Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 22. igandea - 2018.eko Irailaren 02a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Jaunaren eguna ospatzera.

Senideok: Jaunaren Hitza entzuteko, Jesu Kristoren heriotzaren eta piztueraren oroigarria ospatzeko elkartu gara gaur ere, igandero egiten dugun bezala.

Oporraldiko etenaren ondoren, geure betiko zereginetara, ordutegietara eta lanetara eta, beharbada, betiko ohiturakerietara itzultzen gara. Une egokia da hau gure KRISTAU IDENTITATEAZ, gure ohiturez gogoeta egiteko. Baliteke kristau bizitzan oinarrizkoa denetik desbideraturik ibiltzearen susmoa izatea; benetan sinetsi behar dugunaz, kristau bezala egin beharrekoaz, ospatu behar dugunaz egin behar dugu gogoeta.

Eukaristiak lagundu diezagula fedea bizitza dela eta bizi bihurtu behar dela aurkitzen; tokiek eta uneek garrantzi txikia dute. Has gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 4, 1-2. 6-8

Irakurgai honetan, Jainkoak Berberak askatua sentitzen den Israel herriaren ibilbidearen zati bat entzungo dugu. Moisesek Jainkoaren legea betetzera bultzatuko du herria, bere laguntza edukitzeko eta agindutako lurra lortzeko bide bezala. Legearen bidez Jainkoa herriagandik hurbil dago eta hor agertzen da herriaren leialtasuna. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Santiago 1, 17-18. 21b-22. 27

Santiago apostoluak Jainkoaren Hitza onartzera gonbidatzen du bere elkartea. Hitz hori, sinesmendunen bihotzean landatua izan da eta kristau fruituak ematera deitua dago. Eguneroko bizitzarako dei eder bat egiten zaigu.


Ebanjelioa: Markos 7, 1-8a. 14-15. 21-23

Herriak, erlijioa eta giza ohitura batzuk nahasten zituan eta Jesusek argi uzten du bere jokaera: bihotz garbitasunak zuzentzen du gizakion bizitza. Hor dago bai benetako zeregina. Jesusen irakatsia onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen bitartez Jainko Aita-amari zuzentzen diogu gizon-emakume guztien alde egiten dugun eskari erregua.

1.- Jainkon Elizaren eta hor pastoral zerbitzuari emanik bizi direnen alde: fede eta bizitza bat etorri daitezela eta beste guztiontzat eredu bizi gerta daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazio guztietako agintarien, batez ere, gure herrietakoen alde: herrien gidari izatetik duten erantzukizunaz kontura daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Berri Ona entzuteko aukerarik ez duten eta horrelako mezurik onartzen ez duten pertsona guztien alde: haien bihotzak Ebanjelioaren mezura zabaltzeko grazia eman dezatela Jesusen Espirituak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Otoitzean elkartu garan guztion alde: Jainkoaren hitza jarraituz eta Jesusen konbidapena onartuz, gure bihotzak berriztatzen ahalegindu gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure (Parrokiako) Elkartearen alde: gure jarrerak eta konpromisoak sakontasunez berriz ere ikusten lagundu diguten Jesusen hitzak onartzeko gauza izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



EBANJELIO LIBURUAREN AURKEZPENA

(Ume, gazte edo nagusiekin katekesian arduratzen den batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelioak aurkezterakoan, zure Seme Jesukristo onartuz, bertan dakarrena jarraitzeko gogoa agertzen dizugu. Zure jarraitzaileon liburua dugu. Bertan oinarritu nahi dugu gure bizitza. Gure bizitzak berenarekin bat egitea nahi dugu. Lagun esaguzu, Jauna, gure gogoak eguneroko bizitzan egi bihurtzen. Emaguzu indartuko gaituen zure Espiritua.


BATAIOKO AGIRI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Bataioko Agiri honekin, Zuk eskatzen diguzun bezala bizitzeko konpromezua hartzen dugula agertu nahi dizut, Jauna. Bataiatua izatea eta zure Hitza entzutea ez dira nahiko; Zuk, eguneroko gurutzea hartu eta Ebanjelioa gure bizitzako bide lez jarraitzea eskatzen diguzu. Borondate onez egiten dizugu eskaintza hau, baina badakigu zure grazia eta laguntza behar dugula horretarako.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari bat dakarkizugu. Inguruko eta munduko, eguneko gora beherak agertzen dira. Gauza onak oso gutxi agertzen dira; bestelakoak ugari dira: gerrak, zuzengabekeriak, erasoak... Gizakiok nolakoak garan agertzen digute. Egoera hauetan ere Zu aurkitzen zara eta hitz egiten diguzu. Gure sinesmenak argi gaitzala egoera guztietan Zurekin bat egiten eta zure nahia betetzen.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten dizut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dut. Bizi usaina da, Piztueraren lurrina. Eta Elkarte osoaren izenean eskatzen dizut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure hizketen, gure bizitzeko eren eta jokabideen bitartez, Jesus berpiztuaren bizi berriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezela.

Agurra

Senideok: Kristau izatea eta Jesukristoren jarraitzaile izatea gure ekintzekin eta bizitzarekin agertu behar dugula entzun dugu. Egiten duguna bihotzez egin dezagula; bizi fruituak emateko bihotza berriztatu behar dugu. Gure bizitza poztuko duan egiteko ederra dugu aurrean. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Herri honek ezpainez goratzen nau,
baina bihotza Nigandik urrun dauka.
Ematen didan gurtza hutsa da”





Sarritan gertatu den antzera, gaur ere bai, krisialdiko tentazioa “lehengoari eustea”, edo “gaurkoa bakarrik dela baliokoa” sinestea da nagusiena, bizi izandako esperientziekin inolako loturarik izan gabe.

Jesusek gaurko ebanjelioan planteatzen digun gaia hauxe da; eta garai hartako pertsona erlijiosoek (farisearrek) lehengoari hain lotuak zeundenez, bizitzari, hazteari, sinesmenari eta benetako erlijioari oztopoak jarri besterik ez zuten egiten. Gizadiaren historia zaharra!

Eta gogoan edukitzekoa: FEDEA, TRANSMITITZEN den BIZIA da; eta ez betirako eta ukitu ezineko arauak edo formulak. Zoritxarrez, gaur egun ere sinestun asko daude ezertarako balio ez duen “lehengoari edo beti egin denari loturik” eta benetako egiatik bazterturik.

“Betiko gauzak ERA BERRI BATEN BIZITZEA” da gaurko ebanjelioaren proposamena, nahiz eta eguneroko bizitzan erraz ahaztu. Izan ere errazagoa da:
- bataiatzea: “beti egin delako”;
- sendotza hartzea: “ondo datorkigulako”;
- lehen Jaunartzea: “denak egiten dutelako”;
- Elizaz ezkontzea: “hobeto gelditzen delako”;
- edo…


Egoera hau, fedea transmititzen den bizitzatik oso urrun dago! Betikotik eta ohiturakerietatik hurbilago dago! Eta Jesusek hori salatzen du gaurko ebanjelioan.

Zoriontsuak sinesmenaren GAURKOTASUNA bizi dutenak;
haien bizitza uneoro argiturik egongo baita!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jainkoaren agindua bazterreratzen dezute"

(Mk 7, 8)

 

 


bidean@bidean.net
orue