Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizuma - 4. igandea - 2019.eko Martxoaren 31a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: aurrera goaz Garizumako bidean zehar; Jesus dugu bidelagun. Bihotz-berritzeaz, gure bihotzak aldatzeaz ari zitzaigun joan zen igandeko Ebanjelioa; gaurkoak, seme galduaren parabola aurkezten digu, Jainko Aita errukitsuarena, alegia.

Egunero, astero gaude Aitagandik hurbil, baina Aitaren etxetik aparte alaiki bizi izanak, inolako azalpenik eskatu gabe sarituak direla ikustean, bekaitzak, gaitzondoak bihotzetik bururaino igotzen digu, eta Aitarekin pozteko gauzez bihurtuta, tristurak hartzen gaitu. Garizuma aldi honetan, seme nagusiak ere badu errukiaren besarkada hartu premia, bere bekatua agertu beharra, Aitaren aurrean belaunikatu beharra. Bakoitzak daramagu geure baitan seme nagusi bana.

Ospakizun honek lagun diezagula barkamenaren eta onarpenaren festa handiaz gozatzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: Josue 5, 9a. 10-12

Lehenengo irakurgaia entzuteko prestatzen gera. Jainkoaren herria, Egiptoko esklabutza ondoren eta Palestinan sartzean, bukatzen da Irteera eta betetzen hasten Abrahami agindua: “lurraren dohaina”. Agindutako lurrean ospatzen du Israelek bere lehen Pazkoa eta horrekin hasten du biziera berria. Onar dezagun.


2.Irakurgaia: 2 Korintoarrei 5, 17-21

Paulok bere apostolutzan gidari dituen irizpideak eskaintzen ditu irakurgai honetan: Jainkoak Kristoren bidez adiskidetzen gaitu, Jesusek bere gain hartu zituen gizaki guztien bekatuak, gizadiak bizi berria eta askea bizi zezan. Berrerosi eta barkatuen gizadi berria da. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 15, 1-3. 11-32

Ebanjelioko pasarte zoragarrienetako bat entzuteko prestatzen gera. Aita errukitsua da, haren errukiak ez du mugarik, ez du aldien eta jendeen bereizkeriarik. Doanekoa eta unibertsala da haren barkamena. Kristau barkamenaren ezaugarria da Aitaren eta semearen arteko besarkada. Berriro ere entzun dezagun Jesusek eskaintzen digun mezu eder eta bikain hau.

Jainko herriaren otoitza

Zuzen diezazkiogun gure otoitzak Jainkoari, gure Aita-Amari, adiskidetzen gaituen Jesukristoren bidez, eta esan dezagun: ENTZUN ARREN, JAUNA.

1.- Elizaren alde: herri guztiei iragar diezaien Jainkoagandik dugun adiskidetzea eta bakea; elkarte guztiak barkamenaren eta adiskidetzearen eskola izanik, maitasuna eta onarpena biziki esperimenta ditzaten.ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Une honetan gerra sufritzen duten herri guztien alde: herri horietako agintariek, askatasuna eta giza eskubideak errespetatuz, bakerako pausu zehatzak eman ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Itxaropena galdu dutenen alde: fededunen testigantzaren bidez, hel daitezela sekula hutsik ematen ez eta beti laguntzen duen Jainko Aita-Ama ezagutzera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Askatasunaren bila ari direla, diru, sexu, droga eta alkoholaren esklabu egin diren hainbat gizon eta emakumeren alde; tratu txarrak eta jazarpenak sufritzen dituztenen eta prostituzioan hondaturik dabiltzan hainbesteren alde: aurki ditzatela egoera horretatik ateratzen lagunduko dieten pertsonak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Parrokiako gure elkartearen alde: jendeak onartzen ikasteko, barkatzea eta adiskidetzea praktikatzeko eskolak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ongi ikusi nahi izatearen ezaugarria den botika hau dakarkizugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan olioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten zuen antzera egiten jarraitu nahi dugu.


ARGIAREN AURKEZPENA

(Ongi legoke bataio pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen elkartuta gauden guztion izenean aurkezten dizut argi hau. Bataioko ezaugarria eta bertan hartu genuen konpromisoaren oroigarria dugu. Zure Seme berbiztuak piztu zuen eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta hitzekin munduko iluntasunak argitzera bidaltzen gaitu. Zaindu ezazu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezen.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Emakume batek egin lezake. Esku hutsak erakutsirik dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dute, baina zuk beteko dituzun konfiantza daukat. Elkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskaintzen dizut, Zuk zure graziaz beteko dituzun itxaropenez. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emaguzu behar dugun laguntza, emaguzu bere Gorputza gure bizitzen janari gisa.


