Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 6. igandea - 2019.eko Otsailaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun hontara!

Hemen gara berriz ere Jaunaren izenean elkarturik. Jainkoak berriro gonbidatu gaitu bere Hitza entzutera, Kristoren Gorputzez elikatzera. Berriren berri azaldu nahi digu guri buruz duen egitasmoa: mezua, biziera berria, Jainkoaren irudi berria aurkezten digu.

ZORIONTASUNAK dira Jainkoaren Erreinuaren oinarriak. Horiek dira Ebanjelioaren betetasuna, guztientzat mezu askatzailea.

Ospakizuna hastera goaz. Ez dezagun zokoratu Jainkoaren Hitza.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 17, 5-8

Jeremias profetak -jakituriaz- gizakiak bere bizitza eratzeko eta zuzentzeko hartu litzakeen bi bide aurkezten dizkigu: bedeinkapena edo madarikazioa. Bata edo bestea aukera dezake. Profetaren esanez, Jainkoa da gizakion zoriona. Norberagan konfiantza ipintzen duenak, norberaren neurriko zoriontasuna bilatzen du. Benetako zoriontasuna, Jauna aurkitu eta bere esanetara ipintzen garenean datorkigu. Onar dezagun profetaren gogoeta.


2. irakurgaia: 1Korintoarrei 15, 12. 16-20

Hau da Paulo apostoluaren testigantza: Kristoren heriotzak eta piztuerak azaltzen dute gure fedeak eta itxaropenak badutela zentzua. Kristoren heriotzari eta piztuerari begira, erabat aldatu beharko genituzke gure bizitzak. Jesus hilarengan eta biztuarengan sinesten duten fededun bezala bizitzeak, era zehatz batez bizitzea esan nahi du: besteentzat eta bizi oparotasunaren iragarpen bezala bizitzea. Bihotzez entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 6, 17. 20-23

Ebanjelioko pasarte honek dioenez, ez dago zalantzarik: pobreentzat, goserik eta beharrean bizi direnentzat, bizitzak oinazea eta negarra eskaintzen dienentzat etorri da Jainkoaren Erreinua. Jesusek gizarteari eskaini nahi dion biziera berria da Jainkoaren Erreinua. Jainkoa izango da harengan konfiantza ipintzen dutenen erregea, defendatzailea, babesa. Mezu zoragarria hemen eskaintzen zaiguna. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Aita Jainkoagan gure konfiantza ipiniz, gure premiak aurkeztu eta erreguak zuzentzen dizkiogu.

1.- Gure Eliza maitearen eta gaixoaren alde: Jaunagan itxaropen osoa duten gizon-emakumeen elkarte izan dadin, eta hareen testigantzak sinesgarri egin dezan Jainkoaren Erreinua oinazerik eta atsekaberik gehien den lekuan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetan, erakundeetan, elkarte erlijiosoetan eta zibiletan, eta parrokietan arduraren bat duten guztien alde: horien ahaleginak behartsuenei, gizarteko baztertuenei laguntzera jo dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Drogaren eta delinkuentziaren bide erratuetatik zorion bila ari direnen alde: aurki dezatela entzuteko eta laguntzeko prest izango dituzten pertsonak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitzan zapalduak sentitzen direnen alde: Jesusen hitza askatasun eta bake iturri izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garen guztion alde: Jesusi egiaz jarrai diezaiogun, eta gure testigantzaz besteentzat Erreinu izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GOSEAREN AURKAKO KANPAINAREN HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Gosearen aurkako kanpaina hori prestatzen joateko egiten dugu hau. Karitasen edo beste talde baten konprometiduta dabilen batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Muga guztien gainetik dagoen ekintza honek, maitasunaren eta karitatearen unibertsaltasuna agertzen digu. Gosearen aurkako kanpaina honetan parte hartuaz, mugarik ezagutzen ez duen maitasunaren agindu horrekin bat egiten dugu. Gizaki guztiak zure seme-alaba diren ezkero, haiengana hurbiltzeko bide bat dugu ekintza hau.


