Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - SANTU GUZIAK - 2018.eko Azaroaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak guztiok, Santu Guztien egun eder eta berezi honetan.

Senideok: jai handia gaurkoa, alaitasunaren eguna. Gure anaia-arreba guztiekin bat eginda ospatuko dugu gaurko Eukaristia.

SANTU GUZTIEN egun honetan Eliza osoarekin elkarturik, Jainkoaren handitasuna eta, Jesusen urratsen ondoren, senideen zerbitzuan bizi izan direnen handitasuna ospatzen dugu; haiek ditugu ereduak senideenganako zerbitzuan.

Horrek guztiak, ezagunak ditugula edo ez, Aitaren maitasun osoa gozatzen daudelako ospatzen dugu festa hau. Jainko Aita-Amak -santu bakarrak eta santutasunaren iturburuak- bere Espiritua ematen digu guk ere garaipen bera lor dezagun. Jesusek “bizi egitasmoa” eskaintzen digu: ZORIONTASUNAK. Hori dugu bidea.

Sinesmen ospakizun hau hastera goaz.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Apokalipsia 7, 2-4. 9-14

Apokalipsia liburuak zeruko ikuskari bat kontatzen digu: ez da erraza ulertzea, baina itxaropenezko eta pozezko hitzak dira: gure sinesmenak dioskunez, Jaunaren ondora joango gara, betikotasunean han gozatzeko. Bihotz apalez entzuten dugu.


2. irakurgaia: 1 Joan 3, 1-3

Apostoluak dioenez, Jainkoaren seme-alaba gara bataioaren bidez, baina oraindik ez da agertu gero izango garena: seme-alaba, baina ez geure irabazien bidez, Aitaren ekimenez baino, dohain hutsez, Aitaren ondoan bizitzera deituak baikara. Hau da “ikasle maitearen” testigantza eder eta pozgarria.


Ebanjelioa: Mateo 5, 1-12a

Entzungo dugun ebanjelioan, Jesusek egiten digun BIZITZAKO EGITASMOA betetzeko, jarrera berezi bat behar da. Eta bizitzak agertzen digu, Jesusen proposamen hori onartu eta bizitzen ahalegintzen diren pertsonak, zoriontsuak direla. Bide horretan ahalegintzen garenontzat testigu fidagarriak ditugu. Bihotz-bihotzez hurreratzen gara mezu honetara.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amak beti onartzen du gure otoitza eta gertu dago guri ahalik eta onena emateko. Horregatik eskatzen dugu orain behar dugun guztiaren alde.

1.- Elizaren alde: munduaren aurrean azal dezan zein den bilatzen dugun erabateko zorionaren bidea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztien alde: landu eta gara ditzagun gure gaitasunak eta gertu bizi gaitezela guztien onaren, gizarte zuzenagoaren, solidarioagoaren eta toleranteagoaren zerbitzuan gure trebetasunak ipintzeko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Pobretasunak, bidegabekeriak, bazterketa sozialak edo gaixotasunak zapalduak direnen alde: gugan aurki dezaten elkartasuna eta behar duten onarpena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gizarteko girorik zailenetan Jauna presente egiten duten kristau guztien alde: adorerik ezean edo erosotasunera egokitzeko tentaldian eror ez daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Egun honetan, era berezi batean, gure HILDAKOAK gogoratzen ditugu: senide, lagun eta ezagun; Jesusen Piztueraren indarrak, haiei ere bizitza berria eman eta egiazko zoriona izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

6.- Santu guztiak ospatzeko hemen bildutako gure Elkartearen alde: kaskarkeriak ase ez gaitzan eta, santuen laguntzaren bidez, Zoriontasunen bidea jarraitzeko gauza izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ezberdinak eskaintzen ditugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LORE SORTA BAT AURKEZTEA

(Elkarteko gazte batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: aldare ingurua apainduko duen lore sorta hau dakarkizugu. Bi gauza agertu nahi dizkizugu: batetik, Zuk gu aukeratuz eta zure jarraitzaile eginez gugan isurtzen duzun usain gozoa. Eta bestetik, mundu honen erdian zure TESTIGU izaten saiatu diren “santu eta santa” guztien bizitza zure gogoko izan dela. Gizon-emakume guztiek erein duten ontasun guztiak eskertuz eskaintzen dizugu.


