Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 27. igandea - 2018.eko Urriaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak sinesmen ospakizun honetara.

Senideok: Kristoren maitasunak beste behin elkartzen gaitu ospakizun honetan. Jainkoak bere Hitzez elikatu nahi gaitu bizitzan zeharreko ibilaldirako.

Gaur, Jainkoaren Hitzak ezkontza sakramentuko maitasunaz hitz egingo digu, senar-emazteen duintasun berdintasunari buruzko misterioaz, bata bestearekin arduratzeaz.

Baina Jainkoak proposatzen digun maitasuna doanekoa da, bere ekimena, eta onartzeko haur jarrera eskatzen duena; haur jarrera da doaneko hori jasotzeko jarrera egoki bakarra. Erreinua dohaina delako, “haur bezala” fidatzen, irekitzen, Jainkoaren onginahiaren besoetan norberaren burua ipintzen dutenentzat dago gorderik.

Senideok: bihotzak pozez ditugula, eman diezaiogun hasiera ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 2, 18-24

Jainkoaren nahia argi agertzen da Hasiera liburuko orrialde hauetan: gizonek eta emakumeek beren giza burutapenera iristeko elkarren beharra dute, bi sexuak duintasun berekoak dira, bakoitzaren sexualitatea bestearen eskuetan ipintzean eta elkar maitasunean gauzatzen da. Entzun dezagun gogoeta eder hau.


2. irakurgaia: Hebertarrei 2, 9-11

Zenbait igandetan hebertarrei eginiko idazkia irakurriko dugu. Gaurkoak, Kristok salbatutako gizartea dakarzkigu gogora. Jesu Kristoren Nekaldia amaierarik gabekoa, Berpizkunde eta salbamen osoaren bide da. Kristauok baikortasunean bizitzera deituak gara; Kristoren antzera, maitasunez eta samurtasunez bizitza eta pertsonak begiratzera. Onar dezagun mezu sakon hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 2-16

Ezkontzaren betikotasuna gogoratuko digu Jesusek ebanjelioan. Jainkoak horrelaxe nahi izan zuen hasieran, eta hori bilatu behar dugu. Egunero berriztatzen eta gaurkotzen den maitasunetik bakarrik lor genezake hain gauza ederra. Helmuga esanguratsua da. Jainkoaren gogoa zein den entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Gizaki guztiak kontuan hartuz, biziaren jabe den Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure eskariak Jesu Kristoren bitartez.

1.- Elizaren alde: Jaunari beti leial izan dakion eta Jainkoak guri digun baldintza gabeko maitasuna eta salbamena iragar ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioen eta herri guztien arteko bakearen alde: guztien arteko zuzentasunak eta ondo izateak zuzen ditzala nazioarteko harremanak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Senar-emazteen alde: euren arteko harremanetan leialak, biziaren sortzaileak eta belaunaldi berrientzat eredu izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ezkontza hautsien edo beren arteko lehendabiziko maitasuna itzaltzeko zorian dela-eta sufritzen daudenen alde: zailtasun horiek gainditu, alaitasuna berreskuratu eta beren bizitzak berri ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkarturik gaudenon alde eta gure kristau elkarteen alde: guztion artean adiskidetzeko eta senidetasunerako bideak aurki ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SENAR-EMAZTEAK BEREN HAURTXOA AURKEZTEN DUTE

(Senar-emazteak beren umetxoarekin aldare ondora doaz. Biek hartzen dute parte. Ospakizun bukaerara arte bertan gelditzen dira)

OTOITZA - AZALPENA:

SENARRA: Hemen gauzkazu, Jauna, gure maitasunaren fruitu eta zure erregalia den haurtxo honekin. Zuk diguzun errukiari erantzunez aurkezten dizugu. Zeurea denez, zuzen ezazu salbamen bidean.

EMAZTEA: Gure maitasunaren fruitua den ume hau aurkezterakoan, zain dezazula maitasun hori gugan eta senar-emazte guztiengan; behar duten laguntza eta heziketa eman diezaiegun; pertsona heldua eta osoa izateko bidetik eraman ditzagun gure umeak.

BIKOTEA: Badakigu, Jauna, ez dela bide erraza; gaurko gizartea ez dugu lagun ekintza horretan; oztopo ugari izango ditugu… Horregatik, Jauna, emaguzu zure grazia eta laguntza.


