Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 33. igandea - 2018.eko Azaroaren 18a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Hitzaren eta Eukaristiaren mahaira. Jesu Kristo ere gurekin jartzen da, elkarrekin jai egiteko.

Liturgia Urtearen bukaerara iristear gaude. Horrelako giroa azaltzen da Urtean Zeharreko aldien azken aurreko igande honetan. Guztiok dugu Erreinuaren ardurari eta gure bizitzaren zentzu sakonenari ez dagozkion azaleko mila kezkatan nahasteko arriskua.

ERNE BIZITZEKO deia dakarzkigute gaurko irakurgaiek. Erne bizi gaitezela nahi du Jesusek, inguratzen gaituzten premietara erne egonik, badatorren Erreinuaren ereile izan gaitezen.

Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Daniel 12, 1-3

Daniel profetak, -Itun Zaharraren azkenaldian eta era apokaliptiko baten-, inoiz izan ez diren moduko une garratzak iragartzen ditu. Baina zuzen bizi izan direnen salbamena eta garaipena izango da datorren Mesiasekin. Aldien amaierari buruz berba egiten digun zati hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: Hebertarrei 10, 11-14. 18

Hebertarrei egindako idazkiaren egileak, Itun zaharreko opariak eta abadetza, Kristoren opari eta abadetzaz konparatzen ditu. Zain dagoen gizadiarentzat benetako barkamena eta salbamena Kristo da. Sinesmendun guztiontzat, itxaropenez beteriko mezua dugu. Onar dezagun.


Ebanjelioa: Markos 13, 24-32

Bere herriko kezkak gogoan izanez eta hizkuntza bera erabiliaz, Jesusek aldien amaierari buruz berba egingo digu. Mezua argia da: Jaunaren zain daudenen antzera, zuhur eta KONFIDANTZA handiarekin bizi, Jainkoa salbatzera eta bizia eskaintzera datorrelako. Mezu honetan, beldurrak ez dauka lekurik. Itxaropen berbak entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Ama bere seme-alaben erreguak entzuteko prest zegoela esan zigun Jesusengan konfiantza jarriz, aurkez diezazkiogun Elizaren eta munduaren premiak.

1.- Eliza eta bera osotzen dugun guztion alde: hain izate ezberdinez beteriko mundu honen erdian, batasun eta itxaropen legamia izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Bizitza publikoaren arduradun guztien alde: beren egiteekin eta erabakiekin guztien ona bila dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko baztertu guztien alde: gurekin bat izan daitezen, behar dituen zerbitzuak eta laguntzak eskaini diezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Konpromiso bat hartu duten LAIKOEN alde: mugimendu apostolikoetan, politika arloan, sindikatuetan edo giza mailan parte hartuz, zuzentasunaren eta mundua eraldatzearen alde joka dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkarturik gaudenon alde, gure elkarte osoaren alde: itxaropena piztuta, erne eta elkartuak otoitzean, Erreinua egia bihurtzen saia gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



APAIZAK AURKEZTEA: ESTOLA GORRIA ETA HANDIA

(Batzarreko buruak edo Pastoral Kontseiluko arduradunak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: Hebertarrei eginiko gaurko idazki zatian, Kristoren apaizgoa aurkeztu zaigu eta guretzat duen esanahi sakona gogoratu. Guk, zure Elkarteko kideok, gure APAIZAK aurkezten dizkizugu: beren bizitza, bere lan eta neke aldiekin, Jesusen egitekoa jarraitzeko duten ardurarekin. Aita-Ama ona, bedeinka itzazu apaiz guztiak eta, zure jarraipenean, bete itzazu bizi pozez. Hauxe eskatzen dizugu.


PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena elkarteko gaztetxo batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakarkizugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen haurren joko bat dela badakizu. Beste andre-gizonekin batera gure denbora eskaini nahi dugunaren ezaugarri bezala eskaintzen dizut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoen lekuan, han egon gaitezela gure denbora eskainiz eta ahal dugun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte edo heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik erloju hau dakarkizut, denboraren ezaugarri eta bera neurtzeko tresna. Gaur historiaren gainetik zuk daukazun aginpidea gogoratzeko dakarkizut. Aitaren eskuin aldetik zuk zuzentzen duzu eta dena zureganatzen. Zuregan gauza guztiak bere betetasunera iris daitezen zure laguntzaile izan nahi dugu.


GAZTE PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Gazteak beraiek prestatzen dute. Ongi legoke ezaugarri batekin aurkezpena egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Parrokiako gazte pastoraltzan gabiltzanon izenean egiten dugu aurkezpen hau. Jauna, ez da erraza aurrean daukagun lana. Horregatik, zure eskuetan uzten dugu aurtengo egitasmoa, pentsatuta dauzkagun ekintzekin. Zure laguntza eskatzen dizugu, bai lanean zintzo irauteko, baita gure gaztetxo eta gazteen artean zure TESTIGU izateko ere.

Agurra

Senideok: Jainkoarekin leialak izan nahi badugu, ekinean eta konpromisoak hartuz izan behar dugu. Gure gizadian eta gizartean gertatzen denaz, ezin dugu bestaldera begiratu, ezta lotan gelditu ere. Zuhur bizi behar gara. Ikusten, begiratzen, aukeratzen eta ardurak hartzen jakin behar dugu. Orduan jausiko gara kontuan Jainkoa gure ondoan, gure munduan dabilela. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Zaudete beti erne,
Gizonaren Semearen aurrean
beti zutik egoteko indarra eskatuz”





Liturgia Urtearen bukaerara iristear gaude, eta logikari jarraituz, bizitza eta bere gorabeherak, borrokak eta itxaropenak ospatzen dituen liturgiak ere, azken horri buruz hitz egiten digu. Zer gertatuko da aldien azkenean? Nola biziko dugu?

Ardura hau bizitzarekin loturik doa. GEROAREN galdera beti izan du gogoan gizakiak. Gure eta hainbeste gizakien ahaleginak, borrokak eta itxaropenak, non eta zertan amaituko dira? Galdera honen aurrean, erantzun ugari hartu eta eman genezake. Eta baten bat geuretzat hartu beharko dugu.

Guretzat hizkera hori ulergaitza izan arren, igande honetan, JAINKOAREN HITZA hori argitzera dator. Erantzuna, piztueraren erronka eta agintzaria da. Besterik ez! Jesusengan sinesten dugunontzat, ez da ihes egite bat edo zentzugabeko zerbait; sinesmen horrek, beste edozeini baino gehiago, mundu eta gizarte gizatiarrago baten alde borrokatzera eta ahalegintzera bultzatzen gaitu; jakin badakigulako horixe dela BIZITZARAKO bidea. Azken piztueraren itxaropenak bizkorturik, fededunak, arazo artean ere, aurrera egiten du.

Fededunak gogoan dauzka beti Jesusen hitzak: “Zeru-lurrak igaroko dira, nire hitzak, ostera, ez dira igaroko”. Anaia-arrebok, aurrera!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko"

(Mk 13, 31)

 

 


bidean@bidean.net
orue