Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 26. domekea - 2018.eko Irailaren 30a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: Jesusen Espirituak elkartzen gaitu gaur ere senide artean gure fedea ospatzeko, Jaunaren Hitza entzuteko, eta mahai berean parte hartzeko.

Espiritua askea da, nahi duen tokian eta orduan eragiten du. Pertsonak aukeratzean, batez ere, umiltasunari begiratzen dio, eta ez jakinduriari; lagun hurkoarenganako konpromisorako bihotza erabat irekitzen dien pertsonei. Jainkoak egiten ditu pertsona guztiak Berri Ona iragartzeko gai izatea eta Berak eramaten ditu guztien onerako karismak fruitu ematera.

Eukaristia honek lagundu diezagula gure artean den Espirituaren presentzia ikusteko erne bizitzen. Has gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Zenbakiak 11, 25-29

Israel herria, astiro-astiro herri lez eratzen doa, eta Moisesek bere laguntzaile izango diren 70 zahar aukeratzen ditu; baina Espiritua ez da batzuengana bakarrik mugatzen; Berak bide berriak zabaltzen ditu; langak apurtuz, bihotzez xumeak direnengana hurreratzen da. Kontaketa honek Jainkoaren Espirituaren presentziara zabaldu gaitzala.


2. irakurgaia: Santiago 5, 1-6

Zuzengabekeriaz pilatutako ondasunak salatuko ditu Santiago apostoluak. Zuzengabeko aberastasunak Jainkoaren presentzia iluntzen du eta gizakien bihotza usteltzen. Ondoren lez, gizakien arteko harremanak apurtu. Gogoetarako gaia dugu.


Ebanjelioa: Markos 9, 38-43. 47-48

Jesusek misiorako bere ikasleak eskolatzen jarraitzen du, baina Espiritua denontzako da eta ez gutxi batzuentzako bakarrik. “Gutarrak” izan ez arren, ez pentsatu norberenak bakarrik balio duala. Gure kristau ibilbidean gogoan izateko gogoeta. Prestatu gaitezen hori entzuteko, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Espirituak Eliza bezala elkartu gaitu eta gure munduaren premiak aurkezten dizkiogu Jainko Aita-Amari.

1.- Eliza osoaren, Jainko herri osoaren eta elkarte horretan ministeritzaren zerbitzua daukaten guztien alde: Espirituaren presentziari zabalik egonez, onarpen eta zabaltasunaren ezaugarri izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazio eta herri guztien alde: guztiak elkarturik, zuzentasunez eta solidaritzaz lan eginez, gizarte desberdinak eraldatzen ahalegindu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko behartsuenen eta baztertuenen alde: behar dituzten laguntza eta onarpena kristauongan aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduan eta gure Euskal Herrian bakea izan dadin; munduko hainbat tokitako gerrak, hainbat pertsonaren bidegabeko heriotzak buka daitezen; pertsona guztien eskubideak onartuak izan daitezen, eta agintariek elkarrizketa hasteko ahalegin bat egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan gauden guztion eta Elizako elkarte eta talde guztien alde: bakoitzak hartutako dohain guztien onerako eman zaizkigun Espirituaren dohainak ikus ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LANDARE BAT AURKEZTEA

(Barruko landarea, ederra eta esanguratsua, urtean zehar erabiltzeko modukoa)

OTOITZA - AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: zure Semearen bitartez Zuk gure barruan zure biziaren eta maitasunaren HAZIA ereitea nahi izan duzu. Gure bizitzan hainbat pertsona ipini dituzu hazi hori zaintzeko. Gaur, gure alde egiten duzun guztia gogoratuz eta eskertuz, elkartearen izenean landare eder hau eskaintzen dizugu. Urtean zehar, Zuk jarritako HAZI hori zain dezagula, Jesusen laguntzarekin hazten joan dadila eta guk besteei eskain diezaiogula. Horrela izan bedi.


PITXERKADA URA AURKEZTEA

(Kristalezko pitxarra komeni da. Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: maitasunez emaniko ur pixka bat ere saritua izango dela gogoratzen digu Jesusek. Elkartearen izenean pitxerkada ura aurkezterakoan, gure gizartean dauden maitasun eta senidetasun keinuak gogoratuz egiten dut; gehienak isilak eta ezezagunak dira; baita euren bizitza elkar banatzea nahi duten gizaki hurkoen eta solidarioen konpromisoa ere. Lagun iezaguzu eginkizun horretan.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Sakramentuetan erabiltzen den krisma ontzi hau aurkezterakoan, bataioan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genuen konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Sarritan kontrako indarrak, lotsak edo beldurrak gehiago egiten digute. Emaguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezen.


TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko katekista batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Azken aldian agertu den Teologiako liburu hau dakarkizut, Jauna. Benetan fedea bizi nahi badugu, azaltzen ere jakin behar dugu. Testu berriak irakurriz, ikasten eta gaurkotzen goaz. Nahiz eta beste gauza asko egiteko eduki, heziketa iraunkorra ere beharrezkoa dugu. Horren ezaugarri eta Jesus benetan hartu nahi dugunaren ezaugarri da liburu hau.

Agurra

Senideok: Espiritu Santua gaur ere lanean ari da pertsona bakoitzaren bizitzan. Jaunaren Hitza entzun eta Kristoren Gorputza hartu ondoren, bizitzara goaz berriro ere, Jainkoak gure barruan egin duenaren berria lotsarik gabe zabaltzera. Ez diezagula isilarazi gure barruan dugun Jainkoaren ahotsa. Hark bere grazia eta indarra ematen dizkigu gure ibilerarako, Bera dugu lagun zailtasun eta eragozpen guztietan. Aste zoriontsua kristau testigantza oparoan!

Egun honetarako gogoeta

“Zure Hitza, Jauna, egia da;
sagaratu gaitzazu egian”




Jesus, Maisuak, bere jarraitzaileak eratzen jarraitzen du. Jainkoaren Espirituak edonon eta edozein momentutan eragiten duenez, jarrera irekia mantentzen du: pertsonak aukeratu, bere dohainak eman eta askatasunez ekin. Betiere, on eginez eta Jainkoaren Erreinuaren alde.

Hemendik bideratzen gaitu igande honetako mezuak. Gure gizartean bazterketa eta iskanbila egunero pil-pilean ikusten ditugun jarrerak dira (geure ingurura begiratzea baino ez daukagu). Eta Jaunaren Hitzak bizitzeko era eta modu oso desberdina eskaintzen digu.

Bazterketa “Jainkoaren izenean” egiten denean, horrek ez du izenik, Jainkoari mugak jarriz, Espirituaren eraginez jokatzen dutela uste baitute. Lehen irakurgaiak eta ebanjelioak, bazterketaz zer ikusirik ez duten beste bide batzuk aurkeztu dizkigute.

Iskanbilak sortzen dituztenentzat ere Jesusek hitz gogorrak esan dizkigu. Jainkoaren bizitza, gizaki eta egoera desberdinetara iristeko oztopo direlako dira hitz gogor horiek. Bestalde, “ur pixka bat edaten” ematen duena (hain gauza erraza) ez da ahaztua izango eta bere saria jasoko du. Hauxe da Jainkoaren Hitzak eskaintzen digun logika!

Zoriontsuak Jainkoaren PROPOSAMENAZ fidatzen direnak,
euren ZORIONTASUNA BETEA izango baita!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ontziska bat ur ematen dizuen inor ez da saririk gabe geldituko"

(Mk 9, 41)

 

 


bidean@bidean.net
orue