Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 30. igandea - 2018.eko Urriaren 28a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok: pozik elkartzen gara Eukaristia ospatzeko; Jainkoak berriz ere batzen gaitu, bere seme-alaba egiten, aukeratu egiten gaitu eta Jesusen lehen jarraitzaileen antzera, alaitasunez bizitzeko gonbidapena luzatzen digu. Jainkoak bere herria salbatu du eta gutariko bakoitza salbatzen dihardu.

Bartimeo itsua sendatzea eskaintzen digu igande honetako ebanjelioak. Itsuak erregu eta oihu egiten zuen, zailtasunen eta oztopoen artean, ahaleginetan zebilen Jesusekin hitz egiteko: “Dabiden Semea, erruki zakizkit”. Jesusek sendatu zuen: “Zoaz, zeure fedeak salbatu zaitu”. Jaunari gogotik otoitz eginez, egiari jarraitzeko behar dugun ikusmena eta fedea eskatuko dizkiogu.

Has dezagun kristau senidetasunaren ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 31, 7-9

Jainkoa bere herriarekin ona eta leiala delako, erbesteratuen etxeratzea aipatzen digu Jeremias profetak lehenengo irakurgai honetan. Sakabanatuak Jainkoak bilduko ditu, eremuan gidatuko ditu eta beren aberrian sartuko ditu. Profetak, herri berria nork osatuko duten diosku, eta herriak itxaropena zain dezan, jaso aurretik beren askapena pozik abesten du. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 5, 1-6

Hebertarrei egindako eskutitz honetan, apaiz izateko baldintzak gogoratzen dizkigu eta Kristori ezarri, itun berriko apaiz bakarrari. Berez gizona baita, Jainkoaren eta gizakien arteko bitartekotza betetzen du. Jesusek osotasunean betetzen du eginkizun hori. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 46-52

Ebanjelioko pasarte honetan, Jerikoko itsua sendatzea entzungo dugu. Jesus itsuaz errukitzen da eta Jainkoaren bizi berriaren emailea da. Itsua ikusten hasten denean, bidean ipintzen da bere jarraitzaile eginaz; Jesusekin aurkitu denean bere bizitza osoa argitu zaio. Testigantza ederra benetan ebanjelioko zati honek eskaintzan diguna.

Jainko herriaren otoitza

Konfiantza osoz zuzentzen diogu gure otoitza Jainko Aita-Amari, Eliza osoaren eta gizaki guztien premiak aurkeztuz.

1.- Elizaren alde: Jainkoaren Erreinua zabaltzera deitua denez gero, behartsuenen aldeko zerbitzuz eta konpromisoz bizirik, gizakiei erakutsi diezaiela Jainkoaren egiazko aurpegia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri guztietako agintarien alde: beti zuzentasunaren eta askatasunaren alde saia daitezen; hainbat tokitan bakearen alde lan egin dezaten; eta herrien hainbat premien aurrean sentikorrak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure elkarteko eta mundu guztiko gaixoen alde: eurak zaintzen dabiltzanen bitartez, Nazareteko Jesusen Barri ona eta bere indar askatzailea ezagutzeko zoria izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Zerbitzu ugaritan (Karitasen, Osasun Pastoralean, talde baztertuen zerbitzuan…) ari direnen alde: zerbitzu sozialaren babesetik kanpora dauden edo edozein motatako baztertzeak sufritzen dituzten hainbat jenderi eskua luzatzera eta Erreinuaren Berri Ona aditzera eman dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen bildurik gaudenon alde, gure elkartearen alde: Jesu Kristoren jarraitzaile bezala, gu ari garen tokietan, Ebanjelioaren egiazko testiguak eta gizaki horientzat Argia eta Itxaropena izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ezberdinak eskaintzen ditugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BAT AURKEZTEA

(Makila, ahal dela, itsuek erabiltzen dutena izan behar du. Elkarteko heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur makila hau dakarkizut; honekin, ni eta nire elkarteko kideak, besteen laguntzaile izan nahi dugula agertzen dizut. Jauna, ireki nire begiak, besteei ere beren begiak irekitzeko lagun izan nakien. Argi nazazu zure argiz, ilunpean dabilen gizarte honi, zure argi izpiak heldu dakizkion.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona konprometitu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri bezala dakarkizut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko bezala, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dugu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar gabe geldi ez dadin, zure laguntza eta grazia eskatzen dizkizugu.


