Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - MARIAren ZERURATZEA - 2018.eko Abuztuaren 15a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara.

Gure herri askotan sustrai luzeak dituen festa ospatzen du gaur Elizak. Herriaren jakinduriak argi ulertu du Andre MARIAren garrantzia, fededunaren ama eta ispilu baita.

Ez zaigu erraz egiten gaurko ebanjelioaren mezua onartzea: bidean jarri behar dugu. Eroso bizitzea dugu gogoko, eta Jainkoak erosotasunak uztera gonbidatzen gaitu; gure mundutxoetan itxiak bizi garenok, besteengana hurbiltzeko deia jasotzen dugu. Hori da Mariaren jarrera: Jaunaren nahiari baietza eman ondoren, bat-batean joan zen Isabel lehengusinaren etxera.

Esna dezagun gure bihotza Jaunaren presentziaren aurrean eta, poz-pozik, has dezagun gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Apokalipsia 11, 19a . 1-6a. 10ab

Irudi nagusia emakumea duen koadroa eskaintzen digu idazle sakratuak: guztia doa haren garrantzia azpimarratzera. Jaunak ere begiko du, eta erabat aldeko azaltzen zaio. Mariak, Kristoren garaipenean bat egiten du. Entzun dezagun, bihotz biziz, gogoeta berezi hau.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 15, 20-27

Paulo apostoluak Korintoko kristauei egindako idazki honetan, gauza bat argi uzten digu: gure Piztuera Jesukristorenaz lotuta dagoela. Kristo denen hasiera eta amaiera da. Bera da gure Bizitzaren hasiera eta amaiera; Beragandik gatoz, Bere eraginez bizi gara eta Berarengana goaz. Hainbeste doantasunen aurrean, leialak izatea dagokigu. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 1, 39-56

Entzungo dugun ebanjelio zati honetan, Lukas ebanjelariak Mariaren ahotan jartzen ditu, Jaunak historian zehar egin dituan harrigarriak. Maria lako pertsona apalak goratzen dituan Jainkoari, bihotza ireki behar diogu. Sinesmendunaren esker ona agertzeko kantua dugu “Magnifikat”. Jainkoa goratuz, guk ere apaltasunez onartzen dugu.

Jainko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak adoretuta, zuzendu diezazkiogun gure otoitzak eta eskariak Jainko Aita-Amari, bere Semearen bidez, Andre Maria lagun dugula. Egon ziur: emango digu bizitzarako beharrezko duguna.

1.- Elizaren alde: Andre Mariaren antzera, erromes bizi dadila mundu honetan, besteen premietara beti adi. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: mundu gizatiarragoa, zuzenagoa, askeagoa egiten ahalegindu daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Edozer arrazoirengatik sufritzen dauden gizaki guztien alde: beren bide gogorrean aurki dezatela sufrimendua arinduko dien esku bero-beroak eta hurbil-hurbilekoak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Festetan edo oporretan daudenen alde: beren egiazko poza bihotzeko bakean, anaia-arrebekin egotean eta elkar banatzean aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: beti bizi gaitezela erne besteen premiak ikusteko, esnaturik behar gaituen edozeinengana hurbiltzeko, eta sendo zerbitzuan irauteko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LOREEN AURKEZPENA

(Aldare ondoko loreak aurretik prestatuta egongo dira, baita lore hauek non jarri ere. Eskaintza elkarteko edozein emakumek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, gaur zure mahai ingurua dotore jarri nahi dugu. Zure Semearen Ama eta gure Amaren festa eguna dugu eta Mariak dena merezi du. Lore hauekin Mariaren edertasuna agertu eta goratu nahi dugu. Zu ere, Mariagan ohartu zinen, sortu baino lehen, lurrean zure Semearen sagrarioa izateko. Lore hauekin eskaintzen dizugu geu izateko gogoa eta konpromisoa, Espiritu Santuaren egoitza, gizakientzat lurrean ezaugarri.


GATZEZ BETERIKO GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Nire izenean eta elkartearen izenean, gatzontzi bete hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen dugun konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Historian zehar beste gizon-emakume askoren antzera, misiolari izaten jarraitu nahi dugu nahiz eta oztopoak ugari izan. Emaguzu zure grazia gatz honek bere indarra zaindu dezan.


