Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 32. igandea - 2018.eko Azaroaren 11a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak sinesmen ospakizun honetara. Bere Hitzaren eta Mahaiaren inguruan elkartu gaitu Jesu Kristok beste anaia-arreba batzuekin batera.

Liturgia Urtearen amaierara goaz (bi igande falta dira), eta, Jesus Maisuak biderako GIDA bat eskaintzen digu bere jarraitzaileoi. Gaur, bi alargun ipiniko dizkigu bizitzarako eredu gisa. Beren pobretasunean eta beharrean, Jainkoaren eta bere egitekoaren presentzia dira. Hori besterik ez!

Hitz horrek gure bizitza argi dezala; Jaunak elika gaitzala bere lekuko izan gaitezen; gure bizitzarekin ager dezagun Jainkoak eskatzen diguna.

Horrelako jarrera izanik, has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 17, 10-16

Jainkoak agindutako misioaz zintzoa izan nahi du Elias profetak, eta bere herrian dagoen sasi jainkoen gurtzeaz aurrez aurre aurkitzen da. Itunarekin zintzoa izatea da bere helburua. Horretan dabil. Eta egiteko horretan, profeta onartzen duen kanpotar alarguna agertzen zaigu. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 9, 24-28

Hebertarren idazleak izaera berri baten hasieran Kristo ipintzen digu, eta erreferentzia puntu bihurtzen da: bere bizia eskaintzen du Jesusengan sinesten dutenei bizi berria emateko; bigarrenez datorkigunean eramango du bere betetasunera. Onar dezagun testigantza hau.


Ebanjelioa. Markos 12, 38-44

Gaurko ebanjelioak Jesusen giza ukitua agertzen digu; alargun behartsu baten jokabidea ipintzen die eredu gisa bere ikasleei. Bere iritziz, Jainkoarentzat maitasunezko eskuzabaltasunak handikeria guztiak baino gehiago balio du. Ikasgai ederra!

Jainko herriaren otoitza

Senideok: otoitz egin diezaiogun gure Jainko Aita-Amari, munduko gauzak gizakientzat sortu zituenari, eta Jesu Kristogan senide egin gaituenari.

1.- Jainkoaren Elizaren eta bertan ministeritza zerbitzua dutenen alde: Jaunaren adibideari jarraituz, pobretasunaren eta eskuzabaltasunaren lekuko izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintarien alde, batez ere gure herrikoen alde: denen ona bilatuz, ondasunak gizaki guztien esku egon daitezen: lana, etxebizitza eta gizakien garapen osoa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Lurreko behartsuenen alde, umezurtz, alargun eta pentsio txikiak dauzkatenen alde: kristau elkarteetan laguntza eta itxaropentsu bizitzen lagunduko dien elkartasuna aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Pastoralean eta gazteekin lanean ari direnen alde: beren denbora pozez eskain dezaten eta oztopoak oztopo, horiek ereindakoak Jesu Kristoren eta bere Ebanjelioaren jarraipenean fruitua eman dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde eta gure elkarte osoaren alde: gure bihotza berri onera bihurtu, Kristorekin bat egin, zuzentasunaren alde jokatu eta behartsuenekin solidarioak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



DIRU POLTSA BAT AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru poltsa hau dakarkizut. Gure ahalegin eta borroka asko horrek sortzen ditu. Dirurik gabe ezin gintezke bizi. Beharrezkoa dugu bizitzeko. Zu, ostera, pobretasun gorrian bizi izan zinen, eta horrela bizi zirenak zoriontsuak zirela esan zenigun. Jesus Jauna, erakutsi iezaguzu gure bihotzak maitasun osoz maite gaituen Jainko Aita-Amarengan ipintzen.


KIMATZEKO GURAIZE BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek kimatzeko guraizeak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kimatzeko guraize hauek dakarzkizut. Badakigu zertarako diren: adar batzuk ebaki ezkero, besteak indar berritzen dira. Jesukristo zure Semearengan sinesteak ere kimaketa edo heriotza dakar piztuerarako bide bezala. Itxaropen horrek eraman gaitzala Jesu Kristorekin bat eginda bizitzera.


EBANJELIO LIBURUTXOAREN AURKEZPENA

(Katekesiko arduradun batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelio liburu hau aurkezterakoan, haiek jarraitzeko eta iragartzeko konpromisoa agertzen dizugu. Zure Semearen ikasleen liburua dugu. Hortxe oinarritu nahi dugu gure bizitza. Hori jarraituz zure Seme Jesukristorekin bat egin nahi dugu, Berak osa dezan guk ezin duguna edo falta zaiguna. Jauna, gure gurariak egi bihurtzen joateko zure Espirituaren laguntza eta argitasuna eskatzen dizkizugu.


OSASUN PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Holako talderik balego, bertako kide batek egiten du aurkezpena. Eta zerbait idatzita balego, eliztarrei eskaini)

OTOITZA – AZALPENA: Osasun Pastoraltzan gabiltzanon izenean, guk egiten dugun lana aurkezten dizugu, Jauna. Zure Seme Jesukristorengandik ikasi dugu gaixoen, behartsuen eta baztertuen ondoan egoten. Bere izenean hau da egiten duguna: gaixoengana hurbildu, haien ondoan egon eta haien premiak entzun. Jauna, lan eder hau aurrera eramateko, zure laguntza eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: Jauna goratu eta Jesu Kristoren salbamena ospatzeko elkartu gara. Bere jarraitzaile izatea gaurkotu dugu, eta orain geure bizitzara eta eguneroko zereginetara goaz. Gogoan izan dezagula Jaunarentzat gure bihotz barrenean dagoenak kontatzen duela. Itxurakeriak pauso laburra du. Ebanjelio testigantzazko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Zoriontsuak espirituan behartsu direnak,
haiena baita Zeruetako Erreinua”




Beste behin ikusten dugu Jainkoaren Hitzaren mezua arrarotxoa dela; hau da, “ez da logikoa”. Igande honetan gure EREDU eta jarraibide gisa bi alargun ipini dizkigu (eta denbora hartan benetan “pobreak” ziren; eta historia errepika daiteke). Eta ez “alargun” edo “pobre” izatearren, baizik eta bizitzeko moduagatik: ELKARTASUNA, ESKUZABALTASUNA eta gehitu ditzakegun hainbat gauza gaitik.

Guri, “gizaki jakintsuak” garenez, edukitzea (dirua, ospea, boterea, agintea…) izatea baino garrantzitsuagoa da (solidarioak, apalak, zerbitzariak, eskuzabalak…). Mezu honek gaizki uzten gaitu; “edukitzearen egarriaz” zenbat eta harrapatuago egon hainbat eta gaizkiago uzten gaitu.

Maitatzeko gaitasuna, samurtasuna, zerbitzua, laguntza, bizitza dohain hartzeko gaitasuna, bere neurrian baloratzeko gonbitea da. Jainkoaren hitzak agertu digun bi alargunen jokabidea da. Haiek, beren apaltasunez, elkartasunaz, behartsuekiko eskuzabaltasunez, gure bizitza giza balorez janzten dute, gure munduarena ere bai. Benetako ikasgaiak, Jainko Jauna!

Argi dago Jesus bere Elkartea “izate bereziko” gizon-emakumeekin osatzen saiatzen dela; bere izateko eta bizitzeko erak, inguruan galderak sor ditzala. Goazen gu ere!

ZORIONTSUAK baldintzarik gabe onartzen dutenak:
gizon-emakume BERRIAK bihurtuko dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du”

(Mk 12, 44)

 

 


bidean@bidean.net
orue