OGIA ETA PITXER BETE ARDOAREN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona biren artean egiten dute)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, zure Semeak eman zuen gorputzaren eta isuri zuen odolaren ezaugarri bezala dakarzkizugu ogi eta ardao hauek. Azken afarian batera eskaini zituen, bere Gizakundea heriotzan amaituko zela adieraziz. Gure eskaintza honetan, Jesusen antzera munduan zehar beren bizitza baztertuen alde ematen jarraitzen dutenekin bat egiten dugu.


DIRU-POLTSA HUTS BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gizon heldu batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, diru-poltsa huts honekin hauxe agertu nahi dizut: Zure jabe izanez, beste guztia bigarren maila baten gelditzen dela. Baina gaur egun, mundu honetan tentaldiak ugariak dira, eta gure bihotzak beste gauza batzuetan nahasten dira, zure jarraipenaz ahazturik. Zure grazia eta indarra eskatzen dizkizugu, Jauna.


“BIHOTZEKO” ALDIZKARI BAT AURKEZTEA

(Elkarteko emakume batek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, “bihotzeko” deitzen den aldizkari hau dakarkizut; bizitzaren alderdi zoriontsua, irribarreena, poztasunena, garaipenena, famatuena... azaltzen zaigu bertan. Urrearen ordez sasi urrea saltzen digute; azaleko poza eta kaxkarkeriak besterik ez. Hau aurkezterakoan, Zeruetako Erreinua sufritzen eta negar egiten dutenena dela agertu nahi dizut: hortxe dago amaitu gabeko zorionaren hazia.

Agurra

Senideok: Kristau bizitza erosoaren eta errazaren tentazioak harrapatuta gabiltza; baina gaur Jesusek bizitzeko beste era bat eta Jainkoaren beste irudi bat aurkeztu digu. Jainkoaren Hitza arretaz entzun badugu, hor ikusiko genuen Jainkoa nor eta zer-nolakoa den, norekin dagoen, non oinarritu behar dugun kristau bizitza, nola aurkitu atsegina eta bakea, nor diren benetan zoriontsuak… “Belarririk duenak entzun beza...”. Jainkoaren Erreinua iragartzen saiaturik, aste zoriontsua guztioi.

Egun honetarako gogoeta

“Poztu zaitezte eta alaitu,
handia izango baita zuen saria zeruetan”




Igande honetan gure bihotza zabaltzen dugu, Jesus Jaunarekin “EGOTEKO”; Berarekin egonez, ALDATZEN uzteko, eta, horrela, ZORIONTSUEN eta Erreinuaren Berri Ona ONARTZEN dutenen taldekoa izateko.

Ebanjelioak argi-argi hitz egin digu: “Zoriontsuak…”, “Zoritxarrekoak…”. Izan ere, Jesusek mundua Jainkoaren bihotzarekin eta begiarekin ikusten du, eta Jainkoak mundu hau ALDATU nahi duela aurkitzen du. Apustu serioa egiten du: indartsuak eta aberatsak bere kontra ipintzeak ez du arduratzen. Jaunaren borondatea, bere Berri Ona zein den aurkitu du eta Jesusek iragarri egiten du; Jainkoaren desio eta proiektu hau leialtasunez beteko du, bere bizia ematera iritsi arte.

Zer lortu nahi du horrekin? ERREINUAREN eraikitzeaz ARDURATU gaitezela: horixe bakarrik. Hauexek dira dohatsuak, zoriontsuak, Jainkoaren parean ipintzen direnak, edo hobeto esanda, Jainkoak hartuak, harrapatuak: “Bedeinkatua Jaunagan uste ona duen gizakia” (lehen irakurgaia).

ZORIONTASUNAK gutariko bakoitzarentzat PROPOSAMEN bat dira, proposamen erakargarria. Probatuz bakarrik jakin genezake benetan merezi duten ala ez! Gora bihotza!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa Errege"

(Lk 6, 20)

 

 


bidean@bidean.net
orue