Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 4. igandea - 2019.eko Otsailaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak.

Ospakizun honetan gure izate guztia Jaunaren presentziari zabalik, eska diezaiogun Kristoren Espirituari landu dezala gure barrua bere graziaz eta biziaz.

Igande honetan, Jainkoaren Hitzak, bere lurrean profeta ez den Jesus aurkezten digu. Profetak behar dituzte gure elkarteek, gure Elizek, Espirituaz beteriko gizonak eta emakumeak; Jaunaren presentzia kutsatzen duten testigu biziak; barrutik indartzen eta baketzen gaituzten gizonak eta emakumeak.

Has dezagun ospakizun hau, Jaunari eskatuz, sor ditzala gure artean eta Elizan Jaungoikoaren Erreinua iragarriko eta egiazkoa egingo duten PROFETAK.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 1, 4-5. 17-19

Jeremias Jainkoak aukeratua da, profeta hitza iragartzeko. Gizon baketsua izanik, Israel historiaren une gogorrenetarikoa bizitzea tokatu zitzaion: herria Babiloniara erbesteratua izan zenekoa. Jainkoaren borondatea herriari iragartzeko, momentuko ohiturak eta segurtasunak hankaz gora ipini zituen. Profeta, izan ere, “Jainkoagandik” eta “Jainkoarentzat” da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 12, 31– 13, 13

Paulo apostoluak goratu eta deskribatzen duen KARITATEA, giza maitasun guztien gainetik dago. Horregatik, karitatea ez da azaltzen karisma bezala edo ministeritza bat bezala, baizik eta sinesmena duenaren izate osoa hartu eta bizi berritzen duen Espirituaren dohain bezala. Hona hemen apostoluaren gogoeta berezi eta sakona. Onar dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 4, 21-30

Lukas ebanjelariak dioenez, beren herritarrak ezin die sinetsi Jesusi. Joseren semetzat dute, eta ezin dute itxura horiek baino harantzago joan. Baina, hona hemen agertu nahi digun egia: Jainkoaren dohainak ustekabean eta jantzi apaletan etortzen dira. Adi egon behar dugu. Entzun dezagun ebanjelioaren berri on hau.

Jainko herriaren otoitza

Gure barruan dagoen Espirituaren indarrez eta argitasunez aurkez diezazkiogun gure eta gizaki guztien premiak Jainko Aita-Amari.

1.- Elizaren alde: Espirituaren presentziari eta indarrari zabalik bizirik, argia izan gaitezen ilunpean bizi direnentzat; aringarria, atsekabetuentzat; askatasuna, zapalduentzat; eta atsedena, nekatuentzat. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Jesus bezala gutxietsiak eta baztertuak diren gure aldiko profeten alde: senti dezaten berengan Jaunaren indarra eta babesa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristo eta bere Berri ona ezagutzen ez dutenen alde: gaurko profeten hitzaren bidez, osotasunean bizitzeko bidea aurkitu dezaten eta zeregin horretan gure laguntasuna ere izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Itxaropenik gabe bizi diren gizon-emakumeen alde; sufritzen daudenen alde; beren bizitzaren zentzuaren bila ari direnen alde: aurki dezatela fededunengan jasoko, lagunduko dieten besoa eta maitatuko dieten bihotza. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gauden guztion alde: Jaunaren Hitza eta Hark bidalia onartuz, gizaki guztien aurrean haren testigu adoretsu gerta gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KARITASEKO AZKEN HORMA IRUDIA AURKEZTEA

(Karitasen dabilen batek egin lezake. Ondo legoke, gero, ikusteko lekuan uztea)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Karitaseko horma irudi hau dakarkizut; pobretasunaren arazoa gogoratzen digu, bai Elizari eta baita gizarteari ere. Ahots gabekoen ahotsa ez dadila isildu; gure elkartasuna gehitzen joan dadila. Beren arazoak eta salaketak Elizan eta gugan izan dezatela oihartzuna eta beren premietara hurbil gaitzala.


