Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Abendua - 2. igandea - 2018.eko Abenduaren 09a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Abendu aldiko bigarren igandean Eukaristiara hurbildu zareten guztiok.

Jaunaren Hitza berriren berri dabilkigu gure barrua adorez betetzen, guztiok horren gogokoak ditugun zuzentasuna, tolerantzia eta bakea nagusituko diren mundu berria presta dezagun bultzaka.

JOAN BATAIATZAILEA agertu da, etorria den Jaunaren salbamenaren ezaugarri. Jaunaren deiari erantzunez, basamortutik irten eta Jordan inguru guztian zehar ibili zen, bihotz berritu beharra iragartzen.

Galdera interpelazioa da gutariko bakoitzarentzat; Jauna onartu egin behar dela gogoratzen digu. “Atera zaitezte Jesusen bidera” esaten digu. Horretarako prestatu, bihotz berritu, bizimodua aldatu behar dugu. Onar dezagun; Berak dakartza grazia eta bakea.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Baruk 5, 1-9

Herriak bat-batean esperimentatuko duen poza iragartzen eta aldarrikatzen du Baruk profetak. Adorez eta itxaropenez betetzeko deia da; Jainkoak aldatu egingo du herriaren zoria; bera izango du gidari. Jainkoak adieraziko ditu bere zuzentasuna eta bere errukia. Onar dezagun profezia pozgarri hau.


2. irakurgaia: Filipoarrak 1, 4-6. 8-11

Filipoarrak lankide bikainak izan ditu Paulo apostoluak Ebanjelioa zabaltzen. Apostoluak uste osoa du Jaunagan. Hark osatuko du hasia dagoen lana. Otoitzean oinarritzen da Paulo, hareengan elkar maitasuna goraka joan dadin. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 3, 1-6

Lukas ebanjelariak dioenez, Joan Bataiatzailea da Itun Zaharraren eta Berriaren arteko zubia. Bera da basamortuan zehar bihotz berritu beharra iragartzen duen oihua. Gaur ere baliotsua da Joanen mezua, Jesus egiaz onartzea eta bizitzan zehar horri jarraitzea nahi badugu. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Konfidantza osoz, Jainko Aita-Amarengana joten dugu gure premiak bere aurrean otoitz bihurtuz.

1.- Elizaren alde: Jainkoaren Hitza biziz, gure arteko giza harremanetan, Jesusen mezua begien bistako eta sinesgarri egin dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien alde: profeten salaketen aurrean sentikorrak izan daitezen, eta hareen esanak isilaraztera jo ez dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Eliz artzainen alde: beren ardurapean dituzten fededunen zerbitzuan arduratu daitezela; dudak dituzten, nekatzen edo etsitzen direnen arreta berezia izanik, Ebanjelioa bizitzera adoretu eta lagundu diezaioten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau guztien alde: itxaropen handikoak izanik, jakin dezagun gorputzean edo espirituan sufritzen edo ilusiorik gabe bizi direnei laguntza ematen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkarturik gauden guztion alde: geuregana dezagun bihotz berritzeko deia, elkarrengandik banatzen gaituzten jarrerak aurki eta ken ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Inork ez dezala pentsatu honela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN BIGARREN KANDELA

(Koroia aldare aurrean edo ikusteko tokian ipini. Elkarteko buru egiten duenak bigarren kandela piztu eta hurrengo otoitza egiten du:)

OTOITZA - AZALPENA: Jainkoa gure Aita-Ama, Abenduko bidea ametsez eta utopiaz beterik dugu; horiek laguntzen digute aurrera egiten. Zure Erreinua, bakezko eta zuzentasunezko erreinua dela konturatzen gara. Abenduko bigarren kandela hau piztean, amets horiek egia bihurtzen joan daitezela eskatzen dizugu; zure Erreinua indarra hartzen joan dadila.


ETXEKO ARGAZKIEKIN OSATUTAKO ALBUM BAT

(Elkarteko pertsona nagusi batek egitea komeni da. Aurretik, berari azaldu zeinu honen esanahia. Horrela azal lezake).

