Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 23. igandea - 2018.eko Irailaren 09a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak sinesmen eta anaitasun batzar honetara; Jaun berbiztuarekin eta gure anai-arrebekin bat egiten dugun ospakizun honetara.

Hemen gara berriz ere igandea dela-eta, Jaunaren gure artetik “igarotzera”, Jesusek gure artean daukan presentzia ospatzera etorrita. Jauna bera datorkigu, eta salbamen egiten zaigu gutariko bakoitzari. Gu sendatu nahian dator; bihotz irekia eta Jauna onartzeko prest egotea eskatzen zaigu.

Hasiera eman behar diogu ospakizunari. Jaunak ireki ditzala gure belarriak eta gure bihotza, haren hitza ulertu eta onartu eta haren Erreinua iragar dezagun. Gogo biziz, has gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 35, 4-7a

Lehenengo irakurgai honetan, Jainkoak mundu barri baten iragarpena egiten digu Isaias profetaren bidez. Gizakion muga eta ezinaren gainetik Jainkoa dago bere salbamena eskainiaz. Jainkoaren ontasunaren aurrean gorespen ereserkia kantatzea dagokigu. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: Santiago 2, 1-5

Jainkoaren aurrean behartsuak eta baztertuak duten garrantzia gogoratuko digu Santiago apostoluak irakurgai honetan: Jainkoarentzat eurak dira lehenengoak, aukeratuak eta kutunenak. Munduak baztertzen dituen pertsonak aukeratzen ditu Jainkoak. Apostoluaren gogoeta hau erronka ederra dugu


Ebanjelioa: Markos 7, 31-37

Jesus norberen mugaz kanpo begiratzen duana lez agertuko zaigu ebanjelioan. Gormutua, barri ona ulertu ezin duten ikasleen irudia da; Jesusek berak zabaltzen dizkio belarriak eta askatzen mingaina. Gaurko fededunaren irudia ere bada: bakardadean lez eta geure buruari entzunez bakarrik bizi gara. Jainkoak besteengana zabaltzen gaitu. Prestatu gaitezen mezu hau entzuteko, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jesus, gure Salbatzailearen eta Anaiaren bitartez, aurkez diezaiogun Jainko Aita-Amari gure otoitz apal eta konfiantzaz betea.

1.- Elizaren alde: hitzez eta testigantzaz jarrai dezala gizaki guztiak sendatzen eta gure munduaren erdian zeinu askatzailea izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gaixo, behartsu eta gure gizarteko babes gabekoen alde: gure ekimenez eta ekintzaz, Jainkoaren askatasuna eta poza ezagutzeko aukera izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztien alde: baztertuenen alde eten gabe lan eginez, gure bizi giroetan Kristo sendatzailea eta askatzailea presente egin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ikasturte berriaren hasieraren aurrean, gure umeen, gaztetxoen, gazteen eta helduen hezkuntzaren zeregin nagusia aurkezten dizugu, gure Jaun eta Aita-Ama. Bedeinka ezazu hainbeste hezitzaileren ahalegina. Zure Espirituak argi ditzala eginkizun berezi eta garrantzitsu horren arduradun guztiak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkarte erlijiosoen eta parrokietakoen alde: Jainkoak gure artean daukan presentzia samurraren testigu biziak eta sinesgarriak diren gizon eta emakume bezala azal daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ORDULARI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du; aita batek egiten badu, hobeto)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, denbora zaintzeko eta neurtzeko erabiltzen dugun ordulari bat dakarkizut. Gaur, ikasturte berri baten aurrean gaudela agertu nahi dizut. Gure ibilbidean, pertsona bezala eta sinesmendun bezala aukera berri baten aurrean aurkitzen gara. Eskerrik asko, Jauna, zugandik hartzen ditugun mesede guztiengatik; Zurekin kontatzen jarraitzen dugu.