KANDELEN AURKEZPENA

(Bi gaztek eramaten dituzte aldara gainean ipiniko diren bi kandela. Haietariko batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Jesukristorengan dugun sinesmenaren ezaugarri bezala, gure ospakizunean bizturik edukiko ditugun bi kandela hauek dakarzkizugu. Espirituaren dohain bezala eta zuk emandako erregalo bezala, zeuk isiotu duzu sinesmen hori gure barruan. Lehenengo eta behin eskerrik asko. Sinesmen horrek gure bizitza zentzuz bete du, eta sinesmen hori eskaini nahi diegu guk ere gure ingurukoei.


KATEKESIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Ume, gaztetxo eta gazteen katekesiaren aurkezpena egiten da. Ongi legoke zerbait idatzia edukitzea, denok ikusteko eran, edo denoi banatzeko eran. Denon izenean pertsona batek aurkezten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Aita-Ama ona: KATEKISTA taldea aurkezten gara gaur. Gure egitekoa, zure Semearen antzera, Zure Erreinuaren Berri Ona iragartzea da. Egiteko hau benetan hartzen dugu. Baina Zuk badakizu ez dela erraza kristau baloreak gaurko ume eta gazteei transmititzea. Guk, gure ahalegina eskaintzeaz batera, Jesusen Espirituaren argitasuna eta indarra eskatzen dizkizugu. Egunero hobeto egiteko gogoa agertzen dizugu.

Agurra

Senideok: bukatu da ospakizuna. Jauna goratu dugu; Jainkoak salbamena eskaini digu Jesu Kristoren bidez eta guk Jesusi jarraitzeko erabakia hartu dugu. Iritsi da geure bizitzara eta geure zereginetara joateko ordua. Arduratu gaitezena bidean aurkitzen ditugun herrenez eta itsuez; ez ditzagun isilarazi haien oihuak, ez dezagun beste aldera begiratu hareen aurrean, eta Jesusek berak egingo lezakeen bezala, lagun diezaiegula. Egia izango ote!

Egun honetarako gogoeta

“Jesu Kristo gure Salbatzaileak heriotza desegin zuen
eta ebanjelioaren bitartez egiazko bizia argitaratu zuen”




Gure Jaun eta Maisuaren arrastoak urratzen jarraitzen dugu. Igande honetan ere, bere mezuan oinarrizkoa dena gogoratzen digu. BERA, ARGIA denez gero, gure bihotzak ukitzera eta gure iluntasunak argitzera dator. Hauxe da liturgiak eskaintzen diguna.

Jaunaren Hitzak, profetaren bidez, oinazea eta erbesteratzea pairatu duen herriari, irteera berria, askapen berria iragartzen dio (1. irakurgaia). Jerikoko itsuari, iluntasunaren gaitzarekin jota egon arren, argia denari dei egiteko indarra daukanari, Jainkoaren proiektuak egia bihurtzen diren Kristoren bidez egiazko salbamena iristen zaio (ebanjelioa).

Bigarren irakurgaiak, Jesus Apaiz Nagusi bakar bezala aurkeztu digu; bere bizia emanez, betikotasuna lortzen du. Ulerterrazak gertatzen ez zaizkigun Jaunaren bideak dira.

ZORIONTSUAK JESUSENGAN
beren BIZITZARAKO ARGIA aurkitzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Dabiden Semea, erruki zakizkit"

(Mk 10, 48)

 

 


bidean@bidean.net
orue