Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 28. igandea - 2018.eko Urriaren 14a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Anaia-arrebok: Ongi etorriak anaitasun eta fede ospakizun honetara. Elkarte bezala bildu gara, Jainkoaren Hitza entzuteko eta Jesu Kristorekin batera Eukaristiaren mahaitik parte hartzeko.

Baliteke Hitz hori bihotzez ez entzutea eta lehenean jarraitzea. Beste zenbait hitz sarritan erakargarriagoak egiten zaizkigu gutxiago konprometitzen gaituztelako, baina ez dizkigute ematen guk behar ditugun jakinduria eta zoriontasuna.

Eukaristia elkarrekin ospatzeak, solidaritatezko eta anaitasunezko konpromiso serioagoak hartzera ez ote gaitu eramango… edo geurean, gure mundutxoan, betikoarekin, besteekin arduratu gabe, gustura sentitzen gara?

Jesusen jarraitzaileok aukera berri bat dugu gaurkoan. Izan gaitezen benetako lekukoak.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 7, 7-11

Israelgo jakintsuak, Salomonen ahotan ipintzen du jakinduriaren eskaria eta horren jatorria. Jainkoa da benetako jakituriaren iturria. Bila dabilen eta bidean doan herri baten gogoetak eskaintzen dizkigu irakurgai honek. Gogoeta hauek onartzeko presta gaitezen.


2. irakurgaia: Hebertarrei 4, 12-13

Hebertarren eskutitzaren egileak, Jainkoaren Hitza bizi indar bezala eskaintzen digu; bihotz barreneraino sartzen den ezpata zorrotza bezalakoa da; gure kontzientziak aztertzen dituen indarra; fruitu ematera eta pertsonak argitzeko idatzi den Hitza da. Entzun dezagun gogoeta mamintsu hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 17-30

Ebanjelioan aberastasunari buruz hitz egingo zaigu, baina sakoneko gaia jarraipena da: Jesu Kristori benetan jarraitzea. Jesusek gazteari dena uzteko eta jarraitzeko eskatzen dio; ez dabil “zintzoen” eta legezaleen bila bakarrik; Erreinuaren alde dena uzteko gai direnen bila dabil. Planteamendu serioa eta eraginkorra.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Ama ona dugulako, guztia dezakeelako eta gizakiok zer behar dugun badakielako, konfiantzaz beterik otoitz egin diezaiogun Berak ematen digun jakinduriarekin.

1.- Elizaren alde: fedearen indarrez eta Jesusi jarraituz, bere ondasunak behartsuenen zerbitzuan ipintzen asma dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gure Elizako gizonezko eta emakumezko erlijiosoen alde: beren pobretasun, kastitate eta mendekotasun botoak leialtasunez bizirik, munduaren aurrean Erreinuko balioen testigu izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko nazioetako agintarien alde: zuhurtasunez eta zentzuz jokaturik, pobreenak ahaztu gabe, bila dezatela gizadiarentzat onena dena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Mundu osoko eta gure Euskal Herriko bakearen alde: Jaunak argi ditzala gure agintariak, eta elkarrizketaren bidez, saia daitezela tolerantziatik, pertsonekiko begirunetik, bakerako bide berriak zabaltzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gauden guztion eta gure Elkartearen alde: Jaunaren Hitza onarturik eta zerbitzu jarreratik, Jainkoaren eta senide behartsuenekiko maitasuna bizi dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ezberdinak eskaintzen ditugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LUNTXEAN HARTUKO DUGUN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Meza ondoren zerbait hartzeko lekurik balego, elkarrekin zerbait hartzera gonbidatzen ditugu. Hemen patata poltsa bat eta edari bat aurkeztu daitezke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitzaren eta Gorputzaren inguruan ospatzen gauden sinesmen batzar honen ondoren, jai eginez jarraitu nahi dugu. Maitasunean eta anaitasunean hazten joateko, elkarrekin zerbait hartuko dugu. Gure oztopo eta langak garaituz, sinesmenean eta giza mailan bat eginez jarraitu nahi dugu.


