Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizuma - 3. igandea - 2019.eko Martxoaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: hemen gaude berriz ere Jaunaren izenean elkartuta. Israel herriak basamortuan zehar egindako erromesaldiaren antzera, guk ere, graziaren eta salbamenaren aldi honetan, berrogei eguneko ibilaldia egiten dugu Pazkorako prestatzeko.

Gaur, bihotz-berritu beharra, Jesusen erara bizi beharra gogoraraziko digu Jaunaren Hitzak. Aldaketa berehala egin beharra da, ezin gaitezke ibil gerotik gerora atzeratzen. Gure bizitzek, gure hitz eta keinuek Jainkoaren egitasmoaren, guretzat betitik amets egina duenaren isla izan behar dute. Eginkizun larria eta guztiona da Erreinua.

Asmo hauekin, harrera honekin hasiko dugu gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1.Irakurgaia: Irteera 3, 1-8. 13-15

Liburu zaharrak dioenez, Jainkoak bere herria Egipton zapaldua ikusten du eta ezin du gehiago jasan. Israel esklabotzatik askatzeko, Jainkoak Moises aukeratu zuen. Ezereztu gabe erretzen zegoen sasiaren fenomeno horretara hurreratu zen Moises, eta han, Jainkoaren hurbiltasunean, Egipton sufritzen ari dian bere anaiak askatzera joateko deia hartzen du. Jainkoak, hitzekin eta egiten dituen harrigarriekin agertzen du nor den. Entzun dezagun.


2.Irakurgaia: 1 Korintoarrei 10, 1-6. 10-12

Erne egoteko deia egiten digu Paulo apostoluak; ez dakigula gerta israeldarrei gertatu zitzaiena: Jainkoaren miragarriak eta maitasuna ezagutu eta gero, bizkarra eman zioten. Ez dezagun ahaztu: gure Jainkoa dohaintasun hutsa da. Konfidantzaz onartzea besterik ez digu eskatzen. Goxoa eta sakona apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 13, 1-9

Ebanjelio zatia entzuteko prestatzen gera. Eguneroko bizitzatik hartutako adibide birekin baliatzen da Jesus BIHOTZBERRITZEAREN premia dugula agertzeko. Itxurak zaintzea ez da nahikoa, FRUTUAK ematera deituak gaude. Jesusen mezuaren berritasuna hauxe da: “gure zuhaitzak” fruituak eman ditzan, Jainkoak aukera barri bat eskaintzen digula. Prestatu gaitezen zutik jarrita.

Jainko herriaren otoitza

Seme-alaba jarrera apalez irekitzen dizkiogu gure bihotzak Biziaren Jainkoari eta aurkezten gizadiaren premia guztiak.

1.- Gure Eliza maite eta ahularen alde: bere hitzez ama eta maistra, eta bere keinuz Aita-Ama errukitsuaren ezaugarri izan dadin.ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Erantzukizunezko ardurak dituzten agintari guztien alde, beren gaitasun eta ahalmenak guztien onaren zerbitzuan eta giza eskubideak babesteko jar ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Baztertuak, gauzeztzat hartuak sentitzen diren guztien alde: gugan aurki ditzatela pozten duen maitasuna, bakea zabaltzen duen esku adiskidea eta bidea errazten duen laguna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Mundu honetan zentzu bila ibili eta aurkitzen ez dutenen alde; bizitzan eta gizakien konfidantza gabe nekaturik aurkitzen direnen alde: gure testigutza itxaropenerako ate gerta dakien. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garen guztion alde: eten ditzagula Kristogan egiazko askatasuna izatea oztopatzen diguten loturak eta izan gaitezela Jesusen jarraitzaile leialak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GURPIL AULKI BATEN PERTSONA EZINDU BAT AURKEZTEA

(Osasun pastoraltzan lan egiten duen batek edo gaixoak zaintzen edo laguntzen aritzen den norbaitek egin dezake aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik bi gauza era batera eskaini nahi dizkizut, Jauna: Neuk zaintzen dudan gaixo honen sufrimendua eta berarekin ditudan ardura guztiak. Bi esperientziak osatzen dute, Jauna, Zuk nahi duzun erlijioa: sufrimendua eta gaitza geureganatu, eta jakinaren gainean egon, guk eskaini geniezazukeen oparirik onena horixe dela: lagun hurkoaren alde emandako bizitza. Arren, eskatzen dizut, gure ahaleginak bat egin ditzazula Jesus zure Semearen Gurutzearekin, eta garbi ditzagula, gero eta Haren ahaleginaren antzekoak izan daitezen.