UME BATEN AURKEZPENA

(Haurra, meza-emailearen ondora dijoa eta eskuak otoitz egiteko bezala biltzen ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ezer ez, baino, gaur ni neroni eskaintzen natzaizu. Apaltasun ezaugarri bezala eta otoitzerako keinu bezala, zure aurrean eskuak bildu ditut. Zuri eskaintzen natzaizu, Jauna. Esku hobeagotan ezin naitekeenez egon, egizu nirekin, Jauna, Zuk nahi duzuna. Oso-osorik zurea naiz, Jauna.


ADREILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, adreilu hau dakarkizut. Etxegintzan, oinarrizko elementua dugu. Gure elkartearen izenean dakarkizut; zeu zara elkarte honen oinarri eta euskarri. Zugan ipintzen dugu gure sinesmena eta konfiantza. Zu kontuan izanez ulertu nahi dugu gure bizitza, gure ingurukoena, inguratzen gaituen guztiarena, errealitate eta historia guztiarena... Eta hor, zure Seme maiteak egin zuen antzera, zure Erreinuaren alde jokatuko dugu.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsonak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Irratia, ia denok daukagun aparatua dugu; pertsonak entzumena behar dute, eguneroko albisteekin bat egiteko. Entzumena behar dugu baita ere Jainkoaren Hitza entzuteko; hitz horren gainean eraiki nahi dugu gure bizitza. Zure Hitzak, Jauna, argi dezala gure bizitza.

Agurra

Adiskideok: Kristo etorri da eta sendatu egin gaitu. Oraingoz ez dago tokirik ezkortasunarentzat eta itxaropenik ezarentzat. Kristo hurbileko egin zaio gizaki behartsuari. Gure artetik igaro da, gure artean bizi da. Nahikoa da begiak irekitzea, Kristo aurkitzeko. Baina… Kristok bere presentzia nabari egingo duten lekukoak behar ditu. Jaunaren lekuko izatera, haren esku izatera deituak gaude. Elizak eta gutariko bakoitzak jaso dugu gizakiaren aurpegi askatzailea ikustea oztopatzen duten guztien aurka borrokatzeko deia. Elkar banatzea, elkarrekin errukitzea, elkarren lankide izatea bizi behar dugu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Herriaren minak sendatuz,
Jesusek Erreinuaren Berri ona aldarrikatzen zuen”




Jesusengan sinesten dugunoi aukera berri bat eskaintzen zaigu igande honetan. Biziaren Hitza entzunez, zerbait berria eta ez-entzuna eskaintzen zaigu; itxaropenez eta biziaz beteriko gonbitea.

Igande honetako liturgia osoa berri honen iragarle da. “Liluratuta” uzten gaituen hitza, ebanjelioko “IREKI ZAITEZ” da; beste irakurgaietan ere horrelako zerbait agertzen da. Norberagan itxita eta norberaren zilborrari begira dagoen gaurko gizakientzat dei garbia eta zeinu esanguratsua dugu hori.

BAKARDADEA eguneroko ogia gertatzen zaigu. Gizakiok, zubiak eta autopistak egiten ditugu azkarrago ibiltzeko eta hurbilago egoteko. Baina gizakion arteko harreman zintzoak, gozoak, beroak, samurrak eta benetakoak edukitzea gero eta zailago egiten zaigu: gizakiok gizakiontzat arraroak bihurtzen hasiak gaude. Bakardadean bizi gara, Jainkoari eta lagun hurkoei ateak itxita.

Horregatik, gizon-emakume askok dute Jesusek gormutuari esandako hitzak entzuteko premiea: “ireki zaitez”. Guri ere irekitzeko gonbitea egiten digu. Norberekeriaz jokatzen dugunean, besteengandik aldentzen garenean, bizitza baztertuz geugan ixten garenean... BAKARDADE eta HERIOTZ bidea dugu hori.

Jainkoak IREKIRIK, SOLIDARIO nahi gaitu.
Ireki zaitez!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ireki zaitez!"

(Mk 7, 34)

 

 


bidean@bidean.net
orue