Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Abendua - 4. igandea - 2018.eko Abenduaren 23a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak senide arteko ospakizun honetara!

Abenduko laugarren igandean gaude, Jesusen jaiotzatik oso hurbil. Joan zen igandean Joan Bataiatzailearen irudia eskaintzen zitzaigun; gaur MARIA, Jesusen ama izateari baietza eman dion emakume apal eta zerbitzaria eskaintzen zaigu. Jainkoa berarekin zeramala, presaz joan zen Isabel lehengusinarengana, barruan zeraman pozarekin biak poztu eta premian zegoenari laguntzera. Zerbait handiaren zain dagoen fedea duelako, zoriontsu sentitzen da.

Abendua, itxaropenerako aldi eta bihotz berritzeko dei bezala sentitu behar dugu. Zertan aldatu garen galde diezaiokegu geure buruari, zer pauso eman ditugun Jesus gure bizitzetan eta bihotzean onartzeko. Itxaropenak, bihotz berritzeak, alaitasunak, elkartasunak eta fedeak izan behar dute gure bila datorren Jesus aurkitzeko oinarriak.

Senideok: gertu gaude, Mariaren antzera, Jauna onartzeko eta haren bideak jarraitzeko. Bera dugu OSOTASUNA.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Mikeas 5, 2-4a

Mikeas profetak, gertatu baino askoz lehenago, Mesiasen jaiotza iragartzen du. Belen izeneko herritxo txiki ezezagunean jaioko da. Herri guztiak bilduko ditu, bakea emango die. Jaunaren indarra txikia eta apala den horretantxe agertzen da. Benetan, pozezko notizia hemen eskaintzen zaiguna. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 10, 5-10

Orain entzungo dugun Hebertarrei egindako eskutitzan hauxe esango zaigu: Kristo da egiazko Apaiz Nagusi bakarra, kristau izan nahi dutenak jarraitu behar duten eredua; beste inork ez bezala bete zuen berak Aitak eman zion egitekoa. Haren antzera, beti egon behar genuke gertu esateko: “Hemen nauzu zure nahia betetzeko”. Hau da pasarte honen gonbitea.


Ebanjelioa: Lukas 1, 39-45

Itxaron duten haurraren jaiotzaren pozetan dabiltzan ama bien topaketa deskribatzen digu Lukas ebanjelariak pasarte honetan. Mariak onartu egin du Hitza bere sabelean; eta Jainkoaren eskuetan jarririk, beharrean dagoen Isabeli laguntzera joan da. Zoragarria hemen eskaintzan zaiguna. Onar dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: munduko, Elizako eta gure premiak gogoan izanez, otoitz egin diezaiogun Jainko Aita-Amari, Jesu Kristo bitarteko dugula eta Maria bere Ama otoitz lagun.

1.- Jaunaren egonleku den Elizaren alde: Maria bezala gizakien bidera irten eta bere barruan daraman pozaren partaide egin ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko bakearen alde, gure herrien eta hirien alde: gizakiari eta giza eskubideei leialak izateak, gizakien arteko zuzentasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren alde lan egitera eraman ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztien alde: Gabon festen egiazko zentzuz beterik, gure buruak eta bihotzak berriztaturik, gure ingurukoak ere bihotz berritzera eraman ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Aintzat har dezagula txikia, apala, Jainkoak bere Aita-Ama maitasuna azaltzeko aukeratu duen bidea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkartearen alde: Andre Mariaren antzera, beti bidean eta gure senideei laguntzeko beti prest bizi gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN LAUGARREN KANDELA PIZTEA

(Laugarren kandela hau, batzar buruak pizten du. Erraz ikusteko tokian eta ahal dela apaingarri bakarra izan dadila)

OTOITZA- AZALPENA: Jauna, Abenduko lau kandelak piztuta dauzkagu. Eta argia gure artean dago. Lehenago, Jaunaren Hitzari baietza eman zion sabelean, eta, gero, gizakioi eskaini zigun bizitzan egon zen. Gabonak bizitzekoak eta ukitzekoak dira. Gure itxaropena egia bihurtuko da. Jauna, errealitate eta itxaropen horren tartean, gure bihotzak ipini nahi ditugu; Mariaren antzera, bete itzazu zure argiz, gu ere zure lekuko izan gaitezen. Kontsumokerian erori gabe, benetako Gabonak ospatu nahi ditugu.


KATILU BAT AURKEZTEA

(Elkarteko gazte batek egin lezake. Berarekin, kristauon prestutasuna agertu nahi dugu)

OTOITZA- AZALPENA: Jauna, katilu hau dakarkizut; ni eta nire kristau lagunak prest gaude Zugandik datorkiguna onartzeko. Mariaren antzera, zure Hitza eta zure grazia onartzeko prest gaude. Haiek gabe ezer gutxi gara, eta gure norberekeriak zugandik aldendu besterik ez gaitu egiten. Jauna, bete itzazu gure bihotzak zure graziaz.


JAIOTZAN IPINIKO DEN SEASKA HUTSAREN AURKEZPENA

(Haur batek egiten du)

OTOITZA- AZALPENA: Gure elizan ipiniko dugun Jaiotzan egongo den sehaskatxoa dakarkizugu, Jauna. Inguru guztia apaintzen dugunean, hortxe ipiniko dugu Belengo Haurtxoa. Gaur, zure Seme Jesukristo onartzeko gure bihotzak prest daudela agertu nahi dizugu. Jauna, egizu benetan gutariko bakoitzarengan jaio dadila.

Agurra

Senideok: Eukaristian parte hartu ondoren, goazen bizkor Berri Ona iragartzera: Jainkoa datorkigu salbatzera. Jainkoak bere maitasuna eskaintzen digu, apalenekin, behartsuenekin, ingurukoekin bizi dezagun. Jaunak egin gaitzala solidarioak, gizon eta emakume alaiak, itxaropentsuak. Berak lagundu diezagula beti! Gabon zoriontsuak! Topaketa zoriontsua gureekin!

Egun honetarako gogoeta

“Hona hemen Jaunaren mirabea;
gertatu bekit zeuk diozun bezala”




Abenduko azken igandea dugu gaurkoa. GABONETAKO ateetan gaude. “Prestaera aldia” bukatu da. Jauna HEMEN dago. Itxaron aldia bete da.

Igande honetako pertsonaia MARIA dugu. Harekin batera, hauxe da egiten zaigun gonbitea: “GURE ARTEAN DAGOEN JAUNARI” harrera ona egin diezaiogula. Horixe bakarrik. Horrela dela onartzea sarritan kosta egiten zaigu. Ume eta babes gabeko egin den Jainkoa ulertzea ez da erraza. Mariak ulertu zuen, eta itxura baten ezina zena, bere baietzarekin, egia bihurtu zen.

Gabon giro honetan, Maria lagun dugula, KARITAS EGUNA ospatzen dugu. Egun honek, behartsuekin dugun konpromisoa gogoratzen digu. Behartsuengan Jainkoa bera dagoela ulertzea ere ez zaigu erraza egiten.
Horrelakoxea da gure Jainkoa!

KARITASEN aldeko ESKABIDEA

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!"

(Lk 1, 45)

 

 


bidean@bidean.net
orue