Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 34. igandea KRISTO ERREGE - 2018.eko Azaroaren 25a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Liturgia Urtearen azkeneko igandera.

Gaur, JESU KRISTO ERREGEAren festaburua ospatzen dugu. Errege da, baina ez mundu honetako erara. Ez du mendekorik, ikasleak baino. Haren Erregetza ez da boterean oinarritzen, baizik eta zerbitzuan: “Gizonaren Semea zerbitzera eta bere bizia ematera etorri da”, esango digu.

Errege apala, zerbitzaria, ikasleen oinak garbitzen dituen Erregea dela entzungo dugu Ebanjelioan zehar. Errukia eta barkamena, egia eta gurutzea dira haren armak. Kristok, gaur, garrantzitsuena ZERBITZEA dela gogoratzen digu jarraitzaileoi. Haren Espirituak indartu gaitzala eta lagun diezagula egiaren testigantza ematen munduaren aurrean.

Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Daniel 7, 13-14

Daniel profetak (Testamentu Zaharraren bukaeran), ikuskari handi baten, aintzaz beterik, maiestatez eta boterez inguratua datorren Gizonaren Semearen agerpena deskribatzen du. Unibertsoan zuzentasunezko eta bakezko Erreinuari hasiera ematen dio. Etorkizunaren “ametsa” da; Nazareteko Jesus izango da ametsa. Bihotz apalez, entzun dezagun.


2. irakurgaia: Apokalipsia 1, 5-8

Apokalipsia idazlearen arabera (hauxe dugu Bibliako azken liburua), Kristoren garaipenaren ziurtasuna eta haren behin betiko agerpena da kristau itxaropenaren oinarri sendoa. Hark askatu gaitu pekatuetatik, Hark egin gaitu Jainkoaren beraren apaiz. Onar dezagun fedez eta itxaropenezko testigantza hau.


Ebanjelioa: Joan 18, 33b-37

Ebanjelioko pasarte honetan, Jesusek Pilatoren aurrean ere aitortzen du bera Errege dela. Haren Erregetza Jainko Aitaren kausarekin bat dator guztian. Haren erregetza egian oinarritzen da. Errege zerbitzaria da Jesus; oso-osorik ematen du bere burua; askatu egiten ditu Hark beren bizitzetan onartzen dutenak. Prestatu gaitezen ebanjelio zati hau entzuteko, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Konfiantza osoz zuzendu diezaiogun gure otoitza Jainko Aita-Amari, eta aurkeztu diezazkiogun Elizaren eta gizaki guztien premiak.

1.- Errege eta apaiz herri den Elizaren alde: entzun dezala Jaun bakarraren Hitza, eta testigantzaz etengabe iragar dezala munduaren eta gizakien artean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien alde: hainbeste tokitan horren irrikitua den bakearen alde saia daitezen, eta pertsona guztien eskubideak errespetatuak izan daitezen. Jauna, egin gaitzazu bakearen eraikitzaile. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Ekonomiaren, kulturaren eta zientziaren boterea dutenen alde: Jaunak eman dien jakintza eta zuhurtzia ipin dezatela guztien onaren zerbitzuan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixoen eta gutxituen, ahulenen eta baztertuen, zer janik ez dutenen, IHESA (sida)dun gaixoen eta drogazaleen alde: agintariak saia daitezela zuzentasunez jokatuz, premian diren horiei guztiei behar duten laguntza ematen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Kristo Erregeren jaia pozez ospatzen dugunon alde: gu bizi garen gizartea zuzentasunetik eta egiatik eraldatzen saia gaitezen. Jauna, egin gaitzazu solidarioak beharrezkorik ere ez dutenekin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ELKARTEAREN LANDAREA AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona esanguratsu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Pastoral urtearen hasieran (badira igande batzuk) landara eder baten aurkezpena egiten genuen konpromiso hau gogoratuz: Zuk gure barruan ereindako Hazia, urtean zehar zaintzea. Lehen etaparen amaieran eta Liturgi Urte berriaren hasieran, LANDARA berbera aurkezten dizugu. Zaindu dugu eta Jesusen urratsak jarraituz zaintzen jarraituko dugu. Aita-Ama ona, gure konpromisoa betetzeko zure laguntza eskatzen dizugu.


