Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 5. igandea - 2019.eko Otsailaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak anaitasuneko bilera honetara.

Festa bakoitzean biltzen gara hemen Jainkoarekin aurkitu nahi duen, haren Hitzarekin gozatu nahi duen elkartea. Munduaren aurrean Jaunak bere testigu izateko egiten digun deia dakarzkigu gaurko Jainkoaren Hitzak.

Jainkoak gure kristau bokazioa, seme-alaba bokazioa, bizitzera deitzen digu. Jainkoaren deia da bokazioa; Jainkoaren ekimen hutsez hartzen dugu eta bakoitzari zuzendua da Jaunaren dohaina; maite gaituen haren maitasunak pertsona eraldatzen duen prozesua da.

Haren Espirituak lagundu diezagula gure Jainkoarekin bat egiten, haren Erreinua iragartzen, haren Testigu izaten, eta, gure barruan, “Prest nauzu, bidal nazazu” esateko gai izan gaitezela, profetaren antzera. Has dezagun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 6, 1-2a. 3-8

Gaurko lehenengo irakurgaian, Isaias profetaren bokazioa entzungo dugu. Harrigarria Isaiasen hurbiltasuna eta konfiantza, Jainkoa ikusten ez duela ere, haren “mantu hegalak” besterik ez. Isaiasek kutsaturik ikusten du bere burua, garbikuntza premian, herriaren erdian profeta eta Jainkoaren mezulari izateko. Onar dezagun esperientzi hau.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 15, 1-11

Paulo apostoluak fedea hiru jazoera handitan oinarritzen dela gogoratzen die Korintoko kristauei: Jesusen heriotzan, hilobiratzean eta piztueran; baina gertaera horiek ez dira historia bakarrik, misterioa eta bizi berriaren erne muina dira, Jesus beraren testigu izan gaitezen. Benetan, fedearen laburpen bikaina apostoluak egiten diguna. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 5, 1-11

Ebanjelioko pasarte honek dioenez, Jesusekin liluratuta daude Pedro eta bere lagunak, jendea tropelean zetorrelako Maisuari entzutera. Apalenen itxaropenak eta bizitzak betetzen zituen Berri Ona zekarren Jesusek. Gizon haiek, giza arrantzale izanez, Jesusen misioan bat egitera deituak izan ziren. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren Espirituaren eskuetan ipiniaz, aurkeztu diezazkiogun Aita-Amari gure otoitzak eta premia guztien aldeko eskariak.

1.- Elizan pertsona guztiok aurki dezagun Jaunaren seme-alaben bokazioa, eta bokazio hori zerbitzu jarreraz bizi dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Jainkoaren Hitzaren gose direla, Hitz hori entzuteko aukerarik ez dutenen alde: aurki ditzaten Ebanjelioaren argia eta gozotasuna oparotasunez eskainiko dizkien anai-arrebak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Eliza guztien onerako diren bokazio eta karisma guztiak errespeta ditzagun eta lagun diezagun zalantzatan eta adorerik gabe bizi direnei. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Pobreenen eta baztertuenen alde: gizon-emakumeen neurri gabeko zerbitzuan aurki dezatela arreta, onarpena eta premientzako laguntza guztia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunak sor ditzala gure elkarteetan Hitza entzutea eta Eukaristian parte hartzea emango dizkiguten apaiz eta laiko konprometituen bokazioak, eta gure hitzez eta egitez testiguak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SARE BATZUK AURKEZTEA

(Katekista batek edo pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, sare hauek apostoluak zuk giza arrantzale izateko aukeratu zenituenean itxitako sareen ezaugarritzat dakarkizugu. Horiekin, geu ebanjelizatzaile izateko konpromisoa aurkezten dizugu. Zuk eman diguzun sinesmenaren dohaina, beste batzuekin bizi nahi dugu. Sinesmena ez da niretzat edo nire taldearentzat, bizi duguna iragartzeko baizik. Gure poza, bila ari diren gizaki guztiekin bana dezagula eskatzen diguzu, eta zure eskaria bete nahi dugu.