GAURKO MARTIRIEN KARTELAK edo DIAPOSITIBAK

(Gaurko munduko errealitatearen erakusgarri diren kartelak edo diapositibak: pobrezia, gosea, droga...; eta baita, lehenago nahiz gaur bertan justiziaren eta bakearen alde borrokatu dutenen kartelak edo diapositibak)

OTOITZA – AZALPENA: Aldare mahaiaren gainean jartzen dizkizugu, Jauna, gaurko gizateriaren esklabokeriak eta borrokak: pobrezia, gosea, drogak...; eta baita eurak sustraietatik ateratzeko eta desagertzeko hainbeste ahalegin egiten duten gizon-emakumeen etengabeko borrokak ere. Gure eskaintza hau Jesus zure Semearen eskaintzarekin bat egin dezazula, Zuri atsegin zaizun sakrifizio bakarrean; onar ezazu, Aita, Jesusen heriotzarekin egin zenuen bezala. Era berean, bete itzazu gure bihotzak askatasun gurari biziz eta euren aldeko borrokara bultza gaitzazu; lasaikeriatik eta errazkeriatik askatu gaitzazu; gogo berotu gaitzazu eta emaguzu zure grazia, benetan bihotz berritu gaitezen eta maitasun fruitu garbiak eman ditzagun.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa delako, hainbesteren artean BAT; gainerakoak urtean zehar aurkezten joango gara, igandeetan eta jai egunetan banatuta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituen proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten dizkizugu gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak direnen alde ari direnenak. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten dizugu. Onar ezazu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da beren konpromezuari esker, fededunak zein fede gabekoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera behartsuenekin sentiberago eta beraiekin lotuago bizitzera eraman gaitzazu, batez ere Garizumako bide honetan zehar goazela.


BATAIOKO OSKOLAREN AURKEZPENA

(Edozein pertsona helduk egin dezake, hurrengo hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bataiatzeko erabiltzen den oskol hau dakarkizut. Zure grazia eta Espiritua emanez elkarte berri baten sartu gaituzu, zure familiako egin gaituzu, zure Erreinuaren zerbitzari egin gaituzu. Duintasun hori zainduz, zure lekuko izan gaitezela.

Agurra

Senideok: Jaunaren Hitzaren eta Gorputz Santuaren inguruan elkartu gara. Jaunaren doaneko maitasunak begi-bistako egiten du zein urruti bizi garen harengandik. Gaurko parabolak argi jartzen duenez, aldatzea edo ez aldatzea ez da hitz-jokoa; baizik hil edo biziko arazoa. Jainkoaren Erreinuaren aurrean zirt edo zart egin behar da, eta berehala gainera, denbora aurrera doa eta bidegurutzean aurkitzen gara. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Bihotz berritu zaitezte
Jainkoaren Erreinua hurrean bai da ”




Igande honetan Garizumako Bigarren zatiari hasiera ematen diogu. PAZKORAKO BIDEAK hor jarraitzen du. Ondo legoke geure buruari galdetzea ea non aurkitzen garen: Jesusen pausuak jarraitzen noa? Nire “bihotz-berritze bidea” Berarekin eta bere bizi izateko erarekin BAT EGITEA da? Bide honen lehen ekinaldia “erre” dugu eta... zer ?

Etsipena edo porrota edo ez duala merezi aurrera jarraitzerik... etorri dakigukeen pentsamendu batzuk izan litzateke. Gaur egun holako ideiak inguratzen gaituzte. Bizitzaren nagusi ginela uste genuen, gauza guztien irtenbidea genuena, eta... egunero ezinaren sentsazioa sentitzen dugu. “Ondo izatearen gizartea” deitzen diogun horrek (edukitzeak, gozatzeak, jan-edanak, pilatzeak) gizakiaren azken arazoa ez du konpontzen.

Igande honetako ebanjelioko hitzak etortzen zaizkigu hemen gogora: “Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok berdin galduko zarete”. Jesusi benetan eta sakontasunez entzuteko ordua ez al da? Bere egitasmoa ONARTU ETA BIZITZEKOA? Hitzaren bidez, anai-arrebekin elkartuz, isiltasunean eta otoitzean, eskerronez eta eskuzabaltasunez hartu eta betetako konpromezuan, bere benetakoa esanahia bilatzeko ordua?

Bere berritasunera zabalduko al gara
Bere egitasmoarekin GOZATZEKO?

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerakoan fruiturik ematen duen"

(Lk 13, 8-9)

 

 


bidean@bidean.net
orue