Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 21. igandea - 2018.eko Abuztuaren 26a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, senideok, sinesmen eta anaitasun batzar honetara!

Hemen gara berriro ere igandean eta Jaunaren presentzian elkarturik. Jaunaren hitza entzutera, Jaunaren Mahaian elikatzera etorri gara. Susper dezagun gure bihotza, poztu gaitezen egiaz: Jauna gurekin dago. Berak ematen digu fedearen dohaina. Berak ipintzen gaitu bere ondoan joateko gogoa. Jaunak egiten gaitu Jesus Jaun eta Maisu bezala aitortzeko gai.

Prestatu gaitezen gure ospakizunari hasiera emateko. Jaunak zabal ditzala gure begiak eta gure bihotza, Pedro Apostoluarekin batera esan izan dezagun: “Betiko bizia dute zure irakatsiek”. Hauxe dugu Berari jarraitzeko era, eta Jesusen dohaina eta bere Berri Ona gure anai-arrebei proposatzeko era bakarra.

Sentimendu hauek geureganatuz, hasiera ematen diegu Eukaristiari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Josue 24, 1-2. 15-18

Israel herria Egiptotik askatua izan da. Agindutako lurrean dagoen herriari, Josuek aukeratu beharra eskatzen die: Jave Jainkoa jarraitu, edo-ta mendean hartutako herrien jainkoak gurtu. Herriak, Jainkoarekin leiala izateko hitza eman zuen. Gure aurretikoen sinesmen ibilbidearen kontaketa hau entzuten dugu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 5, 21-32

Paulok, ezkontzaren irudiaz baliaturik, Kristoren eta Elizaren arteko batasuna aldarrikatzen du. Ezkontzako leialtasuna, bata bestearen alde arduratzea da Jaunak Elizarekiko duen arduraren irudia. Kristo da gu bakoitzaren alde bizia ematen duena. Entzun dezagun, bihotz onez, gogoeta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 6, 61-70

Orain entzungo dugun ebanjelioarekin. Jesusek Kafarnaunen egin zuen Biziaren Ogiari buruzko hitzaldia bukatzen da. Jesusen hitzak gogorrak dira eta entzuleei zaila egiten zaie ulertzea. Batzuek alde egin zuten ez baitzien ulertzen. Beste batzuek, tartean apostoluak, nahiz eta ulertu ez, jarraitzea erabaki zuten. Jesusen irakatsiak astiro-astiro ulertzen joango dira. Gu, bere mezua entzuteko eta onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jesus eredutzat hartuta, bizitza osoan Aitaren nahia egiteari eta pertsonei on egiteari emana ibili zelako, eska dezagun, senideok, gizon eta emakume guztien eta beren premien alde.

1.- Jainko Elizaren eta hor pastoralean zerbitzuan ari direnen alde: Kristorekin bizi duten batasuna gizaki guztientzat salbamen zeinu eta iturri izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Lurreko nazio guztietako agintarien eta, batez ere, gure herrikoen alde: herrien buru izatearen erantzukizunaz konturatu daitezen eta ezinduen eta baztertuen alde jokatu dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Fedean zalantzak dituztenen alde: Jaunaren Espirituak argi ditzala eta gure bizi testigantzak sendo ditzala horien ahulaldian. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ezkonduen alde: Jainkoak digun maitasunaren ezaugarri eta sakramentu izan daitezen eta euren seme-alabak giza baloreetan eta kristau baloreetan hezi ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan aurkitzen garen guztion alde: Jaunaren graziak indarturik, gure fedearen eta alaitasunaren testigu adoretsuak izan gaitezela munduaren eta gizakien aurrean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Pastoral kontseiluko arduradunak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau dakarkizut. Agintarien ezaugarria dugu. Beronekin, zerbitzurako prest nagoela agertu nahi dizut; horixe da izan ere zure familia osatzen dugunon ezaugarria. Zerbitzu hori betetzen jarraitzeko zure laguntza eskatzen dizut. Gure elkarteko denok elkarren zaintzaile eta laguntzaile izan gaitezela.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Bere familiarekin hurbiltzen den aita batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familia eta munduko familiak irudikatzen dituen mahats mordo hau dakarkizut. Adar ahul batek ale ezberdinak bildu eta lotzen ditu; gure familietan ere ezberdinak gara, baina batasunean bizi nahi dugu. Gurari hau eskaintzerakoan, zure laguntza eskatzen dizugu bizitzan zehar egi bihurtzen joan gaitezen.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Eraikuntzan erabiltzen den harria eta arlo horretan lan egiten duen batek eskaintzen du)

OTOITZA – AZALPENA: Etxeak sendotasunez egiteko erabiltzen dugu harri hau dakarkizut, Jauna; hor oinarritzen da eraikuntza. Gure elkartea eta Eliza Jesu Kristogan oinarritzen da.

