Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Abendua - 3. igandea - 2018.eko Abenduaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak guztiok Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Abendu aldian aurrera goaz. Aurreko bi igandetan itxaropenerako deia egiten zigun Jainkoaren Hitzak. Gaur, ostera, behin eta berriz esango digu pozteko, alaitzeko; Jesus hurbil dugu. Jainkoak bete egin du bere hitza eta geure antzeko egin zaigu.

Hauxe da erronka: Jesus gure artean jaiotzen da, baina Jainkoak nahi duen senidetasuna adierazten duen bizimodua eginez prestatu behar diogu bidea. Elkarrenganako maitasunean eta begirunean, elkarrizketan eta tolerantzian oinarritutako harreman pertsonalak girotutako senidetasuna bizitzera, guretik elkar banatzera, zuzentasunez jokatzera, duintasunez eta zintzotasunez bizitzera eragiten digu.

Horrela bizitzeko gai direnen bihotzak pozez gainezka egingo du. Eukaristia honek alaitasunez bete gaitzala eta poz hori besteengana eroaten jakin dezagula.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sofonias 3, 14-18a

Jainkoak bere herriarentzat lortu duen askatasunetik, alaitasunera, bihotzeko pozera deika dabilkigu Sofonias profeta. Jainkoak zor guztiak barkatu ditu, eta etsai guztiak hondatu; gudari garaile eta herriaren salbatzaile bezala agertzen da Jainkoa. Onar dezagun itxaropenezko mezu hau.


2. irakurgaia: Filipoarrei 4, 4-7

Paulok pozik sakonenera eta garbienera gonbidatzen du Filipoko kristau elkartea: “Poz zaitezte Jaunarengan”. Ez dugu beldurrez bizitzeko arrazoirik; “ez eduki ezeren kezkarik”. Jaunari eskerrak ematen bizi behar dugu, Jauna gertu dugulako. Entzun dezagun.


Ebanjelioak: Lukas 3, 10-18

Joan Bataiatzaileak hitza iragartzen du, eta Bataioaren ohituraren bidez adierazten digu. Ez da nahikoa entzutea, bihotz berritu, konpromisoa hartu behar da, erne bizi behar dugu. Entzun zertan aldatu behar dugun: nor bakoitzaren bizitzan, lanean, harremanetan. Ireki diezazkiogun gure adimena eta gure bihotza mezu honi.

Jainko herriaren otoitza

Jesusek, bere izenean, Jainko Aita-Amari eskatzeko esan zigula gogoan izanez, aurkeztu diezazkiogun gure eskariak, entzunak izango garen itxaropenaz.

1.- Elizak eta kristau guztiak bizi dezatela salbamenaren poza, salbamen hori onartzen eta gizaki guztiei iragartzen jakin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Bizitzari zentzurik aurkitzen ez dienen, tristerik, hutsik, gogo jausiak edo gizartera egin gabe sentitzen direnen alde; gaixoen eta adin handiko pertsonen alde: behar duten laguntza, maitasuna eta elkartasuna izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduaren itxaropena eta alaitasuna diren umeen eta gazteen alde: ez dezatela utz beren buruak egoismoaren eta kontsumismoaren besoetan erortzen, maitasunaren eta alaitasunaren, elkartasunaren eta gutxien daukatenekin banatzearen pozaren berri izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bakearen bila saiatzen direnen alde: sekula ere ez dezaten etsi, eta bake hori aurkitzeko, agintariek ipini dezatela beren eskuetan dagoena: elkarrizketa, tolerantzia, zuzentasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan elkarturik gaudenon alde: borondateak elkartzeko, pertsonen arteko haserreak gainditzeko eta senidetasuna sortzeko gai izan gaitezela, alaitasunaren eta itxaropenaren testigu izateko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO HIRUGARREN KANDELA PIZTEA

(Arduratsu eta kezkati bizi den edo erakunde zibil baten lana egiten duen batek piztuko du gaurko kandela)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkarteak aukeratu nau hirugarren kandela hau pizteko; hirurek batera argi hobea egiten dute. Gizartean dauzkagun konpromisoen ezaugarri izan nahi dute. Zugan sinesten dugunok, Jauna, gure politikak edo sindikalgintzak karitatea ere kontuan izan dezala. Jauna, esna gaitzazu lotatik, gure gizartearen erdian zure lekuko izan gaitezen. Zuzentasunaren, askatasunaren eta bakearen alde jokatuz zure etorrera erraz dezagun.