SENAR-EMAZTEAK BEREN SEME TXIKIA AURKEZTEN DUTE

(Senar-emazteak euren eserlekutik jaikitzen dira ume eta guzti, eta aldarera hurbiltzen dira, eskaintza egiteko. Biek hartzen dute parte, bata bestearen ondoren. Euren parte-hartzea buka ondoren, aldare aurrean bertan irauten dute, ospakizun denbora guztian)

OTOITZA – AZALPENA:

Senarrak: Jauna, hemen gaituzu gure seme (alaba) honekin, zeure opari eta gure maitasun fruitua da. Zure errukiari erantzuna izatea nahi dugu eskaintza hau. Zurea da, bete beragan zure salbamen asmoa.

Emazteak: Gure elkar maitasunari erantzuteko eta eusten jarraitzeko ditugun gogo nahiak ere eskaini nahi dizkizugu, horrek eraginda sortu, hazi eta hezi nahi ditugu ardura handiz. Hezi, baina ez helduak izateko aukerak eskainiz bakarrik; baita bete-betean pertsona izatea ere lor dezala lagunduz.

Bikoteak: Hala ere, zeregin horrek zenbat eragozpen sortzen dizkigun jabetzen gara eta, batez ere, pertsona erdipurdi eta manipulatzeko errazak nahi dituen gizartetik eta ingurutik sortzen zaizkigun eragozpenak. Horregatik, Jauna, emaguzu gure egitasmo eder hau betetzeko behar dugun grazia.

Agurra

Eskerrak, Aita-Ama, zure Semeak bakoitzari berriz azaldu digulako noraino maite gaituzun; “utzi Aitari bakezkoak egiten”, esan digu, “ireki bihotzak Aitaren maitasunari”. Horregatik, ez dugu zalantzarik barkamenaren poza bizitzeko, egia horrela bizi eta esperimentatzeko.

Senideok: ospakizun honek lagun diezagula Jainkoarenganako seme-alabatasuna bizitzen. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Jagi eta banoa neure aitagana, eta esango diot:
«Aita, pekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka»”




Garizumako bigarren zatian sarturik, liturgiak gaur ere, Jesusen jarraitzailea barrutik lantzen jarraitzen du. Garizumaren helburua, bere ondoan ibiltzea, Berarekin eta bere bizitzeko erakin bat egitea den ezkero, beharrezkoa dugu bere mezuan sakontzen joatea. Hemen gaude horretarako gertu.

Hau da gure bizi esperientzia: sarritan argi eta ilun artean gabiltza. Noizbehinka iluntasunak belztu egiten dira, dena beltz ikusi arte; noizik eta behin pozaren eta argiaren esperientzia ere izaten dugu. Bizitza, misterioak eta galderak geure menpe nahi genituzke eduki... baita heriotzaren eta gure bekatu eta leialtasun ezaren zergatia jakitea. Hainbeste ahalegin eta aurrerapen ondoren ere, iluntasuna sarri nagusitzen da.

Ondo etortzen zaizkigu gaur ebanjelioan entzun ditugun seme galduaren hitzak: “Jagi eta banindoa nire Aitagana eta esango diot: Aita, pekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka; ez dut merezi zure seme izaterik”. Jesusen proposamena onartuz, Jainko adiskide eta errukitsuarengana bihurtzeko ordua ez ote da? Aita beti beso zabalik daukagu barkamena bihotzean duela, semea bere osotasunean berreskuratzeko. Bihotz-berritzearen bidea da. Holaxe egiten gara gizaki barri (Paulo apostoluak bigarren irakurgaian ala gogoratu bai digu).

Aitarengana bihurtzeko, egoera berria eta Berak eskaintzen digun bizi berria onartzeko sasoiz gaude. Ez ote dugu egingo beste ahalegintxo bat?

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hilda genuen eta biztu egin zaigu, galdua genuen eta aurkitu egin dugu"

(Lk 15, 32)

 

 


bidean@bidean.net
orue