure bizitzei zentzua ematen dien Kristo aurkitzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Baztertuenei laguntzeko erakundeetan ari direnen alde: gure elkartasunak ez diezaiela hutsik egin eta lagunduak eta onartuak senti daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo eta hil-zorian daudenen alde: Eukaristian Jesusen indarra eta laguntza sentidu dezaten eta gure hurbiltasuna ere izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure (parrokiako) elkartearen eta ospakizun honetan elkarturik gaudenon alde: Eukaristiak lagun diezagula batzuetan aintzat hartu ez ditugun apalak eta xumeak aurkitzen eta onartzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAITZ HARRI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, harkaitz harri honekin, gure indarra eta aterpea zarela aitortzen dugu. Baretzen gaituen eta zure bakea dakarkigun hitza entzun nahi dugu. Inguruak ez digu eskaintzen giro hori, baina guk horrela bizi nahi dugu. Zure Seme maitearengan daukagun sinesmenean sakonduz, bere laguntza senti dezagula gure ibilbidean.


HONDARTZARA JOATEKO ERABILTEN DUGUN ESKUZAPI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte edo heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, gure gizartean “itxura onekoa” izatea, eta horretarako eguzkia hartzea, eguneroko gauzak dira. Eskuzapi honek, oporretan gaudela agertzen du. Jauna, oporraldiak, gure izatearekin eta Zurekin aurkitzera eraman gaitzala. Benetako atsedena hartuz, indar berriekin itzul gaitezela gure zereginetara.


DIRU POLTSATXO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru poltsatxo hau, kontsumo zalekeriaren aurka gaudela agertzeko dakarkizugu. Jauna, zuk badakizu gazteok tentaldi ugari izaten ditugula. Salmo egilearekin batera diotsut: “urrundu gugandik Jauna baztertzea”. Eta Pedrorekin: “norengana joango gara? Zuk betiko bizitzaren hitzak dituzu”. Bihotz-bihotzez eskerrak ematen dizkizut, Jainko Aita, zure Seme Jesukristorengan sinestea eman didazulako.

Agurra

Senideok: eguneroko bizitzara itzuli behar dugu, eta hara eraman behar dugu, Jaunaren Gorputza hartzerakoan, geurea egin dugun konpromisoa: bizitzea tokatu zaigun munduan, Jainkoa presente eta sinesgarri egitea. Bera izan dadila gure babes nagusia. Bizi dezagun horrelaxe! Ebanjelio testigantzaz beteriko aste zoriontsua izan dezazuela!

Egun honetarako gogoeta

“Neu naiz zerutik jaitsitako ogia;
ogi honetatik jaten duena betiko biziko da”




Jesus Jaunak, bere jarraitzaileen prestakuntza zaintzen du. Eta egia begi bistan dago: bere herria eta batez ere arduradunek eta agintariek ez zuten erraz ulertu eta are gutxiago onartu Jesusek eskaintzen zuen mezua. Horrela, gaurko ebanjelioan entzungo dugu “judutarrek Jesusen aurka hitz egiten zuten”; izan ere… Jesusengan sinestea ez da batere erraza.

BIZITZARAKO OGIARI buruzko katekesiarekin jarraitzen du igande honetan. Lehen irakurgaiak eta ebanjelioak OGIAREN esanahi sakonari buruz hitz egin digu; Elias, ogiarekin elikatzen da; Jesus Bera da “zerutik jaitsitako ogi bizia”. Etsita, dena bertan behera uzteko, hiltzea Jainkoaren misioaz aurrera egitea baino nahiago duen Profetarentzat; edota ebanjelioa jarraitzeaz nekatuta dagoen fededunarentzat, biderako janari eta indar emaile zaigun ogi gisa agertzen zaigu Jesus. Hain erraza ote da dena? Guzti honekin zer ulertzen dugu? “Haurrentzako kontuak” ote dira?

Mezua hauxe da: gizakion gosea asetu lezakeen janari gisa ematen zaigu Jainkoa; iragarpen gisa (profetaren irakurgaia) edo errealitate gisa (ebanjelioa). Beren bizitzetan hartu nahi dutenentzat, Jainkoak bere Seme Jesus eskaintzen digu janari gisa. Horregatik da bizitzako ogia eta itxaropen ogia, bizitzaren zentzuaren bila dabiltzan gizakientzat.

Jaunari eskerrak ematen dizkiogu emandako janariagatik:
JESUS BERA.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naiz zerutik jaitsitako ogi bizia"

(Jn 6, 51)

 

 


bidean@bidean.net
orue