Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 2. igandea - 2019.eko Urtarrilaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak sinesmen eta anaia-arreben arteko bilera honetara!

Joan zen igandean, Jesusen Bataioaren ospakizunarekin amaitu genuen Gabon aldia eta sartzen ginen Urtean Zeharreko igandeetan. Fededun bezala aurrera goaz, bilaka ari gara, Jesusengana eta Jesusen proposamenera etengabe hurbiltzen aritu beharrean gaude. Hark, gure premietara adi egonik, gure ona baino ez du nahi.

Senideok: gure konfiantza Jainkoaren maitasun mugagabean ipinita, eta, ibiltari bezala, zutik jarrita, has dezagun gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 62, 1-5

Israelgo erbesteratuak berriz itzultzeko baimena ematen zuen Ziroren agiriaren ondoren, Jainkoaren maitasunak hiria inguratuta ikusten du Isaias profetak; eztei egunetako festa bezala deskribatzen du. Hitz egiteko era horrek, ekintza eta salbamen mezu hau agertzen digu: bere herriaren erdian agertzearen ezaugarri bezala, Jainkoak eta Jerusalemek bat egitea. Onar dezagun itxaropenezko mezu hau.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 12, 4-11

Gizartean, lanbide eta ekintza ugari daude; Elizan, berriz, ministeritza, dohain eta karisma asko eta ugari. Jainkoak bere Eliza dohainez betetzen duela gogoratuko digu Paulo apostoluak. Dohain eta karisma horiek ez dira norberarentzat, baizik eta Elizaren onerako. Onartzen dugu apostoluaren gogoeta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 2, 1-11

Ez senarrak ez emazteak aurpegirik ez daukaten eztei anonimo hau porrot egin duen Itun Zaharraren irudia da. Jesusekin amaitzen da Itun Zaharra; Jesus da ura ardo bihurtzen duena. Eta ardo berezi eta oparo hau, jaiaren, Mesiasen maitasunaren, Erreinuaren eta parte hartzearen ezaugarria da. Hau da ebanjelariak adierazten diguna. Zutik jarririk, entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amak digun maitasunean gure konfiantza ipiniaz, aurkeztu diezazkiogun gure beharrak eta erreguak bere Seme Jesu Kristoren bitartez.

1.- Elizaren alde: Jesusek gizaki guztientzat dakarren berritasunaren testigu bizi izan dadin, eta iragarpen hori muga guztiak baino harantzago eraman dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Beren bizitzarako bakea eta ongi izatearen bila ari diren gizon eta emakume guztien alde: zoriontasunaren iturri agortezina dugun Jesusekin topo egiteko aukera izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Senar-emazte guztien alde: harreman guztien bitarteko bakarra, egiazko maitasunaren iturri bakarra, Jesus izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau elkarte guztien alde: elizako, elizbarrutiko, eskualdeko eta parrokiako ekintzetan parte hartuz, denon onerako dohainak banatu dituen Jainkoa goratu eta zerbitza dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gauden bakoitzaren eta guztion alde: Jainkoaren presentziaren eta ahulenenganako maitasunaren testigu sinesgarriak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PITXERKADA BETE UR AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, pitxerkada ur hau dakarkizut, Kanako ezteietan ardo bihurtu zenuela gogoratuz eta Bataioan gizaki berri egin gintuen ezaugarri gisa. Zure seme-alaben artean gizaki berri gisa hazten ikusi nahi gaituzu zure Elizan. Bataiatu guztiok, eta gure gizartearen erdian, zure berritasunaren testigu izan gaitezen.


ERAZTUNA AURKEZTEA

(Ondo legoke senar eta aita den batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Nik ezkontzako eraztuna dakarkizut, Jauna. Bizitza guztian nire emaztearekin leialtasunean bizitzeko konpromisoaren ezaugarria da; berarekin familia bat sortu dut. Familietako aita guztien izenean, ezkontzako sakramentuaren eta aita izatearen konpromiso bezala eskaintzen dizut. Piztu ezazu gugan sakramentuaren grazia, hartutako konpromisoak poztasunez eta jardunez bizi ditzagun.


FAROL PIZTU BATEN AURKEZPENA

(Herrigintzan, politikan edo sindikatu baten sartuta dagoen batek egin dezake. Farola, meza-emaileari eman, eta honek aldare gainean uzten du. Eta gero dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, farol piztu hau dakarkizut. Argi hau, Jesukristo berpiztuaren irudia eta gizaldietan zehar hainbeste profetak izan zuten konpromisoaren ezaugarria da. Hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen gaur egun hainbeste andre-gizonen ahalegina eskertu nahi dizut. Behartsuekin arduratzen zaran Aita-Ama ona, onartu egizu gure eskaintza apal hau.

Agurra

Senideok: Jesu Kristo presentzia berri bezala eskaini zaigu, antzinako eta betiko presentzia; gure ura (gure txikitasuna) ardorik onenera bihurtzera dator; beste inon eskuratu eta erosi ezin den presentzia da harena. Gainera, alaitasun galdua berreskuratzeko, besteak alaitzeko gaitasuna berriz emateko gai da. Besteentzat ardo berri, bihotza betetzen eta lasaitzen duen presentzia izateko asmotan aterako ahal gara hemendik etxerakoan! Kristau testigantzazko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jaunak Berri Onaren bidez dei egin digu
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza lor dezagun”




Eguberri festak atzean geratu dira, eta joan zen igandean Jesusen Bataioa ospatzen genuen. Hor entzun genituen hitz hauek: “Zu zara nire Seme maitea, nire aukeratua; entzun iezaiozue”. Bidea egiteko prestatzen gara, BERARI ENTZUNEZ, bere jarraitzaile eginez. Mariaren eta bere jarraitzaile taldetxoaren antzera, Jesusen “ezaugarriak” ikusteko eta bere mezua geureganatzeko prestatzen gara. Jesusengan fedea sortuz joango da. Bera da behin-betiko EZAUGARRIA. Ondo datorkigu bere ondoan egotea.

Igande honetan mezu zabala eta esanguratsua dugu. Lehen irakurgaiak Jainkoa Itunarekin LEIALA izango dela gogoratu digu (“zu zara nire aukeratua”; izan ere, Israel Jainkoak aukeratua da). Paulok, elkarte bakoitzean “dohain ugari” eta denak GUZTION ONERAKO daudela esan digu. Jesusek bere EZAUGARRIA egin zuen Kanan. Maria, Jesusen “ordua” ahalbideratzen duen sinesmena duen eran aurkeztu zaigu.

Mezu eder eta zabal honek, sinesmena dugunok, Jesusen izatearen aurrean, ONARTZEKO eta ENTZUTEKO jarreran ipintzen gaitu; helburua, berak proposatzen eta eskaintzen digun guztia BARNERATZEN joatea da. Berak MOLDATUKO gaitu, berak hasitakoaren jarraitzaile izan gaitezen; hau da, Jaunaren EGITASMOAREN jarraitzaile.

ZORIONTSUAK Jesusi ENTZUTEKO prest daudenak:
bere IKASLE izaten ikasiko dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egin horrek esango dizuena"

(Jn 2,5)

 

 


bidean@bidean.net
orue