ONTZI BATEN LEGAMIN APUR BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama, ore guztia jagiteko indarra daukan legamia dakarkizut. Gure gizartea, gizakoiagoa, berdintsuagoa eta solidarioagoa, hau da, zuzenagoa egiten ahalegintzen diren kristau militante guztien izenean dakarkizut. Gaur “santu” bezala dauzkagunak, konpromiso horren jarraibide ditugu. Zerbitzu lan horretan aurrera egiteko indarra eta laguntza eskatzen dizugu.


INTSENTSUAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du. Eskuan intsentsua eramaten du, eta aldarean intsentsu ontzia ikatzarekin piztuta dago. Nahiko lurrin ateratzeko beste intsentsu botatzen du)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna, Ekialdeko Magoak ere intsentsua eskaini zizuten Belenen, Zugan gizadiarentzat usain gozoko bizia aurkitu zutelako. Intsentsu honek usaindu dezala eliza hau. Zure eskaintza horretan, “santuenak” eta gureak ere bat eginik, munduak eta guk bizitzan aurrera egiteko sinesmena gauza on eta beharrezko lez hartu dezagun.


BAZKO ZUZIA AURKEZTEA

(Batzarreko arduradunak piztuta ekar lezake eta ondo ikusteko tokian ipini)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama, gure historian gertatu den gauzarik harrigarrienaren ezaugarri gisa dakarkizugu Bazko zuzi hau: Jesusen piztuera. Guk maite ditugun pertsonak agurtzerakoan beti pizten dugu. Gaur, horien bakea eta zoriontasuna ospatu nahi dugu. Onar ezazu guztien bizitza eta heriotza.

Agurra

Senideok: santutasunaren iturrira hurbiltzen gaitu gaurko ospakizunak. Gure familiako eta laneko bizitzara bihurtzean, aterako ote gara ZORIONTASUNEN espiritua egiaz eta benetan bizitzeko asmoz. Gure senide hilen oroipenak ez gaitzala murgildu atsekabean, Jainkoaren Erreinua haiekin batera gozatzeko itxaropenean baino. Festa eta alaitasunezko egun zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Zatozte Nigana nekatuok, lanpetuok;
eta Neuk arinduko zaituztet”




Egun ederra dugu gaurkoa; Kristau Elkartearentzat festa handia, SANTU GUZTIAK ospatzen ausartzen gara. “Arraro usaina” eduki lezake, baina FAMILIA HANDI baten festa da. Horrela da. Gaur, Kristau Elkarteak, EBANJELIOKO BIDEA egin duten ibiltari guztiak, gizaki guztiak biltzen ditu. Horixe da “santu izatea”. Besterik ez…!

Gauza hauek gogoratzea ondo datorkigu. Gure gizarteak sarritan pentsatzen du, santuak eta santak “pertsona arraroak” direla. Egia da, gaurtik begiratuta, haien bizitzeko “era batzuk” onartu ezinak direla, baina MEZUA gaur ere baliokoa da. Gizon-emakume horiek Ebanjelioaren “logika arraroa” hartu zuten zeinu bezala; zehatzago esanda, ZORIONTASUNEN logika.

Haien NORTASUN AGIRIA: Erreinuagatik pobre izatea erabaki dute; sufritzen eta negar egiten jakin dute; errukiorrak izan dira; apalak, bake zaleak eta bihotz garbikoak; zuzentasunaren gose-egarri izan dira… Hona hemen horien NORTASUNA (gaurko ebanjelioaren mezua da).

ZORIONAK GUZTIOI!
Gaur geure festa da, Jesusen JARRAITZAILEON festa!
ZORIONAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan"

(Mt 5, 12)

 

 


bidean@bidean.net
orue