Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizuma - 1. igandea - 2019.eko Martxoaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara

Senideok: asteazkenean, HAUSTERRE egunean, eman genion hasiera eraberritzeko eta Pazkorako prestatzeko aldi honi. GARIZUMA ALDIAN sartuak gaude. Jesusen jarraitzaileentzat interesgarria eta beharrezkoa da GAUR ere Garizumaren dinamikan sartzea.

Gaur, lehen igande honetan, Jaunaren Hitzak erne jartzen gaitu tentaldiaren arriskuaren aurrean; tentaldia, Jesusen garaietan bezala, benetako arriskua da gaur ere. Inguratzen gaituzten gauzak gero eta gehiago dira tentaldirako bide –komunikabideak, egitura sozialak, lehiakorkeria, boterea eta aberastasunak eskuratzeko grina, etab.–, eragozpenak ditugu, Jainkoarengandik, Jainkoaren Erreinutik aldentzen gaituzten tentaldiak. Tentaldian eror ez gaitezen borrokatzeko, Jaunaren Erreinua onartzen eta eraikitzen lehiatzeko deia egiten digu Jesusek.

Has dezagun gure ospakizun hau eta berak lagun diezagula Pazkorako bidea pozik egiten. Pazkoa dugu helmuga.

Irakurgaientzako oharrak

1.Irakurgaia: Deuteronominoa 26, 4-10

Lehenengo irakurgai honetan, Jainkoaren herriaren fede-aitormen bat entzungo dugu. Israelen Kredoak hasierako gertaera adierazgarriak, beren historiaren ardatz diren jazoerak aitortzen ditu. Historia horren oroimena berritzean dago fede-aitormena. Hebertarrak kredoa aitortzen du Jainkoari oparia eskaintzean, sorreren oroipena berritzean. Entzun dezagun.


2.Irakurgaia: Erromakoei 10, 8-13

Jesukristogan egindako fede-aitormena eskaintzen digu bigarren irakurgai honek. San Pauloren testuak honakoa aitorrarazten digu: Kristok burututako pazko gertaera dela gure salbamenaren arrazoia. Salbatuak izan gaitezen, Kristoren izenari dei egitera gonbidatzen gaitu. Hauxe da proposamena. Onartzeko presta gaitezen.


Ebanjelioa: Lukas 4, 1-13

Ebanjelioko pasarte hau entzuteko prestatzen gera. Jainkoaren herriak bezala, Jesusek ere basamortua igaro zuen. Israel erori egin zen tentaldian; Jesusek menderatu egin zuen tentaldia, Jainkoaren Hitzean oinarrituta. Bizitzaren basamortuan begi-bistako gertatzen da Jaunaren leialtasuna. Guk pozik onartzen dugu gaur Hitz hori. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen inguruan bildutako elkarte bezala, fedez eta konfiantzaz aurkezten dizkiogu gure otoitzak biziaren Jainkoari, gizadi osoaren alde eskatuz.

1.- Jainkoak etengabe berritzera dei egiten dion Elizaren alde: gizakien aurrean, Erreinuaren Berri Onaren eta pertsona guztientzako salbamenaren testigu izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintari guztien alde: lehia daitezela beti pobreen alde, guztientzat zuzentasuna bilatzearen alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gerra, gose, gorroto, bidegabekeria eta gezurrengatik pairatzen duten guztien alde: horien sufrimenak esna ditzala gure bihotzak eta solidaritzara eraman gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jainkoaren Erreinua egunero iragartzen saiatu diren eta saiatzen diren pertsona guztien alde: gure otoitzak eta hurbiltasunak babestuak senti daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jainkoaren Espirituaren eskuetan jarririk, berri ditzagun gure bihotzak eta entzun dezagun maite gaituen Jainkoaren ahotsa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Parrokiako pastoral kontseilu buruak egin dezake eskaintza hau edo, horrelakorik ez balego, jende aurrean ondo ikusia den elkarteko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna; Zeuk eman dizkiguzun Hitza dakarkizut nik, eta liburu edo liburu bilduma honetan agertzen da. Elkarte osoaren izenean egiten dizut eskaintza hau: Garizuman, batez ere, zure Hitza entzutera behartzen da; izan ere, ziur dago Hitz hori dela bere salbamenaren euskarri eta betiko bizitzaren hazi.