Bere jarraitzaileok osatzen dugun eta zure egon leku den kristau elkartea eskaintzen dizugu. Mundu honen erdian zure Seme Berpiztuaren lekuko izateko konpromisoa eskuratzen dugu. Batasunean bizi izanaz munduaren zerbitzari izan nahi dugu.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek egingo du eskaintza)

OTOITZA - AZALPENA: Zure Seme Berpiztuaren ezaugarri den kandela piztu hau dakarkizut, Jauna. Bere argiaren inguruan bildu zituen Jesusek lehen kristauak, elkarte bizietan. Gure elkartean egiaz bizitzeko eta elkar banatzeko gogoa eskaintzen dizugu lehenengo, eta baita, bigarren, elkartetik irten eta, geure hitzen eta bizitzaren bitartez, zeu gizon-emakumeei aurkezteko gogoa ere. Horretarako, emaguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.

Agurra

Senideok: kontua ez da “nora” goazen, baizik eta “norengana” goazen. Jesusen ondoan bizi den Pedrok nahiago du Harekin jarraitzea, askorik ulertzen ez badio ere, Jesusen hitzetan betiko bizia aurkitzen baitu. Eta gu norengana joango gara? Jaunak lagunduko ote digu bizi emaile izaten, eta gure hitzek zentzuz bete lezakete hainbestek bizi duten egoera hutsala. Jaunak, bere graziaz, lagun diezagula gure konpromisoei leialak izaten. Elkarte irekia izanik, gaixoen, hirugarren adinekoen, langabetuen, ahulenen, Jaunaren kuttunengandik hurbilago bizi gaitezen. Jaunak egin gaitzala horiekin guztiekin hurbilekoak eta solidarioak. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoeta

“Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
zuk betiko biziaren hitzak dituzu”




Gaurko ebanjelioak, entzun daitekeen aitortzarik ederrenetarikoa eskaini digu: “Jauna, norengana joango gara? Zuk betiko biziaren hitzak dituzu”. Politak, ederrak eta hunkigarriak Pedroren hitz hauek.

Gaur egun hainbeste zentzugabeko hitzekin, beteko ez diren promesekin, nazkatuta gaude. Hitza eta irudia ez zaizkigu falta; alderdi guztietatik inguratuta gaude. Irratiko edo telebistako botoitxo bat ukitzea nahikoa dugu. Baina baita gure harremanetan ere: hitz eta hitz isildu gabe eta sarritan ezer ganorakorik esan gabe. Norbaitek, “isiltasunaren beldurra” deitu dio egoera honi. Eta isiltasuna egiten denean, zentzugabeko edo hitz arinekin, sakontasun gabekoekin hausten dugu isiltasuna.

Kristau elkarteak ere ez daude egoera horretatik kanpo. Horregatik ez dago argi, entzuten digutenek ulertzen ote dituzten “espirituz eta biziz beteriko” hitzak (gaurko ebanjelioa).

Jesusen hitza beste era batekoa da: biziaz, egiaz eta gardentasunez betea; Aitari eta gizakioi digun maitasunetik sortua. Gure bizitza indartuko eta bizkortuko duen Jesusen hitz horren premian gaude gizakiok! Kristauok ere, Jesusen antzera, hitz errazekin, egiaz eta biziaz beteriko hitzekin hots egingo digutenen premian sentitzen gara!

Utz ditzagun berriketak!
Egin dezagun ISILTASUNA, Jaunari ENTZUTEKO
eta Jaunak ERABERRITU gaitzan.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Betiko bizia dute zure irakatsiek"

(Jn 6, 68)

 

 


bidean@bidean.net
orue