Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 24. igandea - 2018.eko Irailaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesu Kristorekin bat egitera; bere Hitzaren eta Ogiaren inguruan elkartzen gara kristauok.

Jainkoak, nahiz eta gu sarritan jokoz kanpo utzi, bere Hitza eskaintzen digu. Norberaren bizitza besteen alde ematen goazen heinean eraikitzen dugu Jainkoaren Erreinua. Horrela ulertzen du Jesusek eta horrela eskaintzen digu bere jarraitzaileoi. Jesus honetan saiatu zen: eskabidez eta ausardiaz beteriko bizitzako ERIZPIDE zehatz batzuetan oinarritutako gizon-emakumeak eratzen.

Ikasturte eta Pastoral urte berri baten aurrean, Jainkoarekin eta anaia-arrebekin elkartzeko prestatzen gara.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 50, 5-10a

Isaias profetaren “Zerbitzariaren Kantikatik” hartutako zatia irakurriko dugu. Olerki honetan, Jainkoaren ahotsa ez da entzuten zuzenean; Zerbitzariak hitz egiten du. Bere misioaren egitekoa deskribatuz hasten da: zailtasunak eta oinazeak izan arren, agindutako egitekoa leialtasunez bete behar dela agertzen digu. Jesus etorri baino askoz ere lehenago iragarritakoa, gero Berarengan beteko da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Santiago 2, 14-18

Santiagok gogoratuko digu, kristauon sinesmena batez ere ekintzetan agertzen dela; eta batez ere baztertuta dauden anaia-arrebengana hurbilduz. Sinesmenaren handitasuna ekintzek agertzen dute; bestea berba hutsetan gelditzen da. Fededun guztiontzat gogoeta sakona.


Ebanjelioa: Markos 8, 27-35

Jesus, Jerusalemgo bidean agertzen zaigu. Jesusen nortasuna planteatzen da. Pedrok bere sinesmen aitormena egiten du, baina Jainkoaren egitekoa gogoan izan gabe gizakiak bezala pentsatzen duelako, Maisua harekin haserretzen da. Isaias profetak esan zuen bezala, Jesus da oinazeak pasatu behar dituen Jaunaren Zerbitzaria. Onar dezagun Beren proposamena.

Jainko herriaren otoitza

Jesusengan bizitza berri bat eta aukera berri bat eskaintzen zaigun konfiantzaz, Jainko Aita-Amagana jotzen dugu, gure erreguak eta premiak aurkeztuz.

1.- Elizaren eta eliztar guztion alde: Jesu Kristogan daukagun sinesmena aitortzeko beti prest egon gaitezen, eta gure testigantzaz gurutzetik datorkigun salbamena azal dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintari guztien alde: zuzentasunez eta zerbitzari izanez bete dezaten beren egitekoa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Minaren, gaixotasunaren edo bakardadearen gurutzea eramaten laguntzaile direnen alde: beren egitekoan Jainkoaren laguntasuna senti dezaten eta bere aurpegi errukiorra agertu. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ikas urte berri baten hasieran aurkitzen gera: txiki eta handi, bakoitzari dagokiona ondo eginez, mundu zuzenagoa, anaikorragoa eta solidarioago baten alde jokatu dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garenon alde: Kristo berpiztua gure artean ezagutu dezagun, bere heriotzan eta bizian bat egin, eta sinesten duguna gure ekintzekin ager dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



IKASURTE BERRIAREN AURKEZPENA

(Motxila bat daramala haur batek edo gaztetxo batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskolarako bidean beti lagun izango dugun motxila hau eskaintzen dizut. Irakasketan dabiltzan pertsona guztien alde eskatzen dizugu: bedeinka itzazu beren lana behar den bezala bete dezaten. Bedeinka itzazu baita ere, guri laguntzeko eta gure ondoan dauzkagun guraso eta etxekoak. Zure laguntza eskatzen dizugu, aurrean daukagun aukera eder hau behar den bezala aprobetxa dezagun. Eskerrik asko, Jauna, ikasteko eta gerora begira prestatzen joateko daukagun aukeragatik.


KATEKESIKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko katekista edo arduradun batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katekesiko liburu hau dakarkizut. Horrekin batera, urte honetako lana eskaintzen dizut. Zure deiari erantzunez, lanak prestatzen hasita gaude. Gure lana, zure laguntzarik gabe, ezerezean gelditzen da. Ukitu, Jauna, gure barruak, baita umeenak eta gurasoenak ere. Zurekin kontatzen dugu, Jauna.


GARBITASUNEAN DABILEN PERTSONA BATEN AURKEZPENA

(Garbitasunean dabilen pertsona batek egiten du, lan tresna bat eramanez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskaintza bat egitera natorkizu. Badakizu zein den nire lana: gustura sentitu gaitezen eliza ingurua garbi edukitzea. Badakizu gustura egiten dudana. Egiten dudana elkartearen alde eginez, ni ere horren kide sentitzen naiz. Ez nabil txaloen bila. Beste barik egiten dut. Gauza bat eskatzen dizut, Jauna: egiten duguna besteen zerbitzurako egiteko grazia. Niretzat eta elkarte osoarentzat eskatzen dizut, Jauna.


IRATZARGAILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egiten du; ondo izan ezkero aita batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, goizero lanerako eta zereginetarako esnatzen nauen iratzargailu hau dakarkizut. Famili bizitza ere martxan ipintzen du. Zure gauzetarako eta Zu gure inguruan ikusteko adi, esna egon behar garela gogoratzen digu. Elkarte osoaren izenean eskaintzen dizut. Badakigu hainbat eragozpen aurkituko ditugula eta sarritan gure gauzetan murgildurik, loak hartuko gaituela. Jauna, lagun ezaguzu zure gauzetarako esna egoten.

Agurra

Anaia-arrebok: Bizia dakarren Hitzarekin susperturik eta Jaunartzean Ogi santuaz indarturik, eguneroko zereginetara goaz. Gogoan edukitzekoa honako hau da: bizitzarako bidea Gurutzea da; eta besteen zerbitzuan jasandako oinazeak ez dira alferrikakoak. Betetzea erraza ez bada ere, mezu ederra dugu esku artean. Bizi dezagun esker onez! Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jainkoak libratu nazala harrotzetik,
Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzean izan ezik.
Gurutze horretan josita dago mundua niretzat;
eta ni, munduarentzat”





Igande honetan ere bizitzako ERIZPIDE zehatz batzuetan oinarritutako gizon-emakumek eratzea dela Jesusen egitekoa azaldu zaigu. Gaurkoa, eskabidez eta ausardiaz beteriko GONBITEA da.

Argi dago: Jaunaren erreinua ez da eraikitzen bitartekariaz eta indarrez. Eskaintzen zaigun BIDEA beste bat da: norberaren bizitza besteen alde eskaintzea eta ematea da, Jesusek bere jarraitzaileei egiten dien PROPOSAMEN garbia eta lotsagabea. Bide HARRIGARRIA eta MIRESGARRIA dugu.

Hau guztia Jaunaren Hitzarekin argituta gelditzen da. Horrela aldarrikatu dugu: Yahveren zerbitzaria (1. irakurgaia) eta Jesus bera (ebanjelioa). Pedrok ez zuen ulertzen eta Jesusen hitz gogorrak entzun behar izan zituen. Beste hainbeste gertatzen zaie ekintza gabeko sinesmena bizi nahi dutenei: ekintzak agertzen dute nor garen eta Norengan sinesten dugun (2. irakurgaia).

Kristau elkarteak ikasturte berri honen aurrean aurkitzen gara eta KONTZIENTZIA AZTERKETA sakona eskaintzen zaigu. Datozkigun hilabeteotan, zein izango da nire KRISTAU APUSTUA? Horra hor aurrean dugun erronka.

Zoriontsuak Jesusen APUSTUA egiten dutenak:
ez dira iruzurtuak sentituko!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eta zuek, nor naizela diozue?"

(Mk 8, 29)

 

 


bidean@bidean.net
orue