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire urteak gogoratuz, itxaropenerako arrazoi handirik ez daukadala diote; oraintsuago edo gerotxoago, heriotza aurrean dudala. Jauna, argazkien album honekin nire eta nire etxekoen bizitza eskaintzen dizut. Hor dago nire historia eta nire lehena. Baina lehen hori, biziaz beterik dago, Jauna, eta horregatik dakarkizut. Jauna, nire bihotzak itxaropenari tokitxo bat egiten dio. Hurbil sentitzen zaitut, eta egunen batean aurrez aurre ikusteko itxaropena daukat.


GURE BIDEETAKO OPARIGINTZA AURKEZTEA

(Ospa lekuaren barrenetik prozesioa abiatzen da trafiko seinaleekin zenbait kartel dakartzatela. Presbiteriora heltzean seinale bakoitzaren esanahia ematen da).

OTOITZA - AZALPENA:

* Nik STOP seinalea dakart, Jauna, eta seinale honen bidez berekoikeriari gugana pasatzen ez uzteko erabakia adierazi nahi dugu.

* Ona hemen, Jauna, BIURGUNE ARRISKUTSUAREN seinalea: gogorkeriaren arriskua begien aurrean jarri nahi digu.

* Nik, berriz, EMAN BIDEA seinalea dakarkizut, eta bai nik eta bai nire elkartekoek gure arteko txikienei bidea emateko hartzen dugun erabakia eskaintzen dizugu.

* NORABIDE GALARAZIA seinale honekin hedonismoaren, kontsumismoaren eta edukitze kulturaren aurka jokatzeko erabakia adierazi nahi dugu, zure Erreinuaren aurka baitoaz zuzenean.

* Nik dakardan eta eskaintzen dizudan NORABIDE BAKARRA seinaleak zure Erreinua gureganatzeko maitasuna eta justizia hartzen ditugula bide bakar bezala adierazi nahi du.

* Baina bide honetatik abiada handian joan beharra dugunez, nik AUTOPISTA seinalea dakarkizut, solidaritatearen errepide onena.

* Nik, azkenik, HELMUGA seinalea dakarkizut, zure bakearen Erreinua baita gaur eta hemen gure ahalegin eta konpromiso guztien eragilea.

Agurra

Senideok: entzun berri dugun Jainkoaren Hitzak egiazko barruko aldaketa eskatzen digu. Honexek izan behar du gure konpromisoa Abendu aldi honetan, pozez ospatu nahi dugun Jesusen jaiotzarako prestaera bezala. Aste honetan landu dezagula hain beharrezkoa zaigun BIHOTZ BERRITZEA.

Egun honetarako gogoeta

“Prestatu bideak Jaunari, lautu bere bide zidorrak
Jainkoaren salbamena denak ikusiko dute”




Joan zen igandean hasi genuen Abenduko BIDEAREKIN jarraitzen dugu: Jaunaren bideak prestatzeko atontzen gara. Gure helburua, SALBATZAILE bezala ezagutzea da: Bera bakarrik izan daiteke gure salbamena eta gure itxaropena. Gure munduarentzat ere bai.

Gaurko ebanjelioak Joan Bataiatzailea aurkeztu digu; toki eta historiako momentu konkretu batean, Mesias eta Salbatzailearen ekintza salbatzailea giza historian eta une konkretu batean jasotzen dela agertzeko. Horrela, “graziazkoa denbora” da, eta historia “salbamen historia” da. Joanek, salbamena hurbil dagoenez eta Jaunari bideak prestatu behar zaizkionez, bihotz berritzearen bataioa iragartzen du.

Gaur eta beti asko dira itxita dauden bideak eta zail egiten zaigu salbatzen gaituen Jaunarengana iristea. Bataiatzailearen proposamena honako hau da: ireki bideak, salbatzailea etorri dadin. Bihotz berritzeak bideak lautzen ditu, gure lotura guztiak askatzen ditu eta Jainkoaganako egarria sortzen du gure barrenean.

Zoriontsua BIHOTZ BERRITZE bidean dabilena;
SALBAMEN BIDEAN dabil-eta!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gizaki guztiek ikusiko dute Jainkoak ematen duen salbamena"

(Lk 3, 6)

 

 


bidean@bidean.net
orue