Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 20. igandea - 2018.eko Abuztuaren 19a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara!

Senideok: igandea dela-eta, hemen gaude berriz ere gure fedea beste anaia-arreba batzuekin batera ospatzeko, gure itxaropena suspertzeko, gure maitasuna berritzeko eta sustatzeko.

Bizitzako egoerak eta ardurak dakarzkigu Eukaristiara: krisi ekonomikoa eta egoera latzak; herrien arteko aditu-ezinak eta gerrak; gosez hiltzen diren hainbeste lagun; era guztietako eta osatu ezineko gaixotasunak; elkarrizketarik eza eta ondoren bezala bakerik eza gure gizartean eta herrialde askotan....

Jakin badakigu ez gaudela bakarrik. Jainkoak berak gonbidatzen gaitu lagunentzat prestatuta daukan mahaira; bere Semearen Gorputza emango zaigun mahaira. Bere mahaitik parte hartuz, bere antzera besteen alde gure bizia ematera deituak izango gara.

Eukaristiak indartu gaitzala, maitasunaren indarrez, guztientzat emaniko bizitza posible egin dezagun.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Esaera Zaharrak 9, 1-6

Testamentu Zaharreko irakurgai honetan, egile sakratuak, Jakituria, Jainkoa bera bezala dela, esango digu. Berak prestatzen du otordua eta denok gonbidatzen. Jesusen Eukaristia otorduaren aurrerapena da. Gogoeta hau entzuteko prestatzen gara.


2.Irakurgaia: Efesotarrei 5, 15-20

Paulo apostoluak, zuhur bizitzera gonbidatzen ditu bere elkarteko kideak; bizitzako arrisku eta tentaldien aurrean, neurritsu jokatzera; une guztietan Jesusen Espirituarekin bat egitera. Gogoeta esanguratsua. Entzun dezagun..


Ebanjelioa: Joan 6, 51-58

Gaur ere Ogi Biziaren katekesiarekin jarraitzen du ebanjelioak. Jesusek entzuleen eztabaidei erantzuteaz batera, Eukaristiaren sakontasunean murgiltzen gaitu. “Nire haragia jaten eta nire odola edaten duanak, badauka betiko bizia”, esango digu. Mezu eder hau onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen Biziaren Ogiaren bitartez, aurkez diezaiogun Aita-Amari gure otoitz apala eta konfiantzaz betea.

1.- Elizak zintzo eta etengabe aurkez diezaiela Ebanjelioa gizaki guztiei. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, gotzain, abade eta laiko konprometituen alde: Eukaristia izan dadila bizi iturri eta ebanjelizatze lanaren ardatz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bakea gerta dadin Euskal Herrian, Palestinan, Israelen, Iraken, Sirian…, munduko herrialde guztietan, eta elkarrizketarako eta tolerantziarako bide berriak ireki ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- BORONDATEZKO laguntza eta besteen onerako euren lana eskaintzen duten gizon-emakume guztien alde: euren ekintza ederrean zintzo jarraitu eta Jaunaren bedeinkapena izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Elkartearen alde: abade, gazte eta helduok ipin ditzagun gure bizitzak pobreen, behartsuen, gaixoen, azkenekoen alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GURUTZE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake. Saman erabiltzen dugun gurutze txiki bat elkarteko buruari aurkeztu ondoren, dio:)

OTOITZA - AZALPENA: Jesu Kristoren jarraitzaileon ezaugarri baino gehiago, askok saman apaingarri gisa erabiltzen dugun gurutzetxo hau eskaintzen dizut: neure izenean eta elkarte osoaren izenean aurkezten dizut; nahiz eta munduak indar handia izan, Jesu Kristori egiaz jarraitzeko gogo eta erabaki gisa dakarkizugu. Bizitzako arazoak eta gurutzeak ez gaitzala bota atzera, eta uneoro eta guztientzat maitasunez emandako bizia izan dezagun.


LUR GLOBO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du; gizarte zerbitzuren baten dabilen batek egiten badu, hobe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, haur eta gaztetxoak mundua hobeto ezagutzeko eta gehiago maitatzeko gizarte ikasketetan erabiltzen duten lur globo hau dakarkizut. Eskuetan harturik, inor kanpoko edo atzerritar ez, baino denok hiritar sentitzeko, gizaki askok amesten duten auzo handi hori dirudi.

Jauna, arrazakeri eta erlijio ezberdinak sortzen dituzten gorrotoak desegitea eskatzen dizut. Jesusen jarraitzaileok, baztertzaile ez, baino bateratzaile izan gaitezela. Tolerantziaren, elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta maitasunaren lekuko egin gaitzazu.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza erdibitzen duen munduko beste sufrimendu bat aurkezten dizut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekin kezkatuta bizi diren Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten dizkizut; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dugun pertsonak gehitzen joan gaitezela.


KATILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egiten du. Katilua hutsik dago; sinesmendun bezala betetzen joateko konpromisoa hartzen dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu honekin, nik eta kristau guztiok hartzeko daukagun jarrera agertu nahi dizut. Mariaren antzera eta zure lekuko izan diren askoren antzera, zure Hitza eta zure grazia hartzeko prest gaudela agertzen dizut. Haiek barik, txiki gelditzen gara eta Zugandik urrunduta bizi. Jauna, bete itzazu gure bihotzak zure graziaz.

Agurra

Senideok: Jesu Kristoren heriotzaren eta piztueraren oroitzapena ospatu dugu. Eukaristian parte hartu eta Kristorekin bat egin dugu. Orain, mundura bidaliak gara, mundua antzaldatzera, banaketa eta egoismoa nagusi diren tokian ospatutako bizia ereitera, Jainkoarekin eta senideekin elkartuta bizitzeaz hitz egiten digun Hitza indartsu bizitzera. Horrela izan bedi! Ebanjelioko testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Nire haragia jaten duenak eta nire odola edaten
nigan bizi da eta ni beragan”




Gizaki guztiok daukagun guraririk bizienetarikoa BIZIA da; bizitzeko gogoa, osotasunean bizitzekoa. Aspaldian eta toki guztietan entzuten ditugun esaldiak dira: “bizi kalitatea”, “bizi baldintzak hobetzea…”.

Igande honetako mezua, apartekoa da! “Ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du” esatera ausartzen da Jesus. BERA den OGIA eta munduari eta bere jarraitzaileei eskaintzen dien ogia da. Egia ote da? Edo besterik gabe Jesusen “handikeria” bat izango ote da?

Gaur, JESUS, BIZIAREN eta ITXAROPENAREN ITURRI gisa eskaintzen zaigu sinesmena dugunoi; betiko biziaren hazia duena; gure bizitza eraberritu eta anima lezakeena. Baina horretarako EBANJELIOKO BALORE sakonenetara BIHURTU behar gara: apaltasuna, urritasuna, guztiekiko elkartasuna, txikiak eta ahulak onartzea, benetako adiskidetasuna, Aita-Amarekin aurkitzearen poza; hau da, Jesusek bere bizitzan sakontasunez bizi izan zuena, Aitaren egitasmoa norberaganatuz.

Jesusek eskaintzen digun OGI honekin ELIKATZEKO prest al gaude? Egiaz gure gose-egarriak ase lekizkien Harengan gure konfiantza osoa jartzeko besteko jakintsuak izango ote gara?

ZORIONTSUA BIZITZAKO OGIAREKIN elikatzen dena:
bere bizia OSOTASUNERA deitua izango da!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du"

(Jn 6, 51)

 

 


bidean@bidean.net
orue