BAKERO PRAKA BATZUK AURKEZTEA

(Eskaintza hau gazte batek egitea komeni da)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, praka bakeroak. Gazteen ezaugarri bat dira. Gure kontsumismo egarria ere azaltzen dute: moda, musika, motorrak, jolasak, alkohola, drogak… Hor bilatzen dugu gure zoriontasuna. Eta momentu hori azkarregi pasatzen zaigu. Praka hauek eskaintzeaz batera, Jauna, gure poztasuna eta zoriontasuna zugan aurkitu nahi ditugula agertzen dizugu. Bete gaitzazu, Jauna, zure bizi pozez.


UMEEN EKITALDIA AURKEZTEA

(Elkartearen poztasuna agertzeko haur talde batek kantu, dantza edo antzerki bat egiten du. Horren ondoren otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, haurren ekitaldi honekin gure elkartearen poza agertu nahi dizugu. Zu ere gurekin poztuko zarela uste dugu. Poz hau zaintzen lagun iezaguzu. Gure itxaropenarekin batera gehitzen joan dadila, zure Semeak hasi zuen Erreinu berrian denok bat egin arte, haurrak aurretik direlarik.

Agurra

Senideok: Jesus Jaunaren mahaikideak izan gara. Dagoeneko ibilia dugu Abendu aldiko zati handia. Gure bizitzetan pozaren eta alaitasunaren testigu izatera, senideei itxaropena eramatera gonbidatu gaitu Jaunaren Hitzak. Biziko ahal gara horrela aste honetan! Har dezagun bere bedeinkazioa.

Egun honetarako gogoeta

“Jaunaren Espiritua nigan dago,
behartsuei Berri Ona iragartzera bidali nau”




ABENDUKO BIDEAN aurrera goaz. Berriz ere AURKITZEAREN itxaropenean egiten dugu aurrera. Salbatzen gaituen Jaunak, indar berriarekin animatzen gaitu, eta gure ibilbidearen erritmoa markatzen digu.

Abendu aldi erdia baino gehiago pasa da. Eta irudirik ederrena eta politena bere semearen edo alabaren zain dagoen Amarena da; bere barruan daraman umearen zain dago, urduri, pozez, jakin-minez, gozotasunez, arduraz… Umearen zain dagoen ama, ekinean dago zain: egoera fisikoa, psikologikoa eta espirituzkoa zainduz prestatzen doa; baita detaile txikienak kontuan izanez ere: prestatu beharrekoak, etxea, beharrezko gauzak. Bera ez dago zereginik gabe. Esku, buru, bihotz eta bere izate guztia dago lanean, ume berria datorkionerako dena prest izan dezan.

Amaren irudi ederra benetan. KRISTAU ABENDUA ere horrelakoxea da. Eta igande honetan bi mezu garbi eskaintzen dizkigu:

* Bat: “egon zaitezte beti pozik”, “Jauna gertu baitago” hauxe da Jainkoaren Hitzaren mezua.

* Bi: “aldatu”, “banatu”: hauxe da Bataiatzailearen gonbitea, Salbatzailearen Espirituan Bataio berria hartzeko gai izan gaitezen.

Beharrezkoa dugu BIDEAN AURRERA EGITEA!
Jauna GERTU dugu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari"

(Lk 3, 11)

 

 


bidean@bidean.net
orue