“DOMUND” EGUNEKO HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Aurreko igandean egitea ongi legoke. Gazte batek egin lezake. Ongi ikusteko lekuan jarri)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, datorren igandean ospatzen dugun “DOMUND” eguneko horma irudia dakarkizut. Gure elkarteak misiolaria izan behar duela gogoratzen digu. Guk baino aukera gutxiago duten herriekin “Elkartasun katea” egin nahi dugu. Horregatik, Domund-eko kanpaina honetan parte hartzeko konpromisoa eskuratzen dugu. Onartu, Jauna, gure senidetasuna eta elkartasuna agertu nahi duen ezaugarri hau.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Emakume batek egin lezake. Esku hutsak erakutsirik dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dute, baina zuk beteko dituzun konfiantza daukat. Elkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskaintzen dizut, Zuk zure graziaz beteko dituzun itxaropenez. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emaguzu behar dugun laguntza, emaguzu bere Gorputza gure bizitzen janari gisa.


NAGUSIEN KATEKESIKO TALDEEN AURKEZPENA

(Elkartean dauden talde guztien aurkezpena egin daiteke. Egitasmorik eginda balego, ongi legoke horri baten bildu eta jendeari banatzea. Pertsona batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: eskerrik asko Jesus zure Seme maitea eta gure Anaia ezagutzeko dugun aukeragatik. Gure sinesmen horretan sakontzen jarraitu nahi dugu, gaur agertzen zaizkigun erronkei erantzun egokia emateko. Gure kristau elkarteari jakitera ematearekin batera, EGITASMO hori lantzen jarraituko dugunaren konpromezua agertzen dizugu. Hauxe da gure eskaintza apala.

Agurra

Senideok: bukatu da ospakizuna, baina Jesus deika ari zaigu, bakoitzak gure bizi aukera zehatzetik jarraitu diezaiogula nahi du. Orain hasten da jarraitzaile bezala dugun konpromisoa; bidean ez dugu neke eta zailtasun faltarik izango, baina Maisua gurekin doa, gure ondoan. Biziko ahal gara, Bera bezala, Erreinua eraikitzen!

Egun honetarako gogoeta

“Zoriontsuak espirituz behartsu direnak
berena baita Zeruetako Erreinua”




Igande honetako bigarren irakurgaiak esan digu “Jaunaren Hitza bizia eta eraginkorra dela, bi ahoko ezpata baino zorrotzagoa”. Horrela dela, “datorrenera” prest egon behar gara, ea Jainkoak gaur bertan zer esan nahi digun.

Jesus ez da atzean geratu gaurko ebanjelioan eta esan beharrekoa argi eta garbi esan digu: norberaren zilborrari begira egoteari, norberekeriari, norberarengandik besteak epaitzea utzi, eta besteen onerako izango den ANAITASUNEZKO BIZITZA berri bati HASIERA emateko ausardia izan.

Jesusek argi dauka, bizitza ez zaigula eman dirua egiteko, edo ospea izateko, edo norberaren ongizaterako, baizik eta GUZTIOK ANAIA-ARREBA BEZALA bizitzeko. Jesusek, Jainkoaren nahia argi eta garbi ikusten du eta horrela iragartzen du: ELKARBANATU eta SENIDETASUNA SORTU. Horixe da benetako eta betiko salbamenera doan bidea.

Guretzat arriskua honako hau da: “ebanjelioaren indarra” kendu; geure neurrira egindako ebanjelioa bizi. Horrelako ebanjelioak poza eta aurrera egiteko gogoa kentzen digu eta etsipena sortzen du (gaurko ebanjelioan agertu zaigun gizona bezala).

Argi eta garbi esatekoa da: ELKAR BANATZEN eta SENIDETASUNA SORTZEN dakienak, gizakiagoa eta kristauagoa da. Horrelakoak Jesusen mezua ulertu du. Haietako bat bazara… ZORIONAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Saldu daukazun guztia eta eman behartsuei... gero, zatoz eta jarrai niri"

(Mk 10, 21)

 

 


bidean@bidean.net
orue