Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

- C ZIKLOA: ABENDUALDIKO 1. igandea - 2018.eko Abenduaren 02a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Liturgia Urte berri baten hasieran gaude, ABENDU ALDI berriaren hasieran. Jesusen jaiotza pozez ospatzeko, Elizak itxaropen aldi berria eskaintzen digu: harrezkero etorria den Jesus gogoratzeko aldia, graziazko eta itxaropen garaia.

“Zaudete erne” esaten digu Jainkoaren Hitzak. Zain egon behar da. Jauna guregana dator pertsona bakoitzaren bidez, gertaera bakoitzean. Fedez onartzea, datorkigun Jaunaren Erreinuaren testigantza itxaropentsua maitasunez ematea da guri dagokiguna. “Zatoz, Jesus Jauna… mundu honetara, gure Elizara, gure bizitzara”, hau da gure erregua.

Has dezagun ospakizun hau.

Aldarria

Oharra:Zentzu berezia dauka eta zaindu beharra dago. Bakoitzak ikusi ze momentutan egin: hasieran, Hitzaren ondoren...).

ABENDUALDIKO PREGOIA - 1



Gaurko gizakia,
non daude zure begiak,
non zure itxaropena?

Gaurko gizakia,
zein da zure ibilbidearen helmuga?
Gose zara eta ezerk ez zaitu asetzen.
Eduki, eduki, eduki...
eta edukitzeak ez zaitu zoriontsu egiten.
Hainbeste eskaintza, eta buru makur jarraitzen duzu.

Gaurko gizakia,
zabaldu zure begiak zain ez zauden horretara!
Begiratu, mendietan zehar gizon ahul bat dator,
itxura handi gabekoa.
Bekatariekin bat egiten du,
haiekin batera bataioa hartu,
eta bere dohaina inork onartu ez.
Bataialariak bakarrik aitortzen du:
“Ni naiz bataiatu beharrean aurkitzen dena,
eta ez zu, Bataioaren egilea zarana”
.
Gizon ahul hau,
agindutako Erreinua ernetzeko
Jainkoak gizakien artean
ereindako kimu berria dugu.

Gaurko gizakia,
ase ezineko zure gose egarria entzunez
datorren berriak zure bihotza har dezala.
Berri guztia Bere barruan dago.
Ez bilatu edukitzean,
ezta inoiz beteko ez diren hitzetan.

Gaurko gizakia,
entzun zure bakardadea
eta isiltasun apalean,
eta bere agintzaria betez
zure bila datorrenarekin bat egiten saiatu:
“Jainkoak gizakia maite du. Gaur zurekin gogoratu da”.

Ulibarri, Fl.



Oharra: Abendualdiko pregoia edo aldarria prestatu dugu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero: >>>sakatu HEMEN<<<.



ABENDUALDIKO PREGOIA - 2



Abendua hasten dela iragartzen dizuet.
Jaso begiak, igurtzi eta begiratu ingurura.
Momentua bizi. Entzumena zuhur izan.
Entzun oihuak eta deiadarrak, haizea, bizitza…

Abendua hasten dugu,
eta zeru-hertzean berriro itxaropena sortzen da.
Harantzago, Eguberria eta bere argi izpiak.
Eguberri baketsua, barnekoa,
anaikorra, solidarioa, gisatua,
baita azalekoa, apurtua, indarkeriazkoa…;
baina beti itxaropenaz ezkondua.

Abendua, denok barnean daramagun
itxaropen hazi sortzailea dugu;
su-gar mehea, itzali ezinekoa,
aldi guztietan agertzen zaiguna;
solidaritatezko bidea, ondo egina;
ibilaldi bakoitzean poza zainduz;
iruzurtzen ez gaituen oin-hatzak;
biziaz beteriko hazkundea;
berri onaren iragarpen neurtua;
gainezka egiten duen samurtasuna…

Zuhur egon eta entzun.
Isaiasen oihua itxaropenez beterik:
«Jaunaren argitara ibili gaitezen».
Joan Bataiatzaileak itxaropenez deitzen du:
«Bihotz berritu zaitezte hur dagoelako Jainkoaren Erreinua».
Israelgo pobreen
eta munduko pobre guztien itxaropenaz,
Mariak bere onarpenaren hitza ahoskatzen du:
«Egin bedi nigan zeuk nahi duzun bezala».

