Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 29. igandea - 2018.eko Urriaren 21a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak sinesmen eta senidetasun batzar honetara.

Senideok: dirua eta ondasunak maitatzea eta Jesusen jarraitzaile izatea uztartu ezinak direla gogoratzen zigun joan zen igandeko Jaunaren Hitzak. Gaurko ospakizun honetan esango digu bizitzan garrantzitsuena ez dela arrakasta izatea eta besteak gainditzea. Jesusen esanetan, handia eta lehendabizikoa izan nahi duenak, uko egin behar dio besteen gaineko indarkeriari, eta senideak maitatzen eta zerbitzatzen ikasi behar du. Argia da Jesusen gaurko gonbidapena: ZERBITZUAN eta ZERBITZARI gisa bizirik izango gara handiak Jainkoaren begietan.

Eta alde guztietatik zerbitzuaz ari zaizkigunean, gure Elizak MISIOEN EGUNA (DOMUND eguna) ospatzen du. Egun bat besteen alde bizia eskaintzen ari diren gizon-emakumeak gogoratzeko, horiekin elkartasunean sentitzeko. Besteek bizia ugaria izan dezaten beren bizitza oparotasunez urtzen ari dira. Egin dezagun otoitz horien alde.

Senideok, horrelaxe hasten dugu gaurko ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 53, 10-11

Jaberen Zerbitzariaren kantikaren bukaera gogoratzen digu irakurgai honek. Bere bizitza gure bekatuen ordain gisa eskaintzen duen zerbitzaria aurkezten digu Isaias profetak. Bere eskaintza emankorra dela, beste batzuei bizia ematean agertzen da. Zerbitzari berria eta betikoa den Nazareteko Jesusen irudia agertzen zaigu hemen. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 4, 14-16

Hebertarrei egindako idazkiak, Jesu Kristo, Abade Nagusitzat aurkezten digu. Jainkoa, gurekin errukitzen den Jainkoa dugu. Gure aurretik joanaz bide erakusle gisa bidali zigun bere Semea. Bere bizitza, bere eskaintza, bere Nekaldia, heriotza eta Piztuera, Jainko Aita-Amaren aurrean daukagun bitartekorik onena dugu. Onar dezagun gogoeta aberats eta sakon hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 35-45

Isaiasek aurkeztutako “Jaberen Zerbitzaria”, betiko bizira daraman bide gisa eskaintzen zaigu bere jarraitzaileoi. Eta ez dago duda izpirik ere: “zuen artean nagusi izan nahi duenak, izan bedi zuen zerbitzari”; hauxe da Jesusen erantzun garbia eta bakarra. Onar dezagun bere mezua.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren Zerbitzaria dugun Jesu Kristoren bitartez, munduko gizon-emakume guztien alde zuzentzen diogu gure otoitza Jainko Aita-Amari.

1.- Gure Elizaren alde: Jesusen nahiekin eta aginduekin leiala izan dadin eta ez dadila ohore edo indar bila ibili izan, eta bere erabateko ahalegina gizaki guztien, batez ere behartsuenak zerbitzatzen ipin dezala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Misiolari guztien alde: beren eguneroko buru eskaintza ez dadila erori lur agorrean, eta Jaunak emankor egin dezala; sentitu dezatela gure otoitza eta beren lana onartua izatea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduan zehar ebanjelioaren zabaltzaile diren hainbeste apaiz, erlijioso eta laikoren alde: DOMUND egun honetan haiek gogoratzea, eta gure elkartasuna eskaintzea, pozgarri eta lagungarri izan dakien. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Baztertuak diren edo indartsuen bidegabekeria sufritzen duten gizonen eta emakumeen alde: horiek ere beren askapen bidea aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garen guztion alde: zerbitzari eta senide den Parrokia-Elkartea eraikitzeko gai izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ezberdinak eskaintzen ditugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MISIOLARI BATEK ELKARTEARI EGINDAKO GUTUN BATEN AURKEZPENA

(DOMUND eguna girotzeko ongi legoke misio herrietako baten batekin harremana izatea eta berak idatzitako zerbait irakurtzea. Merezi badu, letra handiarekin kartulina baten uzten da denok irakurtzeko moduan...)

OTOITZA – AZALPENA: Gutun honekin hauxe agertu nahi dizugu, Jauna: beren herritik kanpora eta misio herrietan dauden hainbeste pertsonak egiten duten lana eskertu, onartu eta goratu nahi dugula. Zuk gizakioi diguzun maitasunaren jarraipena ikusten dugu ekintza horretan. Eskaintza hau zure gogokoa izan dadila eta gu ere, gure gizartean eta gure inguruan, zure maitasunaren lekuko izan gaitezela.