MAITEMINDURIKO BIKOTEA

(Harreman iraunkorra duten bikotea eta ahal balitz elizako ekintzaren baten ari direnak izango dira)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure maitasuna zure erregalia denez gero, Zuk gure maitasunaren abentura ezagutzen duzu. Guk maitasun hori eskaintzen dizugu, gizaki guztioi diguzun maitasunaren ezaugarri gisa eta zure testigu izan nahi dugunaren konpromiso gisa. Guk ere zuk hasieran amestu zenuen maitasuna amesten dugu: betiko maitasuna. Eskerrik asko gure maitasunaren eskaintza hau onartzeagatik.


MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erraza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Elkartearen izenean, enbor hau dakarkizut, Jauna; Elizaren sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti berria da. Badakigu maitasunez eman diguzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zaudela. Zure laguntza eta indarra behar ditugu zure hitza eta gurariak bete ditzagun. Eliza honek, Zuk nahi dituzun maitasunezko eta zuzentasunezko fruitu ugari eman ditzala.


CARITAS TALDEAREN AURKEZPENA

(OHARRA: hurrengo domekatan ondo legoke Parrokiako pastoral talde ezberdinak aurkezten joatea).

(Gaur, Giza Ekintza edo Karitas taldearekin hasten gara. Ondo legoke urteko egitasmoa idatzita eroatea eta amaieran banatzea. Aurkezpen hau kartel handi batekin egin daiteke. Taldeko batek egiten du)


OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure taldea, inguruan agertzen diren egoera mingarriekin arduratzen da. Elkartearen izenean egiten dugun ezkero, gure EGITASMOA idatzi egin dugu gero banatzeko. Eta helburua hauxe da: denok hurbil gaitezela egoera horietara. Onar ezazu, Jauna, gure eskaintza hau eta lagun ezaguzu inguruko premietara zabalik egoten.

Agurra

Senideok: neurririk gabe maitatzen gaituen Jainko Aita-Amak elkartu gaitu sinesmen ospakizun honetan; bere Hitzaren bidez maitasunean eta maitasunez bizitzeko proposamena egin digu. Hau da Jainkoak amesten duena: maitasunean elkarri emanez, gizateria osoa maitasunean bat egin. Gure etxeetan, auzoan eta inguruan honen testigu izatera bidaliak gara. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Elkar maite badugu, Jainkoa gugan dago,
eta bere erabateko maitasunean iristen da gugana”




Kristauok, gure egun berezia ospatzen dugun igande honetan ere, Jainkoarekin eta bere Hitzarekin jabetzeko une hau aprobetxatzen dugu. Gaur, Jaunaren Hitzak, gure artean eztabaida handia sortzen duen gaia erabili du: ezkonduen arteko MAITASUNA eta EZKONTZA DEUSEZTATZEA. Besterik ez!

Sarritan (baliteke sarriegi ere) pentsatu izan da, ezkonduen banaketaz (dibortzioaz) “maitasunik ezari irtenbidea” ematen zaiola. Baina gaia eta egoera askoz ere sakonagoa da: pertsona konkretuen bizitza OSOA hartzen duen arazo pertsonala, sentimentala, psikikoa… da.

Sinesmeneko pertsonentzat, hona hemen galdera: gaurko gizon-emakumeak egiazko eta betiko maitasunean bizi daitezen, nola lagun dezakegu? Nahikoa ote da ezkontza betikoa dela esatea? Nola lagundu, elkarrizketarik ezagatik edo aukeratzerakoan erratu direlako berriro ere porrot egingo dutenei?

Argi dago MAITASUNA zer den eta egunero ikasi behar den gauza dela NORBAITEK erakutsi behar diola gure munduari. Begi bistan dago: denbora, eroapena, sinesmena, gogoeta, barkatzeko gaitasuna behar direla. Kristau elkarteen egiteko bat da ezkon maitasuna zaintzeko behar diren argia, indarra, haizea, animoa… ematea.

JAUNAREN MAITASUNA dohain bezala onartzeko eta bizitzeko BILA ibiltzea dagokigu; pertsona bezala eratzen joateko, egunero maitasun horretan sakontzea dagokigu: gure gizarteari laguntzeko era zehatza dugu. Fededunok horren jakitun gara.

Zoriontsuak egunero saiatzen direnak:
Jainkoaren MAITASUNAREN EZAUGARRIAK izango dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da bertan sartuko"

(Mk 10, 15)

 

 


bidean@bidean.net
orue