Poztu zaitezte.
Jantzirik politena jantzi ezazue.
Usainik ederrenarekin lurrundu zaitezte. Ikusteko bezala!
Jainkoa dator. Poza, bakea eta itxaropena bizkortu.
Prestatu bidea. Salbatzailea dator.
Jainkoa dator… eta atean dago.
Bizitzara esnatu!

Ulibarri, Fl.



Oharra: Abendualdiko pregoia edo aldarria prestatu dugu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero: >>>sakatu HEMEN<<<.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 33, 14-16

Jainkoak Juda eskuetatik utzirik zuela zirudienean, bere herria itxaropenez eta pozez betetzera jotzen du Jaunak. Dabiden muskiletik kimu berria sortuko da; hark ekarriko du mundura bakea eta zuzentasuna. Hauxe da Jeremias profetaren mezua. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 3, 12 - 4, 2

Maitasuna Jainkoaren dohaina delako, elkar maitasunean bizitzeko aholkua ematen dio Paulok apostoluak Tesalonikako kristau elkarteari. Maitasun horrek gurekin iraun behar du gure bizitza osoan. Jainko Aitaren maitasun osorantz joatea da gure bizitzaren zentzua. Onar dezagun apostoluaren deia.


Ebanjelioa: Lukas 21, 25-28 . 34-36

Jainkoak errealitate bihurtuko duen geroari buruz ari da Lukas ebanjelaria. Ez du beldurtu nahi azken eguneko gertaeren aurrean; Jaunaren egunaren zain dauden fededunengan itxaropen eta otoitz jarrera sortu nahi ditu. Mezu hau geuretzat ere bada.

Jainko herriaren otoitza

Seme-alabak gurasoengan duten konfiantzaz, hurbil gaitezen Jainkoarengana, Jesu Kristo eta gizaki guztien Aita-Amagana, gure premiak aurkeztuz.

1.- Mundu guztian zehar zabalduta dagoen Elizaren alde: gizakien aurrean izan dadila Kristogan azaldu den Jainko maitasunaren ezaugarri. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztien alde: Abendu aldia izan dadila guztiontzat onarpenaren eta hurbiltasunaren, onaren, bakearen eta zuzentasunaren bilaketa gunea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Nazioetako agintarien alde: beti guztien onaren bila lehiatuz, zuzentasunaren alde eta bakea defendatzen saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ilusiorik eta itxaropenik gabe, borrokatzen nekaturik bizi direnen alde: bidean aurrera egiten lagunduko dien arrazoiak eta lagunak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Parrokiako elkartearen alde: hurbilekoak eta abegitsuak izanik, gure senideen premiak ikusteko erne bizi gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIA AURKEZTEA (edo beste ezaugarri bat)

(Ohitura bihurtzen doan Abenduko koroiaz jarraitzen dugu. Norberak egina edo lorategian erosia. Pastoral batzordeko buruak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkarte osoaren izenean, Abenduko ezaugarri hau aurkezten dizugu. Gabon aurreko egun hauek, sakontasunez bizitzera konprometitzen gara. Jauna, emaguzu zure indarra eta argia, zure gogokoa dena eginez bizi ditzagun egun horiek.


ABENDUKO KOROIAREN LEHEN KANDELA PIZTEN DA

(Buru egiten duena koroia dagoen lekura doa, eta lehen kandela pizten du)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama, Abenduaren hasieran, koroiko lehen kandela hau pizten dugu. Gure itxaropena argitzen duen argia izan dakigun. Berak lagun diezagula esnaturik egoten; zure etorrera ikusteko bihotzeko begiak erne izan ditzagun. Zure arrastoa ez dezagun gal. Zu zauden toki guztietan, Zurekin bat egin dezagun.