MEDIZINA BATEN AURKEZPENA

(Keinua egiteko kanpoko azala nahikoa litzateke. Arlo horretan lana egiten duan batek egiten du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, medizina hau, errukiaren ezaugarri lez aurkezten dizut; artzain onaren eta ebanjelizatzailearen ezaugarri ederra. Jauna, lagun ezaguzu besteentzat medizina izaten; besteen zauriak sendatzen dituzten olio biguna; besteen arazoak arinduko dituzten onarpen eta entzuteko gaitasuna. Zure laguntzarekin, zure Seme Jesukristorengandik ikasi duguna egiten jarraitu nahi dugu.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZA AURKEZTEA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza erdibitzen duen munduko beste sufrimendu bat aurkezten dizut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekin kezkatuta bizi diren Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten dizkizut; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dugun pertsonak gehitzen joan gaitezela.


ESKUKADA BAT GALBURU AURKEZTEA

(Baserritar edo beste pertsona batek, elizan dagoen ontzi batetik esku bete galburu hartzen du eta aldare inguruan dagoen beste ontzi baten utzi)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen duten esku honekin eskaintzen dizut, Jauna, eskukada galburu hau. Bizitzaren ezaugarri dira. Zure Semeak erakutsi zigun ez dagoela piztuerarik heriotzarik gabe, ezta gari alerik, garaua lurrean ez bada hiltzen. Anaia-arreben zerbitzura beren bizia eskaintzen duten MISIOLARIEKIN bat egin nahi dugu. Zure gustukoa izango delakoan eskaintzen dizugu.


MISIO EDO BOKAZIO PASTORALTZAN DABILEN TALDEAREN AURKEZPENA

(Urtean zehar jorratzeko egitasmorik balute, ongi legoke idatziz aurkeztea. Elkartearen izenean batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: Jesus zure Seme maitearen jarraipenera deitu gaituzu, hori guztiontzat ona dela esanez. Eskerrik asko gure BOKAZIOAGATIK. Gure parrokian misio eta bokazio pastoraltzarekin arduratzen den taldearen egitasmoa aurkezten dizugu. Gure ahalegina eta gure ekintzak aurkezten dizkizugu. Zure DEIA entzunez, besteen ZERBITZURAKO beren bizitza eskaintzen duten pertsonak izan ditzagula beti gure elkarteetan.

Agurra

Senideok: azkeneraino eta azkenera arte jarraitzea da Jesusen jarraitzailearen legezko amets bakarra. Alperrik dago beste guztia. Hau ez zaigu ulerterraza; zailagoa, oraindik, onartzea. Dena den, hori da Jaunak proposatu digun eta proposatzen digun bide bakarra. Azkeneraino eta azkenera arte jarraitzea ez da heriotzaren bila ibiltzea, Jesusen erara bizitzea baino, haren ametsetan, keinuetan, hitzetan partaide izatea. Jesus topera bizi izan zen azken unera iritsi arte… Beste hainbeste itxaroten du gugandik. Eskaintzazko eta zerbitzuzko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Gizonaren Semea zerbitzatzera
eta bere bizia guztien salbamenerako ematera etorri da”




Mezuz eta zentzuz beteriko igandea dugu gaurkoa; esanguratsua benetan. LEIHOAK mundura IREKITZEKO deia entzungo dugu Eliza osoan. DOMUND eguna dugu; munduko misiolari guztien eguna. Gure artean sustrai sendoak dituen eguna. ELKARTASUNA gaurkotzen saiatuko gara.

Liturgia gogoan izanik, Jesus maisuak, bere jarraitzaileak eratzen jarraitzen du. Bere Hitza ozen agertzen zaigu. Mesede eta ospe bila dabilen gizarteari, gaur eta hemen, Jesusek beste bide bat eskaintzen digu: “Handi izan nahi duenak, izan bedi zuen zerbitzari; lehen izan nahi duenak izan bedi guztien mendeko”.

Gogoan edukitzekoa: EBANJELIOAK aginpidearen aurrez aurre, eskaintza, besteak zerbitzatzeko jarrera ipintzen digu; salbatzen duen eta balio duen agintaritza bakarra, maitasunaren eta zerbitzuaren agintaritza da. Maisuaren proposamena onartu nahi duenentzat horixe da eskaintza apala.

Argi dago beste logika bat eskaintzen zaigula: osotasunean bizitzeko ZERBITZUAN BIZITZEA ez da erraz irenstekoa. Dena den, DOMUND egunak, pertsona askok horrela ulertu dutela eta beren bizitza horrela eskaintzen dutela gogoratzen digu. Jesusek ereindako HAZIA emankorra zen… eta indarrez erne da!

“ZORIONTSUAK beren bizitza ZERBITZU bezala bizi dutenak,
Jesus Maisuaren antzekoak izango dira”.

(Ordago!)

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari”

(Mk 10, 43)

 

 


bidean@bidean.net
orue