HOROSKOPO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko emakume batek egin dezake eskaintza hau. Eta eskaini ere horrela egin dezake: liburu bat, aldizkari eta egunkariren baten agertzen duenen bat, besterik gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gaur horoskopo bat dakarkizut, Jauna. Joko bat bailitzan irakurtzen dugu; baina ondo dakizunez, bera kontsultatzea eta “esoteriko” mundu honekin zerikusia duen guztia ere gure artean modan jarri zaigu. Jende asko itsuan doa bere atzetik, horietan uste ona jarririk, jakinik nahiz ez-jakinez, zure jauntasuna arriskuan jartzen dute. Guk, ostera, gaur hau Zuri eskaintzean, zera agertzen dizugu: ez dagoela Zu besteko Jaunik eta gure bizitzak zure eskuetan daudela.


HAUTESKUNDE PROGRAMA BATEN AURKEZPENA

(Honako hau, politika, sindikatu edo herri ekintzaren baten ekintzaile ari den pertsona batek aurkeztu behar luke; edo bestela, elkarteko edozeinek, beti ere pertsona heldu bat izan dadila)

OTOITZA – AZALPENA: Niri dagokit, Jauna, gaur Zuri gure arteko politiko alderdiren baten hauteskunde programa bat aurkeztea. Egia esan, gogorik onenarekin egiten dizugu eskaintza hau; baina argi edukita, ez dagoela honetan ez beste edozeinetan gorderik gure arazo guztien irtenbidea. Hori zure eskuetan dago, eta gu guztion elkarlanean, zure esanetara jarrita. Eta aurtengo Garizuman zure nahia jakin nahi dugu, eta gure bizitzan BIDETZAT hartu.


JANTZI, OGI ETA EDALONTZI BATEN AURKEZPENA

(Bi pertsona artean egin daiteke eskaintza hau; hirugarren batek ezaugarrion esanahia hitzez hitz azaltzen duen artean)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, bi bizimodu desberdinen ezaugarriak. Jantziarena zera da: guk gizon-emakumeok zer irabaziko eta zer jango dugun arduraren ezaugarria da. Kontua honako hau da: ez garela zoriontsu, gero eta gehiago kontsumitzen eta gauza gehiago pilatzen saiatu arren. Baina ogi hau eta edalontzi hau ere ekarri dizkizugu, Garizumako barauaren ezaugarri. Hona hemen modurik egokiena, zoriontasuna edukitze hutsean ez dagoela agertzeko, norberaren izatean baino, ogia eta ura hain gutxi eta txiki diren bezala.

Bizitzako jokabide hauek elkarren aurrez aurre jartzean, hauxe agertu nahi dizugu, hain zuzen ere Garizumaren hasieran: bihotz berritzeko ditugun gure asmo biziak eskaintzea. Lagun iezaguzu, arren, Zuk Jauna, zure pozaren eraginez, gure salbamen poza dastatzea lor dezagun.

Agurra

Senideok: Eukaristia bukatu da. Jainkoaren Hitza entzun dugu, Haren Gorputzaz indartu gara eta Hark gure bizitzetan duen presentzia ospatu dugu. Ez dezagun ahaztu Jaunak munduan, gatazkan nahi gaituela, Jainkoaren, pobreen, baztertuen interesak jokatzen diren lekuan. Jainkoaren Erreinua iragarri nahi badugu ezin gara bizi historiatik eta gatazkatik aparte. Garizuma honek lagun diezagula Jesusen jarraipenean bizitzen. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik irteten duen hitz guztiz baizik”




HAUSTERRE egunez, Kristau Elkarteak berriro ere PAZKORAKO BIDEA hasi du. Izan ere, Garizuma, Pazko ospakizunaren prestaketa aldia da. Jazoera handiak arduraz prestatu behar diran ezkero, liturgiak aukera hori eskaintzen digu. Hauxe da Jesusen jarraitzaile talde baten abiapuntua.

Bide horretan, Jesusekin batera, berak BIZI eta ESPERIMENTATU zuen prozesu berdina bizitzen ahaleginduko gara: Aitaren aurrean (tentaldiak izan arren) edozertarako prest dagoenaren bidea; Erreinuaren alde eskuzabaltasunez bere bizia ematen duenaren bidea; bere anai-arreba diran gizaki guztiekin solidarizatzen eta zabaltzen den bidea. Hona hemen PAZKORAKO BIDEA.

BIDE zehatz batzuk eskaintzen zaizkigu:
- Otoitza: Aitarengana zabalik eta bere egitasmoa onartzeko prest egoteko;
- Hitza entzutea: “Jesusen antzeko” izateko;
- Gogoeta: gure sinesmena sakondu eta era berrian bizitzeko;
- Baraua: solidaritatea bizitzeko era lez.

Honen ondorena: JESUSEN EBANJELIORA BIHURTZEA.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Espirituak eramanik basamortuan barrena ibili zen"

(Lk 4, 2)

 

 


bidean@bidean.net
orue