KRISMA ONTZIA AURKEZTEA

(Sendotza taldeetan aritzen den monitore batek edo pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Sendotzako sakramentua hartzeko erabiltzen den krisma ontzi hau dakarkizut. Bere igurtziaz, munduaren erdian zure testigantza emateko behar dugun indarra hartzen dugu. Jauna, zure laguntza eta grazia behar dugu, gure munduak eta gure kulturak zure testiguak behar baititu.


ELKARTEKO BOKAZIO EZBARDINEN AURKEZPENA

(Adibidez: garbitasunean dabilen pertsona batena; senar-emazte batzuena; osasun pastoraltzan dabilen batena; taldeko arduradun batena; erlijioso-a batena... Denen izenean batek egiten du eskaintza)

OTOITZA - AZALPENA: Gutako bakoitzari eta elkarteari eman diozun gauzarik ederrena dakarkizugu, Jauna: Zugandik hartutako BOKAZIOA. Bakoitzak, geure egitekoa zintzotasunez eta leialtasunez betetzen saiatu nahi dugu. Horretarako zure laguntza eta argitasuna eskatzen dizugu. Jauna, zugan ipintzen dugu gure konfiantza.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko kide batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Komunikabideetan batez ere gure entzumena eskatzen duen irrati hau aurkezten dizut, Jauna. Baina gaur, zure Hitzaren entzule garela agertu nahi dizut; zure eskakizunetara adi egon nahi dugu. Baita, beste pertsona batzuen deiei zabalik egon nahi dugu.

Agurra

Senideok: Jaunaren Hitzak sendotu egin gaitu gure bokazioetan; guztiak dira desberdinak eta guztiak beharrezkoak, Elizaren bizitza aberats egiten dutenak: bizi sagaraturako eta ministeritzarako bokazioak, baina baita kristau bokazio guztietarako karismak eta dohainak ere, laikoen ministeritza guztietarakoak. Horiek guztiak egiten dute Eliza bizia, aberatsa, gizartearen eta munduaren eraldaketan egiaz lan egiteko gauza dena. Jainkoak lagun diezagula jaso dugun bokazioa bizitzen. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Etorri eta jarraitu
eta giza arrantzale egingo zaituztet”




Jesusi, Aitaren Seme maiteari ENTZUTEKO desio horretan (gogora dezagun Bataio eguna), gaur bide horretan beste pauso bat eskaintzen zaigu. Horregatik elkartu gara bere izenean eta bere inguruan.

Igande honetako mezua joan zen igandekoaren jarraipena da. BOKAZIOA aurkezten zaigu. Jainkoak, lehen, orain eta beti deika jarraitzen du: batzuek, Jaunaren egitasmoa berena balitz bezala hartzen dute; beste batzuk, ostera, egitasmo hori iragartzera deituak dira, onartuz, goza dezaten.

AGINDUTAKO MISIOA onartu aurretik gizakiak behar duen segurtasunari buruz hitz egin zaigu. Isaiasek bidalia izan aurretik, “Jainkoaren aintza” ikusi zuen. Apostoluak, Jesusengan miragarriak egiteko indar misteriotsua ikusiz, sareak utzi eta jarraitzen die. Paulo apostoluak, ebanjelizatzaile bihurtu aurreko esperientzia kontatu digu. Jaunak deitzen duenean, nahi duenari eta nahi duenean, gizon-emakumeoi eskuzabaltasunez erantzutea dagokigu.

Jauna gaur ere agertzen zaio fededunari: bizitza osoa konprometitzen duen jazoera pertsonala da. Agerpen hau, gizakia Jaunarekin lotzen duen DEIA da; gizadiaren salbamenean bere laguntzaile bezala hartzen du. Baldintza gabeko eta momentuko erantzuna eskatzen duen deia da. Kristorengan biltzen da dena, eta besteei iragarri beharra dago. Hauxe da izan ere EBANJELIZAZIO lana.

ZORIONTSUAK KRISTOren berri ona zabaltzen dutenak:
bere osotasuna eta dohaina izango dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Giza-arrantzale izango zara"

(Lk 5, 10)

 

 


bidean@bidean.net
orue