LUR GLOBOA AURKEZTEA

(Ebanjelizatze arloan dabilen batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Lur globo hau dakarkizut. Hainbeste naziotan, herritan, kulturatan eta hizkuntzatan banatutako gure munduaren ezaugarria da. Gizaki guztien gurariak eta interesak biltzen dituen bakarra Zeu zarela aitortzen dugu. Gizadiaren batasunaren alde lanean jarraituko dugun ezaugarri gisa dakarkizugu.


OTARRE BETE FRUITU AURKEZTEA

(Fruitu ugarirekin betea. Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake. Amaieran, premian dagoen familia bati eraman liezaioke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, otarre bete fruitu dakarkizut. Naturaren bidez, gure onerako eta gozamenerako ematen dizkiguzu. Sortutako gauza guztien Jaun eta Errege zarela aitortuz eskaintzen dizut. Eskerrik asko, natura zaintzea, erabiltzea eta ekoiztea gure eskuetan utzi duzulako. Ondasunak behar diren bezala erabiltzen eta banatzen ikas dezagun.


LITURGI URTEKO EGUTEGIEN AURKEZPENA

(Igande honetan amaitzen den egutegia eta berriaren aurkezpena. Balego, Liturgi taldeko batek egiten du; bestela elizako arduradun batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkartearen izenean LITURGI URTEKO BI EGUTEGI hauek aurkezten dizkizut: urtean zeharreko ospakizunak prestatzeko orain arte erabili duguna, eta datorren igandetik aurrera erabiliko duguna. Urteko ospakizunen bidez zure bila jarraitu nahi dugu, Jauna; zure esku maitagarria gure eguneroko bizitzan nabaritu. Gure orainak eta geroak zentzua izan dezan, uneoro zure laguntza behar dugu. Zurekin kontatzen dugu, Jauna.

Agurra

Senideok: Kristo Erregeren jai hau pozez ospatu izanak, eguneroko bizitzan, gure bihotzen erregea bera dela aitortzera eraman gaitzala. Haren Espirituak lagun diezagula gizarte hau eraldatzeko ahaleginean, egunik egun gizaki guztiekin, batez ere behartsuenekin gero eta zuzenagoa eta solidarioagoa izan dadin. Aste zoriontsua, Erreinuaren eraiketan!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
Bedeinkatua datorren erreinua, Dabid gure aitarena”




Liturgia Urtearen amaiera bezala, Kristau Elkarteak JESU KRISTO SORTUTAKO GUZTIEN ERREGE festaburua ospatzen du. Kristo atzo, gaur eta beti. “Errege ahaltsuak” entzute onik ez daukaten mundu honetan, ausardia behar da festa hau ospatzeko.

Festa honetan zer ospatzen du Kristau Elkarteak? Mundu honetako erregeekin badu zerikusirik (= boterea eta aberastasuna)? Eta erantzuna: INONDIK INORA ERE EZ. Kristoren erregetza ulertzeko “beste giltza” bat sartzea beharrezkoa da. Horrela esanez, benetako baieztapen bat egiten gabiltza: Berak kristau bizitza guztia ukitzen du. Bere ikusteko erak, maitatzeko edo jarduteko erak, bere jarraitzaileari ere NORTASUN berezi bat eman behar dio: eguneroko bizitza, zuzentasun gogoak, egia zaletasunak, elkartasun zeinuak, bizitza bihurtu eta bizitza sortzen doazen eremua.

Erregetza honek ez du zer ikusirik “biba Kristo erregea” oihukatzeaz. Gauzak bere tokian ipintzea bere jarraitzaileoi dagokigu. Kristoren erregetzaren giltzak GURUTZEA eta ZERBITZUA direla munduari agertzea geuri dagokigu.

Ez ahaztu: “Egiaren testigu izatera etorri naiz. Egiarena denak, entzuten du nire hitza”.

Zoriontsuak ERREGE eta JAUN bezala onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Horretarakoxe jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egitera"

(Jn 18, 37)

 

 


bidean@bidean.net
orue