Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 25. igandea - 2018.eko Irailaren 23a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak ospakizun hontara!

Senideok: gaur ere Igandea da eta hemen elkartu gara; Jainkoak familia bezala elkartzen gaitu.

Geure bihotza esnatuz, bere Hitza entzutera eta Biziaren Ogia jatera gonbidatzen gaitu Jainkoak. Gure elkartean, bere familiako izatearen ezaugarriak ikusi nahi ditu: gure bizitza besteen zerbitzura jartzea, eta bakarka eta elkarte bezala, txikiak eta baztertuak gogoan izan ditzagula.

Ospakizunari hasiera ematera goaz, Jainkoaren deiari pozezko erantzuna ematera. Jauna gure artean dago. Ospa dezagun pozez Jainkoak bakoitzari digun baldintzarik gabeko maitasuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 2, 12. 17-20

Israeldar jakintsu honen gogoetak, bizitzaren aurrean har gintezkeen egoera bi jartzen dizkigu aurrean. Zuzen jokatzen duanak, aurrean darabilenean, Jainkoagan jartzen du bere konfiantza; gaiztoak, beti gaitza zelan egingo pentsatzen dabiltza. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Santiago 3, 16 – 4, 3

Santiago apostoluaren esanean, bakearen bila dabilenak bakarrik aurkitzen du eta zuzentasun fruituak ematen. Agintaritza barik, gizaki guztien artean bakea eta anaitasuna lortzeko erabili beharko genituzke gure indarrak. Onar dezagun bere gogoeta.


Ebanjelioa: Markos 9, 29-36

Jesusek bere gurutzeko heriotza hurrean ikusten du eta hori onartzeko prestatzen ditu bere entzuleak. Baina ikasleak, maisuaren proposamena barik, Jainkoaren Erreinuan ze toki izango duten arduratuta daude. Ikasbidea luzea da oraindik. Bere proposamena onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Bere Seme maitearengan seme-alaba izateak ematen digun konfiantzarekin, zuzen diezazkiogun Jainko Aita-Amari gure eskariak entzunak izango garen ziurtasunaz.

1.- Elizaren alde eta zerbitzuaren ardura hartu duten guztien alde: ez daitezela joan izen handi eta goi mailen bila; saia daitezela apaltasunean eta zerbitzuan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herri eta nazio guztien alde: horietan aberatsen eta pobreen arteko aldeak desagertu daitezen; elkarren artean elkartasuna susta dezaten eta betirako bazter ditzatela zapalketak eta norgehiagokak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko txikien eta pobreen alde, batez ere guretzat hurbilenak direnen alde: senti dezatela gure hurbiltasuna eta elkartasuna, horiengan ikus dezagula Jaunaren aurpegia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Elizaren barruan batez ere zerbitzuaren karisma bizi dutenen alde: euren egitekoa apaltasunez eta bihotz zabaltasunez bete dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkarturik gauden guztion alde: Jesusekin dugun elkartasuna txikienak onartzen eta zerbitzen bizi dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten duen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots gabekoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Haien egoera txarrak salatzea eta haien duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromisoa. Haien ahotsa entzuten ez denez, guk izan nahi dugu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


PARROKIAKO KORUAREN AURKEZPENA

(Koruko zuzendariak edo kide batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure kantuekin Zu goratzea eta kristau elkarteari laguntza eta poza ematea bilatzen dugu. Jauna, kristau elkartearekin batera Zeu goratu zaitzagula beti. Kantuaren bidez, gure sinesmena sendotzen joan dadila eta itxaropenez bizitzen lagun diezagula.

(Nahi izan ezkero abestu daiteke «Aintza,aintza, aleluia»).


INGURU-GIROTZE (SPRAY) BATEN AURKEZPENA

(Parrokian zerbitzuren bat egiten duen pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gure etxeak txukun eta gozo ipintzeko gure etxeko andreak erabiltzen duten Spray hau dakarkizut, Jauna. Pastoral ekintzetan ari garen eta ospakizunetan elkartzen garen guztien izenean dakarkizut. Gure harrera ona eta gure jarrera egokia kontuan izanda, pertsonak ondo eta gustura sentitzen diren ingurugiroa sortu nahi dugu. Onartu, Jauna, gure guraria eta egia bihurtzen joateko, emaguzu zure Espiritua.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko heldu batek egin lezake. Ahal bada, itsu baten makila hobeto legoke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta elkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan nahi dugula agertzen dizut. Itsuak zuzentzen ari den itsua izan ez nadin, ireki, Jauna, nire begiak. Iluntasunean ari den mundu honen erdian argi pixka bat jar dezadan, bete nazazu zure argitasunez.

Agurra

Senideok: Jesusek proposatzen digun beste era bateko elkarte horrek, gure gizartearen eskemak apurtzen ditu: txikiak, behartsuak eta baztertuak dira garrantzitsuak, Jainkoaren aurpegia erakusten digutelako. Jesusen oinarrizko irizpideak, behartsuak eta zerbitzua dira. Zerbitzu gabeko kristau elkarterik ez dago. “Erreinuaren logika” ulertzeko Jaunaren argia behar dugu. Argi horrek eroan gaitzala bere lekuko izatera. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jaunak Berri onaren bidez dei egin digu,
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza lor dezagun.”




Gaur egun Ebanjelioa irakurri nahi duen edozein gizakirentzat Nazareteko Jesus amaierarik ez duen ez-ustekoa da. Bere iritziak eta planteamenduak ez dira normalak eta arruntak. Igande honetako MEZUA begiratzea besterik ez dugu.

Ospe handiko gizakia, norberarekin seguru sentitzen dena, bizitzako arloren baten izen handia lortu duena, besteak baino handiago izatearren txalotua dena... hori da gaur egun garrantzitsua. Telebistak egunero ematen dizkigu horrelakoen berri; lider politikoak direla, “Nobel sarituak”, modako abeslariak, kirolari trebeak...

Eta Jesusek diosku garrantzitsuenak ZERBITZARIAK direla: milaka gizon eta emakume, isilean lana egiten dutenak; besteak ondo egon daitezen orduei begiratu gabe zerbitzen ari direnak. Norberaren ospeari barik, besteak zoriontsu izateari begira dauden gizon-emakumeak: besteak zoriontsu ikustean haiek ere zoriontsu sentitzen direnak. Horrelakoen bizitza ONTASUNAREN eta ESKAINTZAREN MISTERIOA da.

Benetan, Jesus gaurko munduarentzat “pertsonaia arraroa” da. Baina... Jainko Jauna, zer-nolako poza!

Zoriontsuak zuek, zerbitzari apalak izan nahi duzuenok:
igandea honetan zuen festa da!
Emakume eta gizon: ZORIONTSUAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Haur bat hartu... eta magalean ipini zuen"

(Mk 9, 36)

 

 


bidean@bidean.net
orue