KUTXATXO BATEN AURKEZPENA

(Kutxa zabalik eta hutsik. Elkarteko gizon batek egin dezake. Ederra eta polita izan dadila)

OTOITZA - AZALPENA: Mariak eukan jarreraren ezaugarri lez dakarkizugu kutxa hau. Mariak bere bihotzean gordetzen zituen Jainkoaren eta bere Semearen hitzak. Jauna, guk ere Zuk esaten diguzunaren zain egon nahi dugu eta gauzarik ederrena lez geure bihotzean gorde.


FRUTA OTARRE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko bi emakumek egin lezakete. Ospakizunaren bukaeran ondo legoke han aurkitzen den bikote zaharrenari oparitzea. Euretariko batek eskaintza orduan dio:)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, ikusteko ederrak eta jateko gozoak diren fruituekin beteriko otarre eder hau dakarkizugu. Zuk sortutako gauza guztiengatik eskerrak ematen dizkizugu. Zure Seme Jesu Kristok eta bere Ama Mariak, zurekin betiko egotearen poza gozatzen daude. Zuk gure eskuetan ipini zenuen mundu eder hau, gizakiok zoritxarrez, interes ekonomikoak tartean direla, hondatu besterik ez dugu egiten. Jauna, ohar gaitezela izatea edukitzearen gainetik dagoela; eta natura bere edertasunean zaintzea gure ardurapean dagoen erronka dugula.

Agurra

Senideok: hauxe da begi bistakoa: guztion artean, indartsuen, sarituen, gazteen, osasuntsuen, garaileen, bizitzaz gozatzeko gai direnen gizartea egiten ari garela. Gure ongizatea arriskuan jarriko ez duten pertsona atseginak ditugu gogoko; adiskidetasuna eta maitasuna mesede trukaketa bezala hartzen ditugu. Baina horrela ezin da alaitasunik kutsatu, ezin da bizirik eman.

Gaur egun, errekuperatu behar dugun maitatzeko era berri bat dago: bakardadean jota aurkitzen denari, beheraldian lotuta dagoenari, gaixoaldian aurkitzen denari, drogak direla-eta baztertuta aurkitzen denari, edo bizi pozik eta itxaropen barik dagoenari… gure laguntza eskaini behar diogu. Hauxe da Jaunak egiten digun gonbitea: besteengana irekita egonez, bidean aurrera egiteko prest egon behar dugu, eredutzat ipini zaigun MARIAren antzera. Kristau testigantzaz osaturiko festa zoriontsu bat denoi!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua zu andre guztien artean
eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua!”




Kristau elkartearentzat GAUR ere egun handia da. Oporretan eta festetan aurkitzen garenean, MARIAREN ZERURATZE jaia ospatzen dugu. Egun ederra. Hainbat herritan festak dira! Sinesmen bihozkadaren ondorena dela esan dezakegu.

Nahiz eta heriotza hor egon, gaurko eguna, ITXAROPENAREN abestia, BIZITZAREN abestia da; hau da, heriotza ez da azken hitza: Jainkoak Jesus berpizterakoan, muga guztiak hautsi ditu. MARIAK betiko bizitza horretan parte hartu du. Sinestunetan Maria izan da lehendabizikoa.

Gure antzera, Maria sinesmenean bizi izan da; berak ere, erantzunak baino galdera gehiago sortzen dizkion Jainkoa aurkitu du; Jainkoaren hitzean fidatuz egin zuen ibilbide guztia; iluntasun artean egin behar izan zuen bidea. Guzti horregatik, sinesmena dutenen EREDUA da.

Heriotzara eramaten gaituen indarrak ez daitezela nagusitu gugan; BIZITZARA IREKITA egon gaitezela eskatzen zaigu gaur; hauxe da egiten zaigun dei nagusia.

ZORIONTSUAK BIZITZARA irekita daudenak:
horiek beteko dute JAINKOAREN ASMOA!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gauza handiak egin ditu nire alde Ahalguztidunak"

(Lk 1, 49)

 

 


bidean@bidean.net
orue