AMETS BAT, GURARI BAT, ITXAROPEN BAT ETA OTOITZ BAT AURKEZTEA

(Eskaintza haur batek, gazte batek, gizon-emakume batek eta adineko batek egiten dute)

OTOITZA – AZALPENA:

HAURRAK: Jauna, nik haur amets bat dakarkizut: mundua gure jokoak bezalakoa izan dadila; berdintasun eta anaitasun tokia.

GAZTEAK: Jauna, nik gurari bat dakarkizut: gizakia eta gizartea, egiak eraginik bizi daitezela.

GIZON EMAKUMEAK: Gure seme-alabei begira bizi garenok, itxaropen bat dakarkizugu, Jauna: gizakien arteko harremanak bakezkoak izan daitezela.

ADINEKOAK: Jauna, iraganak ukituta eta geroari begira bizi naiz. Otoitz hau egiten dizut: zure betiko etorrera oztopatzen duen guztia barka ezazu; eta haurraren ametsa, gaztearen guraria eta gizon-emakumeen itxaropena, zure graziaz egia bihurtzen lagun iezaguzu.


ELKARTEKO UMEEN AURKEZPENA

(Haurrak aldare aurrera doaz eta eskutik oratuta gelditzen dira; eta otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Abenduko koroiarekin batera gure itxaropena diren haur hauek aurkezten dizkizugu. Etorkizunari begira bizi dira. Gugan daukate beren konfiantza. Gu gara beren guraso, lagun eta gidariak. Gure bihotzean beti izan dezagula itxaropena; pozik bizi izaten laguntzen digun itxaropena.

Agurra

Senideok: eman diogu hasiera Abendu aldiari eta Jaunaren Hitzak erne bizitzeko deia egin digu; badator Jauna. Gure eguneroko bizitzak begien bistako egin dezala Jainkoak digun maitasuna. Berarekin aurkitu eta berretsi dezagula gure itxaropena. Itxaropen biziaren aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

"Erakuts iezaguzu, Jauna, zure errukia
eta emaguzu zure salbamena"




LITURGIA URTE BERRIA hasten dugu gaur. Kristau elkarteentzat hau berezia da: hurrengo hilabeteetan, JAUNAREN MAITASUNAREN HISTORIA, bere “salbamen historia” hori bizitzeko, ospatzeko eta elikatzeko prestatzen gara. Kristau elkarteak hauxe ospatzen du liturgian. Oinarrizko ideia hau ahazten edo baztertzen dugun neurrian… gure ospakizunak aspergarri bihurtuko zaizkigu.

Jaunaren maitasun historia horretan, oinarrizko momentua, NORBAITEN PRESENTZIA DA; desiratua eta itxarona izan den Norbaiten jaiotza da. Bila dabilen, bizitzaren zentzuaren bila, historiaren zentzuaren bila, heriotzaren zentzuaren bila, estu eta larri dabilen gizakiari, itxaropena emango dion Norbait. Horregatik, ABENDUA, ITXAROPENAREN ALDIA DUGU; Jaunaren BIDEAK prestatzen joateko aldia. Harengana irekitzeko eta onartzeko prestatuz bakarrik ezagutuko dugu. Hauxe da Gabonak ospatzea; Jesus gure artean egote hori, itxaropen gisa eta salbamen gisa bizitzea. Hauxe da gaur hasten dugun aldia.

Abenduko lehen igandeko deia hauxe dugu: “zaudete beti erne” (ebanjelioa). Beharrezkoa da: “datorren Jaunagan” dugun sinesmenak eta itxaropenak bakarrik beteko dute zentzuz Abendu aldia. Gure ITXAROPENA JESUS da.

Zoriontsuak bere ETORRERA itxaroten dutenak:
gure gurari sakonenak HARK BETEKO ditu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Izan bihotz eta altxatu burua, laster baituzue zuen askapena"

(Lk 21, 28)

 

 


bidean@bidean.net
orue