INAUSTEKO GURAIZEAK AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, inausteko guraize hauek dakarzkizut. Denok dakigu zertarako diren eta sobra dauden adarrak moztuz gero fruitu ugariagoa datorrela. Zure Seme Jesu Kristorekin bat eginda gaudenok ere, inauste aroan gaude; berpizteko hil beharra daukagu. Inauste aroak lagun diezagula Jesu Kristorekin bat eginik bizitzen, bere antzeko izaten.


OLIO ONTZIAREN AURKEZPENA

(Hauxe da Parrokiako Karitas taldean lanean ari den kide batek edo besteen beharrei erantzuten ari den batek aurkeztutako olio ontzi honekin azaldu nahi duguna: maitasunaren bitartez mundua eraldatzeko dugun erantzukizuna)

OTOITZA - AZALPENA: Nik olioz betetako ontzi hau dakarkizut. Gizon-emakumeen norberekeriak bihurritutako eta kaltetutako mundu honen zauriak sendatzeko konpromisoaren irudia dugu. Honako hau nahi dugu, Jauna: premia dagoen tokian egon gaitezela zure ikasleak, mundu honi eta gizon-emakumeei beti lagunduz, zure presentzi pozgarria izateko.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona konprometitu batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri bezala dakarkizut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko bezala, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dugu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar gabe geldi ez dadin, zure laguntza eta grazia eskatzen dizkizugu.

Agurra

Guk, fededunok, sarritan, Jainkoa geure mende, geure esaneko eta geure zerbitzuan nahi izaten dugu. Hori da kristau eta Eliza bezala dugun tentaldietariko bat. Dakigunak lausotu egiten gaitu gauza berria ikusteko orduan, batez ere gauza berria txikiak, baztertuak, guk aintzat hartu gabekoak eskaintzen dizkigutenean. Hala ere, Jainkoa txiki eta aintzat hartu gabeko horien bitartez dabilkigu hitz egiten, interpelatzen. Egun hauetan Jaunak gure artean duen presentzia ezkutu horri arretaz begira bizi gaitezen. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Jaunak behartsuei Berri Ona iragartzera bidali nau,
lotuei askatasuna iragartzera”




Jesusen arrastoei jarraituz BIDEAN goaz; berari ENTZUNEZ eta bera onartuz, Jordango ibaian Aitak egindako gonbiteari erantzuten diogu: “Hauxe da nire Semea, nire maitea. Entzun iezaiozue”.

Igande honetako liturgiak, PROFETAREN BOKAZIOA ipintzen digu erdi-erdian: Jaunaren esperientzia bizi izan duena eta bere Hitza onartu duena bezala; berari agindutako misioa horrela betetzen du. Eragozpenak ugariak izan arren, Jaunak beren barrenean beste segurtasun hau ipintzen du: “Ni zurekin nago”; eta honek bultzatzen du profeta, arrisku artean ere, erantzun sendoa ematera.

Lehenengo irakurgaiak eta ebanjelioak horixe azpimarratu digute gaur: benetako profetaren izateari jarraituz, euren egitekoa onartzen dute bai Jeremiasek eta baita Jesusek ere. Argi daukate aurrean erabiliak izango direla, baina badakite Jainkoak nahi duen egitasmoa betetzen duela, eta horrek bultzatzen ditu horrela erantzutera.

Profetak eta testiguak Paulok esan diguna oinarritzat hartuta bakarrik eman lezakete erantzun hori: MAITASUNA, hau da, kristau elkarteentzat bizitzarako oinarrizko arau bihurtzen den maitasun praktikoa.

Igande honetako mezuak zenbat galdera sortzen dituen gure barrenean! Badaukagu zer landu eta zer sakondu.

ZORIONTSUAK Jesusen MEZUA
beren barruan onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik"

(Lk 4, 24)

 

 


bidean@bidean.net
orue